Gizarte dinamikak-atxikimendua

Atxikimendua, etologian, lotura afektibo handia da, iraunkorra, izaera paregabekoa, elkarrekiko interakzioaren bidez, bi indibiduoren artean garatu eta bermatzen dena; zeinen berehalako helburua mehatxu momentuetan hurbiltasunaren bilaketa eta mantentzea den (seguritatea, kontsolamendua eta babesa ematen dituelarik). Ez gara sentimendu inmaterial batez ari, baizik eta behagarriak diren eta modu adierazgarri batean hasten diren jarreren inguruan. John Bowlby (1907-1990) izan zen “Atxikimenduaren teoria” garatu zuen lehenengo psikologoa.

Atxikimendua, haurrak gizartera egokitzeko edo gizartean orientatzeko beharrezkoa duen etapa da, eta honen bidez, haurrak kide jakin batzuenganako lotura afektibo estua sortuko du. Haurraren eta zaintzen duen pertsonaren arteko lotura afektiboa da atxikimendua. Lotura hori atxikimendu-irudiarekin ezartzen du (normalean gurasoak). Horrekin, haurrak, segurtasun emozionala izango du eta nola jokatu ez dakienean, beraiengana joko du.

Gizakiak duen atxikimendurako beharra, ez da behar kulturala soilik, biologikoa ere bada. Gure jatorrian atzerantz egiten badugu, konturatuko gara, gizakiak arrazional bihurtu orduko ere, nola animalia ugaztun izate hutsagatik, amaren beharra duela. Horrez gain, ugaltzeko beharrezkoa dugun sexuan, garrantzi handia izan dute betidanik erakargarritasunak, desioak… horiek lotura sozialak sortuz (laguntasuna, zaintza…). Guzti honekin argi utzi nahi dena, zera da: atxikimendua ez dela kasualitatezko kontua, bizi iraupenerako beharrezkoa den faktoreetako bat baizik.

Bai atxikimendu irudia eta bai lotura afektiboak sortzeko beharra jaiotzetikoa edota jatorrizkoa dela esaten da. Afektibitateak bi ikuspegi ditu: alde batetik, afektibitatea bigarren mailakoa dela esaten dutenak daude, eta bestetik, afektibitatea ikasten den zerbait ez dela esaten dutenak, jatorrizkoa baizik. Lotura horren falta egonez gero, haurrengan eta helduengan portaera jakin batzuk eman daitezke (antsietatea, depresioa, konfiantza falta, negarrak, garapenean atzerapausoak, interes falta, ukapena, ondorio emozional txarrak…) eta portaera hauek fase desberdinetan banatu eta ematen dira (Lopez, 2008).

Ikuspuntu emozionaletik, atxikimendua beste pertsona hori baldintzarik gabe hor egongo dela seguru daukazunean sortzen da; enpatia, komunikazio emozionala eta pertsona hauen arteko maitasuna agertzea errazten duelarik. Ikuspuntu kognitibotik, atxikimendu harremana egoteak berez, harreman horren eredu mentala, haurra nolakoa den, atxikimendu irudiaren irudikapena eta atxikimendu irudiak haurrarekiko daukan irudiaren inguruko teoria mentala eraikitzea dakar.

Atxikimendu lotura lehenengo urtean gutxi gora behera agertzen da eta haurraren eta zaintzaile/gurasoen artean ematen da; hala ere, gerta daiteke atxikimendu irudi hori bizitzan aurrera egin ahala aldatzea. Atxikimendu harreman bakoitzak bere ezaugarri bereziak ditu, adina edota elkarrekintzak eragin handia baitute. Harreman hauek oso zabalak izaten dira, baina garrantzitsuenak haurraren biziraupena ziurtatzen dutenak izaten dira, seguritatea eman, autoestimua eta imitatzeko aukera; hau da, pribilegiozko komunikazio emozionala izatea.

ATXIKIMENDUAREN OSAGAIAK

Atxikimendua hobeto ulertzeko asmoarekin, horren osagaiak azter daitezke banan-banan (nahiz eta guztiek osotasun bat eratu). Beraz, atxikimenduaren osagai hauek aztertuko ditugu (López eta Ortiz, 1999):

a) Portaerak

Atxikimenduaren portaerak erraz bereizten dira, behagarriak direlako, begibistakoak. Haurrak hurbiltasuna bilatu eta mantentzeko erabiltzen dituen portaera guztiak dira, mota askotakoak. Bowlby-k bost portaera nagusi bereizi zituen: xurgapena, besarkada, negarra, irribarrea eta zaintzailearen atzetik joatea (Lebovici, 1988). Azken finean, zaintzailearen hurbiltasuna, kontaktua eta komunikazioa bilatzen dituzten portaerak dira (Ainsworth eta Bell, 1970).

Portaera horiek testuinguruaren arabera aldatuz joango dira. Horrela, testuinguru bat ume horrentzat ezaguna bada, ziur aski portaera horiek ez dira agertuko. Ordea, testuingurua ezezaguna, mehatxagarria... bada, portaera horiek aktibatuko dira, eta umea saiatuko da bere atxikimenduirudiarengandik hurbil egoten.

Beraz, ondorio gisa, zera esan dezakegu: umeak inguru edo egoera bat mehatxagarria dela hautematen badu (gaixotasuna, mina, haserrealdiak, banatze laburrak, ezezagun batekin gelditzea...), atxikimendu-portaerak aktibatuko dira.

Portaera horiek oso bereziak dira, espezifikotasun eta sendotasun handia dutelako, eta, beste portaera batzuekin konparatuz, intimitate-maila handi bat dute, eta maiztasun handiarekin agertzen dira. Gorputzen arteko kontaktua asko bilatzen duten portaerak dira, keinuetan oinarritutako komunikazioarekin bat gertatzen direnak. Beraz, portaera horiek aztertzean interakzioak garrantzi handia hartzen du, bataren portaerek bestearen portaeretan eragina dutelako.

Bestalde, portaera horiek aurreko esperientzien eta umearen garapen mailaren arabera ere aldatuz joango dira. Horrela, adibidez, umeak, hitz egiteko gaitasunak eta gaitasun motorrak garatzen dituenean, ez du zertan negarra erabili (behintzat, ez horrenbeste): negar egin beharrean, atxikimendu-irudiari deituko dio edo horren atzetik joango da katamarka.

Gainera, aurreko esperientzien arabera, umeak portaera batzuk mantendu egingo ditu (arrakasta izan dutenak, hau da, bere helburua lortzen lagundu diotenak), eta beste batzuk moldatuz joango da.

b) Harremanaren irudikapen mentalak

Atxikimendu-irudiekiko eredu mental bat egitea beharrezkoa da atxikimendua sortzeko. Baina zer esan nahi du eredu mental kontzeptuak? Bowlby-k (1969) azaldu zuenez, haurrak bere hurbileko pertsonekin izandako harremanei buruz eredu mental bat garatzen du, horren barruan sarturik oroitzapenak, itxaropenak eta emozioak. Eredu mental hori eraikitzerakoan, garrantzitsuena zera da:

-Atxikimendu-irudiarengan nabaria den baldintzarik gabeko prestasuna (beraren beharra dudanean, hor dagoela beti).

-Haurrak bere atxikimendu-irudiaren premia duenean, hark erakusten duen eraginkortasuna (ondo daki nire mezuak interpretatzen eta haiei erantzuten).

Hori horrela ez bada, atxikimenduaren funtzio garrantzitsuena (segurtasuna ematea) galtzen da.

Eredu mental horiek esperientzia batzuetan oinarritzen dira; hain zuzen ere, umeak esperientzia horiei emandako interpretazioetan. Beraz, esperientzia horiek kutsu negatibo bat izan badute umearentzat, lotura afektiboetan gabeziak edo patologia larriak ager daitezke.

c) Sentimenduak

Esan dugunez, atxikimendua lotura afektibo bat da; beraz, sentimenduak inplikatzen ditu. Sentimendu horiek bai umean, bai atxikimenduirudiarengan agertuko dira. Osagai zailena dugu ikertzeko (ez da behagarria, ez da objektiboa, ezin da zuzenean neurtu...), eta, ondorioz, gutxien ikertu dena da.

Sentimendu horiek positiboak (batez ere, elkartzearekin lotuta doazenak) eta negatiboak (banatzearekin lotuta doazenak) izan daitezke, baina negatiboak dira gehien ikertu direnak.

Atxikimendu-irudiekin lotura sendo eta seguruak garatzen baditugu, badirudi horrek seguru sentiarazten gaituela pertsona hori hurbil dugunean, baina harengandik banatzean larritasuna sortzen da. Beraz, alde batean, poztasuna eta segurtasuna ditugu, eta, beste aldean, larritasuna. Baina, erdian, beste hainbat sentimendu daude, behar beste ikertu ez direnak.

EZAUGARRI PORTAERAMENTALAK

*Loturazko pertsonarekin gertutasuna mantentzeko esfortzua egitea.

*Banatzeari eutsi galeraren aurrean antsietatea, atsekabea eta abandonua sentituz.

*Atxikimendu irudiarekin pribilegiozko kontakto sentsoriala mantentzea.

*Atxikimendu irudia segurtasun  oinarri bezala erabiltzea mundu fisiko eta soziala esploratu ahal izateko.

*Tristura, ondoez edota ikara momentuetan atxikimendu irudian babestea, laguntza eta ongizate emozionala bilatu nahian.

ATXIKIMENDUAREN FUNTZIOAK

Bowlbyren aburuz atxikimendu portaerak oinarrizko funtzio bi ditu: funtzio biologikoa (biziraupena ziurtatzeko babesa lortzea) eta funtzio psikologikoa (segurtasuna lortzearena). Funtzio osagarriak ondorengoak izango lirateke: estimulazioa kantitate eta kalitatean eskaini eta erregulatzea, ikaskuntza eta esplorazioa ahalbidetzea, osasun fisiko eta mentala sustatzea, garapen sozialean laguntzea eta plazera ematea.

Lehenengo eta behin aipatu beharreko funtzioa bizitza ahalbidetzea litzateke. Haurrak ezin izango lirateke bizi beste batek zaindu ezean: jaiotzen garenean guztiz mendekoak gara. Ez da kasualitatea atxikimendu portaerak 9. hilabetetik aurrera pil-pilean egotea, orduan hasten direlako haurrak mugimen-independentzia gehiago izaten (lau hankatan ibiltzen hastean, adibidez, “arrisku” gehiago dituzte), baina aldi berean ezezagunei beldur gehien dieten unea ere izaten da (beren burua arriskuetatik “zaintzen” dute hala).

Gure bizitzako lehenengo urte horietan zaintza egokia jasotzen badugu, gure burmuina ere modu egokian garatzeko probabilitate altuagoak izango ditugu, eta beharrezkoak diren konexio neuronalak garatuko dira. Beraz, zaintza egoki eta ordenatu bat lagungarri izango da haur eta burmuin ordenatu bat lortzeko (Gonzalo, 2009). Ordea, haurra ingurune desantolatu batean bizi bada (hala nola, arduragabekeria, tratu txarrak edo abandonua jasanda), burmuina ez da behar bezala garatzen, eta zenbat eta gazteagoa izan haurra, orduan eta ondorio larriagoak izaten dira (orduan ari delako gure burmuina garatzen eta konexio neuronalak sortzen).

Atxikimenduaren funtzio garrantzitsuenetariko bat, bizitza ahalbidetzeaz gainera, segurtasuna ematea da. Bere atxikimendu-irudiarengandik lortzen duen segurtasun horri esker, haurrak bere ingurunea arakatzen du: ez du zertan arduratu behar, atxikimendu-irudia hor dagoelako, prest bere beharrizanei erantzuteko; beraz, lasai egon daiteke ingurunea aztertzen, ezagutzen, jolasten… Ingurunea arakatzeak, aldi berean, burmuinaren garapen egokia ere ahalbidetuko du, konexio neuronal berriak ezarriko baitira.

Bestalde, haurrak, kanpotik zaintza egokiak jasotzean, etorkizunean bere burua behar den moduan zaintzen (eta besteak zaintzen) ere ikasiko du, eta, horrenbestez, osasun fisikoa eta psikikoa bultzatuko da.

Bukatzeko, azpimarratu beharra dago atxikimendu-irudiarekin ezartzen den harreman honetan oinarrituko dela geroko enpatiaren garapena, eta haurraren garapen soziala oro har. Harreman goiztiar horiei esker ikasiko ditu haurrak komunikazioaren oinarriak, baita ere bere burua ezagutzen, besteak ezagutzen, identifikazio-ereduak ezartzen eta portaera prosozialak garatzen (Ortiz, 1993).

ATXIKIMENDU PORTAERAK

Hiru atxikimendu portaera desberdindu daitezke (Cassidy 1999):

*Portaera adierazgarriak: elkarrekintza bat nahi dutela atxikimendu irudia konturatzeko haurrek egiten dituztenak dira. Adb: irribarrea, bokalizazioak, zizakadurak…

*Portaera higuingarriak: negarra edota portaera agresiboa bukatzeko ama bereganatzeko helburua daukaten seinaleak dira.

*Portaera aktiboak: haurra amarengana daramatzatenak dira. Adb: gerturatzea, jarraitzea.


ATXIKIMENDU MOTAK

Egoera arraroaren teknikak oinarritzen den Mary Ainsworthek diseinatutako atxikimendu moten klasifikazio bat existitzen da. Eta lau kategoria ezartzen dira:

*Atxikimendu segurua: haurren %65an ematen da. Atxikimendu mota hau daukaten haurrek modu aktibo baten esploratzen dute atxikimendu irudiarekin bakarrik daudenean, eta lasaitasun hori galdu dezakete banatzen direnean. Atxikimendu irudia bueltatzen denean, afektuz agurtu egiten du askotan eta oso urduri badago, kontaktu fisikoa mantentzen saiatuko da. Haur hauek ezezagunekin lagunkoiak izaten dira ama bertan dagoen bitartean.

*Atxikimendu iraunkorra: haurren %10an ematen da. Atxikimendu iruditik hurbil mantentzen saiatzen dira eta bera dagoen bitartean oso gutxi esploratzen dute. Asko urduritzen dira hau joaten denean, baina itzultzean erreakzioa anbibalentea izaten da: hurbil mantentzen da, baina kontaktu fisikoari eutsi ahal diote abandonu horregatik minduta dagoela erakutsiz. Nahiz eta atxikimendu irudia bertan egon, zuhurrak izaten dira ezezagunekin.

*Atxikimendu saiheskorra: haurren %20an ematen da. Atxikimendu iruditik banatuak direnean ez dute ondoez askorik erakusten eta irudia itzultzen denean, orokorrean, saihestu egiten dute nahiz eta bere atentzioa irabazi nahi duen. Ezezagunekin lagunkoiak izaten dira, baina ez ikusiarena egin daitezke, atxikimendu irudia bueltatzen denean saihesten duten bezala.

*Atxikimendu nahasia: haurren %5-10an ematen da. Aurreko bien arteko nahasketa bat da. Haurra nahaspilatua sentitu daiteke geldirik geratuta edota hurbildu egiten da gero atxikimendu irudia hurbiltzen denean modu gogor batean urrunduz.


ATXIKIMENDU LOTURAREKIN LOTUTAKO KONTZEPTUAK

Pertsona batekin atxikimendu lotura ezartzen ari denean edota lotura hori jada ezarrita dagoenean esaten zaio atxikimendu irudia dela. Atxikimendu irudiarekiko erreakzio jakin batzuk egongo dira:

1.Pertsona honen hurbiltasuna edo kontaktua bilatuko da.

2.Pertsona honekiko abandonu edo banatzearen aurrean antsietatea esperimentatuko da.

3.Egoerak eskatzen duenean, pertsona honekiko laguntza emozionala bilatuko da.

4.Mehatxaturik sentituz gero, edozein babes mota bilatu nahian segurtasun oinarri bezala finkatuko da.


ATXIKIMENDUAREN GARAPENA

Haurra biologikoki erregulatzen diren harremanetatik, lotura afektibora pasatzeko, bi baldintza bete behar dira: bat, elkarrekintza etengabekoa izatea (neurri batean, iraupena izan behar du elkarrekintzak baina etenak ere egon behar dira mundua esploratu dezan); eta bestea, atxikimendu-irudia ezagutu eta bereizi behar du.

Atxikimendua lau fasetan banatzen da:

-1.fasea. Pertsonengana hurbiltzeko joera izatea, baina zaintzen duten pertsonak bereizi gabe (0-3 hilabete): Bizitzako lehenbiziko unetatik aurrera, bereizi egiten ditu pertsonak inguruko beste elementuetatik. Egoera larriak sortzen diren heinean, elkarrekintzarako joera areagotu egiten da. Negar bereizgarriak egiten ditu (nahia eta beharrarena). Amaren eta haurraren arteko elkarreragina, lehen uneetan titia ematean sortzen da. Familiakoen irudiak ez dituzte ezagutzen eta ezezagunengandik bereizi ere ez.

-2.fasea. Elkarreragina ezartzeko, familiako irudienganako lehentasuna izatea, baina ezezagunak arbuiatu gabe (3-7 hilabete): Zentzumenen bidezko pertzepzioa garatzen denean, haurra gai da zaintzen duen pertsonaren aurpegia, usaina, ahotsa… bateratzeko. Hau da, atxikimendu-irudia bereizi egiten du, baina ez ditu ezezagunak arbuiatzen. Atxikimendu-irudia bereizten duela baieztatzen duten jarduerak dira: irribarre bereizgarria, ahoskatzea, negar bereizgarria…

Jokabide bereizgarriaren ondorioz, elkarreragina sortzen da eta erritmora egokitu egiten dituzte egoeraren eta seinaleen arabera. Elkarreragina sortzea zailagoa izaten da atxikimendu-irudia arrotza denean. Jokabide-ereduak sortzeko eta ohiko zaintzailea eta familiakoak bereizteko, barne-eskemak eraikitzen dituzte. Barne-eskemek gure bizitza eta jokabideak baldintzatzen dituzte nabarmen. Atxikimenduarekin lotuta dauden elkarrekintza errepikakor eta iraunkorrek sorrarazten dituzte barne-ereduak.

-3.fasea. Lotura-harremana eta ezezagunenganako beldurra (8-12 hilabete): Irudi jakin batenganako lotura afektiboa ezartzen du. Atxikimendu-irudia ez dagoenean, haurrak estutasuna sentitzen du; eta itzultzean, gogor atxikitzen zaio. Lotura afektiboa ezarri ondoren, atxikimendu-jokabidea malguagoa da. Atxikimendu-irudia urrutiegi dagoenean, jokabide-baliabideak martxan jartzen ditu, hurbiltasuna ezartzeko asmoz.

-4.fasea. Independentzia (12 hilabetetik aurrera): Atxikimendu lotura ezarrita, gaitasun berbal, intelektual eta lokomozio gaitasunei esker, haurrak independentzia gradu jakin bat hartzen hasten da.

Esploratzeko sistema: Ikasten denean munduratzen da, hau da, esploratzen hasten da. Atxikimendu-irudiak segurtasun-oinarri bihurtzen dira eta segurtasun hori duenean, haurra errealitatea esploratzen hasiko da. Esploratzeko seguru sentitu behar da; bestela urduri egongo da (bere lekuan ez delako sentitzen). Atxikimendu-irudia hurbil dagoenean, esploratuko du, bestela ez. Atxikimendu-irudia haurrari ingurua esploratzeko eta pertsona ezezagunekin elkarreragina sortzeko aukera ematen dion segurtasun-oinarria da.

Ezezagunenganako beldurra: Pertsona ezezagunek urduritasuna eta beldurra sorrarazten diote haurrari. Pertsona ezezagunenganako jokabidea aldatu egiten da, eta haurrak artegatasuna adierazten du, pertsona hori arbuiatu edo saihestu egiten du edo beldurra erakusten du. 8.hilabetearen inguruan agertzen da, eta areagotu egiten da urtebete inguruan.

Barne-eredu aktiboak: Aldentzearen ondoriozko estutasunaren bidez, haurrak atxikimendu-irudia gogoratzeko barne-eredua eraikitzen du. Horrela haurraren jokabidea asko aldatuko da. Barne-eredu hori funtsezkoa da harreman sozioafektiboetan eta emozioak erregulatzeko eran.


HAURDUNALDIAN ATXIKIMENDUA

Onartua izan da ama eta haurraren arteko atxikimendu harremana haurdunaldian zehar hasten dela ezartzen. Haurdunaldiak aurrera egiten duen heinean, etorkizuneko gurasoak bere etorkizuneko seme-alaba, beraien zaintzaile rolak burutzen, jaiotzen denean haurrarekin izango duten harremana... eta horrelako kontuak imajinatzen hasten dira. Errepresentazio mental hauek haurdunaldian ematen diren prozesu psikologikoak dira, bikotea etorkizuneko guraso eta haur baten zaintzaile izateko trantsizioan laguntzen dutelarik.

Haurdunaldian zehar prozesu psikologiko bat ematen da, non etorkizuneko amaren Self-eko alderdi askotan berregituraketa bat ematen den. Emakume, alaba, emazte edo bikote, lan egiten duen pertsonaren rolean egoteaz gain, gizaki berri baten ama izatearen rola agertzen da. Hori horrela, etorkizuneko ama identitatea garatu beharra haurdunaldiaren parte da; eta honekin guztiarekin, etorkizuneko haurrarekin konexio sentimendua ere garatzea dagokio.


ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

Cantero, M. J. y Lafuente, M.J. (2010). Vinculaciones afectivas: apego, amistad y amor. Ediciones Pirámide.

Cantón, J. y Cortés, M. R. (2003). El apego del niño a sus cuidadores: evaluación, antecedentes y consecuencias para el desarrollo. Editorial: Madrid: alianza.

López, F. (2006). Apego: estabilidad y cambio a lo largo del ciclo vital. Infancia y aprendizaje 29 (1), 9-23.