Francis Beaufort
Sir Francis Beaufort (Navan, 1774ko maiatzaren 27a - Hove, Sussex, 1857ko abenduaren 17a) irlandar hidrografo eta almirantea izan zen.
Frantziako higanot familia baten ondorengoa izan zen. Bere itsas ibilbidea Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainiako merkataritza-ontzi batean hasi zen. Gero, Napoleondar Gerretan esku hartu zuen.
1810ean Royal Navyko kapitain mailara igo zen eta handik gutxira itsasontzi baten agintea jaso zuen. Behaketa astronomikoak eta sakonerako zundaketak egiteko aprobetxatu zuen. 1829an Royal Astronomical Societyko kide hautatu zuten eta itsas armadako hidrografo izendatu zuten.
Beaufort zifraren eta Beaufort eskalaren sortzailea izan zen. Azken hori haizearen indarra neurtzeko erabiltzen da gaur egun.