Fuera del juego (poema liburua, 1968)

poema liburua, Heberto Padilla kubatarrak idatzia, 1968an argitaratua

Fuera del juego poema liburu bat da, Heberto Padilla poetak (Puerta de Golpe, Kuba, 1932 - Auburn, Ameriketako Estatu Batuak, 2000) idatzia.[1] Padilla hizkuntza-irakaslea izan zen AEBetan, baita irrati-esataria eta katedraduna ere. 1959an itzuli zen Kubara, Revolución egunkarian eta Unión aldizkarian parte hartuz, eta Atzerriko Ministerioaren ordezkaria izatera heldu zen herrialde sozialista eta eskandinaviarretan.

Fuera del juego
Jatorria
Egilea(k)Heberto Padilla (en) Itzuli
Argitaratze-data1968
IzenburuaFuera del juego
Jatorrizko hizkuntzagaztelania
Ezaugarriak
Genero artistikoaolerkigintza

1966an poesia sari nazionala eman zioten Heberto Padillari, eta Fuera del juego poema-liburuak UNEACen (Union Nacional de Escritores y Artistas de Cuba) Julián del Casal saria jaso zuen 1968an, José Lezama Lima buru zuen epaimahaiaren eskutik. Hala ere, UNEACen Zuzendaritza Batzordea ez zen ados egon.

sari hori ematearekin, eta epaimahaiarekin bildu zen emandako sariaren inguruan eztabaidatzeko, uste baitzuen poemek “ideologikoki Kubako Iraultzaren kontra” egiten zutela. Heberto Padilla 1971an atxilotu zuten, Kubako Gobernuaren kontrako “jarduera subertsiboak” antolatzeaz akusatuta, eta Villa Maristan 38 egunez giltzapean egon ostean, Autokritika izenarekin ezaguna den bere obra irakurri zuen UNEACen, bere lanak eta aurretik adierazitako ideia guztiak ukatuz. Autokritika horrek ekarri zion umiliazio publikoaren ostean, ostrazismoa pairatu zuen, eta 1980 arte ez zuen izan erbesteratzeko aukerarik, nazioarteko presioaren eraginez lortu zuena.

Fuera del juegoren edukia aldatu

 
Fuera del juego poema-liburuaren idazlea, 1981ean.

Poema-liburu honek metrika desberdineko 33 poema ditu.

Autonomoa da botere politiko eta ideologikoarekiko eta, garai hartako Kuba bezalako estatu batentzat, arriskutsua zen hori. Poema-liburuak sistema bat osatzen du, ez zentsu diskurtsiboan, baizik eta gizakiarekin estuki lotuta doazen askatasuna bezalako balore etikoen sistema bezala. Askatasuna izango litzateke, beraz, Fuera del juego liburuaren eduki nagusia.

Izaera totalitarioko politikak hartzen zihoan estatu kubatarraren hainbat alderdi jorratzen dira poemetan. Poemetako batzuk boterea duen nagusi totalitarioari zuzentzen zaizkio, baita gero eta helburu abstraktuagoan (iraultza, aberria, gizatasuna) zentratu behar duen heroiari ere, bere bizitzari eta jarraitzaileenari uko egiteko gai dena, ondorioei buruz kezkatu gabe; heroiarentzat, heriotza absolutua da, gai da orainari uko egiteko etorkizun hobea lortzeko balio badu. Ados ez daudenen edota botereak dituen ideia eta ekintzak kritikatzen ausartzen direnen jazarpena da mekanismo horietako bat, eta jazarpen hori ere ageri da poema batzuetan, jazarri politikoaren figura, hain zuzen ere.

Era berean, interesgarria da nola aipatzen dituen “besteak”: ideia baten alde leialtasunez sakrifikatu behar dutenak, nahiz eta pentsatzeko, iritziak izateko edo ideiaren baten kontra joateko duten eskubidearen kalterako izan hori.

Padillak kritika zuzena egiten du, estetikoa dena degradatu gabe eta kalitatea mantenduz. Fuera del juegok jarrera etikoa hartzen du, Kuban gertatzen ari denaz eta gertatuko denaz ohartaraziz herria. Horren jatorrian egon daiteke, agian, Heberto Padillak SESBean kazetari eman zuen urteetan hurbiletik ikusi zuela zer gertatzen ari zen han, eta susmoa zuen gauza bera gertatuko zela Kuban. Bere lanaren bitartez, Padillak publiko egin nahi du zer gertatzen ari den irlan, eta, poemen bitartez, alerta-deia egiten die sinesgabeei, iraultzak eskaintzen dien fikziozko kontakizuna onartu dutenei edo onartzear daudenei; alerta-deia egiten du giza askatasunen kontura etorkizun hobe baten mezuaren atzean ezkutatzen den botere totalitarioaren makineriari buruz ohartarazteko. Horrela, erregimen totalitarioetan gehien erabili izan den metodoetako bat aipatzen du poetak: bat ez datozenen jazarpena eta suntsipena.

Abisua emateaz gain, estatu totalitarioak psikea menderatu eta kontrolatzen duela ere erakusten du poema-liburu honetan. Bere lanek konpromisoa dute gizatasunarekin, bere sentsibilitatearekin eta askatasuna erabiltzearen grinarekin.

Fuera del juegoren polemika aldatu

Saria aldatu

1966an polemika kultural baten erdigune bihurtu zen Heberto Padilla Juventud Rebelde aldizkarian, eta bere kritikak Fuera del juego (1968) poema-liburuan azaleratu zituen, bere zalantzak eta ikuspegi kritikoa desengainu bihurtu baitziren sobietar bloketik bere herrira itzuli zenean.

Padillak “Julián del Casal” poesia-saria irabazi zuen 1968an Fuera del juego liburuarekin, José Lezama Lima eta Manuel Díaz Martínez poetek, César Calvo perutarrak eta J.M. Cohen ingelesak osatzen zuten epamaimahaiaren erabakiaren ondorioz[2]. Hala ere, UNEACen (Union Nacional de Escritores y Artistas de Cuba) Zuzendaritza Batzordea ez zen ados egon sari hori ematearekin, eta epaimahaiarekin bildu zen emandako sariaren inguruan eztabaidatzeko. Azkenik poema-liburua argitaratu zen, baia poemek “ideologikoki Kubako Iraultzaren kontra” egiten zutela zioen UNEACen ohar batekin [3].

Atxiloketa eta autokritika aldatu

 
Sartre eta Beauvoir, Che Guevararekin, 1960an Kubara egin zuten bidaia ofizialean.

Hiru urte geroago, 1971an, Provocaciones liburu berriaren poema batzuekin errezitaldi bat eman ondoren, atxilotu egin zituzten poeta kubatarra eta bere emazte Belkis Cuza Malé idazlea. “Jarduera subertsiboak” antolatu izanaz akusatu zituzten, eta Heberto Padilla 38 egunez egon zen giltzapean Estatuko Segurtasunaren egoitza zen Villa Maristan. Aske geratu zenean, lankideen aurrean autokritika bat egitera behartu zuten: Autokritika izenarekin ezaguna den gertaera eman zen UNEACeko egoitzan (1971ko apirilean), non Herberto Padillak bere lanak eta aurretik adierazitako ideia guztiak ukatu behar izan zituen.

Ondorioak aldatu

Padillaren eta bere emaztearen atxiloketaren ondorioz, baita ostean eman zen umiliazio publikoaren eraginez ere, apurtu egin zen mundu osoko intelektual garrantzitsuek (besteak beste Sartre eta Simone de Beauvoir) Kubako gobernuarekin zuten harremana [4], eta argi geratu zen zein zen Kuban hamarkada bat zeraman prozesuaren benetako aurpegia.[5]

Heberto Padillaren lana aldatu

Padilla 1949an estreinatu zen Las rasas audaces poema-liburuarekin, eta 1962an Casa de las Américas erakundearen aipamena jaso zuen El justo tiempo humano idatzi zuen. Hurrengo urtean (1963) argitaratu zuen bere lehenengo eleberria, El buscavidas, eta 1964an La hora poema-koadernoa. Jakin badakigu 1966an aho batez eman ziotela Poesia Sari Nazionala, eta 1968an Julián del Casal saria Fuera del juego poema-liburuari, Provocaciones (1972) lanarekin batera Gobernuarekin haustea ekarri zuena.

Erbestean zegoela poema-liburu batzuk berrargitaratu zituen, eta beste batzuk lehenengoz argitaratu, bigarren eleberri bat idatzi zuen, En mi jardín pastan los héroes, 1960ko hamarkada bukaeran idatzi baina hamarkada baten ondoren berreskuratua zuena. 1989an Prohibido el gato polizia-eleberria idatzi zuen, baita bere bizitzako oroitzapenak ere: La mala memoria.

Aipatu ez diren gainerako lanak El hombre junto al mar (1981) eta Una fuente, una casa de piedra (1998) liburukietan daude jasota.

Hil ostean, 2012an, ezeztatu egin zen bere lanaren gaineko zentsura. Cauce aldizkariak 74 orrialdetik 50 eskaini zizkion 2011. urteko bere bigarren alean («un conjunto revelador de disímiles impresiones y acercamientos a la vida y obra del poeta»), 10 bat poema eta La mala memoria liburuaren pare bat pasarte jasotzen zituena. Hau izan zen Padillaren itzulera Kubara.

2013an berriro argitaratu zuten Padillaren lana Kuban, otsailean egin zen La Habanako Nazioarteko Liburu Azokarako. Luminarias eta Letras Cubanas argitaletxeek Una época para hablar liburua berrargitaratu zuten elkarrekin, nahiz eta ez zen salgai ipini. 1948tik 1981era idatzitako poemak jasotzen dira liburuki horretan, eta gainera, Otros poemas izeneko atal bat, eta bere belaunaldiko idazle batzuek lan horri buruz idatzitako artikulu eta iritzi batzuk ere. Padillaren emazte ohi Belkis Cuza Malé idazleak salatu zuen “lapurreta iraingarri eta makiabelikoa” izan zela berrargitalpen hori. Esan zuenez, haren izena eta lana erabili nahi izan zuten liburu-azoka lotsagarri horretan aurkezteko eta irlan adierazpen-askatasuna zegoelako itxura egiteko. Belkis Cuza Malék Puerta de Golpe izenarekin argitaratu zuen poetaren antologia pertsonal bat 2013ko otsailean.

Poesia aldatu

  • 1949: Las rosas audaces
  • 1962: El justo tiempo humano
  • 1964: La hora. La Habana: La Tertulia, Cuadernos de Poesía 10
  • 1968: Fuera del juego
  • 1973: Provocaciones
  • 1974: Poesía y política - Poetry and Politics, antologia elebiduna. Madril: Playor, Georgetown University Cuban series
  • 1981: El hombre junto al mar. Bartzelona: Seix Barral
  • 1998: Una fuente, una casa de piedra.
  • 2013:Puerta de Golpe, Belkis Cuza Malék egindako antologia. AEB: Linden Lane Press
  • 2013: Una época para hablar, bere poesia ia osotasunean jasotzen duen antologia. La Habana: Luminarias/Letras Cubanas

Narratiba aldatu

  • 1963: El buscavidas (eleberria): La Habana.
  • 1981: En mi jardín pastan los héroes, eleberria. Bartzelona: Argos Vergara
  • 1989: La mala memoria, entsegu autobiografikoa. Bartzelona: Plaza & Janés
  • 1989: Prohibido el gato, 1989an idatzitako polizia-eleberria, itxuraz argitaratu gabea.

Sakontzeko bibliografia aldatu

  • PADILLA, Heberto (1998): Fuera de juego ( oroitzapenezko edizioa 1968-1998). Miami, Ediciones Universal.
  • ARENAS, Reinaldo: "El caso y el ocaso de Padilla", Fuera del juego (oroitzapenezko edizioa 1968 - 1998)n . Miami, Ediciones Universal.
  • PAZ, Octavio (1998): "La auto humillación de los incrédulos", Fuera del juego (oroitzapenezko edizioa 1968 - 1998)n . Miami, Ediciones Universal.
  • ARENDT, Hannah (1974): Los orígenes del totalitarismo . Guillermo Solana (Itzul.). Madrid, Taurus.
  • PALENCIA, A.E.: "El proyecto creador frente al estado totalitario en Fuera del juego de Heberto Padilla y otras cartas a Milena de Reina María Rodríguez". Mitologías hoy, 15 zk., 2017, 351-366 or.
  • SUELDO, M.: "Dialogando con los futuros censores. Los casos de Heberto Padilla, Manuel Puig y Rubem Fonseca". Hipertexto, 15 zb., 2012, 65-78 or.
  • BERTOLO, C.: "Fuera de juego: casa con dos legitimidades es difícil de guardar". GUARAGUAO, 50 zb., 2015, 165-174 or.

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) Padilla, Heberto. (2013). Entre los poetas míos... Herberto Padilla. in: Colección Antológica de Poesía Social. 33 Biblioteca Virtual Omegalfa.
  2. «Documentos, Heberto Padilla (1932–2000)» www.literatura.us (Noiz kontsultatua: 2020-04-23).
  3. «Documentos, Heberto Padilla (1932–2000)» www.literatura.us (Noiz kontsultatua: 2020-04-23).
  4. (Gaztelaniaz) Staff, Rialta. (2018-05-09). «Primera carta de los intelectuales a Fidel Castro» Rialta (Noiz kontsultatua: 2020-04-23).
  5. (Gaztelaniaz) Staff, Rialta. (2018-05-10). «Segunda carta de los intelectuales a Fidel Castro» Rialta (Noiz kontsultatua: 2020-04-23).

Kanpo estekak aldatu