Guillaume le Gentil

astronomo frantziarra

Guillaume Joseph Hyacinthe Jean-Baptiste Le Gentil de la Galaisière (Coutances, 1725eko irailaren 12a - Paris, 1792ko urriaren 22a) frantziar astronomoa izan zen, hainbat nebulosa aurkitu zituena. Berak aurkitu zituen, besteak beste, M8, M32, M36 eta M38 nebulosak. Hala ere, Guillame le Gentilen ospea hark idatziriko liburu bati zor zaio (Voyage dans les mers de l'Inde[oh. 1]), non Artizarraren igaroaldia aztertzeko egin zuen bidaia kontatzen duen.

Guillaume le Gentil
Bizitza
JaiotzaCoutances1725eko irailaren 12a
Herrialdea Frantzia
HeriotzaParis1792ko urriaren 22a (67 urte)
Hezkuntza
Tesi zuzendariaJoseph-Nicolas Delisle (en) Itzuli
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakastronomoa
Enplegatzailea(k)Parisko Behatokia
KidetzaFrantziako Zientzien Akademia

Artizarraren igaroaldia behatzeko espedizioaAldatu

Artizarraren igaroaldia ezohiko gertakari astronomikoa da, eta Artizarra eguzkia eta lurraren artetik pasatzean datza. Bestela esanda, Artizarra eguzki diskoan puntu ilun gisa ikus daiteke gertakari honetan zehar. Guillaume le Gentilen garaian behaketa horrek eguzkia eta lurraren arteko distantzia hobeki zehazteko balio zezakeen, ordura arteko neurketak hobetuz. Zoritxarrez, oso fenomeno bakana da: igaroaldiak bikoteka gertatzen dira, 8 urteko tartearekin biak. Ondoren ehun urte baino gehiago itxaron behar da hurrengo igaroaldi parea gertatu arte.

Indiara bidaiaAldatu

Guillaumek 1761eko ekainaren 6an gertatzekoa zen igaroaldia behatu nahi zuen, eta horretarako baldintza onenak Puducherry-n izango zituela pentsatu zuen (frantziarren kontrolpean zegoen Indiako lurraldea). Hortaz, 1760ko martxoan abiatu zen Indiara. Uztailean heldu zen Mauriziora. Bertan Frantziaren eta Ingalatarraren arteko gerra piztu zela jakin zuten, eta Indiarantz jarraitzeko baimena ukatu zieten. Azkenik, 1761eko otsailean bidaia segurua zela eta jarraitzeko baimena lortu zuen, eta monzoi sasoia bazen ere, Puducherryra heltzeko moduan izango zela ziurtatu zioten eta Koromandel kostarantz abiatu zen. Eguraldia ez zuten ordea lagun izan eta bost aste pasa zituzten itsasoan, harik eta Puducherry ingelesek hartu zutela jakin zuten arte.[1] Kapitainak Puducherry-n lehorreratzeari arriskutsu iritzi eta Mauriziora jo zuten berriz, baina ekainaren 6a heldu zenean itsaso zabalean ziren oraindik. Zerua argi zen eta behaketak egiten saiatu ziren, baina ontziaren mugimenduak tarteko ez ziren zehatzak izan.

Guillaumek bigarren igaroaldia neurtzea erabaki zuen orduan. Handik zortzi urtera gertatuko bazen ere, Frantziara ez itzultzea eta India inguruetan gelditzea erabaki zuen. Madagaskarreko kostaldea kartografiatu eta Indiako itsasoa aztertu zuen.[1] Indiako biztanleek zituzten astromiari buruzko ezagutzak ere ikertu zituen.[2]

Bigarren behaketaAldatu

Bigarren igaroaldia 1769ko ekainaren 3an zen gertatzekoa. Gerra 1963an bukatu zen eta Puducherry Frantziaren kontrolpean zen berriz, baina Guillaumek nahiago izan zuen Manilara joan, behaketa hobea izango zelakoan. Espainiarrek, ordea, espioitzat hartu eta oztopoak besterik ez zizkioten ezarri, beraz Puducherryra jo zuen azkenik. 1768ko martxoan heldu zen bertara. Behatoki bat eraiki zuen behaketa baldintza onenetan egiteko, eta igaroaldiaren egunaren zai geratu zen.

Zoritxarrez, ekainaren 3an lainoturik izan zen eguna, aurreko egunetan oskarbi izan arren. Horiek horrela, astronomoak ezin izan zuen inolako behaketarik egin.

Frantziara itzuleraAldatu

Porrotaren ondoren, eta hurrengo igaroaldia ehun urte beranduago izango zela jakitun, Frantziarantz abiatu zen Le Gentil. Bi urte baino gehiago behar izan zituen itzultzeko, bidean gaixotu baitzen eta eguraldi txarra izan baitzuten. 1771ko urrian iritsi zen Frantziara, bertatik irten zenetik hamaika urtera. Bertan, hildakotzat joa izan zela jakin zuen. Gerra, hondorapen, distantzia eta bidaiaren bestelako zailtasunengatik Parisera igorri zituen gutunak ez ziren helmugara iritsi eta familiak eta lankideek ez zuten haren berririk izan. Ondorioz, haren ondasunak oinordekoen artean banatuak zituzten, haren emaztea berriz ezkondua zen eta Akademian zuen postua beste bati esleitua zitzaion.[1]

Hainbat borrokaren ondoren, Guillaumek lortu zuen lanpostua berreskuratzea, ez ordea ondasunak. Beranduago, berriz ezkondu eta Pariseko behatokian ezarri zuen bizitokia.

OharrakAldatu

  1. Izenburu osoa: "Voyage dans les mers de l'Inde, fait par ordre du Roi, à l'occasion du passage de Vénus, sur le disque du Soleil, le 6 juin 1761 & le 3 du même mois 1769" (Euskaraz: Indiako itsasoetara bidaia, Erregeren aginduz egina, Artizarra Eguzki diskotik igarotzearen kari, 1761eko ekainaren 6an eta 1769ko hilabete bereko 3an.)

ErreferentziakAldatu

  1. a b c (Ingelesez) Wright, Michael. (2012). The Ordeal of Guillaume Le Gentil. Sidereal Times.
  2. (Frantsesez) Danino, Michel. (2015). Le Gentil à Pondichéry : de Vénus à l’Inde. ISBN 1951-6436..

Kanpo estekakAldatu