Fuxianhuia Kanbriar garaian bizi izan zen artropodo bat da, gaur egun iraungita dagoena. Espezie bakarra ezagutzen da, Fuxianhuia protensa. Duela 520 milioi urte inguru bizi izan zen.

Fuxianhuia
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaArthropoda
OrdenaFuxianhuiida (en) Fuxianhuiida
FamiliaFuxianhuiidae
Generoa Fuxianhuia
[[|]]
Fuxianhuia protensa-ren interpretazio artistikoa.
Fuxianhuia protensa-ren marrazkia.

Fuxianhuia bereziki garrantzitsua da, izan ere ezagutzen diren burmuin konplexu eta sistema kardiobaskular zaharrenak baititu[1].

Aurkikuntza eta etimologia aldatu

Txina hego-mendebaldeko Maotianshan Shales aztarnategian aurkitu zen 1987 urtean, Fuxian lakuaren ertzean, hortik bere izena. 2012an aurkituriko fosil batek gaur egungo antzeko burmuina zuela erakutsi zuen eta 2014 urtean aurkituriko beste batek sistema kardiobaskular osoa gordeta zuen, bere bihotz eta odol-hodiekin. Burmuina zein sistema kardiobaskularra mota hauetako egituren ebidentzia zaharrenak dira.

Deskribapena aldatu

Orokorra aldatu

Fuxianhuiak lau zentimetro inguruko luzera zuen. Aurrealdean esklerito obalatu batez babesturik zuen burua. Bertatik bi begi pedunkulatu ateratzen zitzaizkion[2]. Hasierako deskribapenetan bi luzakin ere aipatu ziren, antenak izan zitezkeenak. Luzakin hauen morfologia bereziak zalantza asko eragiten ditu, Waloszek eta bere lankideek esate baterako digestio aparatuaren dibertikuluak izan daitezkeela proposatu dute[3].

Buruaren ondoren toraxa dator, 12-17 tergitaz osaturik zegoena, fosilaren arabera aldatzen da kopurua. Segmentu bakoitzak hanka pare bat zuen, ez zen ordea proportzioa beti betetzen. Toraxaren amaieran abdomen estuago bat zeukan, hankarik gabea. Amaieran telson itxurako arantzak zituen.

Burmuina aldatu

2012an aurkituriko fosilak kontserbazio-maila oso altua zuen, eta burmuina eta lobulu optikoak oso ongi bereizten zitzaizkion[1]. Garaiko artropodoek ez bezala Fuxianhuiak gaur egungo malakostrakoen, kilopodoen eta intsektuen antzeko burmuina zeukan, hiru ataletan banaturikoa[4]. Klado hauen banaketaren aurretik lorturiko egitura izan zela agerian uzten du aurkikuntza honek.

Sistema kardiobaskularra aldatu

2014an aurkituriko fosilak aurrez ez bezalako detailez erakusten du Fuxianhuiaren zirkulazio-aparatua. Odol hodien sare itxia azaltzen du, burualdean sarriagoa dena, eta burmuinetik gertu bihotz antzeko egitura bat ikusten da[5].

Sistema kardiobaskular garatu honek adierazten du burmuinak oxigeno-kopuru handien beharra zeukala[6].

Erreferentziak aldatu

  1. a b idatzia, Zientzia Kaiera-k; 2maiatza2014; Comentarios1. (2014-05-02). «Aro kanbriarreko bihotzak» Zientzia Kaiera (Noiz kontsultatua: 2019-04-14).
  2. (Ingelesez) Ramsköld, Lars; Edgecombe, Gregory D.; Zhou, Gui-qing; Chen, Jun-yuan. (1995-06-02). «Head Segmentation in Early Cambrian Fuxianhuia: Implications for Arthropod Evolution» Science 268 (5215): 1339–1343.  doi:10.1126/science.268.5215.1339. ISSN 0036-8075. PMID 17778981. (Noiz kontsultatua: 2019-04-14).
  3. «ScienceDirect» www.sciencedirect.com (Noiz kontsultatua: 2019-04-14).
  4. (Ingelesez) Strausfeld, Nicholas J.; Gregory D. Edgecombe; Hou, Xianguang; Ma, Xiaoya. (2012-10). «Complex brain and optic lobes in an early Cambrian arthropod» Nature 490 (7419): 258–261.  doi:10.1038/nature11495. ISSN 1476-4687. (Noiz kontsultatua: 2019-04-14).
  5. (Gaztelaniaz) Brocal, Santiago Campillo. (2014-04-07). «Así es el corazón más viejo del mundo» Caramelos (Noiz kontsultatua: 2019-04-14).
  6. (Ingelesez) «Sea creature fossil found with oldest-known cardiovascular system» news.yahoo.com (Noiz kontsultatua: 2019-04-14).

Kanpo-estekak aldatu