Gailurretako uhandre
Gailurretako uhandrea edo alpetar uhandrea (Ichthyosaura alpestris, lehen Triturus alpestris eta Mesotriton alpestris) Salamandridae familiako uhandre bat da.
Gailurretako uhandre | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Amphibia |
Ordena | Caudata |
Familia | Salamandridae |
Generoa | Ichthyosaura (en) |
Espeziea | Ichthyosaura alpestris Laurenti, 1768 |
Banaketa mapa | |
Uhandre alpetarra, goi mendietan topa daitekeen anfibioa da. Kolore biziko uhandrea dugu eta bereziki deigarriak euren sabelalde laranjak eta arren bizkarralde urdin distiratsuak, araldian zehar. Euskal Herriko populazioak, tamalez, txikiak dira eta elkarren artean nahiko isolatuta daude; horregatik, Nafarroako eta EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan zerrendaturik dago.[1]
Deskribapena
aldatuLarbak
aldatuUhandre alpetarraren larbak txikiak dira, 7-9 mm-koak eklosio ostean eta metamorfosiaren aurretik 40-78 mm-ko luzera hartzen dute. Bizkarraldean ondo garatutako gandorra dute, isatseraino zabaltzen dena, isatsak ere gandor txikiago bat duelarik. Ezpain-lobulu oso garatuak dituzte. Orokorrean arre-horixkak izaten dira eta kolore ilunagoko orbanak izaten dituzte, bereziki sabelaldetik gora. Hiru brankia dituzte, gorputzeko alde banatara eta hasieran dendunkari bi dituzte, oreka mantentzen laguntzen dieten apendize txikiak. Aurreko hankak agertzen lehenak dira, eta beranduxeago atzekoak. Larben hatzak laburrak dira eta puntan bukatutakoak[2].
Uhandre alpetarraren larben garapena luzatu egin daiteke eta batzuetan, metamorfosirako beharrezkoa baino gorputz-luzera handiagoa lor dezakete larba-egoeran, baita heldutasun sexuala ere. Honela, larba neotenikoak (lehen Lacusnigri, Montenigrus, Serdarus eta Peperanus subespezie modura ezagutzen zirenak) edo heldu pedomorfikoak (Reiseri azpiespeziea) sortzen dira[3]. Hala ere, duten kloaka ez da erabat garatuta egoten. Orokorrean, larben antzeko gandor dortso-kaudala izaten dute, araldian arrek garatzen duten gandorrarekin nahas daitekeena. Bizkarraldea marroi, gris, hori edo urre kolorekoa izan dezakete eta arrek urdina. Ale hauek, baldintza faboragarrietan metamorfosia burutzeko gai dira[3].
Helduak
aldatuUhandre alpetar helduak 11 cm inguruko urodeloak dira[3]. Haien sabelalde laranja biziak, nahiko ezaguterreza bilakatzen ditu. Gainera, gorputzean zehar eta batzuetan eztarri aldean orban beltzak dituzte. Dortso-lateralki konprimitutako isatsa dute eta behatzen artean ez dute mintzik.
Ar helduek forma liraina dute eta 7-10 cm-ko luzera. Araldian zehar gandor dortsal txiki bat aurkezten dute, zuzena, hori kolorekoa eta orban ilunez betea. Bizkarraldea urdin ilun kolorekoa da eta isatsa orban urdin distiratsuz beterik izaten dute. Buruaren albo bietara zilar koloreko lerroa dute, eta honen gainetik kolore beltzeko eta tamaina desberdinetako orbanak. Alboetan marra urdin bana dute eta kontraste polita egiten dute sabelaldeko laranjarekin eta goikaldeko kolore ilunagoekin. Kloaka leuna dute.
Eme heldua, aldiz, arra baino handiagoa izaten da, 8-12 cm-koa. Ez du gandorrik bizkarraldean eta hau, ez da urdin kolorekoa izaten. Orbanak, ez dira hain biziak eta kolore apalagoak dituzte (grisak, marroixkak edo berdexkak). Bizkarralde arrea dute eta erdialdean, lerro argiago bat izan dezakete. Alboetara marra urdin bana izan dezakete, orbanez betea, baina ez da arren kasuan bezain nabaria. Kloaka mehea eta zimurtua dute.
Uhandre hauek azala leuna dute ugalketa garaian, garai honetatik kanpo azal zimurtsua eta fase lehortarrean belus-itxurako azala izan ohi dute[4][5].
Arrautzak
aldatuEmeak arrautzak banan-banan atxikitzen ditu landare urpekarietan edo urperatuetan. Arrautzak 2 mm-ko diametrora ez dira heltzen[3], normalean 1,5 eta 1,8 mm-ko diametroa dute[2]. Hauek arre edo gris argi kolorekoak dira, polo begetatiboa (bitelo ingurua) animalia-poloa (nukleo aldea) baino argiagoa izanik.
Sexu dimorfismoa
aldatuSexu dimorfismo nabaria dute. Arrak emeak baino txikiagoak dira eta hauek baino kolore biziagoak aurkezten dituzte[2]. Emeek kolore apalagoak dituzte, arre-berde edo horixka kolorekoak eta alboetako marra urdinak ez dira hain nabariak. Arrek araldian gandor dortsal txikia baina koloretsu eta deigarria garatzen dute, buruaren atzealdetik buztaneraino doan gandorra. Buztanak araldian, gandor dortsalaz gain gandor bentrala edo sabelaldekoa ere garatzen du, aralditik kanpo duen buztanarekin konparatuz, handiagoa eta liluragarriagoa bilakatuz. Gandor dortsala zuri-horixka kolorekoa da, tarteka orban ilunek apainduta.
Emeek ez dute gandor dortsalik eta horren ordez luzera-zimur txiki bat dute. Arren kloaka ingurua borobildua da, handia eta leuna da, emeena txikia eta mehea, ez borobildua eta zimurtua.[6][7][8].
Pedomorfismoa
aldatuUrodeloetan pedomorfismoaren fenomenoa aski ezaguna da, bertan ale edo indibiduo helduek gazte edo larba baten ezaugarriak biltzen ditu. Fenomeno honen arrazoia azaltzeko maiz bizirauteko ingurumen baldintzetara jotzen da, alegia uretatik kanpo baldintzak txarrak badira pedomorfismoaren fenomenoa uler daiteke indibiduo helduek gazte edo larba ezaugarriak erretenitu ditzaketela (neotenia bidez garapena moteldu dezaketela) uretako baldintza onuragarriagoez baliatzeko[3], beraz kasu hauetan larben zakatzak kontserbatzea eta bizi urtarra kontserbatzea abantaila gisa uler daiteke. Baina badago ere arrazoi genetikoetara jotzen duten ikerlariek eta Europako hegoaldeko mendietan (hots, leku zehatzetan), hala nola Italian eta Balkanetan, gailurretako uhandrearen pedomorfismo kasu gehiago izateak arrazoi genetikoaren idea sustenga lezake[3]. Gainera uretatik kanpoko medioan baldintza onuragarriak badira ere pedomorfismo kasuak eman daitezke, baita ere aldi bateko edo behin-behineko ur putzuetan ere, alegia, larba ezaugarriak erretenitzen dituzten helduak aurkitu dira lehortzera kondenatutako ur putzu txikietan. Kasu berezi hauetan ale pedomorfikoek metamorfosia egin dezakete putzua lehortu aurretik, baita ugaldu ere oso gazteak izanda ere[3]. Arrazoia bata edo bestea izan, argi dagoena da urodelo asko fenomeno honetaz baliatzeak animalia hauen adaptazio eta malgutasun gaitasuna erakusten duela.
Pedomorfismoak ale heldu batek (sexualki heldua) ale gazte edo larben ezaugarri fisikoak izatea dakar, hala nola zakatzak mantentzea ur azpian ziklo osoa bete ahal izateko, baita ere bertan ugaldu, gonadak erabat garatuak dituelako. Tamaina eta beste ezaugarri morfoligokoak heldu batena dira[3].
Uhandre alpetarretan fenomeno hau beste uhandre espezie batzuetan baino gehiago ematen da, batez ere aurretik aipatu lekuetan, (Italia eta Balkanetako mendietan). Iberiar penintsulan populazio neoteniko (pedomorfismo mota bat) bakar bat ezagutzen da, eta hau 2.000 metroko garaieratik gorako Palentziako mendi batekoa da[3]. Euskal Herrian ez da momentuz populazio pedomorfikorik baieztatu modu ziur batean. Noizbehinka heldutzat pasa ahal diren larba handiak aurkitzen dira, baina ezin izan da ziurtatu benetan ale helduak, beraz pedomorfikoak, direnik[3].
Banaketa
aldatuEuropan, espezieak bakandutako populazioak mantentzen ditu Erdialdeko Europa eta Hegoaldeko Europako mendikate handietako goi eremuetan eta Iberiar penintsularen iparraldean, holartiko motako banaketa zabalago baten glaziar-osteko hondakinak izaki. Europako zati handi batean aurki daiteke[9][10][3], Iberiar penintsulako iparraldetik hasita, ipar Atlantikotik Danimarka[11], Ukraina[12], Errumania[13] eta Bulgariaraino[14]. Italiatik ere hedatzen da[3][9].Balkanetan[10] oso zabalduta dago eta Grezia inguruko zenbait populazio ikertuak izaten ari dira, etorkizun batean espezie berri gisa sailkatuak izan daitezkeenak[3]. Gainera, Ingalaterra hegoaldean ere sartu dute[15].
Iberiar penintsulako populazioak endemismo iberiarrak dira, gainontzeko Europako populazioekin ezberdintasun nahikoak ditu supespezie endemiko gisa hartzeko[3], iberiar penintsulatik kanpo Europako populazio gertuenak 600 km-ra daude, Frantzian, "Ichthyosaura alpestris alpestris" supespeziekoak. [3]. Gauza bera gertatzen da Europako gainontzeko leku ezberdinetako populazioekin, askotan banaketa ez jarraituak ditu, populazio ezberdinak isolatuta daude Europako zenbait lekutan eta horiek guztiek supespezie ezberdinak osatzen dituzte[3].
Euskal Herrian
aldatuEuskal Herriari dagokionez, bertan aurki daitezkeen 18 anfibio espezieetako bat da uhandre alpetarra edo gailurretako uhandrea[16]. Ordunteko mendilerroan eta Gorobel mendikatean ditu populaziorik onenak, gure lurraldeko mendebaldeko mugan. Hortik kanpo, Gorbeia aldean, Urkiolan, Aralarren eta Izkiko mendilerroan ere aurkituko dugu. Iberiar penintsulako subespeziearen mendebaldeko nukleo murritzaren zati dira populazio horiek. Mendi-eremuetan bizi da batik bat, eta mendigune desberdinetako populazioen artean ez dago jarraitasunik. Eremu horietan, gune egokietan aurki daiteke eta espazioa irregularki eta modu ez homogeneoan betetzen du.
Nafarroa Garaian Lokiz, Urbasa, Aralar eta Andimendi mendilerroetan[17] zein Ollaranen topa daiteke[3]. Gipuzkoan bere presentzia oso urria da eta Aralar mendilerro inguruetara soilik mugatuta dago, nahiz eta mendilerro horretako populazio handienak nafar aldean egon[3].
Bizkaian era Araban daude Euskal Herriko populaziorik handienak[3], Valderejoko natura parkean[18], Elgeako mendilerroan, Gorobelen, Ordunten, Armañóngo mendilerroan, Gorbeia inguruetan[19][20], Urkiolan, Entzian, Gasteizko mendiak-en[21]. Inguru hauetan bere garaiera ohikoena 800-1.200 metro ingurukoa da (nahiz eta beherago ere egon[19][20]), baina Amurrion, Urduñan eta Urkabustaizen 400-700 m-ko garaieretan ere aurki daiteke[3]. Otxandio, 500-600 metroko garaierako Urkiola eta Gorbeia artean kokaturiko udalerria izanik, leku potentziala da gailurretako uhandrearentzat eta bertan haintbat putzu sortu dira anfibio hau eta interes bereziko beste anfibio mota ezberdinak erakartzeko, emaitza positiboak ekarriz. 2021-an Otxandion gailurretako uhandrea eta baso-igel jauzkaria topatu zuten sortutako putzu horietan, bertan arraroak diren eta oso babestuta dauden bi espezie izaki[22].
Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean ez du presentziarik[23][16].
Habitata
aldatuUhandre alpetarra ur geldoetan ugaltzen da eta larbak bertan hazten dira. Ur-masa desberdinetan haz daitezke, esaterako, sakonera gutxiko urmaeletan (baita ibilgailu astunek mendi-bideetan egindako arrasto edo lorratzetan ere[19][20]), aintzira tenporaletan, laku eta ubideetan, urasketan, eta ur korronte geldoko ibai-ertzetan.
Euskal Herrian uhandre alpetar helduak izaera menditarra duenez, pagadi eta larre menditarretan aurkitzen da, korronte gutxiko ibilguetako putzu txikietan edo ur geldoetan, landaredidunak edo landaredi gabeak, sakonera gutxikoak edo sakonak, eta eutrofikoak edo oligotrofikoak direnetan. Nahiago du substratu arrokatsu zehatz bat egotea; lehorreko aldian larrean zehar mugitzen da. Ur-masek osatzen dute ugalketarako habitata. Penintsulako beste eremu geografiko batzuetan mendiko aintziretan aurki daiteke batik bat. Europan, aldiz, habitat ugaritan aurki daiteke, beheko eremuetan ugariagoa delarik.
Taxonomia
aldatuNomenklatura
aldatuGailurretako uhandrea edo uhandre alpetarra Josephus Nicolaus Laurenti austriar zoologoak deskubritu zuen lehen aldiz 1768-an, austriar Alpeetako Ötscher mendian (hortik bere izen zientifikoa, "alpestris" latinez alpetar baita). Laurentik "Triton alpestris" bezala izendatu zuen eta hori izan zen espeziearen lehenengo izena[24]. Izen hau uhandre alpetar emea izendatzeko erabili zuen, arra deskubritu zuenean beste espezie bat zela suposatuz "Triton salamandroides" gisa izendatu zuen eta espezie honen larbari "Proteus tritonius" izena jarri zion. Espezie bereko arra, emea eta larba, beraz, 3 espezie ezberdin gisa hartu zituen hasiera batean[25]. Geroago Europako uhandre gehienak bezala, "Triturus" generoan sartu zuten alpetar uhandrea. Ebidentzia genetikoek lehendik izendatutako "Triturus" genero horrek elkarrekiko erlaziorik gabeko leinu ezberdinak zituela frogatu zutenean[26][27][28] Mario García París, Pilar Herrero eta Albert Montori biologoek 2004-an uhandre alpetarra "Mesotriton" genero monotipikoan sartu zuten[29], Bolkay-k 1928-an subgenero gisa definitu zuena[30], espeziea orduan"Mesotriton alpestris" izendatuz.
Baina izenaren aldaketa ez zen horretan geratu, "Mesotriton alpestris" izena ipini eta gutxira, 2009. urtean, Alain Dubois eta Jean Raffaëllik beste izen bat proposatu zuten, antzinagoa zena eta beraz zoologia-nomenklaturan lehentasuna zuena. Izen hori "Ichthyosaura alpestris" zen, "Ichthyosaura" izen generikoa 1801. urteko nomenklatura bat zen, Sonnini de Manoncourt eta Pierre André Latreillek gailurretako uhandrearen larba izendatzeko sortua[31]. Antza, izen berri honek ("Ichthyosaura alpestris") zoologia-nomenklaruraren kode edo arau batzuk hausten ditu[3] eta horrexegatik Espainiako Herpetologia Elkarteko (AHE) taxonomia batzorde iraunkorrak 2014-an "Mesotriton" izen generikoa mantentzearen alde egin zuen[3]. Azkenik, urte horretan espezie honen banaketa eremu osoko biologo eta espezialisten artean "Ichthyosaura alpestris" izena oso zabalduta zegoenez 2016-an izen hori onartu behar izan zuten, gaur egun ontzat ematen den nomenklatura[3].
Subespezieak
aldatuAurreko ikuspuntuaren arabera 10 subespezie zenbatu zitezkeen, honako hauek:
- I. a. alpestris (Laurenti, 1768)
- I. a. apuana (Gray, 1850) Italia
- I. a. cyreni (Mertens & Muller, 1940) Espainia
- I. a. inexpectata (Dubois & Breuil, 1983) Calabria
- I. a. lacusnigri (Dely, 1960) Jugoslavia
- I. a. montenegrina (Radovanovic, 1951) Montenegro
- I. a. piperiana (Radovanovic, 1961)
- I. a. reiseri (Schreiber, 1912) Bosnia
- I. a. serdara (Radovanovic, 1961)
- I. a. veluchiensis (Wolterstorff, 1935) Grezia
Baina ikuspuntu gaurkotuenek 6 subespezietan uzten dute sailkapena[9], aurreko sailkapeneko subespezie batzuk subespezie bera zirelakoan, eta gaur egun sinonimotzat hartzen dira eta ez subespezie ezberdintzat[9]. Gaur egun onartzen diren subespezieak honako hauek dira:
- I. a. alpestris: Europa ipar-mendebaldean eta erdialdean. Hegoaldetik Austria, Alpeak eta Karpatoetako iparralderaino.
- I. a. apuana: Italian baina ez Alpeetan. Apeninoetan populazio isolatuak, Liguriatik Calabriaraino. I. a. inexpectata subespezie calabriarra I. a. apuana-ren sinominotzat hartzen da.
- I. a. cyreni: Espainiako ipar-mendebaldean. Peñalaran (Madril) eta Serra de Bufadors-en (Bartzelona) sartua ere, bertan ere ugaltzen delarik.
- I. a. montenegrina: Montenegron, partzialki neotenikoa. I. a. serdara eta I. a. montenegrina subespezie bereak direla aintzat hartzen da.
- I. a. reiseri: Dinariar Alpeetako iparraldean eta erdialdean eta Karpatoetako hegoaldean, Serbia eta Bulgariako mendebaldea barne.
- I. a. veluchiensis: Albaniako iparraldetik Greziako hegoaldean dagoen Peloponesoraino.
Ródopeetan (Vlasina, Serbia) antzinatik isolatutako populazio reliktiko batek subespezie propioa izan lezake[9]. Errumaniar Karpatoetako gailurretako uhandre populazio gehienek I. a. alpestris-ekin baino lotura estuago bat dute I. a . reiseri eta I. a. montenegrina subespezieekin, oraindik deskribatu gabe dagoen subespezie berri bat osatu dezaketelarik[9].
Autore batzuek gailurretako uhandreak espezie kriptikoak dituela argudiatzen dute eta hauek Ichthyosaura alpestris espeziearen subespezie kopurua murriztu egiten dute, gaurko supespezie batzuk espezie propioak (espezie kriptikoak) direlakoan[32][33]. Raffaëlli-k 4 subespezietan egin zuen banaketa 2018-an[33], baina Frost-ek hau ondorioztatzeko oraindik goizegi dela dio[32].
Eboluzioa
aldatuErnesto Recuero eta bere ikerlari kideen ustetan uhandre espezie honen populazioak Goiz Miozenoan banatzen hasi ziren, duela 20 millioi urte[10].
Fosil aztarnak, ordea, geroagokoak dira: Lehenengo fosilak Eslovakian aurkitutako Pliozenokoak[5] eta Italia iparraldean topaturiko Pleistozenokoak[34] dira. Era berean, Alemanian aurkitutako Miozenoko fosil bateko "Ichthyosaura randeckensis" espeziea gailurretako uhandrearekin estu erlazionatuta egon daitekeela diote zenbait ikerlarik[35].
Filogenetika molekularraren analisiek erakusten dute alpetar uhandrea bi talde nagusitan banatu zela, bata mendebaldekoa eta bestea ekialdekoa. Bi talde hauek, era berean, leinu nagusi bana ordezkatzen dute eta honek hein batean bere subespezieen banaketa azaltzen du. Antzinako ezberdintasun hauek gailurretako uhandrea subespezie ezberdinez osatutako espezie bakar bat izan beharrean, estu erlazionatutako espezie ezberdinen multzo generiko bat izateari ateak irekitzen dizkio[10][32][33]. Miozenoko tenperatura altuagoek edo itsas mailaren gorabeherek lehenengo populazioak banatu izan zitzaketeen, espeziazio alopatrikoa ekarri izan zezakeena, dena den, seguruenik leinuen arteko nahasketa bat egon zen. Serbiako Vlasina aintziraren populazioek gainontzeko populazioekin alderatuta DNA mitokondrial ezberdina dute, baita zaharrena ere. Ezberdintasun hau dagoeneko desagertutako populazio batengandik heredatu izan ahal dute[10]. Kuaternarioko glaziazioak seguruenik gotorlekuetara gordetze ziklo ezberdinak eta horrekin batera hedapen ziklo ezberdinak eragingo zituen, banaketa eremua aldatuz[10][36].
Aktibitatea eta bizimodua
aldatuUhandre alpetarra goizean-goiz eta ilunabarrean da bereziki aktiboa, baina normalean, gauez elikatzen dira. Azpiespeziearen arabera erabat urtarrak edo bereziki lehortarrak izan daitezke baina Euskal Herrikoak, bi faseak konbinatzen dituzte. Neguan hibernazioa burutzen dute, iraila-urrian hasita, otsaila ingurura arte.
Uhandre alpetarraren aktibitatea udaberriaren hasierarekin etortzen da, neguko hibernazioa urmaeletan edo urmaeletatik aldendutako lur zein harri azpian izandako etaparen ostean. Hibernazioa askotan urmaeletatik nahiko aldenduta eta sakabanatuta egiten dute, ur-masatik urrun. Baina urmael-ertzetako arrakaletan ere egin dezakete hibernazioa[3]. 1988-an, Andimendiko urmael txiki bateko ertzetako kareharri batzuetako zulotxo ezberdinetan 391 gailurretako uhandre aurkitu ziren hibernazioan, denak batera kontaktu estuan[3].
Lur lehorretan hibernatutako uhandreak martxo eta apirila bitartean gerturatzen dira ur-putzuetara, klimatologiaren arabera aurreratu edo atzeratu daitezkelarik[3]. Ur-masetara gerturatzen diren lehenak arrak izaten dira eta ugalketa normalean maiatza eta ekaina bitartean eman ohi bada ere populazio batzuetan uztaila eta abuztura arte luzatu daiteke, Urbasan eta Andimendin esate baterako abuztuan bertan ugalketa zantzuak nabaritu ohi dira, seguruenik urte osoa uretan igaro duten populazioetan[3].
Ugalketa eman denean, emeak arrautzak banan-banan ur azpiko hostoetan atxikitzen ditu. Laborategiko froga batean konprobatu zen arrautzen 90% baino gehiago hostoetan atxikitzeaz gain hostoak tolestu egiten zituztela arrautzak inguratu, ezkutatu eta gordetzeko, honela harrapari eta mendi garaietako Ultramore eguzki izpi kaltegarrietatik babestuta geratzen dira[3]. Urte batean 300 arrautza ipintzen ditu eta bere bizi osoan 1.500 ipintzera hel daiteke. Uhandre espezie honen bizi-itxaropena 10-20 urtekoa izan ohi da[3].
Espezieen arteko elkarrekintzak
aldatuHabitatak beste urodelo espezie ezberdinekin parteka ditzake, hala nola, arrabio arrunt, uhandre palmatu, uhandre marmolaire eta Triturus cristatus-ekin batera. Iberiar penintsulari dagokionez, soilik ondo kontserbatutako basodun (pagadi eta harizti batez ere) mendiguneetan da beste espezieak baino ugariagoa, gainontzeko guneetan kontrakoa, espezie urriena eta arraroena izan ei da, uhandre palmatua ugariena izanik[37].
Elikadura
aldatuUhandre alpetarraren larbek hasieran detritusa jaten badute ere, garapena pixka bat aurreratu ahala aktiboki elikatzen hasten dira. Hasieran, bereziki beste anfibioen arrautzez elikatzen da baina gerora, moluskuak, mikrokrustazeoen larbak (Daphniidae) eta intsektu urtarrak jaten dituzte. Beste uhandreen larbekin alderatuta, uhandre alpetarraren larben harrapakinak bentikoagoak dira.
Helduak sasoi epelean zehar etengabe jaten egoten dira, hibernaziorako gantz kopuru nahikoa pilatzeko. Uhandre alpetarraren zenbait azpiespezie soilik urtarrak dira eta beste zenbait bereziki lehortarrak. Haien dieta, beraz, duten bizimoduarekin erabat erlazionatuta egoten da. Honela, heldu urtarren dieta krustazeo txikietan, arretan, intsektu larbetan, ur-barraskiloetan eta uretara eroritako intsektuetan oinarritzen da. Aldiz, bereziki lehortarrak direnak, ahoan kabitzen zaien eta mugitzen den ia edozer jaten dute, esaterako, bareak, kilker txikiak, kotxinilak, arrak eta bestelako ornogabe txikiak. Euskal Herriko uhandre alpetarrek bizimodu urtarra eta lehortarra txandakatzen dute, bi dietak konbinatuz, beraz.
Harrapariak
aldatuSuge urzaleak dira bere harrapari nagusiak heldutan, hala nola suge biperakara eta suge gorbatadunak. Kantauriar sugegorriaren harrapakaritza kasu batzuk ere ezagutzen dira[3].
Salmonidoak ere arrautzen, larben zein helduen harrapariak dira eta gizakiak sartutako ur-masetan gailurretako uhandreen populazioetan beherakada nabarmena eragin dezakete[3].
Arrautza eta larben harrapari nagusiak kakalardo urpekariak eta odonatuen ninfak dira, baita ere bestelako artropodo urpekari harrapariak. Baina beste urodelo espezie batzuk ere harrapariak dira eta espezie bereko helduek ere kanibalismora jotzen dute aukera izanez gero[3].
Harraparien kontrako estrategiak
aldatuLarben zein helduen lehenengo defentsa erantzuna ihes egitea da. Amuarrainaren presentzia dagoen hezegunetan uhandra palmatuak ezkutalekuak areagotzen dituela antzeman da[38]. Batzuetan uhandre hauek hots labur eta zorrotz bat egiten dute arriskuaren aurrean, baita ere harrapariari hozka egin[37].
Helduek fase lehortarrean "Unken reflex" izenarekin ezagutzen den jarrera defentsiboa ere hartzen dute arriskuan daudenean, jarrera honetan gorputza, burua eta buztana altxatu eta arku baten moduan okertzen dira, hankak luzatu eta etsaiari sabelaldea erakusten dioten bitartean. Gailurretako uhandreetan, bestelako anfibioetan bezala, sabelaldeko kolore biziak kolore aposematikoak dira eta anfibioek azalean dituzten guruin toxikoei esker harrapariek kolore horiek toxikotasunarekin, zapore txarrarekin eta narritadurarekin lotzen dute. Jarrera defentsibo hau hegaztien eta ugaztunen kontra erakutsi ohi dute, sugeen kontra ez da hain ohikoa[39][40].
Parasitoak
aldatuNematodo eta helminto espezie desberdinak dira uhandre alpetarraren parasito arruntak. Gainera, mundu osoko anfibioetan modu kezkagarrian populazioen beherakada sortzen ari den onddoak ere, Batrachochytrium dendrobatidisek alegia, eragiten dio, Chytridiomycosi gaixotasuna sortuz.
Polystoma integerrimum, Opisthioglyphe ranae eta Isthmiophora melis trematodoak gailurretako uhandreak parasitatzen ikusi dira[41][37].
Hirudo medicinalis izainak parasitatutako uhandre alpetar ar bat ere topatu da, oso ahulduta zegoena eta minutu gutxira hil zena[42][37] eta ale gazteetan ranavirus kasuak ere antzeman dira[43][37].
Ugalketa eta ontogenia
aldatuUhandre alpetarrek heldutasun sexuala 3-5 urteekin hasten dute, baina altituderik altuenetan 20 urtera arte luza daiteke, bereziki indibiduo pedomorfikoen artean. Martxoaren erdialdera sakonera gutxiko ur-masetara migratzen hasten dira eta arrek orduan garatzen dute gandorra, eta euren azalak kolore deigarriagoak hartzen ditu. Arrek emeak gorteiatzen dituzte, isatsarekin dardar-mugimenduak eginez, era berean kloakatik feromonak askatzen dituztelarik. Emeek feromonen bidez arra aukeratu egiten dute eta honi jarraika hasten dira.
Ernalketa espermatoforoen bidezkoa da: arrek emea jarraika dutenean, lurrera espermatoforoa askatuko dute (espermaz beteriko paketea) eta emea honengana gidatuko dute. Emeak, orduan, kloaka ireki eta espermatoforoa barneratuko du.
Eme bakoitzak 70-390 arrautza jartzen ditu, batik bat ur-landareen hostoetan itsasten direnak, baina harri, adar eta eroritako hostoetan ere aurki daitezkeenak. Arrautzak banaka egon daitezke baina normalean 3-5 arrautzetako kate motzak eratzen dituzte. Larbek 2-4 astera eklosionatzen dute eta jaiotzen direnetik izaten dituzte aurreko hankak garatuta. 4-5 cm-ko luzera lortzean, metamorfosia burutu dezakete baina zenbait larba forma pedomorfiko eta neotenikoetan mantentzen dira.
Mehatxuak
aldatuAnfibio espezie guztiekin gertatu bezala, espezie honen mehatxurik handiena bere habitataren suntsipena da. Hezeguneak munduko ekosistema mehatxatuenak dira eta horrek ondorio lazgarriak ditu anfibio espezie guztientzat, hauen beharra baitute bere bizi-zikloa osatzeko. Abereentzako askak deuseztatzeak ere kalte egiten dio, espezie hau egitura horietaz ere baliatu egiten delako ugaltzeko. Ur-masetan egindako arrain zein karramarro sartzeek eragin kaltegarriak edukitzen dituzte, aldi desberdinetan harrapatzen baitituzte uhandre hauek: arrautza, larba eta ale heldu direnean, alegia[44].
Habitataren suntsipenaren eraginen artean honako hauek daude besteak beste: ur-putzuen lehortzea, kutsadura, nitrifikazioa eta eutrofizazioa[44].
Klima aldaketak ere arrisku larri bat suposatzen du, klima aldaketak muturreko baldintza klimatiko aldakorrak sortzen ditu eta anfibioak, izaki motelak eta mugikortasun gaitasun mugatua izanik, bereziki zaurgarriak dira baldintza aldakorretara.
Kontserbazioa
aldatuEuskal Herrian, bi katalogok zerrendatzen dute uhandre hau. Batetik EAEko Espezie Mehatxatuen katalogoan, 'Bakanak' kategorian sailkatuta dago, eta bestetik, Nafarroakoan, 'Sentikor' bezala. Euskal Herriko populazioen tamaina ez da oso handia oro har, eta hainbat ur-masatan, Aralarren esaterako, urria da. Hala ere, itxura guztien arabera populazioen tamaina egonkorra da, mendietako ur-hartzeak areagotzeak ugalketarako egokiak diren habitatak murriztu eta populazioak kaltetu baditzake ere. Azken 45 urteotan %40ko murrizketa adierazi dute Danimarkan, eta Herbehereetan ere egun erregresioan dagoela onartzen dute.
Kontserbazio neurriak
aldatuUr-putzuen eta urmaelen kalitatea kontserbatzea eta estaldura zuhaiztunen bidez zein igarobide ekologikoen bidez urmael eta ur-putzu ezberdinak lotzea eta saretzea ezinbestekoa da espeziarentzat. Oso garrantzitsua da ekosistema bere osotasunean aintzat hartzea eta urmael zatitu zein isolatuak lotzea populazio ezberdinen arteko nahasketa, aberastasun genetikoa eta mugikortasuna berma daitezen[45].
Irudiak
aldatu-
Arra
-
Eme bat
-
Arraren kolore deigarriak eta gandorra (bizkarrean eta isatsan)
-
Larbak
-
Arra eta emearen irudi bana
-
Jarrera defentsiboa
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- (Bideoa, gaztelaniaz) Censo de anfibios y reptiles en Urbasa-Andia / Anfibioen eta narrastien errolda Urbasa-Andian ( Navarra / Nafarroa Green, youtube).
- (Bideoa) El Tritón Alpino ((Pedro V. D (Wild Iberian Nature), youtube)).
- (Bideoa) Tritón alpino (Ichthyosaura alpestris) en Cantabria (LARQUE, youtube).
- (Bideoa) Tritón alpino y tritón palmeado (El catalejo, youtube).
Erreferentziak
aldatu- Edukiaren zati bat EuskalNatura.eus webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC BY-SA 3.0 ES Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).
- ↑ Eusko Jaurlaritza. (2013-7-5). Agindua, 2013ko ekainaren 18koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena. Honen bidez, Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrenda aldatzen da. .
- ↑ a b c «Tritón alpino - Ichthyosaura alpestris - Descripción» www.vertebradosibericos.org (Noiz kontsultatua: 2024-08-21).
- ↑ a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t u v w x y z aa ab ac ad ae af Gosá, Alberto. (2019). El tritón alpino: del bosque al raso. Aranzadi Zientzia Elkartea ISBN 978-84-17713-20-1. (Noiz kontsultatua: 2024-08-21).
- ↑ (Ingelesez) «Salamanders of the Old World» Salamanderland (Noiz kontsultatua: 2024-08-22).
- ↑ a b (Ingelesez) «Der Bergmolch: im Flachland wie im Hochgebirge zu Hause» www.nhbs.com (Noiz kontsultatua: 2024-08-22).
- ↑ (Ingelesez) «Field guide : Anfibios y Reptiles de la Península Ibérica, Baleares y Canarias (Barbadillo et al)» Caudata.org: Newts and Salamanders Portal 2008-10-24 (Noiz kontsultatua: 2024-08-22).
- ↑ (Gaztelaniaz) Alonso Bosch, Roberto. (2006). «García-París, M.; A. Montori & P. Herrero. 2004. Amphibia. Lissamphibia» Cuadernos de Herpetología vol. 20, no. 1 ISSN 1852-5768. (Noiz kontsultatua: 2024-08-22).
- ↑ (Gaztelaniaz) Diego-Rasilla, Francisco Javier; Ortiz-Santaliestra, Manuel E.. (2009). Los anfibios: naturaleza en Castilla y León. Casa de Burgos ISBN 978-84-92637-08-9. (Noiz kontsultatua: 2024-08-22).
- ↑ a b c d e f (Gaztelaniaz) «Guía de Campo de los Anfibios y Reptiles de España y de Europa» Ediciones Omega 2024-07-29 (Noiz kontsultatua: 2024-08-23).
- ↑ a b c d e f Recuero, Ernesto; Buckley, David; García-París, Mario; Arntzen, Jan W.; Cogălniceanu, Dan; Martínez-Solano, Iñigo. (2014-12-01). «Evolutionary history of Ichthyosaura alpestris (Caudata, Salamandridae) inferred from the combined analysis of nuclear and mitochondrial markers» Molecular Phylogenetics and Evolution 81: 207–220. doi: . ISSN 1055-7903. (Noiz kontsultatua: 2024-08-23).
- ↑ (Ingelesez) «Ichthyosaura alpestris (Laurenti, 1768)» www.gbif.org (Noiz kontsultatua: 2024-08-23).
- ↑ «Amphibians - Red Book of Ukraine» museumkiev.org (Noiz kontsultatua: 2024-08-23).
- ↑ (Ingelesez) Cogălniceanu, Dan; Székely, Paul; Samoilă, Ciprian; Ruben, Iosif; Tudor, Marian; Plăiaşu, Rodica; Stănescu, Florina; Rozylowicz, Laurentiu. (2013-04-30). «Diversity and distribution of amphibians in Romania» ZooKeys 296: 35–57. doi: . ISSN 1313-2970. (Noiz kontsultatua: 2024-08-23).
- ↑ (Gaztelaniaz) NATURALEZA, ORYX, LA TIENDA DEL AMANTE DE LA. «THE AMPHIBIANS AND REPTILES IN BULGARIA [L0015439 - 55,00€ : , Oryx. La tienda del amante de la naturaleza»] www.weboryx.com (Noiz kontsultatua: 2024-08-23).
- ↑ «Alpine Newt | NatureSpot» www.naturespot.org.uk (Noiz kontsultatua: 2024-08-23).
- ↑ a b ARANZADI. «EUSKAL HERRIKO ANFIBIOAK» ARANZADI (Noiz kontsultatua: 2024-08-22).
- ↑ Gosá Oteiza, Alberto; Garin Barrio, Ion; Rubio Pilarte, Xabier; Laza Martínez, Aitor; Cabido Quintas, Carlos; Fernández, Ane. (2019). «Seguimiento de anfibios en espacios protegidos del País Vasco y Navarra: II. Parque Natural de las sierras de Urbasa y Andía y Zonas Especiales de Conservación de la sierra de Aralar y Roncesvalles-Selva de Irati (Navarra)» Munibe Ciencias Naturales. Natur zientziak (67): 75–91. ISSN 0214-7688. (Noiz kontsultatua: 2024-08-23).
- ↑ Gosá, Alberto, ed. (2018). Seguimiento de anfibios en espacios protegidos del País Vasco y Navarra. I. Parques Naturales de Izki y Valderejo (Álava). Aranzadi Zientzia Elkartea (Noiz kontsultatua: 2024-08-23).
- ↑ a b c «Macizo de Gorbeia: Tritón alpino en Orozko» Macizo de Gorbeia 1 de abril de 2011 (Noiz kontsultatua: 2024-08-23).
- ↑ a b c «Macizo de Gorbeia: La resiliencia del Tritón alpino en Orozko» Macizo de Gorbeia 22 de junio de 2022 (Noiz kontsultatua: 2024-08-23).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Estudios técnicos del CEA - Diagnóstico de la situación de las poblaciones de tritón alpino en los Montes de Vitoria, 2022» www.vitoria-gasteiz.org (Noiz kontsultatua: 2024-08-23).
- ↑ «Baieztatu dutenez, baso-igel jauzkari espeziea aurkitu dute lehenengoz Otxandion, Iñola inguruko urmaelean - Otxandio» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2024-08-23).
- ↑ (Frantsesez) «Triton alpestre» Le portail technique de l'OFB.
- ↑ Laurenti, Joseph Nicolas; Laurenti, Joseph Nicolas. (1768). Josephi Nicolai Laurenti ... Specimen medicum : exhibens synopsin reptilium emendatam cum experimentis circa venena et antidota reptilium austriacorum. Joan Thomae (Noiz kontsultatua: 2024-08-22).
- ↑ (Alemanez) F. Schmidtler, Josef. (2007). «Die Wurzeln einer bayrischen Herpetofaunistik im 18. und beginnenden 19. Jahrhundert» Zeitschrift für Feldherpetologie 14.
- ↑ (Ingelesez) «A molecular phylogenetic perspective on the evolutionary radiation of the salamander family Salamandridae» Systematic Biology (Tom A. Titus; Allan Larson) 44:2: 125-151. ISSN 1063-5157..
- ↑ (Ingelesez) «A molecular assessment of phylogenetic relationships and lineage accumulation rates within the family Salamandridae (Amphibia, Caudata)» Molecular Phylogenetics and Evolution (Weisrock, D.W.; Papenfuss, T.J.; Macey, J.R.; Litvinchuk, S.N.; Polymeni, R.; Ugurtas, I.H.; Zhao, E.; Jowkar, H.; Larson, A.) 41:2: 368-383..
- ↑ (Ingelesez) Steinfartz, Sebastian; Vicario, Saverio; Arntzen, J.W.; Caccone, Adalgisa. (2007-03-15). «A Bayesian approach on molecules and behavior: reconsidering phylogenetic and evolutionary patterns of the Salamandridae with emphasis on Triturus newts» Journal of Experimental Zoology Part B: Molecular and Developmental Evolution 308B (2): 139–162. doi: . ISSN 1552-5007. (Noiz kontsultatua: 2024-08-22).
- ↑ Amphibia: Lissamphibia. Fauna Iberica. Vol. 24. Madrid: Museo Nacional de Ciencias Naturales, Consejo Superior de Investigaciones Científicas.. ISBN 84-00-08292-3...
- ↑ (Alemanez) Bolkay, J.. (1928-07-01). «Die Schädel der Salamandrinen, mit besonderer Rücksicht auf ihre systematische Bedeutung» Zeitschrift für Anatomie und Entwicklungsgeschichte 86 (3): 259–319. doi: . ISSN 1432-0568. (Noiz kontsultatua: 2024-08-22).
- ↑ Sonnini, C. S.; Sonnini, C. S.; Latreille, P. A.. (1802). Histoire naturelle des reptiles : avec figures dessinées d'apres nature. Imprimerie de Crapelet (Noiz kontsultatua: 2024-08-22).
- ↑ a b c (Ingelesez) «Amphibian Species of the World: An Online Reference. Version 6.1.» American Museum of Natural History (New York: Frost, D.R.) 6.1 bertsioa.
- ↑ a b c Raffaëlli, Jean. (2018). «Proposal for a new taxonomic arrangement of Ichthyosaura alpestris (Laurenti, 1768) (Urodela, Salamandridae), an iconic species with a complex phylogenetic structure» Alytes 36 (1-4): 178-193..
- ↑ Villa, Andrea; Blain, Hugues-Alexandre; Delfino, Massimo. (2018-01-15). «The Early Pleistocene herpetofauna of Rivoli Veronese (Northern Italy) as evidence for humid and forested glacial phases in the Gelasian of Southern Alps» Palaeogeography, Palaeoclimatology, Palaeoecology 490: 393–403. doi: . ISSN 0031-0182. (Noiz kontsultatua: 2024-08-30).
- ↑ (Ingelesez) «A new salamandrid from the Miocene Randeck Maar, Germany» Journal of Vertebrate Paleontology. (Schoch, R.R.; Rasser, M.W) 33: 58-66..
- ↑ Chiocchio, Andrea; Bisconti, Roberta; Zampiglia, Mauro; Nascetti, Giuseppe; Canestrelli, Daniele. (2017-06-07). «Quaternary history, population genetic structure and diversity of the cold-adapted Alpine newt Ichthyosaura alpestris in peninsular Italy» Scientific Reports 7: 2955. doi: . ISSN 2045-2322. PMID 28592856. PMC 5462806. (Noiz kontsultatua: 2024-08-30).
- ↑ a b c d e «Tritón alpino - Ichthyosaura alpestris - Interacciones» www.vertebradosibericos.org (Noiz kontsultatua: 2024-09-07).
- ↑ (Ingelesez) Orizaola, Germán; Braña, Florentino. (2003-11-01). «Response of predator-naive newt larvae to food and predator presence» Canadian Journal of Zoology 81 (11): 1845–1850. doi: . ISSN 0008-4301. (Noiz kontsultatua: 2024-09-07).
- ↑ Brodie, Edmund D.. (1977). «Salamander Antipredator Postures» Copeia 1977 (3): 523–535. doi: . ISSN 0045-8511. (Noiz kontsultatua: 2024-09-07).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Los anfibios» Fundación Caja de Burgos (Noiz kontsultatua: 2024-09-07).
- ↑ Motzel, W.; Haas, W.. (1985). «Studies on the attachment response of Isthmiophora melis cercariae (Trematoda: Echinostomatidae)» Zeitschrift Fur Parasitenkunde (Berlin, Germany) 71 (4): 519–526. doi: . ISSN 0044-3255. PMID 3875190. (Noiz kontsultatua: 2024-09-07).
- ↑ Álvarez Fernández, David. (2010). «Depredación de Mesotriton alpestris por Hirudo medicinalis en los Picos de Europa» Boletín de la Asociación Herpetológica Española ISSN 1130-6939. (Noiz kontsultatua: 2024-09-07).
- ↑ Balseiro, Ana; Dalton, Kevin P.; del Cerro, Ana; Márquez, Isabel; Parra, Francisco; Prieto, José M.; Casais, R.. (2010-11). «Outbreak of common midwife toad virus in alpine newts (Mesotriton alpestris cyreni) and common midwife toads (Alytes obstetricans) in northern Spain: a comparative pathological study of an emerging ranavirus» Veterinary Journal (London, England: 1997) 186 (2): 256–258. doi: . ISSN 1532-2971. PMID 19703784. (Noiz kontsultatua: 2024-09-07).
- ↑ a b «Tritón alpino - Ichthyosaura alpestris - Hábitat» www.vertebradosibericos.org (Noiz kontsultatua: 2024-09-07).
- ↑ Joly, Pierre; Grolet, Odile. (2001-01-01). «Habitat Matrix Effects on Pond Occupancy in Newts» Conservation Biology (Noiz kontsultatua: 2024-09-07).