Informazioa tratatzeko eta teknologia digitala erabiltzeko gaitasuna, gaitasun digitala, edo konpetentzia digitala[1][2] [3][4][5][6][7] pertsonek jarduera bat burutzeko bakarkako eta gizarte-betekizunetarako dituzten ahalmenen multzoa da, teknologiaren erabilpenari lotuen dauden ahalmen multzoa hain zuzen.

IKTak, erabiltzeko abilezietan oinarritzen da gaitasun digitala.
Gaitasun digitala bizitzan zehar etengabe garatu behar den konpetentzietako bat bihurtu da.
Gaitasun digitalak hainbat dimentsio ditu: komunikazioa eta lankidetza, seguritateaz arduratzea, problemak konpontzea...

Horrela definitu zuten gaitasun digitala Europar Parlamentuak eta Europar Kontseiluak, 2006. urteko dokumentu[8] batean:

« Gaitasun digitala izateak Informazioaren Gizarteko teknologiak ongi erabiltzen jakitea esan nahi du. Teknologia horien erabilpen kritikoa eta segurua egiten jakin behar da, bai lanean, bai aisialdian, bai beste edozein komunikazio esparrutan ere. Informazio eta komunikazio teknologiak, IKTak, erabiltzeko abilezietan oinarritzen da gaitasun digitala: ordenagailuak eta antzeko gailuak erabiltzeko trebetasuna behar da informazioa lortzeko, galdutako informazioa berreskuratzeko, informazioa biltzeko, batzeko, ebaluatzeko, sortzeko, aurkezteko, partekatzeko... eta, bide beretik, gizarte sareetan parte hartzeko iaiotasuna, horrelako sareen bidez komunikatzeko eta Interneten bidez auzolanetan parte hartzeko abilezia behar da. »

—(Europar Parlamentua eta Europar Kontseilua, 2006).

« Konpetentzia digitala, zehar konpetentzia: Hitzez, hitzik gabe eta modu digitalean komunikatzeko konpetentzia. “Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak modu sortzaile, kritiko, eraginkor eta seguruan erabiltzea, ikasteko, aisiarako, inklusiorako eta gizartean parte hartzeko” »

—EAEko [9]Heziberri 2020.

Hainbat trebetasun eta abileziekin batera, teknologia modu etikoan eta legearen baitan erabiltzeko beharra azpimarratzen dute Europar Parlamentuak eta Europar Kontseiluak. Europako Batzordeak gaitasun digitalak zeharkakotzat eta orokortzat hartzen ditu eta oso garrantzitsutzat jotzen ditu ikaste prozesuetan, lan egiteko gaitasun kontuetan, parte hartze edo bazterkeria kontuetan, ekonomia- eta teknologia-berrikuntza kontuetan, sorkuntza kontuetan eta enpresa-lehiakortasun kontuetan.

Gaitasun digitalaren dimentsioak aldatu

Europako Zientzien eta Ezagueraren Komisioak DigComp 2.0[10] izeneko esparruan, konpetentzia digitala bost alorretan banatuta deskribatzen du:

 
Informazioa aurkitu, bereizi, sailkatu, baloratu...
1) Datuak jasotzeko eta informazioa kudeatzeko oinarrizko alfabetatzea: informazioa argi ulertzeko eta ondo bideratzeko, jakin behar da formatu digitaletan dauden datuak bilatzen, aurkitzen, bereizten. Jakin behar da datuen garrantzia baloratzen, modu kritikoan. Jakin beharko da mamitsuena eta axalekoa bereizten. Informazio iturrien fidagarritasuna baloratzen ere jakin beharko.
Gainera, formatu digitaletan dagoen informazioa eskuratzen jakiteaz gain, informazioa sailkatzen eta gordetzen ere jakin beharko.
 
Komunikazioa, lankidetza.
2) Komunikazioa eta lankidetza: teknologiaren bidez komunikazioa, elkarkidetza, elkarreragina lortu beharko da, kontziente izanda kultura aniztasuna egoten dela leku gehienetan, baita Interneten ere, eta besteak beste, belaunaldien arteko aldeak ere badaudela. Konpetentzia digitala izateko jakin behar da parte hartzen gizartearen hainbat forotan, zenbait zerbitzu publiko zein pribatuen bidez. Herritartasun edo hiritartasun parte hartzailea aipatzen du The European Commission's science and knowledge service[10] horrek. Pertsonak gai izan beharko dute beren identitate digitala eta beren pribatutasuna zaintzeko eta kudeatzeko.
 
sortu, editatu, argitaratu.
3) Eduki digitalak sortu, editatu eta argitaratu: gaitasun digitalaren dimentsio bat da ez bakarrik informazioa batzen eta kudeatzen jakitea, baita informazioa, edukiak, sortzen, editatzen eta behar bezala argitaratzen jakitea ere. Horretarako ezagutu behar editatzeko eta argitaratzeko hainbat tresna eta, argitaratzerakoan, esate baterako copyright, copyleft eta beste argitaratze-lizentziak eta haien baldintzak jakin behar. Argitaratu eta editatzeko fitxategi digitalen hainbat formatu ezagutu behar dira, eta formatuen arteko bihurketak egiten jakitea ere komeni.
 
Seguritatea
4) Seguritatea: gaitasun digitalaren parte bat da, --teknologia testuinguruetan--, gailuak, edukiak eta pertsonen pribatutasuna zaintzen jakitea. Pertsonen osasuna eta ongizate psikologikoa zaintzen jakitea. Kontziente izatea teknologiak ongizatean daukan garrantziaz. Teknologia batzuetara iristeko ezintasunak gizarte-bazterkeria dakarrela jakitea.
Jakin behar da teknologia hauek natura-ingurugiroan eta gizarte-ingurugiroan zer-nolako garrantzia daukaten.
 
Problemak ahalik eta azkarren eta errazen konpontzea.
5) Problemak konpontzea: gaitasun digitalaren dimentsio bat da beharrak eta problemak identifikatzea eta konpontzea edo gutxienez konpontzen laguntzea. Testuinguru digitalean sortzen diren problemak identifikatzea edota konpontzen laguntzea. Jakin behar tresna digitalak erabiltzen prozesu berritzaile edo produktu berritzaileetara bideratzeko. Jakin behar da teknologia berrietan sortzen diren etengabeko berrikuntzak ikasten eta ikaste prozesu horretan etengabeko eguneratze prozesuan moldazen.

Hitzez, hitzik gabe eta modu digitalean komunikatzeko konpetentzia aldatu

Konpetentzia digitala eta komunikazio konpetentzia elkartu egin ziren mendebaldeko Heziberri 2020 planean. Honela definitzen zuten EAEko Berritzegune Nagusiko teknikariek[11]:

« Komunikazioak lotura estua izan du alfabetatze-kontzeptuarekin eta alfabetatzeak, orain gutxi arte, irakurketa eta idazketa menderatzearekin. Gaur egun, ordea, gizarte multimedia batean bizi gara, eta, gizarte horretan, komunikazio modu berri eta oso indartsuak sortu ditu lengoaien integrazioak.

Egungo gizartean eraginkortasunez parte hartzeko, modu konpetentean erabili behar dira hitzezko lengoaiaren adierazpide guztiak, ikus-entzunezko lengoaiak eta hitzik gabekoak. Europako Kontseiluak emandako definizioa aintzat hartuta, komunikaziorako konpetentzia izateko, alfabetatze anitza izan behar da, eta alfabetatze horrek «…bere baitan hartu behar ditu  irakurtzeko eta idazteko konpetentziak, askotariko informazio-moldeak –testuak eta irudiak, idazkiak, inprimakiak eta horien bertsio elektronikoak barne– ulertu, erabili eta ikuspegi kritikoz ebaluatzeko».

»

—EAEko Berritzegune Nagusia.


Bibliografia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. Mondragon Unibertsitatea. Zer dira konpetentzia digitalak?. (Noiz kontsultatua: 2018-06-01).
  2. Zer da konpetentzia digitala?, IKT. (2017-01-11). «Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak - Zer da?» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2023-08-10).
  3. «Informazio eta komunikazio teknologien uztarketa irakaskuntza ‐ ikaskuntza prozesuetan (Sare_Hezkuntza) - Konpetentzia digitala» Heziberri 2020 2016 (Noiz kontsultatua: 2018-06-01).
  4. (Ingelesez) Maor, Dorit. (2017-03-01). «Using TPACK to develop digital pedagogues: a higher education experience» Journal of Computers in Education 4 (1): 71–86.  doi:10.1007/s40692-016-0055-4. ISSN 2197-9995. (Noiz kontsultatua: 2020-11-16).
  5. Capogna, Stefania. (2017-11). «Communication for education. From teacher to facilitator in learning and discover processes» JANUS.NET e-journal of International Relations Vol. 8, nº2: 123–128.  doi:10.26619/1647-7251.8.2.01. ISSN 1647-7251. (Noiz kontsultatua: 2020-11-16).
  6. (Ingelesez) Ally, Mohamed. (2019-04-30). «Competency Profile of the Digital and Online Teacher in Future Education» The International Review of Research in Open and Distributed Learning 20 (2)  doi:10.19173/irrodl.v20i2.4206. ISSN 1492-3831. (Noiz kontsultatua: 2020-11-16).
  7. Amaia Arroyo Sagasta, Abel Camacho Romero, Mikel Iruskieta , Montse Maritxalar Anglada. «IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan. ISBN: 978-84-8438-693-3» www.ueu.eus (Udako Euskal Unibertsitatea. 2019.) (Noiz kontsultatua: 2019-11-25).
  8. (Gaztelaniaz) Marco Común de COMPETENCIA DIGITAL DOCENTE V 2.0 (Europar Parlamentua eta Europar Kontseilua, 2006).
  9. Heziberri 2020. (236/2015eko Dekretuaren II. Eranskina osatzen duen curriculum orientatzailea). 33. orrialdean.
  10. a b (Ingelesez) The European Commission's science and knowledge service. The Digital Competence Framework 2.0 - DigComp 2.0. .
  11. 3. 2. Hitzez, hitzik gabe eta modu digitalean komunikatzeko konpetentzia – Heziberri 2020. (Noiz kontsultatua: 2020-02-13).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu