Garrapo eurasiar

Garrapo» orritik birbideratua)

Garrapo eurasiarra (Sitta europaea) sittidae familiako hegazti paseriformea da, Eurasiako eskualde epeletan bizi dena[1], baita Euskal Herrian ere. Haren generoko espezierik hedatuena da. Okil txori ere esaten zaio.

Garrapoa
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaPasseriformes
FamiliaSittidae
GeneroaSitta
Espeziea Sitta europaea
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masa2,25 g (pisua jaiotzean)
23 g (helduen pisua)
Zabalera24 cm
Kumaldiaren tamaina7,3
Errute denbora16 egun
Garrapoa, intxaur pusketak jaten.

Etxe-txolarrearen tamainatsuko txori horrek moko luzea eta gorputz zapala ditu. Zuhaitz enborretan ibiltzen da. Bizkar aldeko lumak urdin argiak ditu; papar eta sabel aldekoak, gorrixkak; eta lepo azpia, berriz, zurixka. Zuhaitz zuloetan egiten du habia, eginda aurkitzen baditu; bestela, berak zulatzen du, habia egiteko. Intsektuz eta landare haziz elikatzen da.


Deskribapena aldatu

Tamaina txikiko hegaztia da. Ar heldua 14 cm inguru luze da, 22.5 eta 27 cm arteko hego-zabalerarekin eta 17 eta 28 g arteko pisuarekin. Bizkarraldea urdin grisaxka da, eta buruak marra beltz bat du mokotik leporaino, begiak erabat zeharkatuz. Azpiespezie honetan eztarria eta beheko aldeak zuriak dira, baina, sexuaren eta azpiespeziearen arabera, argiagoak edo ilunagoak izan daitezke. Alboak eta sabelaldea gorri laranjadunak dira eta orban zuriak dituzte estalki lumetan. Mokoa gris ilun kolorekoa eta sendoa du, beheko barailaren oinarria argiagoa izanik. Irisa marroi iluna da eta hankak zein behatzetako atzaparrak marroi argiak edo grisaxkak. Beste azpiespezieen koloreen tonuak ezberdinak izan daitezke, batez ere behealdean edo begi inguruan, baina tonuak eta azpiespezie bakoitzak izan ditzakeen detaile bereizgarriez gain, koloreak nahiko antzekoak dira azpiespezie guztietan. Hegaldian silueta bereizgarria du, buru zorrotz, hego biribilak eta isats motz eta karratuarekin. Normalean hegaldi oso azkarra du, gehienetan motza (zuhaitzez-zuhaitz egindakoa), uhintsua, hego astintze azkar eta erritmikoekin.

Emea arraren antzekoa da baina tonu argiagoekin eta kolore kontraste ahulagoekin. Dena den, S. e. asiatica azpiespeziean bai arren eta bita emeen koloreak marroixkak dira, oso antzekoak bi sexuetan, basoan bertako ar eta emeen arteko identifikazioa zailduz.

Ale gazteak emeen oso antzekoak dira kolore aldetik, baina hauek emeek baino are eta kolore ahulagoak dituzte.

Garrapo helduek, kumaldiaren ostean lumaje osoaren erabateko muda izaten dute, maiatzaren bukaeratik irailaren bukaeraraino luza daitekena. Normalean 80 egun behar dituzte muda osoa egiteko. Siberian bizi diren populazioek muda azkarragoa egiten dute, ekaina eta irailaren artean izan ohi dena. Hegan egiten hasteko prest dauden ale gazteek, 8 asteko adiñarekin jada hegoen estalki luma batzuk muda ditzakete.

Oso hegazti bizia eta bizkorra da, erraztasun handiz eskalatzen ditu zuhaitzak eta enbor zein adarretatik bizitasun osoz igo eta jaits daiteke, jaitsiera buruz behera egite dute inolako zailtasunik gabe. Adar horizontaletan buruz behera edo hankaz gora mugi daiteke. Abilezia honen sekretua bere hanketan dago, hanka indartsuak eta muskulatuak ditu, beste txori eskalatzaile batzuek baino indartsuagoak. Certhiidae familiako txoriek eta okilek eskalatzeko buztanen luma bereziki gogorrak erabiltzen dituzten bitartean (hirugarren hanka bat izango balitz bezala), Sittidae familiako txoriek (garrapoek) hankak bakarrik erabiltzen dituzte, hau egin ahal izateko bereziki indartsuak eta mugikorrak izan behar dituzte zangoak.

Azpiespezieak aldatu

Garrapoaren azpiespezieen kopurua aldakorra izan da urteetan zehar, aditu batzuek 1953. urtean 40 azpiespezie izendatu zituzten, gerora jaitsi izan dena eta urteen eta ezagutzaren poderioz azpiespezieen kopurua jaisten eta eguneratzen joan da (azpiespezie batzuk espezie izatera pasa baitira). Nazioarteko ornitologia biltzarrak (2016. urtean, 6.4 bertsioa) eta Alan P. Peterson ornitologo britainiarrak 21 azpiespezie bereizten dituzte. Honako hauek dira:

Taxonomia aldatu

Garrapoa 1758an deskribatu zuen Carlos Linneo naturalista suediarrak Systema naturae liburuan, bere egungo izen zientifikoarekin, Sitta europaea izenarekin. Deskribapen horrek Sitta europaea europaea azpiespezie tipoari egiten zion erreferentzia, Linneo bizi zen Eskandinaviako hegoaldean dagoen azpiespeziea. Linneok garrapoa eta harkaitz-txoriaren arteko erlazioa kontsideratu zuen, baina taxonomoek harreman hori baztertu eta bi hegaztiak klado desberdinetan banatu zituzten (bata Sittidae familian eta bestea Tichodromadinae-n).

Generoaren izena σίττη (sittē) antzinako izen grekotik dator, Aristotelesen "animalien historia" testuan jada aipatzen dena, ziurrenik garrapoaren (Sitta europaea) kantutik edo Haitz-garrapoaren (Sitta neumayer) kantutik datorrela izena. Geroago, taxon ugari deskribatu ziren (orain S. europaearen azpiespezie edo sinonimotzat hartzen direnak), 1810ean Johann Wolf ornitologo alemaniarrak deskribatu zuen S. europaea caesiatik hasita, mendebaldeko Europako zatirik gehienetan zehar hedatzen dena.

Gutxitan erabiltzen den Sitta generoaren azpigeneroen banaketan, S. europaeak S. arctica, S. nagaensis, S. cashmirensis, S. castanea, S. cinnamoventris eta S. neglecta-rekin batera superespezie bat osatzen dute, espezie bakoitza Eurasiatik barrena zonalde geografiko ezberdinetatik banatzen dena. Europaea taldeko azpiespezieen ezaugarri fenotipiko bat da habiaren sarrera eraikitzen dutela.

Lehen, S. arctica S. europaea espeziearen azpiespezietzat jotzen zen (S. europaea arctica), baina Red'kin eta Konovalovanok, bi txori hauek habitata partzialki sinpatrikoa izanda ere, hauen artean hibridazio ebidentzia irmorik aurkitzen ez zutenez, bi espezie ezberdintzat jo zuten azkenean. S. europaearen genoma mitokondrialaren sekuentziazioaren emaitzak S. europaea eta S. arctica bi espezie ezberdin direla dioen tesiarekin bat datoz, 2006. urtean, autoritate ornitologikoek onartu zutena.

Ekologia eta ohiturak aldatu

 
Sitta europaea

Eskalatzaile porrokatua da, zuhaitzetan gora igotzen da eta baita buruz behera jaitsi ere; azazkal zorrotzez tinkaturik, zuhaitza norabide guztietan zeharka dezake eta jauzi txikiekin ibiltzen da. Gerri-txoriak eta okilak ere igotzaile onak dira, baina horiek isatseko luma zurrunak erabiltzen dituzte igotzeko euskarri gisa, eta ez dira gai zuhaitzen enborretan jaisteko, garrapoa bai. Garrapoaren buztana laburra eta biguna denez, ezindu palanka egin, eta bere eskaladak hatz eta azazkal ariketak bihurtzen dira.

Hegazti sedentarioa da, kaskabeltzekin eta amilotxekin biltzen da neguan talde txikietan, elikagai bila ibiltzeko. Fruitu gogor bat aurkitzen duenean, zuhaitzaren arrakala batean sartzen du, eta mokokada ozenak ematen dizkio oskola apurtu arte. Neguko dieta landareak ditu neurri handi batean, haziekin eta fruitu lehorrekin, hala nola hurrak, ezkurrak, pagatxak eta pinoiak: mokokadaka irekitzen ditu. Errunaldiak osatu ondoren, emeak txitatzen 14-18 egun ematen ditu: txitak habian 23-25 egunean egoten dira.

Neguan, baina batez ere udaberrian, zuhaitzen azalen garbitzaile eraginkor da: kaskabeltzekin, amilotxekin eta gerri-txoriekin batera, zuhaitzen enborrak zeharkatzen ditu, intsektuen arrautza eta larba ugari janez, bere moko zorrotzari esker. Zuraren zulatzaileak eta oskoldun kakalardoak ere jaten ditu: horregatik, basoen osasunaren aliatu handia da. Udazkenean, ezkutaleku jakin batzuetan fruitu lehorrak pilatzeko gai da, eskasia handieneko garaietarako gordetzeko. Bere habia ere aprobetxatzen du eta, ikusiko denez, haren despentsarako babesleku segurua da. Habia zuhaitzen zuloetan egiten du: okilek irekitakoak hobesten dituen arren, bere zuloa egin dezake halaber, baina ez da oso ohikoa. Emeek hutsune egokia aukeratu ondoren —batzuetan arrak lagunduta—, mokoaz trebeki moldatzen duen buztinezko eraztun batekin estutzen du, diametroa murrizteak harrapari batzuei pasatzea galarazteko moduan. Ohitura horrek habiaren jabea identifikatzeko balio dezake. Barrualdeko pitzadurak ere lokatzez betetzen ditu. Barruan zuhaitz azal zatitxoekin eta hosto lehorrekin katilutxo moduko bat egiten dute eta bertan emeek apirilaren bukaeran 6-9 arrautza zuri erruten ditu, normalean punteatuta edo gorri argiz zikinduta. Koniferoetan, zuloen urritasunak hedapena asko mugatzen die, baina habia-kutxak berehala onartzen dituzte.

Bokalizazioa aldatu

Urte osoan zehar dei gogorrak egiten dituen txoria da, eta kantuagatik ikusmenagatik baino sarriago antzematen zaio. Bere errepertorioa nahiko handia da, eta elikagai bila ari denean «zit» altu sinplea edo «ziit» luzeagoa emititzen du. «Tuit» talde labur eta kementsuak, oso soinudunak, edo «tchuit» oso urriak, askotan etenaldi laburrez bereizitako taldeetan errepikatuak, hegaztia asaldatua edo kitzikatuta badago, baita ere alarma deia emititzean. Beste testuinguru batzuetan, «Twit twit» soinudunak edo motelduak emititzen ditu, gogo-aldartearen arabera, edo pertsona batek fonetikoki erreproduzitu ezin dezakeen «Tjitjitjit» oso azkar bat. Kantua aberatsa eta entzungarria da, eta txistu argi, motel eta goranzko edo beheranzko tonu arinez osatua dago, «vuih, vuih, vuih, vuih, vuih» edo «viiu, viiu, viiu, viiu» edo nahiko entzungarria den «vivivivivivivi» txorrotxioz betea deskribatua izan dena.

Arrak beheranzko txistuak egiten ditu beste ar lehiakideei eta emeei bere presentzia jakinarazteko, gorteatzeko lehia hasi bezain pronto soinu horiek azkarrago emititzen ditu goranzko joera batean. Txitak 15 egunen bueltan kantatzen hasten dira.

Elikadura aldatu

Dieta anitza da eta kokapen geografikoaren mende dago. Batez ere intsektuez elikatzen da, bereziki beldarrak eta kakalardoak. Udazkenean eta neguan dieta fruitu lehorrekin eta haziekin osatzen du, intxaurrak, ezkurrak, zedro-pinaburuak eta pagatxak barne. Azterlanen emaitzetan, dietaren % 36,8 haziak eta fruituak dira (beste batzuek % 75eko zifrak ematen dituzten arren); % 25.7 haziak dira, eta horietatik % 14.2 Pinus nigra-koak. Gurasoek batez ere intsektuekin eta hazi batzuekin elikatzen dituzte kumeak. Zenbait eremutan araknidoak, lepidopteroak, kimuak eta likenak maiztasun txikiarekin jaten dituela jakinarazi da.

Garrapoak jatekoa enborretan eta adar handienetan aurkitzen du, ugalketa garaitik kanpo adar txikiagoak ere behatu ditzake. Harrapakinak hegan edo enbor zein adarretako azala zulatuz harrapatzen ditu. Maiz zulatzen ditu zuhaitz hiletako azalak intsektu bila, baina ez da gai zuhaitz osasuntsu baten azal gogorra zulatzeko, hori okilek egin dezakete bakarrik. Talde mistoetan egon daiteke beste espeziekin janari bila dabilenean. Dena den, elikagai iturria eskasa bada oldarkorra izan daiteke beste espezie txikiagoekin, jarrera hori, adibidez, gizakiak eginiko janlekuetara hurbiltzen denean ikusten da, bertan beste espezie txikiagoak uxatzen ditu. Intsektu gogor eta handiak eta hazi gogorrak zuhaitz baten azalaren arrakala batean sartuz eta mokokada sendoak emanez puskatzen ditu. 2018. urtean argitaratutako behaketa batean garrapo batek, intsektuak harrapatzeko asmoarekin, egur zatitxo bat erabiliz enbor azala altxatu zuela jaso zen. Hori hegazti genero hau herraminta moduko bat erabiltzen behatu den kasu bakarra izan da gaur arte. Jakina da hazi edo intsektu gogorrak zatitu eta jateko arrakalen laguntzaz baliatzen dela, baina 2018. urtean argitaratzen den behaketa hori kenduta, ez zen ezaguna "herraminten" erabilerarik.

Garrapoek, batez ere klima hotzagoenetan bizi direnek, jakien erreserbak (landare ezberdinen haziak eta baita ere intsektuak) gordetzen dituzte zuhaitzen eta hormen arrakaletan (goroldioz eta likenez estaliak). Hau udazkenean izaten da eta ikerketa batek baieztatzen du jakien erreserbak egiten dituzten garrapoek, egiten ez dituztenek baino bizirauteko aukera handiagoak dituztela. Erreserbak kontsumitzen dituzte soilik jaki freskoak eskuratzea zaila dutenean, baina jaki freskoak eskuratzeko aukera badute hauek arrakaletan gordetako erreserben aurretik lehenesten dituzte, beraz, ez da arraroa, kontsumitu ez diren haziak (hurritzak eta mota gehiagoko zuhaitzak) hormen arrakaletatik edo zuhaitzen azaletatik haztea. Siberiako populazioek Pinus pumilako haziak gordetzen dituzte, bertan neguak oso hotzak dira eta erreserbatu ditzaketen hazien kopurua urte oso baterako adina izan daiteke.

Eskandinaviako populazioetan elikagaien eskuragarritasuna eta adinean oinarritutako biziraupenaren arteko kausalitate bat behatu da. Latitude horietan lizarraren haziak elikagai iturri oso garrantzitsuak dira, jakina da lizarren hazien emankortasuna aldakorra dela urtez urte, behaketa horrek jasotzen du emankortasun eskaseko urteetan garrapo helduen hilkortasuna asko aldatzen ez den bitartean, ale gazteen hilkortasuna nahikotxo handitzen dela, hori gazteek jakien bila egin beharreko migrazioen nekeagatik eta goseagatik azaldu daiteke, horrelako hasuetan, gazteak baitira mugitu eta sakabanatu behar direnak eta beraz esfortsu fisiko handiagoa egin behar dutenak. Hurritzaren kasuan joera berdintsuak antzeman dira.

Ugalketa aldatu

Espezie monogamoa da eta bikotea oso lotuta dago bere lurraldearekin, urte osoan zehar defendatzen duena. Europan bere lurraldeak 2-10 hektarea bitarteko azalera izan ohi du, baina Siberiako baso optimo edo egokietan (ondo kontserbaturiko baso handiak eta giza populazio eskasarekin) bere lurraldeak, batezbestez, 30.2 ha hartzen ditu.

Arrak kantu egiten du bai bere lurraldea defendatzeko eta baita ere bere presentzia adieraziz, emeren bat erakartzeko. Gorteoan biek (bai arrak eta bai emeak) hartzen dute parte, normalean hegaldi estatiko baten bitartez. Arrak, horretaz gain, hegaldi zirkularrak egiten ditu burua tente eta buztana zabalik daramatzalarik eta hegaldien arteko tartetxoetan emea ekilatzen du (harrapari eta bikote ona dela erakusteko asmoz). Estalketa lurraldean bertan izaten da eta nahiz eta espezie monogamoa izan, Alemanian egindako ikerketa genetiko batek erakutsi zuen txiten eta gazteen %10-k, gutxienez, inguruko lurraldeetako beste arren ondorengoak zirela.

Habia zuhaitzetako zuloetan egiten du, maiz okilek eginiko zuloetan, baina baita ere zuhaitzetako zirrikitu, arrakal edo zulo naturaletan ere. Zuloa txikiegia bada mokokadaz handitu dezake eta handiegia bada (ohikoa okilen zuloak hartzen dituenean) lokatzez, lur buztinez eta simaurrez txikitu edo itxi dezake. Habia lurretik 2 eta 20 metro bitarteko garaieran egon ohi da. Habiaren sarrera edo zuloa borobila edo apur bat obalatua da, apur bat zabalagoa altuagoa baino (32:28 mm). Habiaren sarrera zenbat eta txikiagoa izan orduan eta harrapari gutxiagok izango dute sartzeko aukera, beraz ugalketa arrakastatsuagoa izango da. Era berean, sarrera txikiak harrapariak ekiditzeaz gain, beste espezieko hegaztiekiko lehia ere murrizten du, esaterako arabazozo pikartekin eduki dezaketen lehia. Habia nahiko handixea eta erosoa da barrutik (sarrera txikia izan arren) eta hondoa egur zatiz eta pinu-azal pusketaz osaturiko geruza lodi batekin estaltzen dute, arrautzak eta txitak bero mantentzeko eta baita ere balizko harrapariak despistatzeko. Habiaren eraikuntzaren zatirik handiena emeak egiten du, emeak zuloaren barruko hormak lokatzez estaltzen ditu. Lan horretan 860 g-ko materiala erabil dezake eta guztiz bukatzeko 4 aste eman ditzake. Zuloetan edo arrakaletan habia egiten duten beste txoriekin alderatuta, garrapoak habia-kutxa gutxiago erabili ohi du, baina behin erabilita frogatuta dago kutxaren tamainaren eta errunaldiaren tamainaren arteko erlazio zuzena, alegia, kutxa handiagoetan arrautza gehiago erruten ditu. Erlazio hau habia naturaletan ez da jazotzen. Habia-kutxaren barruko hormak ere lokatzez estaltzen ditu emeak, baita ere sarreraren tamaina bere gustora egokitu, apaintze lan hauetan 2 aste eman ditzake.

Emeak apirila eta uztaila bitartean erruten ditu arrautzak, baina honekin batera esan beharra dago honen harira eginiko ikerketa ezberdinen arabera, txori intsektujale egoiliarrek (horien artean garrapoa) beren errunaldia eta kumaldia aurreratzen ari direla 80-ko eta 90-ko hamarkadekin alderatuta . Ikertzaileek portaera aldaketa hori klima aldaketari egozten diote. Dokumentatutako kumatze daten aurrerapen hori fenomeno arrunta bihurtzen ari da, baita areagotu ere urtez urte. Honek abantailak suposatu ahal dizkie txitei beraien biziraupenerako eta baita ere desabantailak, abantailen artean heldutasuna azkarrago lortzen dutela, hau positiboa izan daiteke udazken hotzei begira, alegia, gazteak egun freskoagoetara erabat helduak eta indartsuak ailegatzeak abantaila bat suposa dezake, baina bere harrapakinen eta janariaren eskuragarritasunean desorekak egoteko arriskua ere badago, desabantaila arriskutsua suposatuz. Denborak esango du zeintzuk diren ondorio zehatzak.

Garrapoak 6-9 arrautza erruten ditu batezbestez, baina 13 izatera hel daiteke. Arrautzak zuriak dira, orban marroiez beteak. Inkubazioa emeak egiten du (S. e. caesia azpiespeziean arrak ere parte har dezake inkubazioan) eta 13-18 egunen artekoa izaten da, denbora horretan arrak emea elikatzen du hau inkubazioan burubelarri dagoen bitartean. Txitak behin jaiota, hauen zaintzak eta elikadura bi gurasoen eskutik datoz, txandaka egiten dituzte txiten zaintza guztiak. Txitek lumaje eta muskulatura osoa (hegan egiteko gaitasuna beraz) 20-26 egunen bueltan garatzen dituzte, baina gurasoen zaintzapean mantenduko dira 8-14 egun gehiago, emantzipazioa lortu arte. Urtean normalean errunaldi bakarra egoten da, baldintza oso emankorretan bi izan daitezke.

Gazteek emantzipazioa lortu ostean lurralde berriak okupatzen dituzte, hau batez ere Europan ematen da, bertako populazioko aleek lurralde txikia okupatzen baitute, baina Siberiako populazioen kasuan, lurralde askoz ere handiagoak okupatzen dituztenez, gazte emantzipatu berriak gurasoen lurraldeetan mantendu daitezke (lurralde handia denez ez dago lehia arazorik), askotan guraso baten heriotzak utzitako hutsunea betez.

Banaketa eremua eta habitata aldatu

Banaketa eremua eta migrazioak aldatu

Kumaldi eremuak ipar hemisferiotik zehar (eskualde paleartikoan) hedatzen dira, Eurasia epelean zehar, Britainia Handitik (Irlanda izan ezik) Japoniaraino. Hasiera batean, eskualde paleartikoetako eta ez paleartikoetako espezieak biltzen zituen, baina berrikuspen baten ondoren, talde ez-paleartikoa banandu egin zen "Sitta castanea" espeziea osatuz. Uztailean 16 ºC eta 20 ° C isotermen artean bizi da. Errusiako mendebaldeko 64 paraleloen iparraldera eta Siberiako 69 paraleloetan ez da aurkitzen. Inguru horretan garrapoaren eta "Sitta arctica" espeziearen habitatak partzialki gainjartzen dira. Hegazti ez-migratzailea da, eta ia beti jaio den basoan mantentzen da. Errusian, 54 eta 55 paraleloek banaketaren hegoaldeko muga ezartzen dute, eta Kazakhstan eta Mongoliako iparraldean ere bizi da. Asia erdialdeko basamortu eta goi-ordokietan agertzen da (baita Txinako iparraldeko sakonuneetan ere, non baldintzek ez duten basoak hazteko aukerarik ematen), baina ez du bizirauterik lortzen Pakistango eta Iran eta arabiar penintsulako lur babesgabeetan.Rifean eta Ekialde Hurbileko kostalde eta mendialde batzuetan ere agertzen dira populazio batzuk. Ekialdean, Txina ekialdeko zati handi batean, Taiwanen eta Korean bizi da, baita Japoniako uharteetan ere. Era berean, dibagantea da Libanon eta Kanaleko uharteetan.

Ugalketa denboraldiaren ondoren gazteek egiten dituzten sakabanaketak salbu helduen populazio gehienek ohitura sedentarioak dituzte. Espezieak ur masarik txikiena ere zeharkatzea ekiditen du aukeran. Gazteek, beraien sakabanaketetan, normalean inguruko lurraldeetara joaten dira, beste garraporik ez dagoen lekuetara, eta lorategi erresidentzialetan edo herrietako zuhaitz-multzo txikietara ere mugi daitezke. Batzuetan, uda ostean emigratu egiten dute berriro, ugalketarako egokiagoak diren lurralde desokupatuen bila. Iparraldean eta ekialdeko lurretan ematen diren kumatzeak siberiar pinuaren (Pinus sibirica) eta zenbro pinuaren (P. cembra) hazien eskuragarritasunaren mende daude, eta denboraldi txarretan Uraletako "Sitta europaea asiatica" azpiespeziea mendebalderantz migratu daiteke, Suediako iparralderaino (Norrland) eta Finlandiaraino udazkenean, batzuetan bertan kumatzera gelditzen delarik.

Hala eta guztiez ere, zenbait kasutan, espezie honen barne migrazioak Siberiako populaziokoak bezain luzeak izan daitezke, bertan, populazio batzuek Siberiako Taiga zeharkatu dezakete Finlandia eta Suediaraino, Löhrl ornitologoak hau gainpopulazioa ekiditeko mekanismo bat dela iradokitzen du. Bestalde, Errusiako hego-ekialdeko eta Txinako "S. e. amurensis" azpiespezieko populazio batzuek Koreako penintsularaino migra dezakete neguan, baldintza epelagoen bila.

Euskal Herrian aldatu

Banaketa ia orokorra du Euskal Herrian, baina beti zuhaizti egokiak badaude. Habitata zuhaitz zaharrak dituzten baso eta zuhaiztietan du: azal zimurtsua eta zuloak dituzten zuhaitzak nahiago ditu, habia egiteko egokiak direnak. Baldintza horiek gure pagadi menditarretan aurkitzen ditu, baina haritz, ametz, erkametz eta baso misto kantauriar freskoak nahiago ditu. Arabako mendebaldeko pinu gorriaren berezko pinudietan ere ikusten da, baina ez ditu Kantauri isurialdeko pinudi landatuak kolonizatu. Dagoeneko hazita dauden landatutako pinudietan aurki dezakegu elikagai bila, baina beti zuhaizti hostoerorkorren ondoan, han egiten baitu habia.

Oso arraroa da Arabako Errioxan eta Nafarroako hegoaldean zein zuhaitzik gabeko beste eremu batzuetan. Oso arraroa da, halaber, bertako zuhaitza ia erabat galdu duten Bizkaiko eremuetan, nahiz eta landatutako pinu asko egon.[2]

Euskal Herritik barrena hedatzen den azpiespeziea "Sitta europaea caesia" da.

Habitata aldatu

Baso zaharrak nahiago ditu, ehun urtetik gorako zuhaitz handiak dituztenak, janari ugari eta habia egiteko barrunbeak ematen dizkiotenak. Europan, baso hostoerorkor edo mistoetan dago, batez ere tamaina handiko zuhaitzak eta haritzak espezie nagusiak diren eremuetan. Parkeetan, ustiatzen ez diren baratze zaharretan eta gutxienez habitat egokiko hektarea bat eskaintzen duten beste zuhaitz-multzo eremu batzuetan ere bizi daiteke. Mendietan edo latitude hotzetan, izeiz eta pinuz osatutako basoak har ditzake. Taiwanen pinuz osaturiko basoak nahiago ditu. Iberiar penintsulan, batez ere, haritz, ametz, erkametz, pinu beltz, arte, pago eta ipuruen eremu hostotsuetan. Marokon, haritzetan, Atlasko zedroetan (Cedrus atlantica) eta izeietan (Abies) egiten du habia espezieak. Habitat ezohikoenen artean, Mongolian "Juniperus sibirica"-z osaturiko sastrakadiak eta Siberiako hegoaldeko zenbait eremutako ingurune harritsuak aurki daitezke. Europan, batez ere, lur baxuko hegaztia da, bereziki bere banaketa eremuaren iparraldean, baina Suitzako zuhaitz-lerroraino bizi daiteke, 1200 metrora edo gorago, eta, batzuetan, 1800-2100 metroko garaieran ugaltzen da Austrian. Turkia, Ekialde Hurbila eta Asia erdialdeko mendietan garaiera antzekoetan egiten du habia. Japonia hegoaldean eta Taiwanen, ordea, 760-2100 m eta 800-3300 m artean bizi da, hurrenez hurren. Txinako hegoaldean, batez ere, altitude baxuetan dago, mendietan Sitta nagaensis espeziea hedatzen delarik.

Espeziekiko elkarrekintzak aldatu

Harrapariak aldatu

Garrapoaren harrapari nagusia basoetako txori txikietan harrapatzen espezializatutako hegazti harraparia da, gabiraia. Beste harraparien artean ere aztorea, urubia, mozolo txikia, zuhaitz-belatza, lepahoria eta erbinude arrunta daude. Noizean behin okil handiek eta kaskabeltz handiek habiak erasotu ditzakete arrautzak edo txitatxo txikiak ehizatzeko. Behatua izan da zelan okilak garrapoaren habiaren hormak botatzen saiatzen diren arrautzak edo txita txikiak harrapatzeko, kasu hauetan garrapo arrak gogor defendatzen du habia.

Lehiakideak aldatu

Garrapoa zuhaitzetako artropodoak modu berezi batean harrapatzeko espezializatutako txoria denez, ez du lehia handiegirik janaria bilatzean. Gerri-txori arruntak eta okilak egon daitezke agian nitxo ekologiko berean, baina garrapoa txori hauek baino modu bizkorragoan eta mugikortasun handiagoz mugitzen denez adar eta enborretatik, ez du inolako arazorik bere harrapakinak topatzeko. Gerri-txoriek eta okilek zuhaitzak behetik gora eskalatzen dituzte bere buztan espezializatuaren laguntzaz, baina zailtasun handiak dituzte goitik beherako bidea egiteko. Garrapoak aldiz, zuhaitzak behetik gora, goitik behera eta hankaz gora ere eskalatzeko gaitasuna du, modu trebean eta bizkorrean mugitzen dira zuhaitzetatik, gerri-txoriek eta okilek egin ezin dituzten mugimenduak egiten dituzte garrapoek, katagorrien mugikortasuna dute. Beraz, nitxo ekologiko bertsua partekatuta ere, espezie hauek osagarriak dira.

Arabazozo pikarta habiagatik garrapoaren aurka lehia daiteke, batez ere garrapoak habiak altuegi egiten dituztenean. Kasu hauetan arabazozo pikartek habiak ostu ditzakete eta beraz, garrapoaren ugalketa prozesua zapuztu.

Parasitoak aldatu

Aurki daitezkeen parasito nagusiak:

  • Akaroak: Ptilonyssus sittae.
  • Nematodoak: Capillaria parusi, Aonchotheca longifilla eta A. caudinflata.
  • Acanthocephala: Mediorhynchus micracanthus.
  • Zestodoak: Anonchotaenia globata, Orthoskrjabinia bobica, Capiuterilepis naja, Hymenolepis clerci eta Passerilepis passeris.
  • Trematodoak: Platynosomum ventricosum, Echinochasmus beleocephalus, Laterotrema vexans, Mosesia caprimulgi, Urogonimus macrostomum, Leucochloridium phragmitophila, Plagiorchis elegans, P. maculosus eta Prosthogonimus ovatus.

Kontserbazioa aldatu

Mehatxaturiko espezieen IUCN-ren zerrenda gorriak "kezka txikia" gisa katalogatuta dauka garrapoa mundu mailan. Hala eta guztiz ere, tokian tokiko egoera ezberdina da zenbait lekutan.

Bere mehatxu nagusia habitataren suntsipena da, kasu honetan, basoen desagerpena. Garrapoa baso-txori petoa da, baso handiak eta ondo kontserbatuak behar ditu bizirauteko, zuhaitz zaharrak beharrezkoak dira espezie honentzat, beraz, basoen degradazioa eta suntsipena mehatxu larria da.

Irudiak aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. BirdLife International (2004). Sitta europaea. 2006. IUCN Red List of Threatened Species. IUCN 2006
  2. (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A, 281 or. ISBN 84-7542-639-5..

Bibliografia aldatu

Kanpo estekak aldatu