Genero arrakala digital

Genero arrakala edo eten digitala interneterako sarbide zein erabilera mailan gizonen eta emakumeen arteko aldea da. Unibertso digitalaren bidez lehendik zeuden desberdintasunak erreproduzitzen eta sustraitzen direla ohartarazten dute aditu eta ikerketek, emakumeei eta neskei asko eragiten dien genero eten digitala dagoela adierazten dutenak bai teknologia digitalen disponibilitate mailan, bai haiekiko jarrera, autopertzeptzio eta tratu zein harreman digitalen mailan.[1]

Genero arrakala edo eten digitala horma-irudia

Definizioa aldatu

Genero arrakala edo eten digitala kontzpetuaren baitan bi biltzen dira: genero-arrakala, batetik, eta arrakala digitala, bestetik:

  • Genero arrakalak azaltzen ditu emakumeen eta gizonen arteko aldeak eremu orotan. Izan ere, Munduko Ekonomia Foroak -WEF ingelesez- 2018ko Genero Arrakalari buruzko Txosten Globalaren arabera, inkestatutako 149 herrialdeetatik 88k hobekuntzak izan zituzten soldata-arrakala eta ordezkaritza politikoa bezalako arazoen tratamenduan, baina, era berean, ondorioztatu zuen emakume eta gizonen arteko arrakala globalak 200 urte baino gehiago beharko dituela ixteko.[2]
  • Arrakala digitalak azaltzen ditu, bestalde, ahalduntze digitalean pertsonen arteko aldeak eta zein faktore teknologiko eta sozialek eragiten dituzten eta nola: adina, sexua, familia mota, ikasketa maila, lan egoera edo diru-sarrera maila, besteak beste. Izan ere, teknologia digitalen eskuragarritasunean, erabileran eta jabekuntza sozialean dagoen eten digitalak zenbait pertsona-talderen Informazioaren eta Jakintzaren Gizartetik bazterketa eragiten du.[3]

Espainiako Estatistika Institutuaren arabera generoaren araberako eten digitala honela definitzen da: gizonen ehunekoaren eta emakumeen ehunekoaren arteko aldea IKT adierazleen erabileran (Interneten erabilera azken hiru hilabeteetan, Interneten erabilera ohikoa, Internet bidezko erosketak), portzentajezko puntutan adierazita.[4]

2020an Covid-19aren ondorioz, arrakala digitala larriagotu da. Izan ere, Internet ezinbesteko tresna ibihurtu da. Datuen arabera, munduan 3,6 mila milioi lagunek ez dute oraindik konexiorik. Gainera, diru-sarrera txiki eta ertaineko herrialdeetan, 433 milioi emakume ez daude konektatuta. Herrialde askotan, gizonek 1,5 aldiz joera handiagoa dute telefono bat edukitzeko neskatoek baino, eta telefono adimendunak izateko joera ere, handiagoa da mutilen kasuan. Emakumeak orduan aukera eta ekonomia digitaletik kanpo geratzeko arriskua areagotzen da.[5]

Mailak aldatu

Lehena aldatu

Lehen arrakala digitalak zerikusia du gailu digitalak eskura izan eta internetera sartzeko oztopoekin. Gizonen eta emakumeen arteko sarbide-desberdintasunak murrizten ari badira ere, munduan zehar herritar erdiek oraindik ez dute sarbidea bermatuta.[6] Belaunaldi, heziketa mailaren araberako ezberdintasunak topatu daitezke. 2009ko ikerketak zehaztu zuen IKT erabiltzen ez zituzten pertsonaren profila: adinean aurreratua, prestakuntza-maila baxukoa, pentsioduna edo etxekoandrea, bakarrik bizi dena (edo ez behintzat familian) eta emakumea.[7]

Bigarrena aldatu

Bigarren arrakala digitala interneten sartu eta gero sarbidearen onura guztiak lortzeko beharrezkoak diren trebetasunekin lotuta dago (digital literacy). [8] Cecilia Castaños ikerlariaren iritziz arrakala hori kultura- eta erakunde-oztopoek osatzen dute: genero-estereotipoek azterlan eta ikerketa teknikoetatik urruntzen dituzte emakumeak; bideo-jokoen edukiak eta hezkuntza-programek estereotipo horiek berak indartzen dituzte; emakumeek zailtasunak dituzte ikerketa eremuetara eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiekin lotutako enpleguetara iristeko.[9]

Hirugarrena aldatu

Hirugarren genero arrakala digitalak teknologia digitalen eta interneten erabilera aurreratuarekin du zerikusia. [7] Tipologia horrek KTen eta teknologien sektoreetako langileen arteko desberdintasunak ditu ardatz. 2018ko datuek erakusten dute goi-mailako ikasketetan titulatutako emakumeen% 3 soilik direla teknologikotzat jotzen diren ikasketetan. Aldiz, ikasketa teknologikoetako tituludunen artean,% 14,6 baino ez dira emakumeak.[10] Hori gainditzeko UPV/EHUko innformatika irakasle eta ikerlaria den Arantza Diaz de Ilarrazaren ustez funtsezkoa da arlo teknologikoetako profesionalei buruz dauden estereotipoak aldatzea eta arlo horietan parekotasuna sustatzea, ikasle emakumezkoak era horretako ikasketak egin ditzaten sentsibilizatzea.[11]

Genero arrakala digitala EAEn aldatu

2018ko datuak (EUSTAT) aldatu

2018an EUSTATen INFORMAZIOAREN GIZARTEARI BURUZKO INKESTA. FAMILIAK (IGI) txostenak ondorioztatu zuen EAEn genero haustura mantendu egiten zela IKTen erabilerari dagokionez:[12]

2017ko epealdi berberean antzemandako 4,8 puntuko genero haustura mantendu da. 15 urtetik gorako biztanleen artean, Interneteko erabiltzaileek gizonezkoen % 81,2 suposatzen duten bitartean, emakumezko erabiltzaileak guztien % 76,4 dira. Nolanahi ere, emakumezkoak Interneteko erabiltzaileen % 50,4 dira eta gizonezkoak, aldiz, % 49,6.

Ondokoak dira emakumezkoek gizonezkoek baino gehiago egiten dituzten erabilerak: osasunari buruzko informazioa (+ 11 puntu), Whatsapp eta mugikorrerako mezularitza-zerbitzuak (+3,6), akademia-arloko matrikulazioak eta kontsultak (+2,3) eta administrazio elektronikoa, inprimakiak deskargatzeko bereziki (+2,9). Alderantziz, ordea, ondokoak dira: fitxategien transferentzia (+8,6 puntu), aisialdi-zerbitzuak (+7,2), software-deskargak (7,1), banku elektronikoak eta finantza-eragiketak (+4,7) eta komunikabideak (+4,0); eta, gainera, ingelesa gehiago erabiltzen dute ere (+8,6).

Merkataritza elektronikoan ere, alde txikiak daude generoaren arabera: 15 urtetik gorako gizonezkoen % 41,2k Interneten bidezko erosketak egin ditu. Emakumezkoen kasuan, % 38,8 dira. Ondokoak dira emakumezkoek gizonezkoek baino gehiago erosten dituzten produktu eta zerbitzuak: kirol-materiala eta jantziak (+17,4 puntu), elikagaiak (+4,6), etxerako produktuak (+2,1) eta bidaiak eta oporretarako ostatua (+2,1). Gizonezkoenak, aldiz, ondokoak erosten dituzte emakumezkoek baino gehiago: produktu elektronikoak (+12,7 puntu), informatika-materiala (+6,3) eta auto, motor eta osagarriei loturiko produktuak (+6,0).

Ordenagailuaren erabilerari dagokionez, genero haustura 10,4 puntukoa da. Ordenagailua azken hiru hilabeteotan erabili dutenek 15 urtetik gorako gizonezkoen % 71,8 suposatzen dute, eta emakumezkoen % 61,5.

Alde handienen zioa da gizonezkoek jokoetarako (+7,8 puntu), kontabilitatea bezalako informatika-programa zehatzetarako (+4,6) eta argazkiak eta bideoak ikusi eta entzuteko (+4,4) erabiltzen dutela bereziki ordenagailua, emakumezkoek Internet-nabigatzaileak (+1,4 puntu) eta testu-prozesadoreak (+1,1) bereziki erabiltzen dituzten bitartean.

2019ko ikerketa: Iceberg digital matxista (EMAKUNDE) aldatu

Estibaliz Linares Bahillo ikerlariak Iceberg digital matxista. Nerabeen artean ematen diren errealitate digital matxisten analisia eta prebentzioa ikerlanean genero arrakala digitala aztertu eta teknologien erabilerak genero-estereotipoen eskemetan oinarrituta egoteaz gain, genero-desberdinkeria sozialak eremu digitalera trasmititzen direla ondorioztatu zuen. Azterketan EAEko 11 institutuk parte hartu dute; orora DBHko 4. mailako eta batxilergoko lehen mailako 778 ikaslek. Nerabezaroan generoaren araberako bigarren eta hirugarren arrakala digitalak aztertu zituen: bigarren arrakala digitalak prestakuntzan jartzen du fokua, ikasketak aukeratzerakoan neska eta mutilen artean dauden «segregazio horizontalak» kontuan hartuz. Hirugarren arrakala digitala, berriz, teknologien erabilerarekin nerabeen harreman zuzena aztertu zuen gehien erabiltzen dtuzten erremintei erreparatuz: YouTube, sare sozialak eta bideo-jokoak.[13]

Matxismoa nagusi gazteen erreferente diren youtuberren munduan, neskek moda, edertasuna, amatasuna, jorratzen dituzten youtuberrak jarraitzen duten bitartean, mutilek bideo-jokoak kontsumitzen dituzte, eta salduenen artean matxismo kutsu handiko eta indarkeriazko jokoak.[14]

«Mutil youtuberrei publizitate gehiago egiten zaie, eta, ondorioz, enpresa eta multinazionalen babesari esker botere ekonomiko handiagoa dute. Youtuber neskak, ordea, kosmetika eta arropa multinazionalek hartzen dituzte, eta, irudiaren menpe geratzen direnez, euren bideoak maila eskasagotzat jotzen dira» (Estibaliz Linares) [13]

Neskak ez dira hain gai sentitzen tresna digitalak erabiltzeko eta 10 mutiletik 8k bideo-jokoak egunero erabiltzen dituzten bitartean, nesken artean 10etatik 2k. Sare sozialei dagokienez neskek zein mutilek gehien erabiltzen dituzten sareak WhatsApp, Instagram eta Snapcht dira. Bertan, emakumeen gorputzaren «kosifikazio maila» altuagoa izanik, neskek ziberjazarpena edo jazarpen sexistak jasan ohi dituzte.[15]

Genero arrakala gainditzeko, (ziber) feminismoaren, hezkidetzako pedagogiaren eta alfabetizazio digital kritikoaren ekarpenak aipattzeaz gain. emakumeen gorputzak ez hipersexualizatzeko eta ziberindarkeriari baita ziberjazarpenari aurre egiteko, ziberfeminismoa eta hezkidetza- eta prebentzio-programen garrantzia azpimarratu zuen ikerketak.[16][13]

2020ko ikerketa: Itxialdian irakasleen konpetentzia digitalaren autopertzepzioa (UPV/EHU) aldatu

2020an UPV/EHUko Weblearner taldearen eskutik argitaratu zen EAEko irakasleek, pandemiako itxialdian bete zituzten inkestei esker, konpetentzia digitalaren inguruan erakutsi zuten autopertzepzioa. Emakumeek bete zituzten inkesten kopurua gizonena baino hirukoitza izanda ere, emakumeek baloratu zuten konpetentzia digital urriagoa zutela.[17]

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) Alonso-Ferreiro, Almudena; Regueira, Uxía; Zapico-Barbeito, María-Helena. (2019-11-08). «Actitudes de alumnado preadolescente ante la seguridad digital: un análisis desde la perspectiva de género» Revista de Educación a Distancia 19 (61)  doi:10.6018/red/61/02. ISSN 1578-7680. (Noiz kontsultatua: 2019-12-09).
  2. (Gaztelaniaz) Redacción. (). Brecha de Género Global 2018: se necesitan 200 años para lograr la paridad salarial y otros 4 datos asombrosos. (Noiz kontsultatua: 2019-12-08).
  3. (Gaztelaniaz) Gómez Navarro, Dulce Angélica; Alvarado López, Raúl Arturo; Martínez Domínguez, Marlen; Díaz de León Castañeda, Christian. (pdf) La brecha digital una revisión conceptual y aportaciones metodológicas para su estudio en México.. (Noiz kontsultatua: 2019).
  4. «Productos y Servicios / Publicaciones / Productos y Servicios / Publicaciones / Publicaciones de descarga gratuita» www.ine.es (Noiz kontsultatua: 2019-12-08).
  5. «Covid-19a, teknologia eta generoa» GAUR8 2020-06-11 (Noiz kontsultatua: 2020-06-15).
  6. (Gaztelaniaz) «El 51% de la población mundial ya cuenta con acceso a internet» abc 2019-06-18 (Noiz kontsultatua: 2019-12-08).
  7. a b La brecha digital de género : amantes y distantes. Universidad Complutense 2009 ISBN 978-84-692-7997-7. PMC 912461635. (Noiz kontsultatua: 2019-12-08).
  8. «La segunda brecha digital y las mujeres» www.mujeresenred.net (Noiz kontsultatua: 2019-12-08).
  9. La segunda brecha digital. (1a. ed. argitaraldia) Cátedra 2008 ISBN 978-84-376-2475-4. PMC 434227158. (Noiz kontsultatua: 2019-12-08).
  10. (Gaztelaniaz) «Solo el 2% de las mujeres ocupadas en España desempeña trabajos en el ámbito digital» Applicantes - Información sobre apps y juegos para móviles (Noiz kontsultatua: 2019-12-08).
  11. «Zientzia eta teknologia: gizonen kontua soilik?» GAUR8 2019-08-22 (Noiz kontsultatua: 2019-12-08).
  12. Eustat. «2018n, Euskal AEko bost pertsonetatik lauk Internet erabiltzen dute» eu.eustat.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-08).
  13. a b c Begiristain, Edurne. «Matxismoa, baita sarean ere» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-12-08).
  14. «Bideo-jokoek nesken eta mutilen arteko eten digitala sendotzen dute» Euskal Irrati Telebista 2019-11-27 (Noiz kontsultatua: 2019-12-08).
  15. «Genero-eten digitalaren errealitatea. Noticias de Alava» Noticias de Álava (Noiz kontsultatua: 2019-12-08).
  16. «Ikerlan batek eremu digitalean nerabeen artean transmititzen den sexismoa eta matxismoa aztertu du» Revista Emakunde Aldizkaria 2019-11-27 (Noiz kontsultatua: 2019-12-08).
  17. (Ingelesez) Portillo, Javier; Garay, Urtza; Tejada, Eneko; Bilbao, Naiara. (2020-01). «Self-Perception of the Digital Competence of Educators during the COVID-19 Pandemic: A Cross-Analysis of Different Educational Stages» Sustainability 12 (23): 10128.  doi:10.3390/su122310128. (Noiz kontsultatua: 2021-10-20).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu