Halo efektu

Halo efektua, isuri kognitibo bat da, objetu edo gizaki bati buruz ezagutzen dugun ezaugarri postibo batetik abiatuz dena delako horri beste ezaugarri positibo ugari esleitzean datza, horretarako datu arrazional gutxi edo ziurgabetasun handia egon arren. Horn efektuaren kontrakoa dela esan daiteke (azken hau gustuko ez dugun ezaugarri bat dela eta, egoera edo pertsona bati buruzko aurreiritzi negatiboak sortzen direnean gertatzen da).

Gizarte harremanen munduan etengabe egiten dira ezezagunei buruzko epaiak, gizabanakoek gutxi ezagutzen dituzten pertsonak azkar eta nekerik gabe sailkatzeko beharra baitute. Hala ere, batzuetan aurreiritzi indartsuak edo arriskutsuak gerta daitezke, bai epaia jasaten duenarentzat, baina baita epaitzen duenarentzat ere.

Halo efektuaren izena Edward L. Thorndikek proposatu zuen. Ondorengo ikertzaileek efektu hau aztertu dute, batez ere erakargarritasun fisikoak hezkuntza, lana eta prozesu judizialetan duen eraginagatik. Izan ere, efektu hau eguneroko bizitzaren esparru askotan gertatzen da, hala nola ikasgeletan, lantokian edo prozedura judizialetan.

HistoriaAldatu

 
Edward Lee Thorndike, halo efektua lehen aldiz deskribatu eta izendatu zuen ikertzailea.

Edward Thorndikek, eskola-psikologiaren arloan egindako ekarpenengatik ezaguna zenak, proposatu zuen "halo efektu" terminoa, eta enpirikoki frogatu zuen lehen pertsona izan zen. Horrela deskribatu zuen fenomeno hau bere artikuluan: "Balioespen sikologikoaren etengabeko akatsa".

AurrekariakAldatu

Edward Thorndike beste ikerketa batzuetan lanean ari zelarik, gauza bitxi batez ohartu zen: jendeak beste pertsonak sailkatzean ezaugarri mota jakin bat (ona edo txarra) aipatzen zuela.

1915ean konturatu zen pertsonek, besteen ezaugarriak deskribatzeko unean, beste ezaugarri batzuekin lotzen zituztela eta ezaugarri horiek berdintsuak direla, hots, positiboak edo negatiboak. Horrela, pertsonen sailkapen orokor positibo edo negatiboa ematen zen, kontrako ezaugarriak gutxitan agertzen ziren eta bitxia zen pertsona bat deskribatzean ezaugarri positibo eta negatiboen nahasketa orekatua agertzea.

Orduan, ikerketa zehatzago bat burutu zuen fenomeno hau aztertzeko, pertsonak ebaluatzeko unean "etengabeko akats" bat zelako susmoa baitzuen.

Froga enpirikoakAldatu

Edward Thorndike bera izan zen froga enpirikoak eskaintzen lehena. 1920an argitaratutako ikerketa batean Thorndikek ofizial sorta bati haien soldaduak kalifikatzeko eskatu zien, eta neurgai gehienetan mota bereko emaitzak esleitzen zituztela konturatu zen (alegia, soldadu berari neurgai gehienetan emaitza positiboak edo negatiboak ematen zizkietela, eta gutxitan positibo eta negatiboak nahasian).

Emaitzak "Balioespen sikologikoaren etengabeko akatsa" deituriko artikuluan plazaratu zituen. Erakusten zuenez, ofizialen baliospenetan korrelazioak gertatzen ziren neurgai ezberdinen artean: 0,31 fisikoa eta adimenaren artean, 3,39 fisikoa eta lidergotzaren artean eta 0,28 fisikoa eta izaeraren artean.

Beranduago, Solomon Ash ikertzaileak lehen balioespena erakargarritasun fisikoa dela eta gehienetan beste ezaugarriak horren arabera balioesten direla ondorioztatu zuen.

Beste ikerketa batzukAldatu

Halo efektua modu inkontzientean gertatzen dela frogatu zuten, esperimentu kontrolatu bat egin eta gero balioespenak egin zituztenei efektua esplikatu eta horrek nolako eragina izan zezakeen galdetuz. Gehienek haien irizpideak zuzenak izan zirela defendatu zuten, emaitzek kontrakoa zioten arren.

Halo efektuaren eraginak justizia prozesuetanAldatu

1941ean Monahanek burutu zuen ikerketa batean delituak egin zituzten pertsonen argazki sorta bat erakutsi zien jende sorta bati, eta haien ustez argazkikoen artetik kriminalak zein ziren esateko eskatu. Gehienetan pertsona erakargarriak errugabetzat jo zituzten.

1974an epaiketa prozesu bat jasan zuten pertsonen eta haien erakargarritasunaren arteko ikerketa bat burutu zen. Estatistikoki, erakargarritasun gutxiko pertsonek kontrako epaiketa gehiagotan jasotzen zutela agertu zen, edo delitu beragatik sententzia gogorxeagoa jasotzen zutela.

Halo efektuaren eraginak hezkuntzan eta lan munduanAldatu

Abikoffek eginiko ikerketa baten arabera, irakasleek aktiboki kontra egiten dieten haurrei arazo sikologikoak egozteko joera dute. Era berean, esanekoak diren ikasleei adimena egozteko joera dute. Lantokietan ere antzeko egoerak gertatzen dira nagusi eta mendekoen artean.

1974ko ikerketa batean, idazki sorta bat ebaluatzeko eskatu zitzaien esperimentuan zeuden pertsonei. Idazkien heren batek idazlearen izena soilik zeraman, baina beste bi herenek izenarekin batera argazkia zekarten. Ongi idatzitakoen artean, argazki erakargarridun idatziek 6.7 izan zuten batazbestekoa, eta 5.9 erakargarriak ez zirenena (6.6 izanik argazkirik ez zutenena). Aldea nabariagoa zen gaizki idatzitakoen artean: erakargarrien batazbestekoa 5,2 zen, eta ez erakargarriena 2,7 (argazkirik gabekoena 4,7 zen). Gaizki idatzitakoetan ezberdintasuna handiagoa izateak iradokitzen du Halo efektuak eragin gehiago duela akatsak balioesteko unean, eta jende erakargarria "barkatzeko" eta ez erakargarriak "zigortzeko" joera handiagoa dela.

Marketing-eanAldatu

Ikusleak produktua modu positibo batean balora dezan, halo efektua erabiltzen da publizitate kanpainetan, efektu honek pertsonengan duen indarragatik.

Adibidez, Applek plazaraturiko iPod produktuak sortu zuen arrakastak erosleek enpresa beraren beste produktuekiko jarrera positiboa eragin du. Modu aktiboan ere erabil daiteke halo efektua. Auto ekoizleek auto zehatz baten fama bultzatzen dute (lehiaketan erabiltzen direnak, adibidez), gero kontsumitzaileengan aurriritzi positiboak eragiteko (erosiko duten modeloa lehiaketa-autoa izango ez den arren).

Publizitatean ere erabilpen zuzena du. Esaterako, janari azkarren iragarki askotan jatetxea itxura onuragarriz eta barnean jende osasuntsua dutela agertzen dute, kontsumitzaileek alderdi negatiboak alde batera utzi eta halo efektuaren ondorioz balioespen positibo inkontzienteak eginarazteko.

Horn efektuaAldatu

Esan bezala, halo efektua gauza edo pertsonei gustuko ezaugarri batetik abiatuz ezaugarri positiboak irrazionalki eta inkontzienteki esleitzea da, baina kontrako efektua ere gerta daiteke. Kasu horretan, gustuko ez dugun ezaugarri batetik abiatuz pertsona edo gauza bati ezaugarri negatibo gehiago topatuko dizkiogu. Efektu horri "horn efektua" deitzen zaio.

Izena ingelesezko horn (euskaraz: adar) hitzetik dator, eta deabruaren adarrei egiten die erreferentzia (adarrak dituelako norbait deabrutzat jotzea eragiten duen efektu sikologikoa ilustratuz).

Kanpo estekakAldatu