Giovanni Pierluigi da Palestrina
Giovanni Pierluigi da Palestrina (Palestrina, Erroma inguruan, 1525eko irailaren 30a - Erroma, 1594ko otsailaren 2a) italiar musikagilea izan zen. Berpizkundeko musikalari garrantzitsuenetakotzat jotzen da. R. Mallapert eta F. Lebel frantses maisuekin egin zituen musikako ikasketak. 1537. urtean, Erromako Santa Maria Maggioreko koru-mutila izan zen, eta 1544. urtean, Palestrinako katedraleko koru-maisu eta organo-jotzaile. 1551. urtean, berriz, Julio III.a Aita Santu zela, San Pedro basilikako Giulia kaperako kapera-maisu izendatu zuten. 1554. urtean, meza-liburu bat argitaratu zuen. Hurrengo urtean, Paulo IV.ak debekatu zuen aita santuaren kaperan ezkondutako inor egotea; Palestrinak kargua utzi zuen, eta Letrango San Joan kaperan kapera-maisu izan zen, Lassusen ordez. 1560. urtean, Santa Maria Maggioreko kapera-maisu izan zen, eta 1566etik 1571ra Erromatar Mintegien musika-maisu; aldi berean, Ippolito d´Este kardinalaren kontzertuak antolatu zituen, Tivolin. 1571. urtean, Giulia kaperaren zuzendaritzaren ardura izan zuen berriro, eta Erroman geratu zen bizitzen. Palestrina italiar Errenazimentuko musikagile emankorrenetako bat izan zen. 105 meza inguru idatzi zituen, lau-zortzi ahotsez abestekoak; 250 motete; 35 magnificat; salmoak; letaniak; baita madrigalak ere, erlijiozkoak eta bestelakoak. Polifoniaren maisu handia baitzen, ahots soiletarako kontrapuntuaren musikagile ospetsuena izan zen, bere garaian. Palestrinak ez zuen berrikuntzarik sartu musikagintzan, baina ezin hobeki erabili zituen musikagintzaren ohiko baliabideak.
ErreferentziakAldatu
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekakAldatu
- Palestrina Foundation (Italiakoa).
- Palestrina’s "Dum complerentur" YouTuben: 1971eko kontzertua, by Guildford Cathedral Choir, Barry Roseren zuzendaritzapean.
- Palestrinaren Sicut Cervus grabazioa Coro Nostro delakoak abestua, 2010-04-17.
- Zenbait abestiren audioa.
- Palestrina, princeps musicae – Film by Georg Brintrup (2009) (IMDb)