Hegoafrikako probintziak
Hegoafrika bederatzi probintziatan banaturik dago. 1994ko hauteskundeen ondoren, herrialdeak beretu zituen bantustanak, eta lehengo lau probintziak bederatzitan banatu ziren.
Historia
aldatuApartheidaren garaian, Hegoafrikako beltz gehienak homeland edo bantustan izeneko hamar barrutitan bizi ziren, asko eta asko hirietara lanera joan ohi zen arren; gobernuak osatuak ziren bantustanak, tribu erreserbak biltzeko asmoz. 1970eko hamarkadaren bukaera aldetik aurrera, bantustan haietako lau independente egin ziren, eta errepublika bihurtu (Transkei, Ciskei, Venda eta Bofuthatswana), eta seik barne autonomia lortu zuten (haien artean Kwazulu). Banaketa hori, ordea, ez zen onartu, ez Nazio Batuen Erakundean, ez nazioartean oro har. Izan ere, finantzetan Hegoafrikaren guztiz mendeko ziren, eta langileen hornitzaile: horrez gainera, gobernuak bantustan independenteetakoei hegoafrikar naziotasuna kendu ohi zien eta, hala, beltzak –lana Hegoafrikan eginik–, atzerritarrak ziren bere aberrian.
1994ko hauteskundeen ondoren, Hegoafrikak beretu egin zituen bantustanak, eta, egoera berria azpimarratu nahian, lurraldea bederatzi probintziatan banatu zen:
- Lurmutur Mendebaldea (Western Cape): lehengo Lurmutur probintziaren hego-mendebaldea.
- Lurmutur Iparraldea (Northern Cape): lehengo Lurmutur probintziaren iparraldea
- Lurmutur Ekialdea (Eastern Cape): lehengo Transkei eta Ciskei bantustanak eta Lurmutur probintziaren hego-ekialdea, gehi Indiako ozeanoko Eduardo Printzearen uharteak.
- KwaZulu-Natal: Natal eta Zululand.
- Estatu Askea (Free State): lehengo Orangeko Estatu Librea eta zenbait bantustan.
- Ipar-mendebaldea (North West): lehengo Transvaal mendebaldea, Lurmutur probintziaren iparraldea eta Bophuthatswana bantustana.
- Gauteng: lehengo Pretoria-Witwatersrand-Vereeniging.
- Mpumalanga: lehengo Transvaal ekialdea.
- Limpopo: lehengo Transvaal iparraldea.
Probintziak
aldatuProbintzia | Hiriburua | Hiri handiena | Eremua[1] (km2) | Biztanleria (2016)[2] | Dentsitatea (bizt/km²) |
---|---|---|---|---|---|
Lurmutur Ekialdea | Bhisho | Port Elizabeth | 168.966 | 6.996.976 | 41,4 |
Estatu Askea | Bloemfontein | Bloemfontein | 129.825 | 2.834.714 | 21,8 |
Gauteng | Johannesburg | Johannesburg | 18.178 | 13.399.724 | 737,1 |
KwaZulu-Natal | Pietermaritzburg² | Durban | 94.361 | 11.065.240 | 117,3 |
Limpopo | Polokwane | Polokwane | 125.754 | 5.799.090 | 46,1 |
Mpumalanga | Mbombela | Mbombela | 76.495 | 4.335.964 | 56,7 |
Ipar-mendebaldea | Mahikeng | Rustenburg | 104.882 | 3.748.435 | 35,7 |
Lurmutur Iparraldea | Kimberley | Kimberley | 372.889 | 1.193.780 | 3,2 |
Lurmutur Mendebaldea¹ | Lurmutur Hiria | Lurmutur Hiria | 129.462 | 6.279.730 | 48,5 |
¹: Eduardo Printzearen uharteak Indiako ozeanoan dagoen Hegoafrikaren lurraldea da, administratiboki Lurmutur Mendebaldeko probintzian kokatua.
²: Pietermaritzburg eta Ulundi KwaZulu-Natal probintziako hiriburuak izan ziren 1994tik 2004ra.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2022/1/20 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Stats in Brief, 2010. statssa.gov.za (Noiz kontsultatua: 2022-1-17).
- ↑ Stats in Brief, 2016. cs2016.statssa.gov.za (Noiz kontsultatua: 2022-1-17).
Kanpo estekak
aldatu