Geoplanoa erlazio geometrikoei buruzko ezaguera lortzeko erabilpen anitzeko material didaktikoa da. Ohol batean modu erregularrean sartutako iltzez osaturik dago. Iltzeen tartean sokatxo bat pasaz, irudi geometriko ezberdinak sortzen dira. Caleb Gattegno (1911-1988) egiptoar matematikariak asmatu zuen.

Geoplano bat.

Geometria lauari buruzko teoremak irakasteko tresna baliagarria da oso. Alde batetik, geoplanoan irudiak argiak eta zuzenak dira. Bestalde, bere tamaina (txikia) dela eta, biratzeko oso erraza da eta horrek, ikasleek irudien propietateen iraunkortasuna desplazamendu batean ikusteko aukera ematen du. Tresna hau manipulazioaren bidez erabili ahal izateak haurrek geometriako izen abstraktuak hobeto ulertzea laguntzen du. Simetria lantzeko ere balio du: puntuarekiko simetria eta ardatzarekiko simetria. Bestalde, ikaskuntza arazoak dituzten haurrekin erabiltzeko aproposa da.

Deskribapena aldatu

 
Beste geoplano bat.

Geoplanoa, egurrezko taula karratu bat da, gutxienez, 30x30 cm-tako azalera eta gutxi gorabehera 2 cm-tako lodiera duena. Taularen tamaina desberdina izan daiteke, eta koadrikulaz osatuta dago. 25 (5x5) koadrikula izatetik, 100 (10x10) koadrikula izatera iritsi daiteke. Koadrikulak, 2x2 edo 3x3 cm-takoak dira. Erpin bakoitzean iltze bat jartzen da, hauek azaletik 2 cm ere kanporatzen direlarik. Iltzeak zuzen jarri behar dira, bestela, irudi geometrikoak desitxuratu daitezke. Oso material arrunta da, haurrek inolako laguntzarik gabe egin dezaketena.

Geoplanoan irudiak sortzeko, kolore eta neurri desberdinetako gomatxo elastikoak erabiltzen dira, irudi bakoitza argiago ikusteko eta ez nahasteko. Poligono edota forma geometriko ezberdinak sortu daitezke bertan, besteak beste, hirukia, laukia, pentagonoa, hexagonoa, heptagonoa...

Geoplanoan neurketak egiterakoan, hau da, sortutako formak neurtzerakoan, unitatearen luzeraren neurria; iltze batetik besterako distantzia horizontal edo bertikal minimoa izango da.

Geoplano motak aldatu

Geoplanoak, bere forma, tamaina eta egindakoan erabili den materialaren arabera sailkatu daitezke.

Tamainaren arabera sailkatzeko, dituen iltze kopurua kontutan hartzen da. Geoplano txikienak 9 (3x3) iltzeetakoak dira eta handienak, 100 (10x10) iltzetakoak, berriz. Handiena da gehien erabiltzen dena.

Formaren arabera, hiru geoplano mota daude: geoplano laukia, zirkularra eta bigeoplanoa.

Geoplano karratua, koadrikula kopuru desberdina izan dezakeen taula karratu eta koadrikulatua da. Koadrikula bakoitzaren erpin guztietan iltze, edo buru kamutseko beste edozein gontz dago. Gontz hau, taulatik 2 cm-z nabarmentzen da.

Geoplano zirkularra, aurrekoaren sistema berdina dauka. Taula, forma zirkularra edo karratua izan dezake, baina iltzeak, modu berezian kokatuta egon behar dira; kanpoko aldeko iltzeetatik goma elastiko bat pasatuz gero, zirkunferentzia bat sortu behar da. Eraikitzeko orduan, errazena, hasieran 12 edo 24 aldeetako poligonoa egitea litzateke, modu honetan, gomak jartzerakoan, zirkunferentzia sortzen delarik. Iltze bat erdian kokatzen da. Batzuetan, zirkunferentzia barruan, karratu bat inskribatu egiten da, eta honek, geometriako kontzeptu berriak lantzea ahalbidetzen du. Tamaina ezberdinetakoak izan daitezke.

Bi geoplanoak, aurrekoak bezalakoak dira, baina taula, bi aurpegietatik erabiltzeko bezain lodia izan behar da; alde batean, geoplano karratu bat eraiki daiteke, eta bestean zirkular bat, edota bi aldeetan geoplano berdina, baina tamaina desberdinetakoak.

Erabilera aldatu

Geoplanoaren erabilera (edo paper koadrikulatuarena) etapa desberdinetan eman daiteke. Hasierako etapa batean, geoplanoa irudimena lantzeko erabili daiteke, hots, eraiki edo sortu daitezkeen irudien dibertsitaterako. Hala ere, paper koadrikulatuaren erabilera ezinbestekoa izango da, forma geometrikoetan lortutako aurrerapenen erregistro iraunkor bat izateko. Egurrezko geoplanoarekin lan egiteak, entrenamendua eskatzen du, horregatik oso komenigarria da ikasleei irudiak eraikitzeko denbora ustea.

Orain arte, material hau Oinarrizko Hezkuntzan bakarrik erabili da baina haur txikientzako ere egokitu daiteke, haurrei ebatzi beharko dituzten egoera problematikoak erakutsiz eta beraientzako berriak diren materialekin harremanetan jarriz. Horrela, haurrek esperientzia berri batekin forma geometrikoak aurkitu eta ezagutuko dituzte.

Helburuak aldatu

Geoplanoarekin lortu daitezkeen helburuak honako hauek dira:

  • Irudi geometrikoak nola sortzen diren ezagutzea (puntuen bidez): laukia, laukizuzena, hirukia.
  • Neurri desberdinetako irudiak eraikitzea.
  • Irudiak aitortu ikusmen- eta ukimenezko-plano batean.
  • Formak mugimenduarekin elkartzea.
  • Trebetasun motoreak lantzea.
  • Irudi geometrikoak irudikatzea.

Kanpo estekak aldatu