Galerianoaren kantua

Martin Larralderen bizitza kontatzen duen bertso sorta

Galerianoaren kantua euskarazko bertso sorta bat da, 1815 aldean sortutakoa, Martin Larralde Bordaxuri-ren trajedia kontatzen duena. Pantxoa eta Peio abeslariek 1975ean argitaratutako bertsioak Euskal Herri osoan famatu zuen.[1][2]

Galerianoaren kantua
Jatorria
Sorrera-urtea1815
Argitaratze-data1815
Ezaugarriak
Genero artistikoaZortziko txikia eta herri-kanta
Hizkuntzaeuskara
HitzakManez Etxeto eta Martin Larralde
Argumentu nagusiaMartin Larraldea

Egilea aldatu

Lehen pertsonan idatzirik baitago, Martin Larralde bera hartu izan da kantuaren egiletzat. Piarres Xarritonek, ordea, dudan ezarri zuen bertsoak zinez harenak ote ziren: "Zuzen eta egoki iduritzen zait, auzo berean, 1815ean gertatu gertakari lazgarriaren oihartzuna, ene iduriko, Manez Etxetok berak, hots, Plumagaineko auzo lehenak zuela bertsotan jarri". Ematen duen lehenbiziko arrazoia da Martin Larralde ez zela alfabetatua, epaiketaren artxiboek erakustera eman duten gisan.[1]

Kontakizuna aldatu

Martin Larralde Hazparneko Elizaberri auzoko Plumagainean sortu zen, 1782ko urtarrilaren 7an.[3] Zapataria zen ofizioz. Gazterik galdu zuen ama. Hiru anai-arreben arteko premua zenez, aitari ondasunen partea galdetzera ausartu bide zen. Alta, azken horrek ez zion galdea onartu eta aita-semearen arteko harremana gaizkondu zen.[1]

1815eko ekainaren 27an, Bordaxuriren bizitzak ezin itzulizko bidea hartu zuen. Egun hartan Plumagaineko pentze bateko belarrak egiteko baimena eman zion Bordaxuriren aitak, Kaselarenbordako Joanes Ospital etxetiarrari. Lanean ari zela, Ospitalek tiroa bildu zuen sorbaldan, eta zerraldo erori.[1][4]

Horiek hola, jendarmeek Plumagaineko premua jo zuten errudun. Uztailaren 4an atxilotu eta Baionan sartu zuten preso, eta handik Pauera eraman, epaitu zezaten. Epaiketa hartan, sekulako galeretara kondenatu zuten: zazpi epailek alde bozkatu zuten; bortzek, berriz, aurka. Epaile zuberotarra ezarri zuten, lekukoak elebakarrak baitziren. Kartzelaldian hamaika bertso hauek izkiriatu edo izkiriarazi zituen.[1]

Bertsoak aldatu

Iduriz, bertsoak Pauen preso zegoela idatzi zituen, eta Hazparne herrira zituen igorri herritarrek kanta zitzaten. Hazpandar anitzen ustez, Martin errugabea zen, ongi prestaturiko maltzurkeria baten biktima, eta haren bertsoak, behin eta berriz, kantatu izan zituzten. Gaur egun, oraino, Elizaberri auzoan maiz entzun daitezke. Bertso horiek ahoz aho zabaldu ziren Joxe Mendiaga bertsolariak Eskualdun kantuak izeneko bilduman, Txilen, 1900ean bildu eta plazaratu zituen arte.[3][5]


1.
Mila zortzi ehun ta hamabortzgarena
ni Ahazparnen preso hartu nindutena
Plumagaineko premu orok dakitena
galeretan higatu beharko naizena.

2.
Kantatzera nihazu alegera gabe,
ez baitut probetxurik trixtaturik ere;
nehun deusik ebatsi, gizonik hil gabe,
sekulakotz galerak enetako dire...

3.
Ala, zorigaitzeko premu izaitea!
Harrek eman baiteraut betikotz kaltea;
aitari galdeginik sortzeko partea,
galeretan eman nau, hauxe duk dotea!

4.
Ene aita da gizon kontsideratua,
semia galeretan du segurtatua;
nun-nahi othoitzean, belaunikatua,
saindu iduri, debru madarikatua!

5.
Ene lehen kusia, Kadet Bordaxuri
Fagore bat banuke galdatzeko zuri:
Ongi adreza zaite ene arrebari
Ene saltzeko zonbat ukan duen sari?

6.
Aita aitzinean ta arreba ondoko
Osaba burjes hori diru fornitzeko
Ez ordian enetzat bi sei liberako
Galeretan bederen leher egiteko!


7.
Elizan sartzen dire debozionerekin;
Iduriz badohatzila saindu guziekin;
Beren liburu eta arrosarioekin,
Debruak pesta onik einen du heiekin.

8.
Zortzigarren bertsua anaiarendako:
Kontseilu bat banikek hiri emaiteko!
Untsa goberna hadi, etzauk dolutuko,
Ni baitan etsenplua errex duk hartzeko.

9.
Zuri mintzo nitzaizu, oi, aita zilarra!
Ardura dudalarik begian nigarra;
Zure eta ene arraza Bordaxuritarra,
Galeretan naizeno ni bainaiz bakarra.

10.
Kantu hauk eman ditut Paube-ko hirian,
Burdinez kargaturik, oi! presondegian;
Bai eta kopiatu denbora berian,
Orok kanta ditzaten Hazparne herrian.

11.
Hok eman izan ditut, ez xangrinatzeko;
Ahide, adixkidek, kuraie hartzeko,
Eta partikulazki, aita, zuretako,
Kantu hok aditzean, semiaz oroitzeko.

Bordaxuri, inspirazio iturri aldatu

Martin Larralderen nahigabeak oihartzun handia izan zuen lapurtarren artean eta gure literaturan ere maiz azaldu zaigu. Piarres Lartzabalek azkaindarrak Bordaxuri antzezlana eskaini zion, errealitatea eta fikzioa nahasiz, eta 1960ko hamarkadan hainbat herritan jokatu zuten. Amaieran, hitz hauek jarri zituen Bordaxuri aitaren ahoan: A!, malurusa ni, ene bizia ez dezaket uka… ez, ez… Bordaxuri ez daiteke umilia… Umiliatzea, itxurarik gabeko gizon bilakatzea litake… Nahiago dut hil, bizien artean hil bat bezala bizi baino… Eta zer? Ni hobendun… Baditut nik ere ene arrazoinak… Hilak, hil tonbak idek zaitezte… Hilak, mintza zaitezte… Bainan zer ikusten dut? Ala burua galtzen ari niz? Ha ene burua… Zer da eni luzatua dagon eskeleta hori?… Hortik, hortik, tonbatik… Ha!!!…[3]

Pantxoa eta Peiok Galerianoaren kantua Euskal Herri osora zabaldu zuten 1975ean, haien lehenbiziko diskoan plazaratu zutenean. Joseba Sarrionandiak 1985etik 1995era egindako olerkiak Hnuy illa nyha majah yahoo liburuan argitaratu zituen 1995ean Elkar argitaletxearen bidez, eta bertan Martin Larralde izenekoa zegoen. Geroago, Ruper Ordorikak musikatu eta Dabilen harria diskoan karrikaratu zuen 1998an.[3]

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e Madariaga, Ainize. Bordaxuri itzuli izan balitz. Berria, 2021eko abenduak 18, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-8-23).
  2. Galerianoaren kantua. badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-8-24).
  3. a b c d Aurkenerena, Joseba. Bordaxuriren penak eta bertsoak. Zuzeu, 2021eko irailak 5, CC BY-SA 3.0, zuzeu.eus (Noiz kontsultatua: 2022-8-24).
  4. Hach Embarek Irizar, Beñat. Euskal gaizkileak: Martin Larralde. Zuzeu, 2017ko abuztuak, CC BY-SA 3.0, zuzeu.eus (Noiz kontsultatua: 2022-8-24).
  5. Galerianoaren kantuak. Kantuz, eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2022-8-23).

Kanpo estekak aldatu