Fernando Martínez Sanabria
Fernando Martínez Sanabria (Madril, 1925eko otsailaren 23a - Bogota, 1991ko abenduaren 26a), izengoitiz Chuli Martínez, jatorri espainiarreko kolonbiar arkitektoa izan zen.
Fernando Martínez Sanabria | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Madril, 1925eko otsailaren 23a |
Herrialdea | Espainia |
Heriotza | Bogota, 1991ko abenduaren 26a (66 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Kolonbiako Unibertsitate Nazionala |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | arkitektoa |
Bizitza
aldatuEspainian jaio zen arren, oso gazterik aldatu zen bere familiarekin Kolonbiara, 1938an, eta Bogotako Unibertsitate Nazionaleko Arkitektura Fakultatean ikasi zuen. Herri-lanetako Ministerioan hasi zen lanean 1948an, eta geroago familia bakarrerako etxebizitzen proiektu-egile gisa nabarmendu zen (Veraguas auzoko Banco Central Hipotecarioren etxebizitzak, 1956). Beste zenbait obra aipagarriren artean, azpimarratzekoak dira Barranquillako Caja Agrariaren eraikina (1961), Unibertsitate Nazionaleko Ekonomia Fakultatea, Bogotako Bavaria eraikina eta Pahlavi liburutegiaren proiektua (Teheran). Irakasle-lanetan jardun zuen, Unibertsitate Nazionaleko eta Andeetako Unibertsitateko Arte Ederretako katedradun gisa (Bogotan biak).
Bere arkitekturari dagokionez, nabarmen agertzen da paisaia barne-espazioetara erakartzeko asmoa. Argi naturala erabili zuen nagusiki, eraikinari askatasun eta dinamismo handia ematen zioten irekigune geometrikoen bitartez, eta horma bihurgunetsuak, maila desberdinak, sabai okerrak, eta funtzionaltasuna ere ezaugarri aipagarriak dira bere obran. Hainbat sari irabazi zituen, besteak beste, Kolonbiar Arkitekturako I. Bienalekoa (1960) eta ohorezko aipamena Donostiako Euro-Kursaal Turismo Gunearen proiektuaren zirriborroarekin (1963).
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.