Gertrude Belle Elion

Gertrude Belle Elion (New York, 1918ko urtarrilaren 23a - Chapel Hill, Ipar Carolina, 1999ko otsailaren 21) estatubatuar biokimikari eta farmakologoa izan zen, 1988an Medikuntzako Nobel Saria jaso zuena, George H. Hitchings eta James Blackekin batera. Bai bakarrik, bai Hitchingsekin elkarlanean, sendagai asko garatu zituen, hala nola, azatioprina, lehenbiziko immunosupresorea, organoen transplanteetan erabilia, eta aziklobirra, lehenbiziko antibirala, herpesa tratatzeko baliatzen dena.[1] Haren lanari esker sortu ahal izan zen HIESa tratatzeko lehen antirretrobirala, zidovudina edo AZT.[2]

Gertrude Belle Elion
Gertrude Elion.jpg
Bizitza
Izen osoa Gertrude Belle Elion
Jaiotza New York1918ko urtarrilaren 23a
Herrialdea  Ameriketako Estatu Batuak
Lehen hizkuntza Amerikar ingelesa
Heriotza Chapel Hill (Ipar Carolina)1999ko otsailaren 21a (81 urte)
Hezkuntza
Heziketa Hunter College (en) Itzuli 1937) undergraduate degree (en) Itzuli
New York University Tandon School of Engineering (en) Itzuli
New Yorkeko Unibertsitatea 1941) Master of Science (en) Itzuli
New Yorkeko Unibertsitatea
Tesi zuzendaria George Herbert Hitchings
Jarduerak
Jarduerak biologoa, kimikaria, biokimikaria, farmakologoa, farmazialaria, katedraduna eta medikua
Enplegatzailea(k) Duke Unibertsitatea
Jasotako sariak
Kidetza Ameriketako Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionala
Arteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademia
National Academy of Medicine (en) Itzuli
American Association for the Advancement of Science (en) Itzuli
Royal Society
nobelprize.org…

Lehen urteak eta hezkuntzaAldatu

Gertruderen aitak, Robert Elion, 12 urterekin emigratu zuen Lituaniatik Estatu Batuetara; New Yorkeko Unibertsitatean odontologian graduatu eta gero, bere kontsulta izan zuen. Ama, Bertha Cohen, 14 urterekin joan zen Poloniatik Estatu Batuetara; 19 urte zituen Robertekin ezkondu zelarik. Gertrude New Yorken jaio zen, 1918ko urtarrilaren 23an. Lehenengo zazpi urteak Manhattango apartamentu handi batean eman zituen, bere anaia jaio zen arte. Ondoren Bronx auzora aldatu ziren, garai hartan hiriko aldirietako bat zena. Hala ere, bertan parke eta eremu zabal asko zeuden, non haurrak arriskurik gabe aritzen ahal ziren jolasean.

Gertrudek eta bere anaiak haurtzaro zoriontsu eta erosoa izan zuten, eta etxetik hurbil zegoen eskola publiko batean ikasi zuten. Ikasgelak jendez gainezka zeuden arren, oinarrizko heziketa ona jaso zuten. Gertrudek ezagutzarako behar aseezina zuen, eta ikasgai guztietan berdin gozatzen zuelarik. Hamabost urte zituela, aitona minbiziak jota hil zenean, argi ikusi zuen zientzialaria izango zela. “Gaixotasun izugarri hori sendatzeko zerbait egin nahi nuen”, idatzi zuen gerora.[2]

Hunter Collegen kimika ikasi eta 19 urterekin summa cum laude kalifikazioarekin graduatu ondoren,[3] ez zuen aukerarik izan goi-ikasketak egiteko, gurasoek ez baitzuten dirurik. Kimikari gisa laborategiren batean lanean hasi nahi izan zuen, baina, krisi ekonomiko betean, oso aukera gutxi zeuden, eta gutxiago emakumeentzat. “Ez ninduen inork serio hartzen. Emakumeek ez zutela kimika egiten esaten zidaten. Nik, ordea, ez nuen arrazoirik ikusten emakumeok lan hori egin ezin izateko”. Azkenean, lortu zuen laborategi batean lan bat; hasieran kobratu gabe, eta gero soldata oso txiki batekin. Zenbait eskoletan fisika eta kimika irakasten ere ibili zen, eta diru apur bat aurreztea lortu zuenean, New Yorkeko Unibertsitatera joan zen kimikako masterra egitera. Emakume bakarra zen han.[2] 1941ean amaitu zuen kimikako masterra, eta urte berean galdu zuen bere bizitzako maitea, Leonard Canter, endokarditis infekziosoak jota. Gertrude ez zen inoiz ezkondu.[3]

Lan ibilbidea eta ikerkuntzaAldatu

Masterra bukatu zuenean, 1941ean, Bigarren Mundu Gerrara joanak ziren gizon asko eta, ondorioz, industrian kimikarien beharra zegoen. Hala, elikagaien industrian hasi zen lanean, ozpinetakoen azidotasuna, mahonesaren kolorea eta abar neurtzen. Handik hiru urtera, berriz, Burroughs Wellcom konpainia farmazeutikoan (egun GlaxoSmithKline) sartzeko aukera izan zuen,[4] George H. Hitchings doktorearen laguntzaile izateko. Hitchings txundituta gelditu zen Elionen adimenarekin eta energiarekin; eta laguntzaile gisa hasi zen arren, puntako ikertzaile bihurtu zen berehala. Elioni zirraragarria egin zitzaion lan hura hasieratik. Etengabe ikasten jarraitzeko aukera ematen zion, eta, gainera, beti egin nahi izan zuena zuten helburu: botika berriak garatzea.[2]

Gertruderekin lanean hasterako, bide berritzaile batean ari zen lanean Hitchings: azido nukleikoen metabolismoa ikertzen. Artean oso gutxi zekiten azido nukleikoei buruz. Geneak DNAn egon zitezkeela susmatzen hasi berri ziren, eta ia hamar urte falta ziren DNAren egitura argitzeko. Baina, argi zegoen azido nukleikoak funtsezkoak zirela zelulentzat, eta Hitchingsek uste zuen haien sintesia oztopatzea bide bat izan zitekeela minbizi-zelulei eta bakterioei aurre egiteko. Horretarako DNAren osagai faltsuak sortu nahi zituen. Osagai horiek benetakoen antzekoak izan behar zuten, zelulek benetakoen ordez erabil zitzaten, baina aldi berean DNA sortzea galaraziko zuten. Horrela, giza zelula osasuntsuak baino askoz azkarrago ugaltzen diren minbizi-zelulek eta bakterioek ezingo zuten aurrera egin. Konposatu horiek nola sortu asmatu behar izan zuen Elionek. Eta, bai asmatu ere. Gainera, konturatu ziren botika berriak egiteko bide bat izateaz gain, ikerketarako sekulako tresna zirela, konposatu horien eragina aztertuta zelulen jarduerari buruzko ondorio asko atera zitezkeelako.[2]

1940ko hamarkadaren amaieran, bi antimetabolito sortu zituzten: diaminopurina eta tioguanina. Adeninaren eta guaninaren antzeko egitura zutenez, entzima metabolikoak haiei lotzen zitzaizkien purina naturalei beharrean; era horretan DNAren sintesia oztopatzen zen. Konposatu horiek leuzemia tratatzeko eraginkorrak izan arren, albo-ondorio txarrak zeuzkaten. Elionek ez zuen amore eman, eta merkaptopurina (6-MP) sortu zuen 1951n. Leuzemia zuten paziente batzuekin egindako saiakuntza klinikoetan gaixotasunak atzera egitea lortu zen, gehiegizko toxikotasuna eragin gabe.[5] Horiek horrela, saiakuntza klinikoak hasi eta hamar hilabete geroago, eta haren eraginkortasuna baieztatzen zuten datuak argitaratu baino zazpi hilabete lehenago, AEBetako Food and Drug Administration-ek, merkaptopurinaren erabilpena onartu zuen. Hasieran merkaptopurina oso eraginkor agertu bazen ere, gaixoberritze tasa nahiko altua zen. Horregatik, leuzemiaren kontrako sustantzia aktiboago baten bila jarraitu zuen. Sei urte ikertzen eman ondoren, 6-MP beste sendagai batzuekin konbinatzea proposatu zuen haurren leuzemia tratatzeko.[5]

Horren ondoren, Elionen eta Hitchingsek beste antimetabolito batzuk garatu zituzten. Geroago, konposatu horiek propietate immunosupresoreak zituztela ohartu ziren. Horrela sortu zuten beste medikamentu bat, azatioprina, berehalako aplikazioa izan zuena organoen transplanteetan. Izan ere, transplante baten ondoren ehun arrotzen errefusa eragiten duen erreakzio autoimmunitarioa inhibitu eta ekiditen zuen.[5] 1962an erabili zen lehenbiziko aldiz arrakastaz, giltzurrun-transplante batean.[3] Atzetik sendagai gehiago etorri ziren: allopurinola, gehiegizko azido urikoaren kontrako bitarteko bezala, gaur egun hezueria sendatzeko erabiltzen dena; pirimetamina, malariaren aurkako botika; aziklobirra, herpes birusen aurkakoa; trimetoprima, arnas hodien infekzioak sendatzeko...

 
Gertrude Elion eta George H. Hitchings

1983an ofizialki erretiroa hartu ondoren ere, bere taldeari laguntzen jarraitu zuen. Hala garatu zuten HIESa tratatzeko lehen antirretrobirala, zidovudina edo AZT. Elionek horretan meriturik zuenik ukatu zuen arren, ikertzaileetako batek argi utzi zuen: “Trudyk erabateko zerikusia du AZTrekin; ofizialki erretiratua zegoen arren, gurekin ari zen lanean eta aholkatzen”. 1998an Medikuntzako Nobel saria jaso zuen, Hitchingsekin eta James Blackekin batera. Nobel saria lortzen zuen hamargarren emakumea zen, eta doktore izan gabe lortzen zuen gutxietako bat. Baina, Elionek berak zioenez, ez zen hura izan jaso zuen saririk handiena: "Gure helburua jendea sendatzea zen, eta ez dago saririk horrek baino poztasun eta asebetetze handiagoa emango duenik".[2]

Beste hamaika sari eta aitortza jaso zituen, eta baita 25 ohorezko doktoretza ere. Erretiratu zenean, hezkuntzara hurbildu zen. Medikuntzako ikasleen mentore-
lanetan aritu zen, bera hasi zeneko pasio berarekin. Eta unibertsitateetara bisitak egiten zituenean ere, beti eskatzen zuen ikasleekin egotea. Benetan atsegin zuen bere esperientzia ikertzaileen belaunaldi berriekin partekatzea. "Ez utzi inori zuen ametsak zapuzten —esan ohi zien—; eta gogor egin lan nahi duzuena lortzeko, bizitza honetan merezi duen ezer ez da erraz etortzen eta".[2] 1999ko urtarrilaren 21ean hil zen, New Yorkeko Rearch Triangel Parken zuen etxean.

AurkikuntzakAldatu

ErreferentziakAldatu

  1. Kresge, Nicole, Simoni, Robert D., Hill, Robert L.. Developing the Purine Nucleoside Analogue Acyclovir: the Work of Gertrude B. Elion. Journal of Biological Chemistry, 283 (19): e11, jbc.org . Noiz kontsultatua: 2020-4-9.
  2. a b c d e f g Etxebeste Aduriz, Egoitz. Gertrude Belle Elion, sendabide berrien bila. Elhuyar aldizkaria, 2017/09/01 , CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus . Noiz kontsultatua: 2020-4-9.
  3. a b c Koenig, Rick. The Legacy of Great Science: The Work of Nobel Laureate Gertrude Elion Lives On. The Oncologist, 11: 961-965. doi:10.1634/theoncologist.11-9-961, theoncologist.onlinelibrary.wiley.com . Noiz kontsultatua: 2020-4-9.
  4. Gertrude B. Elion. nobelprize.org . Noiz kontsultatua: 2020-4-9.
  5. a b c George Hitchings and Gertrude Elion. sciencehistory.org . Noiz kontsultatua: 2020-4-10.

Kanpo estekakAldatu