Giotto di Bondone

Giotto» orritik birbideratua)

Giotto di Bondone (Vespignano, 1266-67Florentzia, 1337ko urtarrilaren 8a) Behe Erdi Aroko italiar margolari eta arkitektoa izan zen, italiar Pizkundearen aitzindaria eta garai guztietako margolari nagusietakoa. Giotto izen soilarekin aski ezaguna berez.

Giotto di Bondone

ganberako margolari

Bizitza
JaiotzaVicchio1266-67
Herrialdea Florentziako Errepublika
 Italia
HeriotzaFlorentzia1337ko urtarrilaren 8a (69/70 urte)
Familia
AitaBondone
Hezkuntza
Hizkuntzakitaliera
Irakaslea(k)Cimabue
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakmargolaria, arkitektoa, eskultorea, muralist (en) Itzuli eta diseinatzailea
Lantokia(k)Florentzia
Padua
Asis
Rimini
Erroma
Napoli eta Bolonia
Lan nabarmenak
MugimenduaProto-Pizkundea
Arte gotikoa
Genero artistikoaarte sakroa
allegory (en) Itzuli
margolaritza mitologikoa
Sinesmenak eta ideologia
Erlijio-ordenaThird Order of Saint Francis (en) Itzuli

Musicbrainz: 2fb51c85-fb7b-448d-9f54-60aae1197617 Discogs: 2389905 Find a Grave: 7942268 Edit the value on Wikidata

Haren artea berritzailea da oso, eta Behe Erdi Aroko bizantziar tradizioaren eta Pizkundeko pinturaren arteko zubia izan zen. Gai erlijiosoak erabili zituen batez ere, baino lurtar itxurarekin, bizi-indarrez gainezka.

Maisu izan zen espazioaren erabileran, pertsonaia bakoitzaren nortasuna finkatzen, izadiaren eta gizakiaren ikusmoldean; horiek denek erabat gainditu zituzten era grekoa eta Erdi Aroko margolaritza moldeak. Danteren pasarte bat Giottoren errealismoak izan zuen arrakasta bizkorraren lekuko da.

Bizitza aldatu

 
Giottoren ustezko erretratua, egile ezezaguna, Louvre

Ez dago datu zehatzik Giottoren gaztaroari eta ikasketei buruz. Giorgio Vasari biografoaren arabera, Bondone izeneko nekazari baten semea zen. Haurtzaroan, artzain zebilela, harrietan marrazkiak egiten pasatzen omen zuen denbora. Cimabue florentziar margolaria, ardi baten marrazkia ikusirik, 11 urteko umearen trebetasunaz liluraturik gelditu zen. Aita konbentzitu eta gero Giotto Cimabueren ikasle bihurtu zen[1]

Leku gehiagotan ere osatu zuen, ordea, bere heziketa. Erromako egonaldietan, esate baterako, bizantziar klasizismoa, pintura klasikoa eta paleokristaua ezagutu eta aztertu baitzituen han. Eskultura erromanikoa ere ezagutzen zuen eta baita gotikoa ere, eta esan liteke Pisano aita-semeen eragina funtsezkoa izan zela haren ibilbidean.

 
Kanako ezteiak, Scrovegni kapera, Padua

Giottok, batez ere, horma irudi eta freskoetan utzi zuen bere obra, oholean baino areago. Baina haren autoretza oso margolan gutxitan ziurtatzen ahal da. Adibidez, oso arazo eztabaidatua da Asisen lan egin ote zuen eta, egin bazuen ere, zein fresko margotu zituen[2]. Aditu batzuen arabera, 1290eko hamarkadan Asisko goiko elizako Testamentu Zahar eta Berriko istorioetako zenbait pasarte eta, habeartearen beheko aldean, Frantzisko Asiskoaren bizitzari buruzko freskoak margotu zituen. Beste ikerlari batzuek, berriz, fresko horiek egile bat baino gehiagoren lana izan zirela uste dute, eta bada Giottoren esku hartzea ukatzen duenik ere[2].

Paduako Scrovegni kaperako freskoak berak margotu zituela, ordea, ia aditu guztiek onartzen dute[2]; 1304-1306 bitartean egin zituen eta oso egoera onean gorde dira: goiko aldean, San Joakim, Santa Ana eta Ama Birjinaren pasarteak; erdi aldean, Kristoren bizitzako pasarteak; beheko aldean, Gurutziltzatzea eta Kristoren heriotzagatik deitorea; zokaloan, Bertuteak eta Bizioak; eta, sarrerako horman, eta laguntzaile askorekin, Azken Judizioa.

Geroxeago pintatu bide zuen Florentziako Ognisantiko Madonna (gaur Uffizi Galerian); 1317 aldera, Scrovegni kaperako Gurutzea margotu zuen, eta garai bertsuan, Florentziako Santa Croceko Peruzzi kaperan, Bi San Joanen historiak izeneko freskoak; 1325 aldekoak dira Santa Croceko Bardi kaperan dauden San Frantziskoren bizitzako pasarteak. Erroma, Rimini, Napoli eta Milanen ere margotu zuen.

1334an Florentziako Santa Maria del Fiore katedraleko kanpandorrea (Campanile de Giotto) diseinatu zuen, baina 1337an hil baitzen, ez zuen amaiturik ikusi.

Giottoren ekarpenak aldatu

 
Fedea, 1306, Scrovegni kapera, Padua

Askotan esan eta idatzi izan da aro berri baten hasiera markatu zuela pinturan Giottoren obrak, eta ezin esan horrela ez denik. Baina komeni da ez ahaztea benetako historian ez dela atal eta hasiera berririk izaten, eta ez zaio ezertxo ere kentzen Giottoren handitasunari, hori onartzen denean, haren lan egikerak asko zor diela bizantziar maisuei eta iparraldeko katedraletako eskultore handien ikuspuntu eta perspektibei.

Har dezagun, esate baterako, Scrovegni kaperako Bertuteak eta Bizioak saileko irudietako bat. Fedea irudikatzeko andre bat margotu zuen Giottok, esku batean gurutzea, eta bestean pergaminoa zuela. Lehen begiratuan ohartzen da ikuslea irudi honen eta eskultura gotikoen parekotasunaz. Baina Giottorena ez da estatua bat, eskultura dirudien margolan bat baizik. Argi ikusten da hau besoen perspektiban, aurpegiaren eta lepoaren modelatuan, eta jantziaren izurrak markatzen dituzten itzal sakonetan. Mila urte ziren antzeko ezer egin ez zela. Giottok asmatu zuen berriro gainalde lau baten gainean sakontasun itxura sortzeko artea.

 
Jerusalemgo sarrera, 1304-06, Scrovegni kapera, Padua

Ikus dezagun beste margolan bat, Scrovegniren kaperakoa hau ere, Kristoren bizitzako pasarteak zikloko Jerusalemgo sarrera. Ekintza koadroaren paraleloko planoan gertatzen da, eta freskoaren teknika berez soila eta apaindura gutxikoa izan arren, eragin bortitza du ikuslearengan: hainbeste hurbiltzen gaitu pasartera, non ikusle baino areago, bertan gauden irudipena sortzen baitigu. Nola lortu du artistak efektu harrigarri hori? Lehenik, gertaera guztia lehen planoan jarri du, eta gero ikuslearen begirada koadroaren erditik behera zuzentzeko modua bilatu du. Era honetan, irudikatutako pertsonaien plano berean dagoen irudipena pizten zaio ikusleari. Ikuslearen ikuspuntua hain zehatz kalkulatze hori aurrerapen handia izan zen, eta Giottori aitortu behar zaio erlazio hori lehenengoz definitu izana. Bestalde, Giottoren margolanetan, irudiak dira, arkitektura esparrua baino areago, koadro barruko espazioa eratzen dutenak. Ondorioz, espazio hori mugatuagoa izan arren, askoz sinesgarrigoa gertatzen da aurreko margolanetakoa baino .

Giottoren garaikideei ia mirarizkoa iruditu bide zitzaien haren artearen errealismoa. Horregatik ipini zuten Antzinate klasikoko pintore handien parean (edo gorago). Alde guztietara zabaldu zen Giottoren ospea. Eta hori ere berrikuntza handia izan zen. Lehenago ere izan ziren, jakina, estimazio handiko maisuak, baina, oro har, inork ez zuen pentsatzen maisu haien izenak gogoan gorde behar zirenik. Eta artistak berak ere, ez ziren bereziki ospe bila ibiltzen. Askok ez zituzten obrak sinatu ere egiten. Ez ditugu ezagutzen, esate baterako, Chartres, Estrasburgo edo Naumburgeko eskultura gogoangarrien egileen izenak. Beraz, Giottok, honetan ere, atal berri bat hasi zuen artearen historian. Geroztik, lehenik Italian, eta gero gainerako herrialdeetan, artista handien historia bilakatu da artearen historia.

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. Vasari, Giorgio. Giotto. in: Le vite de' più eccellenti pittori, scultori e architettori. bepi1949.altervista.org (Noiz kontsultatua: 2016-02-12).
  2. a b c Murray, Peter J.. Giotto di Bondone. britannica.com (Noiz kontsultatua: 2016-02-13).
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Giotto di Bondone