Gary Cooper
Frank James "Gary" Cooper (Helena, Montana, 1901eko maiatzaren 7a - Los Angeles, Kalifornia, 1961eko maiatzaren 13a) Estatu Batuetako aktorea izan zen, bitan gizonezko aktore onenaren Oscar sariaren irabazlea.
Gary Cooper | |
---|---|
(1941) | |
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Frank James Cooper |
Jaiotza | Helena, 1901eko maiatzaren 7a |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Lehen hizkuntza | ingelesa |
Heriotza | Beverly Hills, 1961eko maiatzaren 13a (60 urte) |
Hobiratze lekua | Kalifornia Sacred Hearts of Jesus and Mary Catholic Cemetery (en) Holy Cross Cemetery (en) |
Heriotza modua | berezko heriotza: prostatako minbizia |
Familia | |
Aita | Charles Henry Cooper |
Ama | Alice Cooper |
Ezkontidea(k) | Veronica Cooper (1933ko abenduaren 15a - 1961eko maiatzaren 13a) |
Seme-alabak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Grinnell College (en) Helena High School (en) Gallatin County High School (en) |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | zinema aktorea, gidoilaria, telebista-aktorea eta aktorea |
Altuera | 191 zentimetro |
Lantokia(k) | Ameriketako Estatu Batuak |
Jasotako sariak | |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa |
Alderdi politikoa | Ameriketako Estatu Batuetako Alderdi Errepublikanoa |
garycooper.com | |
| |
1920ko hamarkadan hasi eta heriotzaren urtean amaituta, 100 film baino gehiagotan parte hartu zuen. Antzezteko era lasaia, estoikoa ia ia mugigabea zeukan baina, aldi berean, batzuetan intentsitate handiko nortasuna erakusten ahal izaten zuen. Garaiko zuzendari onenekin lan egin ez ezik, denetariko filmetan aritu zen, western, komedia, drama edota abenturazkoetan.[1]
Biografia
aldatuFrank James Cooper Montanan jaio zen, 1901eko maiatzaren 7an. Gurasoek, Estatu Batuetan kokaturiko ingelesek, sorterrira itzultzea erabaki zuten. Egonaldi laburra izan zen hura, Lehen Mundu Gerra hastearekin batera Coopertarrak Montanan zuten etxaldera bueltatu baitziren. Handik gutxira, auto istripu batean aldaka larriki zauritu zuen James gazteak. Medikuek hura osatzeko zaldian ibiltzea aholkatu zioten, eta aitak, bide batez, etxaldean enplegatzeko aprobetxatu zuen. Hala ere, ez zuen gerora hain ospetsu bihurtu zuen ibilera kulunkaria zuzentzerik lortu.[1]
Urte gogorrak izan ziren aktorearentzat, oroitzapen lar onik utzi ez ziotenak: "Negu gorrian goizeko bostetan altxatu behar izatea 450 aberei jaten emateko ez du batere kutsu erromantikorik". Aita erabat arrotza izan zen harentzat: hotza eta uzkurra. Gerora antzeztu zituen pertsonaien estiloa harengandik ikasi zuela zioen. Baina Jamesek komikilari jardun nahi zuen. Asmo horrekin artea ikasi zuen, eta Montanako zenbait egunkaritan kolaboratzera iritsi zen. Lanbide hark, ordea, ez zion bizitzeko adina ematen eta, tartean, Yellowstone Parke Nazionaleko gidari ibili zen.[1]
Patuak, baina, sorpresa bat gordeta zion. 1924an, Kaliforniara joan eta zinema probetara aurkezten hasi zen. Bere itxura fisikoari eta zaldun trebea izateari esker, laster lortu zuen western batzuetan estra moduan agertzea. Bi urte geroago, lehen rol garrantzitsua eskuratu zuen The Winning of Barbara Worth-en. Ordurako, bere ordezkariaren aholkuz, kredituetan Gary izenarekin agertzen zen.[1] Geroxeago, Paramount etxeak fitxatu zuen, eta It (1927) eta Wings (1927) filmak egin zituen.
The Virginian (1929) filmarekin egin zuen debuta zinema soinudunean. Handik aurrera, haren karrerak gora egin zuen, eta Hollywoodeko izar handia bihurtu zen 1930eko hamarkadan. Beste lan askoren artean, Morocco (1930), City Streets (1931), A Farewell to Arms (1932), If I Had a Million (1932), Design for Living (1933), The Wedding Night (1935), The Lives of a Bengal Lancer (1935), Desire (1936), Mr. Deeds Goes to Town (1936), The General Died at Dawn (1936), Buffalo Bill (1936), Souls at Sea (1937) eta Beau Geste (1939) filmetan hartu zuen parte. Design for Living-en egindako lanagatik Oscar sarirako izendatu zuten, baina ez zuen irabazi.
1940ko hamarkadaren hasieran North West Mounted Police (1940), The Westerner (1940), Meet John Doe (1941), Sergeant York (1941), Ball of Fire (1941), The Pride of the Yankees (1942) eta For Whom the Bell Tolls (1942) filmetan lan egin zuen. Sergeant York-en egindako lanak bere lehenbiziko Oscar saria ekarri zion, eta izendatua izan zen The Pride of the Yankees eta For Whom the Bell Tolls filmengatik.
1947an, McCarthyren sorgin-ehiza puri-purian zegoela, Jarduera Antiamerikarren Komitearen aurrean deklaratu zuen lehenengoetarikoa izan zen. Ezaguna zen aktorearen izaera errepublikanoa eta kontserbadorea.[1] Hala ere, ez zuen lankiderik salatu, eta bera izan zen Carl Foremanen alde agertu zen bakarra. Hamarkada amaieran, Unconquered (1947) eta The Fountainhead egin zituen.
1952an, High Noon-ekin, gizonezko aktore onenaren oscarra irabazi zuen bigarren aldiz. Garai hartako filmen artean, aipagarriak dira Garden of Evil (1954), Vera Cruz (1954), The Court-Martial of Billy Mitchell (1955), Friendly Persuasion (1956), Love in the Afternoon (1957), Man of the West (1958) eta The Hanging Tree (1959).
1961ean, haren ibilbide oparoa saritu asmoz, Akademiak Ohorezko Oscarra eman zion. Haren izenean James Stewartek jaso zuen saria eta, negar malkotan, aktoreak minbizia zuela aitortu zuen. Hilabete geroago, maiatzaren 13an, bizi bezala hil zen: isiltasunean.[1]
Bizitza personala
aldatuCooperrek gidoiak ikasteko arazoak zituela zioten batzuek. Carole Lombardek behin baino gehiagotan azaldu zuenez, "ahoa irekitzen duenerako, jada egun bat igaro da". Jeffrey Meyersek aktoreari buruz eginiko biografian, ordea, nahita egiten zuela azaltzen du, gustuko ez zituen esaldiak gidoitik ken zitzaten.[1]
Emakumezale porrokatua, haren besoetatik, besteak beste, Clara Bow, Marlene Dietrich, Lupe Velez, Grace Kelly, Evelyn Brent eta Patricia Neal igaro ziren.[1] 1933an, Veronica Balferekin ezkondu zen, eta 1937an haien alaba bakarra jaio zen, Maria Veronica. 1951n bereizi baziren ere, bikotea berriz batu zen 1954an.
Bere sasoian aktorerik ordainduena izan arren, ez zuen sekula izar apetarik agertu, eta lankideekin harreman ona izan zuen. "Cooperren antzeko pertsonaia bat asmatuko bazenu, inork ez luke hura sinesgarritzat joko. Hain ona da, ezen ez baitu gizakia ematen", zioen Ernest Hemingwayk. A Farewall to Arms filmean elkar ezagutu zutenetik, lagun min bihurtu ziren aktorea eta idazlea.[1]
Filmografia
aldatuTaula honetan ikus daitezke film bakoitzaren zuzendaria, enpresa ekoizlea eta beste izenburuak (gaztelaniaz, frantsesez):