Francisca de Assis Martins Wood

Lehen aldizkari feministaren argitaratzailea

Francisca de Assis Martins Wood (Lisboa, 1802ko urriaren 4a1900eko azaroaren 27a ), Francisca Wood izenez ere ezaguna, idazle, editore, kazetari, itzultzaile eta feminista portugaldar bat izan zen. A Voz Feminina (1868-1869) astekariaren erredaktorea izan zen. Geroago O Progresson ere(1869) kolaboratu zuen, Europa osoan emakumeek bakar-bakarrik argitaratutako lehen aldizkari feminista.[1]

Francisca de Assis Martins Wood
Bizitza
JaiotzaLisboa, 1802
Herrialdea Portugalgo Erresuma
Lehen hizkuntzaportugesa
Heriotza1900 (97/98 urte)
Hobiratze lekuaBritish Cemetery (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzakportugesa
Jarduerak
Jarduerakeditorea eta idazlea

Biografia aldatu

Francisca Wood Lisboan jaio zen 1802ko urriaren 4an. Narciso Martins eta Teresa de Jesus Martinsen alaba zen. Jaio eta hilabetera, Lisboako Santos-o-Velho antzinako parrokiako elizan bataiatu zuten.[2] Han bizi izan zen hamalau urte bete arte.[3][4]

Nerabe zela, Ingalaterrara emigratu zuen gurasoekin, eta han bizi izan zen hainbat hamarkadaz. Bere gutunen bidez gaztetatik Londresko elite intelektualaren zirkuluetan ibili zela eta bertan hainbat adiskide egin zituela jakin izan da, geroago urte askotako korrespondentzia izan zuelako mugimendu feministako hainbat pertsona ospetsurekin, hala nola Marie Goegg, Lydia Becker eta Victoire Léodile Béra, André Léo ezizenaz ezaguna, edota Theodore Stanton, Elizabeth Cady Stanton feminista estatubatuarraren eta Henry Stanton abolizionistaren semea.[5]

1852ko uztailaren 17an William Thorold Wood-ekin ezkondu zen Londresen, erlijio-zeremonia protestante batean.[6] Willian musika irakasle, konpositore eta argitaratzailea zen, eta Charles Thorold Wood ornitologo ingelesaren semea, Anthony Wilson Thorold Rochesterko apezpikuaren lehengusua, eta John Thorold, Lincolnshireko bibliofilo, aristokrata eta politikariaren iloba. Bere familiako beste zenbait kide garrantzitsu, urte batzuk lehenago, Portugalen finkatu ziren; haien artean, Julius Wood, Funchal-en ministro presbiterianoa izan zena eta Robert Reid Kalleyrekin batera pairatu zuen jazarpen erlijiosoagatik 1843an Madeiratik ihes egin zuena, [7] edo Porton bizi ziren hainbat enpresaburu eta merkatari ingeles.[8][9]

1860ko hamarkadan, Francisca Wood Portugalera itzuli zen senarrarekin eta bi seme-alabekin. Lisboako Lapa parrokiako etxe batean bizi izan ziren eta auzo berean 'Luso-Britânica' tipografia ireki zuten.[10] Garai hartan, Portugalen emakumezkoen emantzipazioari buruzko eztabaida zabaldu zen eta hainbat gai hasi ziren lehen aldiz jorratzen, adibidez, sufragioa, emakumeen hezkuntza, dibortzio-legea, jabetza-eskubidea eta finantza-independentzia, eta baita emakumeek orduan sarbiderik ez zuten lanbideetan jarduteko eskubidea ere. Francisca Woodek Ingalaterran genero berdintasunaren aldeko erreforma garrantzitsuak ikusi zituen, eta Portugalera itzuli zenean herrialde hartako hainbat pertsona ospetsuk, atzerritar zein bertako, antolatutako gau-ekitaldi eta literatur areto femeninoetara joaten hasi zen, eta horrela ezagutu zituen Antónia Pusich, Guiomar Torrezão eta Maria Amália Vaz de Carvalho, besteak beste.

Handik gutxira, Francisca Wood emakumeen eskubideen alde publikoki militatu zuten Portugalgo lehen ekintzaileetako bat izan zen. Harekin batera, hainbat emakume izan zituen borroka kide, adibidez, Carolina Michaëlis de Vasconcelos, Maria Carvalho, Alice Pestana, Alice Moderno, Angelina Vidal, Antónia Pusich eta Guiomar Torrezão. Mugimendu honek etengabeko kezka agertu zuen emakumeen gizarte- eta genero-rolean ez ezik legezko terminoetan ere zegoen menderakuntza-estatusagatik, portugaldarrentzat lortutako eskubide asko ukatu egin baitzitzaizkion emakumeari.[11] Bestalde, Francisca Wood konturatu zen Portugalen emakume askok ez zutela inongo interesik adierazten eskubide-berdintasunaren aldeko borrokan, gaia ia tabua zela, eta egoera hori batez ere sistema patriarkalaren eta katolikoaren ondorio zela ulertu zuen. Sistema horrek, mendeetan zehar gizartean erroturik, etekin handia atera zion emakumeek gizartean paper aktiboa lortzeko pairatzen zuten aukera ezari, ama edo emazte gisa ez bazen; izan ere, hezkuntza-sistemak, garai hartan, ikasketak izateko edo karrera bat jarraitzeko eta bere independentzia lortzeko edozein aukera mugatzen zuen.

1868an, Francisca Wood A Voz Feminina astekariko zuzendari nagusi gisa lan egitera gonbidatu zuten. Han feminismoaren printzipioak zabaltzeko eta Portugalgo mugimenduarekin lotutako aurreiritziak desmitifikatzeko lan egin zuen, eta bere senarrarekin batera bi urtez kudeatu zuen aldizkaria.[12] Aldizkariak bere lau orrialdeetan emakumeei beren kezkak azaltzeko ahotsa emateko xedea zuen. Bertan, erradikaltzat jotako gaiak jorratu ziren, hala nola, John Stuart Mill-en genero parekidetasunaren doktrinak, Erresuma Batuan 1832 eta 1867an onartu ziren Erreforma Legeak eta kausa feministarekin zerikusia zuten beste hainbat gai eta albiste. Aldizkariak lehen zenbakitik "emakume askea gizon askearekin batera" leloa erabili zuen.[5] Publikazioko kolaboratzaile, editore eta idazle guztiak emakumeak ziren, horregatik eta jorratzen zituzten gaiengatik, Europako lehen aldizkari feministatzat hartzen da. [13]

Francisca eta William Woodek aldizkaria argitaratzeari utzi behar izan zioten prentsa katoliko eta kontserbadorearen aldetik jasan zituzten erasoengatik. Baina handik gutxira, prentsa nazionalera itzuli ziren O Progresso astekari politiko, literario eta kritikoarekin.[14] Irudi berria eta izenburu berria izan arren, aldizkaria, A Voz Feminina-ren jarraipena izan zen, eta horrela, Portugalen feminismoaren idealak zabaltzen jarraitu zuen. Franciscak hainbat polemika sortu zituen, nazio mailan eta baita nazioartean ere, bere "O que se faz lá fora" (Zer habil hor kanpoan?) izeneko iritzi-atalean idatziriko artikuluekin. Haietan, eguneko albiste nagusiak plazaratu eta jorratu egiten zituen, beti ere garrantzi berezia emanez «la querelle des femmes-i» (emakumeen borroka) [15] eta ideal errepublikazaleak azpimarratuz. Horren adibide dira Barbara Leigh Smith Bodichon eta John Stuart Millek Britainia Handiko Parlamentuan aurkeztutako eskaerari buruzko artikulua edota Espainiako Lehen Errepublika sortuko zuten Espainiako mugimendu politiko berriei buruzkoak.[16] A Voz Feminina eta O Progressoren idatziek mugaz gaindiko presentzia izan zuten, eta ingelesezko prentsaren hainbat aldizkari eta egunkaritan komentatu eta aipatuak izan ziren, hala nola The Athenaeum, Bern Journal [17] edo Victoria Magazine.[18]

Garai berean, Francisca Woodek atzerriko idazle feministen hainbat lan itzuli zituen; Charlotte Brontërenak, adibidez. Horrez gain, Grimm anaien haurrentzako hainbat ipuin ere itzuli zituen,[19] eta 1868an bere nobela bakarra argitaratu zuen: "Maria Severn".[20]

Hurrengo urteetan, Francisca Woodek hainbat desadostasun izan zituen Maria Amália Vaz de Carvalho idazlearekin, eta horrek bien arteko ezinikusia ekarri zuen. Horren ondorioz, Francisca Portugalgo kultur-mundutik kanpo gelditu zen, garai hartan Geração de 70 (70eko Belaunaldia) mugimendu akademikoaren inguruan eraturik zegoena.[5] Francisca eta William Woodek, O Progresso aldizkaria argitaratzen jarraitzeko laguntzarik gabe, kazetaritza-lana utzi zuten, hala ere, beren tipografia kudeatzen eta Lisboako argitalpen berrientzat lanean jarraitu zuten; animalien eskubideen babesari buruzko Zoophilo aldizkaria inprimatu zuten, adibidez.

Senarra hil eta bi urte eskasera,[21] Francisca Wood 1900eko azaroaren 27an hil zen, Lisboako Prazeres antzinako parrokiako 'Rua das Janelas Verdes' kalean zuen etxean, 98 urte zituela. 'Cemitério dos Ingleses' hilerrian lurperatu zuten, Lisboako Jardim da Estrela ondoan.

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) Bermúdez, Silvia; Johnson, Roberta. (2018-01-01). A New History of Iberian Feminisms. University of Toronto Press ISBN 978-1-4875-2008-3. (Noiz kontsultatua: 2022-02-24).
  2. «Livro de registo de baptismos - Igreja Paroquial de Santos-o-Novo» Arquivo Nacional da Torre do Tombo | DigitArq 1800–1804.
  3. (Portugesez) Silva, Innocéncio Francisco da. (1870). Diccionário bibliográphico portuguez: Suplemento, 1-15. Imprensa Nacional (Noiz kontsultatua: 2022-02-18).
  4. (Ingelesez) Bermudez, Silvia; Johnson, Roberta. (2018-02-05). A New History of Iberian Feminisms. University of Toronto Press ISBN 978-1-4875-1029-9. (Noiz kontsultatua: 2022-02-24).
  5. a b c (Ingelesez) Goulimari, Pelagia. (2018-10-22). Women Writing Across Cultures: Present, past, future. Routledge ISBN 978-1-351-58626-9. (Noiz kontsultatua: 2022-02-24).
  6. (Ingelesez) The Musical World. J. Alfredo Novello 1837 (Noiz kontsultatua: 2022-02-18).
  7. Marujo, António. (2006). «O escocês perseguido na Madeira por causa da sua fé» Jornal Público.
  8. (Ingelesez) Burke, John; Burke, Bernard. (1850). A Genealogical and Heraldic Dictionary of the Landed Gentry of Great Britain & Ireland. H. Colburn (Noiz kontsultatua: 2022-02-18).
  9. (Ingelesez) Russell, George William Erskine. (1904). Collections & Recollections. Smith, Elder (Noiz kontsultatua: 2022-02-24).
  10. (Ingelesez) Alonso, Claudia Pazos. (2020). Francisca Wood and Nineteenth-Century Periodical Culture: Pressing for Change. Taylor & Francis Group ISBN 978-1-78188-799-8. (Noiz kontsultatua: 2022-02-24).
  11. (Ingelesez) Bermudez, Silvia; Johnson, Roberta. (2018-02-05). A New History of Iberian Feminisms. University of Toronto Press ISBN 978-1-4875-1029-9. (Noiz kontsultatua: 2022-02-24).
  12. (Portugesez) Silva, Innocéncio Francisco da. (1870). Diccionário bibliográphico portuguez: Suplemento, 1-15. Imprensa Nacional (Noiz kontsultatua: 2022-02-24).
  13. Salvador, Teresa. (2009-06-01). «Em torno dos periódicos femininos» Cultura. Revista de História e Teoria das Ideias (Vol. 26): 95–117.  doi:10.4000/cultura.425. ISSN 0870-4546..
  14. Lopes, Ana Costa. (2012-06-01). «Religião e género como formas de discriminação no Século XIX: o casal Wood» Gaudium Sciendi (2): 51–64.  doi:10.34632/gaudiumsciendi.2012.2557. ISSN 2182-7605..
  15. Câncio, Fernanda. (2018). «Da ″basbaquidade dos homens″ e da ″bondade″ das mulheres: feministas portuguesas de há três séculos» Diário de Notícias.
  16. «Francisca Wood and Nineteenth-Century Periodical Culture» Modern Humanities Research Association.
  17. «Pioneering Portuguese feminism» University of Oxford | Wadham College 2020.
  18. (Ingelesez) Victoria Magazine. Emily Faithfull 1868 (Noiz kontsultatua: 2022-02-24).
  19. (Portugesez) Cortez, Maria Teresa. (2001). Os contos de Grimm em Portugal: a recepção dos Kinder- und Hausmärchen entre 1837 e 1910. MinervaCoimbra ISBN 978-972-798-023-9. (Noiz kontsultatua: 2022-02-24).
  20. (Portugesez) Oliveira, Américo Lopes. (1983). Escritoras brasileiras, galegas e portuguesas. Tip. Silva Pereira (Noiz kontsultatua: 2022-02-24).
  21. «Livro 57 : Testamento de Wiliam Thorold Wood» Arquivo Nacional da Torre do Tombo | DigitArq 1888.

Kanpo estekak aldatu