Giza erditzea, edo haurgintza, haurdunaldiari amaiera ematen dion prozesua da. Prozesu horrek barne hartzen ditu emakumea erditze-uzkurdurekin hasten denetik haurra umetokitik irteten den arte jazotzen diren aldaketa fisiologiko guztiak.[1] Erditze baginalaren prozesuan hiru fase bereizten dira: ezabatzea eta utero-lepoaren dilatazioa, umearen jaitsiera eta jaiotza, eta, azkenik, plazentaren kanporaketa. Erditzean, oso ohikoa da farmakoak erabiltzea, bai mina murrizteko (medikamentu anestesikoak), bai plazenta kanporatzean atzerapen larriak gerta daitezela ekiditeko (oxitozina). Dena den, erditze seguruena naturaltasunez gauzatzen dena da, alegia, kanpo-eragilerik zein esku-hartzerik behar ez duena.[2] Arrisku handiko haurdunaldietan, berriz, amaren bizia zein haurrarena galzorian egonez gero, zesarea bidez eragiten da jaiotza: umea sabelaldean egiten den ebaki kirurgiko batetik kanporatzen da.

Giza erditzea
Deskribapena
Motajaiotza, organismo zelulaniztun baten organismo anitzeko prozesua, giving birth (en) Itzuli
multi-organism reproductive process (en) Itzuli
Espezialitateamidwifery (en) Itzuli
Ginekologia eta obstetrizia
Arrazoia(k)haurdunaldi
Sortzen dujaioberria, muscle fatigue (en) Itzuli
jaiotza
Identifikatzaileak

Erditze motak

aldatu

Erditze baginala

aldatu
 
Erditze baginala. Jaioberriaren burua ateratzen.

Erditze baginalean, umea amaren baginatik ateratzen da, laguntza teknologiko gutxirekin eta farmakorik gabe.[3] Erditze mota honetan, gehienetan emakumea etzanda egoten da, oinak ipurmasailen parean kokatuta. Erditze-metodo hori eztabaidatu egin da, ama bertikal kokatzen bada umearen irteera errazten baita, grabitatearen ondorioz. Gainera, etzanda hainbat arazo sor daitezke, hala nola, fetuaren sufrimendua edota zoru pelbikoaren urradura.

Izan ere, amaren kukubilko jarrera hori izan da XVIII. mende arte zabalduena Mendebaldeko emakumeen artean, harik eta emakumea etzaten hasi zen arte, medikuak hobeto ikus zezan.

Erditze baginal instrumentala

aldatu
 
Forcepsarekin lagundutako erditzea.
 
Erditzeko aulkia eta forzepsak Nafarroako Erresumako Museo Etnografikoan.

Askotan, zailtasunak agertzen direlarik, erditze baginala ezinezkoa da. Horrelakoetan, lanabes espezifikoak behar dira forzepsa adibidez. Lanabes horren bidez, umekiaren burua heldu eta ateratzen saiatuko da medikua.

Zesarea

aldatu

Zesarea egiten denean, umekia ez da amaren baginatik ateratzen, baizik eta sabelean egiten den ebakian zehar.[4] Erditzeak arazoak dituenean bakarrik erabiltzen da teknika hau, batez ere naturala baino arrisku handiagoak dituelako eta gerora ere arazoak sortu ditzaketelako.

Erromatarren garaian, haurdunaldiko azkeneko faseetan zegoen ama hiltzen zenean egiten zen zesarea umearen bizitza salbatzearren. Hau, Lex Caesarea-an idatzita gelditu zen. Bizirik zegoen amari lehenengoz egin zioten zesarea dokumentatua, Suitzan gertatu zen 1500 urtean. Eta ama bizitzen jarraitu zuen gainera. Jacob Nuferrren emaztea izan zen emakume hori eta Jacob sendagilea. Hala eta guztiz ere, oso emakume gutxi ateratzen ziren bizirik. Irlanda eta Britainia Handian 1865. urtean emakumeen ehuneko laurogeita hamabost hiltzen ziren zesarea egiten zietenean. Gutxi gorabehera momentu berdinean, hau da, XIX. mendean, Afrikara joan ziren europar esploratzaileek teknika hau ikusi zuten Afrikan. Badirudi nahiko ohikoa zela. Amari alkohola ematen zioten anestesia bezala eta belar ezberdinak ematen zizkieten osatzeko.

Gaur egun, erditze guztietatik ehuneko 10 eta 15 bitartekoak zesarea bidez gauzatzen dira. Nahiz eta Estatu Batuak eta Kanada ehuneko hogeitik gora egon.

XX. mendean ohikoena zesarea bertikala zen baina gaur egun zesarea horizontal praktikatzen da gehien. Kasu arraro batzuetan bestelako zesareak praktikatzen dira.

Teknika honek bere arriskuak ditu. Amarentzat, adibidez, hiltzeko arriskua lau aldiz biderkatzen dela uste da. Umearentzat, normalean arnasa hartzeko arazo gehiago dituzte. Hamabi urtera arteko umeetan asma gehiago neurtu da zesarea bidez jaiotako umeetan, besteetan baino. Beste arazo batzuk ere neurtu dira baina oraindik gehiago ikertu behar da. Ikerketa interesgarrienetakoa da Melbourne Unibertsitateko polidano et al (2017) ikerketa.

Anestesia gaur egun lokala da, epidural deitutakoa. Lehen, jenerala ematen zen, baina lokala hobeagoa dela konturatu dira bai amarentzat eta baita umearentzat ere.

Erditzearen hasiera

aldatu

Emakumearen erditzea azken hilekotik 37 eta 42 astera gertatzen da. Erditzearen hasiera ezberdina da emakumearen arabera, baina erditzearen hasiera hori iragartzen duten seinaleak nahiko ohikoak dira haurdun guztietan: umetokiko espasmoen agerpena hamar minutu baino gutxiagoko maiztasunaz, presio pelbikoaren handitzea eta gernu-maiztasuna, umetoki-lepoko muki-tapoiaren kanporaketa eta likido amniotikoa inguratzen duten mintzen apurketa, zeinak odol jarioa ere ekar dezakeen.[5]

Erditze-faseak

aldatu
 
Erditze-faseak.

Erditzean lau fase bereizten dira: erditze-aurrea, dilatazioa, fetu-kanporaketa eta karen-egozpena.

Erditze-aurrea ez dago zehaztuta, baina sintoma eta seinale jakin hauekin batera hasten da: umetokia uzkurtzea, muki-zipotza kanporatzea eta pelbiseko mina agertzea. Hasten denetik amaitzen den arte bi aste iraun dezake erditze-aurreak; umetokiaren dilatazioarekin bukatzen da.[6]

Dilatazioan, umetoki-lepoa laburtuz eta zabalduz doa.[7] Fase hau hastean, umetoki-lepoko uzkurdurak agertzen dira, 3-15 minutuan behin eta 30 segundoko iraupenarekin. Denborak aurrera egin ahala intentsitatea areagotzen da. Fasearen iraupena ezberdina da emakumearen arabera, eta dilatazioa osoa gauzatzen denean amaitzen da (gutxi gorabehera 10 cm-ra heltzean).

Dilatatazioa osoa gauzatzen denetik fetu-kanporaketa gertatu arteko denbora laburra da. Hirugarren fase honetan, fetua umetokitik iraizten da, umetokiaren nahi gabeko uzkurdurei eta amaren sabel-uzkurdurei esker.

Azkenik, karen-egozpena deritzon fasean, plazenta, zilbor-hestea eta mintzak kanporatzen dira.[5] Normalean, 5 minutu eta 30 minutu artean irauten du.

Ama erditzetik guztiz bizkortzen ez den arte, "ama-berri" dagoela esaten da. Erditzea bukatutzat ematen da emakumea erabat suspertu denean.

Fisiologia

aldatu

Badirudi umetokiko uzkurdurak prostaglandinen kontzentrazioaren igoerak eta oxitozinen hartzaile kopuruaren igoerak eragiten dituztela. Amniosek eta korionek azido arakinodikoetan metabolizatzen diren fosfolipidoak ekoizten dituzte. Azido horietatik prostaglandina I (PGI) eta F (PGF) sintetizatzen dira, zeinen kontzentrazioa handituz doan erditzean zehar. Azken finean, erditze aurreko fasean gertatzen diren aldaketa biokimikoek miometrioa molekula inhibitzaileez (progesterona, prostaziklinak, relaxina, oxido nitrikoa) babesteko helburua dute. Bestalde, umetokia oxitozina eta prostaglandina aktibatzaileek estimulatzen dute.[8]

Erditze-orgasmoak

aldatu

Erditze-orgasmoen eztabaida literatura zientifikotik at egon den arren, zenbait talde feminista gai honen inguruko informazioa biltzeaz arduratu dira, emakume batzuek erditzean orgasmoak izaten dituztenez.[9][10] Izan ere, erditzean eta orgasmoetan gertatzen diren zenbait prozesuk antzekotasun handiak dituzte. Bi gertaeretan, muskulu askoren nahigabeko uzkurdurak gertatzen dira, orgasmoan endorfinak askatzen dira, oxitozina hormonaren parekideak direnak eta erditzearen mina arintzen laguntzen dutenak.

Erreferentziak

aldatu
  1. (Gaztelaniaz) Parto: MedlinePlus en español. (Noiz kontsultatua: 2018-11-15).
  2. (Ingelesez) «RHL» apps.who.int (Noiz kontsultatua: 2018-11-15).
  3. (Gaztelaniaz) «Parto natural» www.kidshealth.org (Noiz kontsultatua: 2018-11-15).
  4. (Ingelesez) «JAMA – The Latest Medical Research, Reviews, and Guidelines» jama.ama-assn.org (Noiz kontsultatua: 2018-11-15).
  5. a b (Ingelesez) «http://web.archive.org/web/http://ymghealthinfo.org/content.asp?pageid=P05988» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2018-11-15).
  6. Pritchard J, MacDonald P, Gant N (2001). Williams Obstetricia (20ª edición). Madrid: Editorial médica panamericana.
  7. Trabajo de parto y parto - Falsa labor. 2009-12-04 (Noiz kontsultatua: 2018-11-15).
  8. Artículos: Obstetricia. 2008-03-02 (Noiz kontsultatua: 2018-11-15).
  9. Casilda Rodriganez Bustos » PARTO ORGÁSMICO: TESTIMONIO DE MUJER Y EXPLICACIÓN FISIOLÓGICA. 2009-08-29 (Noiz kontsultatua: 2018-11-15).
  10. Orgasmic Childbirth. 2008-05-09 (Noiz kontsultatua: 2018-11-15).

Kanpo estekak

aldatu
Gai honi buruzko informazio gehiago lor dezakezu Scholian