Hausa[2][3] (endonimoak singularrean: Bahaushe (gizona), Bahaushiya (emakumea); pluralean: Hausawa eta orokorra: Hausa/Haoussa; exonimoak: Ausa, Mgbakpa, Kado, Al-Takari, Fellata eta Abakwariga) Mendebaldeko Afrikako talde etnikorik handienetako bat da. Nigeriako iparraldean eta Nigerreko hego-ekialdean bizi dira gehien bat, bai eta Kamerun, Boli Kosta, Txad, Togo, Ghana eta Sudan estatuetan ere. Nigerian eta Nigerren gehiengoa dira. Hausa hizkuntza hitz egiten duten taldeak Mendebaldeko Afrika osoan eta Hajj ibilbidean barrena iparralderantz eta ekialderantz (Sahara basamortua zeharkatuz) barreiatu dira, eta adibidez Agadez hirian talde handia osatzen dute. Beste hausa talde batzuk kostaldeko hirietara mugitu dira: Lagosera, Accrara, Abidjanera, Banjulera eta Cotonoura, bai eta Libiara ere, azken 500 urteetan.

Hausa
Biztanleak guztira
50 milioi inguru
Biztanleria nabarmena duten eskualdeak
Nigeria, Niger, Sudan, Txad, Ghana,[1] Togo, Benin, Burkina Faso, Kamerun, Boli Kosta
Hizkuntza
Hausa
Erlijioa
Islama; kasu gutxi batzuetan Afrikako erlijio tradizionalak
Zerikusia duten beste giza taldeak
Maguzawa, Azna, Mawri, Gwandara, Ngezzim, Bole; beste txadar etnia batzuk
Artikulu hau etniari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Hausa».

Hausa gehienak jatorriz herrixka txikietan bizi dira Mendebaldeko Afrikan. Laboreak landatzen dituzte, abereak zaintzen dituzte eta merkataritzan aritzen dira. Hausa aristokraziak zaldian oinarritutako kultura garatu dute. Gaur egun oraindik ere zalia nobleziaren ikur dira hausa gizartean.

Hausa hizkuntza txadar hizkuntzen taldekoa da.

Historia aldatu

X. mendean jadanik konfederazio batean bilduriko erreinuetan antolaturik zeuden hausak. XIV. mendean Islama hartu zuten erlijiotzat, eta mende horretan erreinuok zazpi hiri-estaturen inguruan antolatu ziren:[4] Kano, Karia, Katsina, Daura, Rano, Gobir eta Biran. Haietatik bi, Kano eta Katsina, garrantzi handiko merkataritzaguneak izan ziren XV. eta XVII. mende bitartean. XVIII. eta XIX. mendeetan merkatari burgesia finkatuz joan zen bi hiri horietan. XIX. mendearen hasieran, Usman dan Fodio fulbe eskribaua hausen agintari klasearen aurka matxinatu zen, ustelkeria aitzaki hartuta. Erreforma eta puritanismo islamiarra aldarrikaturik, hausa nekazariak, fulbe abeltzainak eta hirietako burgesia txikia bildu zituen gerra santuaren inguruan. Kano suntsitu (1808) eta inperio bat eraiki zuen.[5] Britainia Handiak hausa estatuekiko adiskidetasun politika erabili zuen kolonialismoaren garaian. Nigeriak independentzia lortu zuenean, administrazioa hausen esku geratu zen.

Erreferentziak aldatu

  1. http://www.joshuaproject.net/people-profile.php?peo3=12070&rog3=GH
  2. Euskaltzaindia. (PDF) 90. arauaː Munduko herriak eta etniak. .
  3. Berria. Estilo Liburua. .
  4. Lapidus, Ira M.. (2014). A History of Islamic Societies. (3. argitaraldia) New York: Cambridge University Press, 458-459 or..
  5. Smith, Michael. (1978). The Affairs of Daura. Berkeley, 419-421 or..

Kanpo estekak aldatu