Pertzepzio

Hautemate» orritik birbideratua)

Pertzepzioa (latinez perceptio, “jasotzea” edo “biltzea”) edo hautematea ingurunetik jasotzen diren estimuluen antolaketa, identifikazioa eta interpretazioa egiten dituen ahalmen biofisiko eta psikologikoa da. Prozesu kognitibo honen bitartez, izakiak haren inguruan duen oro ezagutzeko gaitasuna eskuratzen du. Aro modernotik aurrera pertzepzioa honela deskribatu da, baina James J. Gibsonen planteamendu ekologistak eta Ulric Neisseren psikologia klasikoak pertzepzioari buruzko beste ikuspegi batzuk proposatu dituzte.

Pertzepzioak ingurunetik seinaleak jasotzeaz gainera, horien interpretazioa ere biltzen ud. Irudiko Rubinen pitxerrak ikustean seinale berdinak jasotzen ditugu guztiok, baina horien interpretazio desberdinak ematen ditugu.

Pertzepzioaren inguruko ikuspegiaren arabera, zenbait korronte filosofiko garatu dira, batzuk haren alde eginez (errealismo filosofikoa eta enpirismoa) eta beste batzuk, ordea, aurka (idealismoa eta arrazionalismoa). Horrela, pertzepzioaren inguruko teoria ezberdinak sortu dira korronte horietatik abiatuz.

Historia [1]Aldatu

Sentsazioak zientifikoki lehen aldiz anatomistek eta fisiologoek aztertu zituzten. Garai horretan organoak identifikaturik zeuden eta horregatik, lehen pausua organo horiek aztertzea izan zen. Pertsona horiez gain, sentsazioetan interesa zuten psikologoak zeuden, hau da, psikofisikoak. Hauek munduaren erregulartasun fisikoaren eta zentzumenen arteko harreman matematikoa aurkitu nahi izaten dute, gogo-egoerek izaten dituzten aldaketak nola gauzatzen diren jabetzeko asmoz.

Inguruari buruz jasotzen den informazioa zentzumen-organoen bitartez lortzen da, eta gero informazio hori gorputz barnera sartzen da. Hala ere, desberdindu egin behar da informazio fisikoa eta informazio fisikoaren forma. Banaketa hau ez da teoria oso zaharra, Thomas Reidek aurkeztutako ideia da. Reid lehena izan zen konturatzen zentzumenen bitartez ezagutzen dena ez dela erabat objektiboa, eta ondorioz, sentsazioa eta pertzepzioa banatu zituen.

Pertzepzioaren gaineko planteamenduakAldatu

Pertzepzioaren inguruan zenbait planteamendu sortu dira urteetan zehar.

Planteamendu ekologista. James J. Gibsonek proposatutako teoria da eta honek pertzepzioa prozesu sinple bat bezala aurkezten du. Planteamendu honetan informazioa estimuluek dutela adierazi nahi da, hots, gorputzak ez du ondorengo prozesurik egin behar eskuratzen den informazioa ulertzeko. Munduan dauden gauzek jada atxikita dituzte lege-naturalak eta gauza horiekin topo egiten duen pertsonak edo izakiak haren bizirautea bermatuko duen edo ikasteko behar duen informazioa aurkituko du bertan.

Neisseren psikologia klasikoan dagoen planteamendua. Ulric Neisserek proposatzen duen planteamendua aukeraketa batean oinarritzen da. Prozesu aktibo-eraikitzaile batean datza, izan ere, hartzaileak informazio berria bereganatu aurretik bere kontzientzian dituen datuekin eskema bat sortzen du, eta jarraian, informazio berria eta eskema kontrastatzen ditu. Alderaketa horretan eskematik kanpo geratzen den edo bat egiten ez duen informazioa alde batera uzten du hartzaileak.

Psikologia modernoaren planteamendua. Psikologia modernoaren planteamenduaren arabera, denbora osoan informazioa ematen ari den fluxurik gabe, alegia, pertzepziorik gabe, izakiak ezingo luke inguruarekin erlazio bat izan. Hortaz, planteamendu honetan, izakia zentzumenek eragiten duten estimulazioarekin harremanetan jartzean sortzen diren ekintzen eta prozesuen multzoari pertzepzioa deritzo. Ekintza eta prozesu horien bitartez inguruari, inguruan banakoak egiten dituen ekintzei eta bakoitzaren barne-egoerei buruzko informazioa jadetsi daiteke.

Ezaugarriak[1]Aldatu

Banakoaren pertzepzioa subjektiboa, aldi baterakoa eta hautatzailea da.

  • Subjektiboa. Pertsonaren arabera pertzepzio desberdin bat egongo da, bakoitzak modu desberdin batean ezagutu dezakeelako jasotako infomazioa; dela pertsonak duen esperientziagatik, dela pertsonak dituen behar eta motibazioengatik.
  • Aldi baterakoa, tenporala. Epe laburreko prozesua izaten da, pertsonak gauzekiko duen pertzepzioa aldatuz joaten baita. Denboran zehar honek dituen esperientziek, beharrek, motibazioek… eragiten dute aldaketa hori.
  • Hautatzailea. Izakiek ezin dute inguruan duten gauza oro une berean arreta maila berarekin aztertu, hauek duten baldintza natural subjektiboaren ondorioz. Horregatik, banakoak bere nahien arabera aukeratuko du hautematen duen gunean aztertu nahi duena zer izango den.

OsagaiakAldatu

Estimulu sentsorialak banako guztientzat berberak izango diren arren, bakoitzak era desberdin batean bereganatuko ditu. Hortaz, bi input ezberdinetan banatu behar da pertzepzioa. Alde batetik, kanpoko estimulu fisikoak daude (irudiak, soinuak, usainak…), eta bestetik, banakoaren barnetik sortzen diren inputak daude (beharrak, desirak, motibazioak…).

Kanpoko estimulu fisikoak, sentsazioak.[1]Aldatu

Sentsazioak organo sentsorialek izaten duten estimulazioaren erantzun zuzenak eta berehalakoak dira. Horrenbestez, bertan hainbat elementuk hartzen dute parte: estimuluak, organo sentsorialak eta harreman sentsorialak.

Estimulua. Banakoak ideia bat sortu dezan beharrezkoa dena.

Organo sentsoriala. Zentzumen-sisteman parte hartzen duten organoak dira. Banakoaren gaitasun sentsitiboetara, sentitzeko gaitasunetara, egokitzeko ahalmena izan behar dute estimuluek. Estimulu batekiko sentsibilitatea banakoaren hartzaile-gaitasunek eta estimuluen intentsitateak determinatuko dute, adibidez, entzuteko zailtasunak dituen pertsona bati berarentzat arazoa konponduko dion tresna irratitik iragartzea ez litzateke bide egokia izango.

Harreman sentsoriala. Pertzibitu nahi denaren eta gorputzaren edo banakoaren artean erlazio-sentsorial bat egon behar da pertzepzioaren ekintza gauzatu dadin.

Kontuan izan behar da sentsazioa eta pertzepzioa ez direla gauza bera. Izan ere, sentsazioek inguruan dagoena hauteman dezakete inolako interesik izan gabe eta estimulazioaren jatorria ezagutu gabe. Gainera, sentsazioak berez ez du zentzurik izaten, hots, pertzepzioaren bitartez ematen zaio zentzua sentsazio horri.

Sentsazioak lortzeko zentzumenez gain, kanpo eragileak ere kontuan eduki behar dira, horiek baimenduko baitute zentzumenek haien funtzionamendua zuzen betetzea. Hala ere, gaitasun sentsitiboak garrantzia handia izango du, eta hau pertzepzioaren atalaseek[2] definituko dute.

Atalase absolutua. Banakoa sentsazio bat esperimentatzen hasten den intentsitate maila minimoa edo maximoa da.

  • Atalase absolutu minimoa. Banakoa estimulua zein intentsitatetik hautematen hasten den erakusten du; beste hitz batzuetan, estimulu bat atzemateko behar den gutxieneko estimulazioa adierazten du.
  • Atalase absolutu maximoa. Banakoa hautematen ari den estimuluak intentsitate handia duenean eta horrenbestez, estimulua osotasunean pertzibitzen uzten ez duenean gertatzen da.

Atalase diferentziala. Banako batek nabaritu dezakeen bi estimuluren arteko alde txikiena da. Weberrek, psikologia esperimentalaren fundatzaileetako batek, ekarpen handia egin zuen sail honetan; hain zuzen ere, pisuaren magnitudea aztertzen zegoela  konturatu baitzen gero eta pisu handiagoa izan estimulu batek, bigarrena hautemateko zailagoa zela eta ondorioz, bigarrenaren pisua ere handiagotu beharko litzakeela. Aurkikuntza honekin, gero Weberren legea idatzi zen, honek dimentsioaren muturretan ez dauden estimuluekin ondo funtzionatzen du eta batzuetan bizitzako esperientzietan aplikatu daiteke.

Bi atalase mota hauek kalkulatzeko bi metodo daude: estimulu iraunkorreko metodoa eta mugen metodoa.

Barneko inputak [1][2]Aldatu

Kanpo munduaz gain eragina duten faktoreak daude eta horiei barne inputak esaten zaie.

Beharra. Norbanako batek edo gauza fisiko zein abstraktu batek gabezia bat duela (ase ahalko den edo ez jakin gabe) onartzeari deritzo.

Motibazioa. Beharrak asetzeko egin beharreko bilaketari deritzo. Beharrekin estuki loturik dagoen elementua da, haatik, ez dute beti elkarrekin jokatzen motibazio batek behar bat baino gehiago ase ditzakeelako.

Esperientzia eta ezagutza. Banakoak aurretik izan dituen esperientzietatik ikasten du eta ikasketa horiek ondoren izango dituen jarreretan eragina izango dute. Aurretik ikasitakoa, esperientziak direla medio, mailakatua izango du haren kontzientzian eta honela, irudi bat ikustean, soinu bat entzutean, zapore bat dastatzean, etab. oroimenaren laguntzaz, aurretik mailakatuak dituen irudikapen, zapore eta usain horiek berriekin konparatuko ditu.  

Pertzepzio motak [3]Aldatu

  • Ikusmenari lotutako pertzepzioa. Kanpo errealitatea azaltzen duten bi planoak (forma, kolorea eta mugimendua).
  • Espazioaren pertzepzioa. Kanpo errealitateko hiru dimentsiotako planoa azaltzen du (sakontasuna).
  • Usaimenari lotutako pertzepzioa. Usainak azaltzen ditu.
  • Entzumenari lotutako pertzepzioa. Zaratak eta soinuak azaltzen ditu.
  • Zenestesia. Barneko organoak azaltzen ditu.
  • Ukimenari lotutako pertzepzioa. Azaleko zentzumenak bateratzen ditu (presioa, bibrazioak eta luzapena).
  • Pertzepzio termikoa. Tenperatura aldaketak azaltzen ditu (hotza eta beroa).
  • Minaren pertzepzioa. Kaltegarriak diren estimuluak azaltzen ditu.
  • Dastamenari lotutako pertzepzioa. Zaporeak azaltzen ditu.
  • Orekaren pertzepzioa. Oreka azaltzen du.
  • Sinestesia. Esperientzia batean mota ezberdinetakoak diren estimuluak elkartzean gertatzen da.
  • Denboraren pertzepzioa. Denboran gertatzen diren aldaketak azaltzen ditu.
  • Formaren pertzepzioa. Batik bat ukimenaren eta ikusmenaren bitartez ezagutzen diren kontrasteak eta ingerada azaltzen ditu.
  • Eremu magnetikoa. Eremu magnetikoa azaltzen du.

Prozesua [1]Aldatu

Izaki guztiek zentzumenak dituzte eta horiengatik etengabe estimuluak jasotzen dabiltza ondoren sentsazioak izateko. Alabaina, sentitzen den guztia ez da pertzibitzen, izakiak haren nahien arabera jartzen baitu arreta estimuluetan. Hori dela eta, izakiak hautaketak, antolaketak eta interpretazioak egiten ditu ezagutza prozesua aurrera eramateko.

HautaketaAldatu

Banakoak aurkezten diren estimuluen zati bat bakarrik pertzibitzen du. Hautematen den zati horrek banakoaren interesekin bat egiten duenean, pertzepzio selektiboaz hitz egiten da. Hau da, subjektuaren jarreren, balioen, interesen eta beharren arabera pertzibitzen dira estimuluak. Honenbestez, banakoak esperimentatzen ari den horretan parte hartzen du zuzenean.

Subjektua estimulu sentiberen aurrean dago denbora osoan (horren adibide da, esaterako, telebistako iragarkiak ikustean gertatzen dena), hala ere, esan bezala, estimulu batzuk lortuko dute subjektuaren arreta harrapatzea. Bi fenomenok eragin dezakete aukeraketa horretan:

Estimuluaren naturaltasunak.Aldatu

Naturaltasuna duten estimuluek jasotzen ari den hori gainerakoak baino modu intentsuagoan pertzibitzea baimentzen duen aspektu sentsoriala dute. Estimulu hauek mota askotakoak izan daitezke:

  • Tamaina. Zenbat eta handiagoa izan, orduan eta arreta handiagoa lortuko du.
  • Kolorea eta kontrastea. Zuria eta beltza (kolore akromatikoak) ez diren koloreak (kromatikoak) deigarriagoak izaten dira. Gainera, pertsona bakoitzarengan sentimendu batzuk sortu ditzake kolore bakoitzak eta horregatik, oroimena ere martxan jartzen da. Kolore horiek gehiago nabarmentzea eragiten du kontrasteak.
  • Argia eta forma. Ikusmenaren oinarrizko elementua da argia, eta hortaz, izakiek ingurua ezagutzeko duten iturria ere (gizakiek munduaren inguruan duten ezagutzaren %80a ikusmenaren bitartez lortzen dute). Koloreak sortzeko beharrezkoa da. Formari dagokionez, hautemateko errazagoa izaten da forma sinplea duen gauza oro.
  • Mugimendua. Mugimenduan dagoen edozerk ingurukoen arreta lortzen du (adibidez euliak hegan dagoenean inguruko pertsonen arreta eskuratzen du).
  • Intentsitatea. Intentsua den kolore bat, soinu bat, usain bat edo zapore bat lausoagoa den beste batek baino atentzio gehiago lortuko du.

Banakoaren barne alderdiak.Aldatu

Zati honetan banakoaren interesak, nahiak, sentimenduak, helburuak, etab. izaten dira kontuan. Bi taldetan sailkatzen dira hauek:

  • Itxaropena, aukera. Norbanakoa gertaeren edo objektuen esperoan egoten da eta haien nahien zakuan dagoen gertaera edo objektua agertzean arreta handiz aztertzen dute, azkar batean izaten dira erakarriak. Bestalde, nahi horiek zapuzten dituzten beste gertaerek edo objektuek aurrekoek baino atentzio gehiago lortzen dute normalean, haien nahiak asetzea oztopatzen dituztenak baitira.
  • Arrazoiak. Pertsonek haien desirak eta beharrak aseko dituzten estimuluak gainerakoetatik desberdintzeko gaitasuna dute, besteak bigarren maila batean uzten dituzte. Baina beharrek batzuetan pertzepzioa desitxuratu egiten dute eta pertzepzioaren distortsio hauek jazo ahal dira:
    • Aukeraketa selektiboa. Pertsonek atsegin zaizkien gauzak bakarrik pertzibitiuko dituzte.
    • Arreta selektiboa. Pertsonek haren nahiak eta interesak aseko dituzten gauzetan arreta berezia jarriko dute, baina gainerakoak ez dituzte guztiz alde batera utziko.
    • Defentsa pertzeptuala. Pertsonek haren gustuen aurka doan edozer ezeztatuko dute, mina sorraraziko dien edozer saihestuko dute.

AntolaketaAldatu

Jasotako estimuluak garunera eramateaz arduratzen da atal hau. Lehenengo, transdukzioa izeneko prozesu bat gauzatzen da, baina horretarako, lortutako sentsazioak mailakatu egin behar dira. Izan ere, Gestalteko eskolak baieztatzen du objektu baten nolakotasunen batura eta objektua bera, osotasunean, ez direla gauza bera izango. Horregatik, Gestalteko eskolak pertzepzioen antolaketa [4] egin zuen, eta honela bereizi zituen:

  • Irudia eta atzealdea.
  • Taldekatzea eta gertutasuna.
  • Itxieraren legea.
  • Antzekotasunaren legea.
  • Jarraitutasunaren legea.
  • Irudi batean marrazki ezberdinak ikustearen legea.
  • Estimulu anbiguoak.

InterpretazioaAldatu

Interpretazioa prozesu pertzeptualaren azken fasea da, eta bertan, aurretik aukeratutako eta antolatutako estimuluei zentzua ematen zaie. Zentzu hori pertsona bakoitzak ematen dio bere esperientzietatik eta ezagutzatik abiatuta, eta honela, jada zentzua dutenean pertzepzioa sortzen da. Esperientzia berriak izaten diren heinean, aldatu egin daiteke pertzepzioa.

Prozesamendu motak [2]Aldatu

Bi prozesamendu motatatik sortzen da pertzepzioa.

Goranzkoa. Goranzko prozesamendua zentzumenetatik abiatzen da, hau da, informazioa zentzumenen bitartez jasotzen du banakoak eta ondoren, haren garunean gauza horrekiko ideia eta pertzepzioa sortzen zaio.

Beheranzkoa. Estimulu bati antzematean oroimenean duen antzeko pertzepzio batekin alderatzean gertatzen da beheranzko prozesamendua, hots, banakoak estimulu bat jasotzen du eta ezagutzen duen zerbaitekin elkartzen du gauza berriaren inguruko pertzepzioa sortzeko.

Pertzepzioaren teoriak[5]Aldatu

Gizakiaren pertzepzioa aztertzean, bi perspektiba psikologiko azpimarratzen dira.

Formaren teoria edo teoria arrazionalaAldatu

Teoria honen jatorria ideal platonikoan aurkitzen da. Teoria hau aurrera eraman zuten pentsalariek uste zuten subjektuak duen informazioa jasotzeko gaitasuna jaiotzetikoa dela. Hori horrela, hautematen den oro pertzepzioak automatikoki antolatuta izango duela pentsatzen zuten. Horregatik, pertzepzioa banakoa aztertzen ari den objektuaren osagaien batura bat baino gehiago da bere osotasunean, izan ere, osagaien batura bakarrik izango balitz balio etiko eta legezkoak ez lirateke egongo.

Teoria honen barruan Gestalt eskola (Formaren eskola) nabarmentzen da. Bertako psikologoek zentzu komuna baztertu eta pertzepzioaren natura holistikoa goraipatzen dute. Formaren inguruan mintzatzen dira eta forma materialki independenteak diren elementu jakin batzuek sortzen duten harremanaren eskema dela adierazten dute. Materialki independenteak izan daitezke espazio eta denboran zehar aldatu daitezkeelako forma izateari utzi gabe.

Gestalteko ikertzaileek irudiaren eta formaren arteko bereizketa aztertu zuten eta baita estimuluen elkartze-legeak ere (hurbiltasuna, antzekotasuna, norabidearen jarraitutasuna, kontrastea eta itxiera). Lege hauek Max Wertheimerrek formulatu zituen eta pertzepzio estimuluen sailkapena egiteko sortuak izan ziren.

Teoria asoziatzailea edo enpiristaAldatu

Teoria honen oinarria pentsamendu aristotelikoan dago. Ikusmenak, datuak lortzeko bide nagusi gisa, modu kaotiko batean dauden sentsazioak sortuko ditu. Ondoren, hautematen ari denak ordenatu egingo ditu sentsazio horiek. Hartzailea hasiera batean pasiboa da, kanpo-estimuluak jasotzeaz arduratzen da eta. Hala ere, gero aktibo bilakatzen da estimuluen antolaketa egiteko.

Enpirismoa korronte garrantzitsua izan da eta bertan nabarmentzen dira, besteak beste, David Hume, David Hartley eta Wilhelm Wundt.

Ildo honetatik, konstruktibismoa deitzen den korrontea sortu da. Korronte honen aburuz, pertzepzioa ezin daiteke subjektuaren ekintza kognitibotik aldendu; pertzepzioaren prozesua gauzatzen ari den neurrian, subjektuak ingurua aztertu eta eskuratzen dituen estimuluen bitartez informazioa bereganatzen duelako. Informazioa bereganatzen duen unean, gauza bakoitzari zentzua emateko eskemak aktibatuko ditu.

Pertzepzioaren inguruko zalantzak [6]Aldatu

Gizakiak eta mundu fisikoak (objektuak, gertaerak, prozesuak eta horiek dituzten kualitate edo ezaugarriak) harreman pertzeptiboa dute. Harreman honek, zentzumenen bitartez, gizakiari inguruneari buruzko informazioa izatea baimentzen dio. Honenbestez, prozesu hau zentzumenetatik hasten da eta gizakiaren esperientzia kontzientean amaitzen da.

Mundu fisikoaren eta gizakiaren harreman pertzeptiboaz gain, lehen pertsonan sortzen den perspektiba dago. Perspektiba hau gizakiaren zentzumenen konbinazioek, mugimenduak eta beste objektu batzuekiko harremanak osatzen dute. Gertaera hauek gizakiaren bizitza kontzientean eragina izaten dute, baina batzuetan objektu baten eta gizakiaren artean harremanik izan ez arren ere, eragina izan dezakete, eta horren adibide dira irudipenak adibidez.

Gaur egun, oraindik ere, mundu fisikoaren eta gizakiaren kontzientziaren arteko erlazioa zein den galdetzen da. Honen inguruan zenbait planteamendu sortu dira, horien adierazgarri dira dualismoa eta materialismoa. Ikerketen bidez ezagutzen da garuneko zati ezberdinak pertzepzioa garatzeko guneak direla, nahiz eta informazio gutxi izan esperientzia kontzientea prozesuaren amaiera dela azaltzeko.

Harreman pertzeptualei dagokienez, ikusmenaren sailean, argia lurrazalean islatzen da eta gizakiaren erretinan egiten du talka, honela, informazio berri bat sartzen da gorputzera eta hori prozesatzen hasten da ikus esperientzia bat sortuz. Filosofoek ikusmenaren pertzepzioaz hitz egitean, prozesu hau onartzen dute, baina Antzinako Grezian ez zen berdina gertatzen, hau da, filosofoek begietatik uhin batzuk irteten zirela eta uhin horiek ingurua argiztatzen zutela uste zuten. Filosofo horiei extramisionistak esaten zaie. Ikusmenaren inguruko erabateko zientzia ez dagoenez, pertzepzio bisuala ulertzeko ahalmena mugatu egiten da. Honekin batera, oso mugatua dagoen beste auzi bat mota ezberdinetako sentsazioek haien artean nolako harremana duten azaltzea da.

Beste mota bateko zalantzak arretaren eta pertzepzioaren arteko erlazioaz mintzatzean sortzen dira. Izan ere, pertzibitzen den oro arreta jartzean pertzibitzen da, eta horregatik, ikerlariek arreta jartzen ez den zerbait hauteman daiteken jakin nahi dute. Zalantza honen aurrean zientzialari esperimentalek erantzun bat aurkitzeko saiakerak eta erronkak egin dituzte. Alde batetik, arreta mota desberdinak bereizi nahi dituzte, eta bestetik, esperimentalki maneiatu daitekeen arretaren nozioa aurkitu nahi dute. Nozioa esperimentalki maneiagarria bada, zientzia esperimentalek galdera hori erantzun ahalko lukete.

Pertzepzioaren arazoak [6]Aldatu

Ikusmenarekin duen arazoa. Objektuek esperientzian eragina duten edo berebiziko funtzioa duten  ezin da erabateko ziurtasunez jakin. Objektu bat ikustean objektu horren datuak ezagutzen dira eta hortaz, zentzumenek duten garrantzia azpimarratuko da. Baina objektu hori imajinazioan bakarrik egonda ere, datuak berdin-berdin ezagutu daitezke eta ondorioz, objektuaren garrantzia zalantzan jarriko da.

Arazo honi erantzun bat emateko, proposamen batzuek perspektiba pertzeptiboak harreman pertzeptiboen ikuspuntutik aztertzen dituzte. Irtenbide hau Bertrand Russelek iradoki zuen lehenengo aldiz eta bertan azaltzen du objektuekiko eta propietateekiko harreman primitiboa dagoela. Harreman estu hori egoteak azaltzen du gizakiak dituen perspektiba pertzeptibo horiek. Honenbestez, harreman hori ez dutenean aztertuko dituzte ongi objektuak.

Perspektiba pertzeptiboen barne egiturarekin duen arazoa. Perspektibak pertzepzio motaren arabera banatuak dauden edo pertzepzio bat baino gehiagoz osatuak dauden jakin nahi dute zientzialariek. Perspektibak modalitate bakarrekoak badira, ekintza gauzatzen ari den pertsona esperientzia baten ondorioztatzeagatik ari da ekintza hori horrela hautematen, eta ez berez hala delako. Haatik, sentsazio desberdinak kausalki bateratzen badira, modalitate ezberdinak une berean sentitzeko gai delako izango da.

Bi edo hiru dimentsiotako esperientzien arteko aldea azaltzeko duen arazoa. Edmund Husserlek arreta berezia eskaini zion arazo honi. Objektu bat ikustean ez da alde guztietatik ikusten, perspektiba batzuk ezagutu gabe geratzen dira. Halere, gizakiak badaki ikusten ez dituen aldeetan ere objektua existitzen dela, eta gainera, alde horiek nolakoak izango diren imajinatzeko gaitasuna du. Berez alderdi horiek ezagutzen ez baditu, ezin da ongi ezaugarritu osotasun batean objektua.

Zenbatzeko duen arazoa. Objektu batek haren gainazalean irudiak baditu, gizakia irudi horiek antzemateko gai da. Hala bada ere, urrutira irudi bakoitzaren hasiera eta amaiera zein den jakin arren, ezin ditu irudi guztiak zenbatu bere pertzepzio bisualak ez diolako baimentzen. Beraz, irudiak ikusteko gai izanik ere, horiek zenbatzeko gai ez da.

Sinesmenak justifikatzeko duen arazoa. Esperientziaren bitartez ekintza bat egi aurretik jakin daiteke nolakoa izango den, edo objektu bat ikusi aurretik jakin daiteke zelakoa den. Horregatik, hori egitean edo ikustean, hau da, pertzepzioa erabiltzean, sinesmen bati justifikazio bat aurkitzen dio gizakiak. Honelako egoerak egunerokoan agertzen dira.

Badaude beste batzuk, ordea, esperientzia baten bitartez izan ordez, nahien, desiren edota beldurren ondorioz justifikatzen direnak. Egoera hauen aurrean justifikazioa esperientzia errealean edo pertzepzioak eragiten duen esperientzian dagoen jakitea izango da gakoa.

Pertzepzio sozialarekin duen arazoa. Objektuak pertzibitzen diren bezala, pertsonak ere hautematen dira. Pertsona horiek estimulu sentsorialen bitartez ezagutu daitezke, baina estimulu horiek maila emozionala, informazio sofistikatua, jendea burutzen ari den ekintza, etab. hautematen duten zalantzan jartzen da. Beste hitz batzuetan, pertsonen emozioak eta haiek daramaten jakaren kolorea estimulu sentsorial berek pertzibitzen duten zalantzan hartzen da.

Honekin batera, kooperazio sozialak azaltzen duen arazoa aipatu daiteke. Ekintza kolektiboek arreta kolektiboa eskatzen dute, horregatik, kooperazioa posible da taldekide guztiek gauza berak pertzibitzeko ahalmena dutenean. Arazoa pertsonek pertzibitzen dutena hein batean subjektiboa dela da, eta horrenbestez, gainerakoek pertzibitzen duten bera hautematea ezinezkoa dela.

ErreferentziakAldatu

  1. a b c d e Kim, J.. «Microsoft Word - CEFC2006.doc» 2006 12th Biennial IEEE Conference on Electromagnetic Field Computation (IEEE) doi:10.1109/cefc-06.2006.1633118. ISBN 1-4244-0320-0. Noiz kontsultatua: 2021-04-24.
  2. a b c H, Toumi; FZ, Sharif; S, Mansur. (2020-12-30). «Study of the Safety and Efficacy of the Hydroxychloroquine Protocol against COVID-19 in Algeria: Experience of the Gynaecology Department of the EHU Oran» Journal of Virology Research & Reports: 1–3. doi:10.47363/jvrr/2020(1)121. Noiz kontsultatua: 2021-04-24.
  3. (Gaztelaniaz) Percepción. 2021-03-15 Noiz kontsultatua: 2021-04-24.
  4. (Gaztelaniaz) «LEYES DE LA GESTALT. INTRODUCCIÓN Y CLASIFICACIÓN.» Extracto de ilusión 2016-10-04 Noiz kontsultatua: 2021-04-24.
  5. TEORÍA DE LA PERCEPCIÓN. Noiz kontsultatua: 2021-04-24.
  6. a b (Gaztelaniaz) Los problemas de la percepción | SEFA. Noiz kontsultatua: 2021-04-24.

Kanpo estekakAldatu