Gengis Khanen hilobia

Genghis Khanen hilobia» orritik birbideratua)

Gengis Khanen hilobiaren kokalekua oraindik ezezaguna da, nahiz eta espekulazio eta ikerketa asko egin diren.

Mongoliako Onon ibaia udazkenean, non Temüjin jaio eta hazi zen.

Gengis Khanen heriotza aldatu

1227ko abuztuaren 18an, Xi Xia inperioan (egungo Txina), Gengis Khan Mongoliar Inperioaren sortzailea, erregeen erregea, hil zen, 65 urte inguru zituela, historiako inperiorik zabal eta iraunkorrenetakoaren oinarriak jarri ondoren. Baina heriotzaren kausak ez daude garbi[1].

Kronika batzuek diote zalditik erorita hil zela, beste batzuek mendebaldeko xiatarren aurkako guduan hil zutela eta, Marko Poloren arabera, “Caaju izeneko gazteluari eraso zion, geziz belaunean zauritu zuten eta zaurien ondorioz hil zen. Tamalgarria izan zen, gizon ausarta eta jakintsua baitzen”.[1]

Hilobiari buruzko kondaira aldatu

Gengis Khan Temüjin –hori zuen jatorrizko izena– Borjigin tribukoa zen eta tribu horretan hildakoak leku sekretuetan ehorztea zen ohitura. Mongoliarren erregeak ere ohitura zaharrari eutsi nahi izan zion. Kondairak dio haren gorpua Mongoliara eraman zutela, Khentii Aimag jaioterri ingurura. Prozesioak bidean aurkitzen zuen pertsona oro hil omen zuten. Hilobia eraiki zuten esklaboak, amaitutakoan, sarraskitu omen zituzten, eta haiek hil zituzten soldaduek ere amaiera bera izan zuten. Ibai baten bidea aldatu omen zuten kokalekua are sekretuago egiteko. Ondoren zaldi batzuk ere ehortzi omen zituzten, hilobiaren zigilu modura, eta hainbat zuhaitz landatu, kokalekua hobeto ezkutatzeko asmoz.[1]

Hilobiaren kokalekuaren inguruko hipotesiak aldatu

Bada haren omenezko mausoleo bat, baina Khan ez zuten han ehortzi. Txutxu-mutxuek diote 1937an sobietarrek haren hilobirako bidea erakuts zezaketen zantzuak aurkitu zituztela monasterio budista batean, edota bi arkeologo frantziar bilaketan hil zirela, hilobia madarikatuta dagoelako. Baina hilobiaren zantzurik ez dago oraindik.[1]

2004an Genghis Khanen jauregia aurkitu zuten, eta horrek hilobia aurkitzeko itxaropenak eta grina piztu zituen. Maury Kravitz arkeologo amateurrak berrogei urte eman zituen horretan, eta azken urteetan ahalegin berezia egin arren, 2012an hil zen ezer lortu gabe. Bere ondoren, Kaliforniako Unibertsitateko Albert Yu-Min Lin arkeologoa hasi zen hilobiaren bila, teknologia berriak eta ingurua kaltetzen ez duten metodoak erabiliz. 2015eko urtarrilean proiektu bat jarri zuten martxan, espaziotik ateratako argazkien bidez hilobiaren kokalekua aurkitzea xede duena.[1]

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e Irazustabarrena, Nagore. (2016ko uztailak 10). «Non dago Genghis Khan?» Argia CC-BY-SA lizentzia.

Kanpo estekak aldatu