Haggis Eskoziako gastronomiako usadiozko jakia da, ziurrenik herrialde honetako platerik ezagunena.

Haggis
Haggis platera.
Jatorrizko herrialdea Eskozia
OsagaiakBildots edo ardi atal ezberdinez (birika, gibela eta bihotza) eta tipula, olo hirin, hainbat belar eta espezien nahasketa batez beteriko hestebetea, arbi-aza eta patata purez lagundua

Eskoziaz aparte, mundu zabalean ere aukitzen dira haggisak, beti ere eskoziarren kolonia handiak dauden tokietan, hala nola, Estatu Batuetan, Kanadan, Australian eta Zeelanda Berrian.

Izena aldatu

Ingalaterran 1430 inguruan "hagws" eta "hagese" izenak dokumentatu badira ere, jaki eskoziarra kontsideratzen da[1]. Robert Burns poeta eskoziarrak Address to a Haggis poesia idatzi zuen 1786an eta hor agertzen da gaur egungo izena lehen aldiz.

Urtarrilaren 25ean Burnsen afaria ospatzen da Eskozian eta bertan tipikoa da haggisak jatea[2].

Prestaketa aldatu

Abereen gorputz atal ezberdinez (birika, gibela eta bihotza) eta tipula, olo irin, hainbat belar eta espezien nahasketa batez beteriko hestebeteak osatzen du. Ohitura legez, haggisa arbi-aza eta patata purez (neeps and tatties) lagundurik jan ohi da. Jakia sukaldatzeko erabiltzen diren abereen atalak bildots edo ardiarenak izan ohi dira.

Gaur egun haggis begetarianoa ere egiten da. Haragiaren ordez lekaleak (babarrunak, dilistak, ilarrak...), fruitu lehorrak, barazkiak eta txanpinoiak erabiltzen dira[3].

Jatorria aldatu

 
Haggis basatia (Haggis scoticus) eta haggis elikagaia.

Hainbat hipotesia aurkitzen dira haggisen jatorria azaltzeko.

Lehenengo hipotesiaren arabera Highland eskualdeko gizonek beren abereak Edinburgheko merkatuetara eramaten zituzten saltzera. Bidai luzea izan ohi zen Eskoziako haranetan barrena eta emazteek erraz eramateko jakiak prestatzen zizkieten, hau da, animalien gorpuzt atalak txikitzen zituzten eta ardien esteetan paketatzen zituzten.

Beste hipotesia baten arabera, jauntxoak abera haragitarako erosten zuenean haren langileei animalien erraiak ematen zizkieten aberea zatikatzearen ordain gisa.

Txantxa aldatu

Eskoziarrek turistei txantxa bat egiten diete haggisaren inguruan. Eskoziako animalia txiki bat dela esaten dute, Haggis basatia. Haggis scoticus izen zientifikoa ere eman diote. Alde bateko hankak luzeagoak ditue, Eskoziako haranetako maldak erraz igo ahal izateko moldaera bat da[4]. Ikerketa batek erakutsi du turista estatubatuarren herenak animalia dela sinesten duela[5].

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) «Scottish Food and Drink | Traditional Scottish Food | Scotland.org» Scotland (Noiz kontsultatua: 2022-01-07).
  2. (Ingelesez) «Burns Night & Burns Supper | Robert Burns» www.visitscotland.com (Noiz kontsultatua: 2022-01-07).
  3. (Ingelesez) «How to cook the perfect vegetarian haggis» the Guardian 2015-01-22 (Noiz kontsultatua: 2022-01-07).
  4. Dickie, AM; Cromarty, L; Paterson, C; Boyd, JS. (2002-05). «Applications of Ultrasound in the Reproductive Management of Dux Magnus Gentis Venteris Saginati» BMUS Bulletin 10 (2): 47–49.  doi:10.1177/1742271x0201000208. ISSN 0966-1905. (Noiz kontsultatua: 2022-01-07).
  5. (Ingelesez) «US tourists believe haggis is an animal» the Guardian 2003-11-27 (Noiz kontsultatua: 2022-01-07).

Kanpo estekak aldatu