Nafarroako Foru Hobekuntza

Foru Hobekuntzaren Legea» orritik birbideratua)

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Espainiako 13/1982 Lege Organikoa edo Nafarroako Foru Hobekuntza (gaztelaniaz, Ley Orgánica de Reintegración y Amejoramiento del Régimen Foral de Navarra edo LORAFNA) Espainiako 1978ko Konstituzioari jarraituz Nafarroa Garaiko foru erregimena gaurkotu zuen legea da. Nafarroa Garaiarentzako erregimen egitura politiko-administratibo berri hau Espainiako Erresumako beste autonomia erkidegoen estatutuen parekoa da, baina 1841eko erregimena du haren legitimazio iturritzat. Foru hobekuntza Nafarroako foru zuzenbideko kontzeptu historiko bat da, foruak aldatu ezin direla baieztatzen duena, salbu eta hobetuak izateko. 1982ko abuztuaren 16tik dago indarrean.

Nafarroako Foru Hobekuntza
Irudia
MotaAutonomia estatutu
Indarraldi1982ko abuztuaren 10a - 
Denbora-tarte1982ko abuztuaren 16a - 
Argitaratze-data1982ko abuztuaren 16a
HerrialdeaEspainia
Nongo eskumenen mendeNafarroa Garaia

1982ko martxoaren 15ean Nafarroako Foru Parlamentuak aldeko 49 bozekin (UCD, PSOE, UPN eta Alderdi Karlista) eta aurkako 5 bozekin (EAJ eta Euskadiko Ezkerra) onartu zuen Foru Hobekuntza. Bozketara ez ziren agertu Herri Batasunako 16 parlamentariak. Ondoren, Gorte Nagusiek onartu zuten eta 1982ko abuztuaren 16ean jarri zen indarrean. Legea onartu zen Hegoaldeko nafarrrei erreferendum bidez galdetu gabe.

Aurrekariak aldatu

Historiakoak aldatu

1841eko Foruak Eraldatzeko Legeak Nafarroa legez ia parekatu egin zuen Espainiako probintziekin, salbu eta administrazio- eta zerga-arloko baldintza gutxi baina berezi batzuetan: kupoa, nagusiki. Hala ere, Nafarroako Probintziako Aldundia>k 'foru aldundi' izendapen eta izaera aldarrikatu zituen 1867tik aurrera, eta 1841eko statu quo horrek segida izan zuen frankismoaren garaian, denboraren poderioz hainbat aldaketa eta berrikuntza izan zituen arren.

1973an, Franco diktadorea bere azkenetan zela eta aldaketa haizeak ikusita, Madrilgo agintariek eta erregimeneko Nafarroa Garaiko eliteek, Aizpún eta Del Burgo semea tartean, ordu arteko Nafarroako kode zibila eguneratu eta finkatu zuten 1973ko martxoan Foru Zuzenbide Zibilaren Bildumaren bidez (Nafarroako Foru Berria). Horretarako, Carrero Blanco eta Francoren babesa izan zuten (Estatuko Buruzagitzaren 1/1973 Legea), "batasun nazionala zatikatzen duten joerei" aurre egiteko.[1]

Sorburua aldatu

Urte horretatik aurrera, Hego Euskal Herriko lurraldeentzako estatus bateratu berri baterako giroa sumatzen zenean, Nafarroa Garaiko elite ekonomiko eta politikoetako hainbat pertsonaiak Nafarroako foruen jarraipenaren aldeko diskurtsoari eutsi zioten, aldaketa berrietatik aparte. Orduan, Madrilen konstituzioa onartu zen, legez Espainia berdintzen zuena. Luze gabe, Martin Villa Espainiako gobernazio ministroak 121/1979 Errege Dekretua agindu zuen Nafarroarako;[oh 1] horrek bertan behera utzi zuen de facto 1841eko erregimenaren jarraipena, eta 1982ko Foru Hobekuntzarako oinarriak jarri.[2]

Espainiako trantsizioan, Madrilera Foru Hobekuntza negoziatzera joan behar ziren bost nafar diputatuetatik bi baztertuak izan ziren, euskal abertzaleak zirelako, eta negoziaziotik kanpora geratu ziren Nafarroan frankismoaren kontra borrokatutako indar aktiboenak. Azkenean, Madrilera joandako zazpiko negoziazio batzordean, bost ordezkari eskuinekoak ziren; beste biak, berriz, Jesus Malon eta Gabriel Urralburu, PSOEkoak. Espainiako ordezkaritzan, Javier Ansuategi gobernadore zibila zegoen, bere burua faxistatzat zeukana. Negoziatutako egitura politikoa ez zen, gero, erreferendumean berretsi, estatuko gainerako autonomia estatutuak ez bezala.[3]

Edukia aldatu

Foru Hobekuntzaren edukia bestelako autonomia estatutu baten edukiaren antzekoa da: erkidegoko herri erakundeen antolaketa, eskumenak, etab. Kontzertu edo ekonomia hitzarmena 1978an hitzartu zutenez, ez zen oztopo hori egon Foru Hobekuntza aurrera ateratzeko. Hitzaurrean, 1512an Nafarroa Espainiari "lotu" (incorporada) zitzaiola adierazten da, inbasio militarrari erreferentziarik egin gabe,[3] kutsu nazionalista handiko testuan:

"Navarra se incorporó al proceso histórico de formación de la unidad nacional manteniendo su condición de Reino, con la que vivió, junto con otros pueblos, la gran empresa de España".[3]

Lehen artikuluan, "espainiar nazioan sartuta" dagoela baieztatzen du eta, are, laugarrenean, ez die aipamenik egiten historian Nafarroa izandako beste eskualde batzuei, hala nola Frantziako aldean Nafarroa ere existitzen dela.[3] 70. artikuluan, azkenean, era lausoan adierazten du beste euskal herritarrekin harreman bereziak izan behar dituela, "Euskal Autonomia Erkidegoarekin eta gainerako autonomia erkidegoekin" lankidetza hitzarmenak eratzeko aukera aipatuz, eta mendetako euskal-nafar batasunari ezikusia eginez.[3]

Euskarari dagokionez, Foru Hobekuntzako hizkerari kutsu baztertzailea dario. "El castellano es la lengua oficial de Navarra", halaxe hasten da 9. artikulua. Nafarroa hiru hizkuntza-eremuetan banatu zuen, eremu euskaldunean euskara hizkuntza ofizialtzat ezarriz 9. artikulu horretan. Ez da bertan euskararen balorazio baikorrik egiten, ezta nafar identitatearekin duen erlazioa, edo jasandako jazarpena. Horretan desberdina da beste autonomia erkidegoetako hizkeraren aldean, ez baitu adierazten Nafarroak berea duela hizkuntza hori, Gernikako Estatutuak ez bezala, adibidez.[3][oh 2]

Bilakaera aldatu

2020 aldera, Pedro Sánchez Espainiako presidenteak azaldu zuen Nafarroako Foru Berriko araudian gainditu egiten zirela Nafarroaren eskumenak eskubide zibilari buruz; haren irudiko, izan ere, estatuari zegozkion eskumen horiek esklusiban. Ondorioz, helegitea jarri zuen Espainiako Konstituzio Auzitegian Nafarroako funtsezko araudiaren kontra.[4]

Konstituzio Auzitegiak, berriz, errefusatu egin zuen Sanchezen helegitearen gehiena 2021eko irailaren 24an. Aldiz, onartu egin zuen helegitea hiru legeren kontra, baita beste hiruri ñabardurak ezarri ere, hala nola zuzenbide pribatuari buruzko auzietan estatuari azken ebazpen ahalmena aitortuz.[4]

Erreferentziak aldatu

  1. Diktadorea "Nafarroako seme kuttun" izendatu zuten esker onez; ikus Esparza, J.M. Aoiz, F. Zabaleta, P. (2016), 179-181, 265. or.
  2. Esparza, J.M. Aoiz, F. Zabaleta, P. (2016), 308-309. or.
  3. a b c d e f Esparza Zabalegi, Jose Mari. (2012). Vasconavarros: Guía de su Identidad, Lengua y Territorialidad. Txalaparta ISBN 978-84-15313-41-0..
  4. a b (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2021-09-24). «El TC español anula tres leyes del Fuero Nuevo navarro y matiza otras tres» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-09-24).

Oharrak aldatu

  1. Amadeo Marco Nafarroako aldundiko buruarekin batera ondua eta, horregatik, 'hitzartua' ere deitua; ikus Esparza, J.M. Aoiz, F. Zabaleta, P. (2016), 308. or.
  2. Gernikako Estatutuak aitortzen du "euskara d[el]a euskal herriaren hizkuntza", eta haren identitatearekin lotzen, baita beste adierazpen baikor batzuk ere.

Bibliografia aldatu

  • Esparza Zabalegi, Jose Mari; Aoiz, Floren; Zabaleta, Patxi. (2016). Tres tristes trileros; Arbeloa, Del Burgo y Aizpún. Tafalla: Txalaparta SL ISBN 978-84-16350-64-3..

Ikus, gainera aldatu

Kanpo Loturak aldatu

Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak:
Nafarroako Foru Hobekuntza

Kanpo estekak aldatu