Friedrich Hölderlin
Friedrich Hölderlin (Lauffen, Wurtenberg, Alemania, 1770eko martxoaren 20a - Tübingen, Alemania, 1843ko ekainaren 7a) olerkaria izan zen.
Friedrich Hölderlin | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Lauffen am Neckar, 1770eko martxoaren 20a |
Herrialdea | Württembergeko Erresuma |
Lehen hizkuntza | alemana |
Heriotza | Tübingen, 1843ko ekainaren 7a (73 urte) |
Hobiratze lekua | Stadtfriedhof Tübingen (en) |
Familia | |
Aita | Heinrich Friedrich Hölderlin |
Ama | Johanna Christiana Gock |
Ezkontidea(k) | ezkongabea |
Haurrideak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Tübingengo Unibertsitatea Evangelical Seminaries of Maulbronn and Blaubeuren (en) Jenako Unibertsitatea Tübinger Stift (en) |
Hizkuntzak | alemana frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | poeta, liburuzaina, idazlea, itzultzailea, eleberrigilea, filosofoa, libretista eta haurtzaina |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Influentziak | Pietismo |
Mugimendua | erromantizismoa German idealism (en) |
hoelderlin-gesellschaft.de | |
| |
Bizitza
aldatuAita hil zitzaion oso gazte zela. Laster bereizi zuten amarengandik, eta teologiako ikasketak egitera eraman zuten Tübingengo apaizgaitegi protestantera; han Schelling eta Hegel ikaskideekin harremanetan jarri zen. 1793an ministro protestante izateko ikasketak egin zituen, gerora lanbide horretan sekula jardun ez bazuen ere. Frantziako Iraultzaren askatasun-ideiak kantatu zituen lehen poemetan (1789-1794), eta Grezia klasikoarekiko mirespena agertu zuen. Fichteren ikasle eta Schillerren adiskide izan zen Jenan, eta Weimarren Goethe eta Herder ezagutu zituen (1794-1795).
Frankfurten Gontard bankariaren seme-alaben irakasle gisa lan egin zuen (1795-1798). Haren emazte Suzettez maitemindu zen, eta hura izango da Diotima izenaren pean Hölderlinen obran agertzen den greziar emakume ideala. Harremanak moztera behartu zituzten (1799), eta Suitzan (1801) eta Frantzian (1802) bizi izan zen, zenbait familia ahaldunen etxeetan irakasle.
1804an adiskide bati esker eskuraturiko lanean, liburuzain jardun zuen, baina eskizofreniaren lehen zantzuek jota zuten orduko. Tübingengo eroetxean egonaldi bat egin ondoren, 1807tik hil artean, 37 urtez, zurgin baten etxean, Neckar ibaiaren ertzean, dorre batean bere burua itxirik bizi izan zen, Scardanelli goitizenez izenpeturiko olerki bitxiak idazten zituela.
Idazlanak
aldatuHölderlinen obran poesia-lana da ezagunena. Frantziako Iraultzak eragindako ereserkien ondoren, Hymne an die Menschheit (1791, Gizadiari ereserkia), Hymne an die Liebe (Amodioari ereserkia), Grezia klasikoa eta hango mitologia orainaldiko egoeretan eta esperientzietan itsasi zituen, neurri klasikoetara hurbiltzen diren olerkietan: Natur und Kunst oder Saturn und Jupiter (Natura eta artea edo Saturno eta Jupiter), Ganymed (Ganimedes), An die Parzen, Hyperions Schicksalslied (Hyperionen patuari kanta), Der Archipelagus, (1800, Uhartedia). Beste zenbait poematan, hala nola Brot und Wein (Ogi eta ardoa), bere sorterriari kantatzen dio. Poesiaz gainera, Hölderlinek Hyperion oder der Eremit in Griechenland (1797-1799, Hyperion edo Greziako eremutarra) gutunez egindako eleberria eta Der Tod des Empedokles (Enpedokleren heriotza) tragedia bukatu gabe utzi zituen.
Erreferentziak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Friedrich Hölderlin |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo loturak
aldatu- Eduardo Gil Berak emandako hitzaldia Friedrich Hölderlinen bizitza eta poesiari buruz 2013ko maiatzaren 2an. www.donostiakultura.tv
- Hölderlinen zenbait poesien irakurketa Kandido Urangaren eskutik 2013ko maiatzaren 2an. www.donostiakultura.tv