Guise leinua

Guisa» orritik birbideratua)

Guise leinua frantziar nobleziako familia izan zen, jatorria Guise herrian zuena. XVI. mendearen bigarren erdialdean izan zuen botere gehien eta Frantziako Erlijio Gerretan parte hartze nabarmena izan zuen. Frantzian ez ezik, Eskozian ere kausa katolikoa defendatu zuen, Maria Guisekoa eta honen alaba, Maria Estuardoren bitartez[1].

Guise leinua, Lorrena leinuaren adar txiki bat zena, Klaudio Lorrenakoak (14961550) sortua izan zen, Frantziaren alde egindako zerbitzuak zirela eta, 1528an Frantzisko I.a Frantziakoak Guiseko duke izendatu zuenean. Frantzisko II.a Frantziakoaren erregealdian Klaudioren bi seme, Frantzisko, Guiseko bigarren dukea, eta Karlos kardinala, nabarmendu ziren. Espainiako erregearen eta Aita Santuaren laguntzaz burututako higanoten aurkako jazarpenaren ondorioa izan zen Amboiseko konspirazioa (1560). Porrot egin zuen matxinada kalbinista honen helburuak Guisetar buruzagiak erail eta aginpidea Borboi leinuari ematea ziren[2].

Guisetarrek antolatutako Wassyko higanoten sarraskiak (1562) Frantziako Erlijio Gerren hasiera eragin zuen[2]. Gerra hauetan Guisetarrak Parisko Liga Santuaren buru izateagatik, protestanteekiko zuten intolerantziagatik nabarmendu ziren eta baita Valoistarrekin Frantziako koroa lortzeko izan zuten lehiagatik ere.

1584an Henrike III.a Nafarroakoa kalbinista Frantziako tronurako oinordeko bihurtu zenean, Henrike I.a Guiseko dukeak onartezintzat jo zuen. Horrek beste gerra zibil bat eragin zuen, Hiru Henrikeena deritzona, non Guiseko Henrikek, Filipe II.a Espainiakoaren laguntzarekin, Paris kontrolpean hartu, gobernari de facto bihurtu eta Frantziako errege koroa nahi izan zuen. 1588an Henrike III.a Frantziakoak Guiseko dukea eta honen anaia Luis, Reimseko artzapezpikua, hilarazi zituen. Hurrengo urtean, berriz, Jacques Clementek Henrike III.a Frantziakoa erail zuen.

Erailaren anaia txikia, Karlos Lorrenakoa Mayennego dukea (1554-1611) Guise leinuko buruzagi berri bihurtu zen. Honen iloba, Guisako duke berria zen Karlos Guisekoa (15711640) Frantziako errege izateko hautagai proposatua izan zen, ustez, Isabel Clara Eugenia espainiar infantarekin ezkonduz. Alabaina, 1596ko urtarrilean Henrike Borboikoak bakeak egin zituen Guise leinuarekin.

Guise leinuaren gizonezkoen ondorengotza zuzena 1675ean desagertu zen, Guiseko VII. dukearen heriotza goiztiarrarekin, eta geroago, 1705ean, Guisetarren ondasunak Borboi-Condé leinura pasa ziren.

Erreferentziak aldatu

  1. Georges GOYAU: House of Guise The Catholic Encyclopedia. Vol. 7. New York: Robert Appleton Company, 1910. 2013ko urtarrilaren 4an begiratua.
  2. a b House of Guise 2013. Encyclopædia Britannica Online. 2013ko urtarrilaren 3an begiratua.

Kanpo estekak aldatu