Exkixu
Exkixu euskal musika taldea izan zen, 1990eko hamarkadan Gernika aldean sortua. Rock erritmoak albokaren doinuekin nahastea izan zen taldeko osagai berritzaile ezagunena.
Exkixu | |
---|---|
Datuak | |
Jatorria | Gernika (Bizkaia) |
Musika mota | Rock |
Urteak | 1990eko hamarkada |
Produkzioa | |
Diskoetxea(k) | GOR Diskak |
Taldekideak | |
Alex Sardui Iñigo Ibarretxe Jon Artetxe Josu Artetxe | |
Informazio gehigarria | |
www.gatibu.net | |
Gerora, Gatibu izan da, zelanbait, gernikar talde haren jarraipena.
Taldekideak
aldatu- Alex Sardui (abeslaria)
- Iñigo Ibarretxe (alboka)
- Jon Mikel Arronategi (baxua)
- Josu Artetxe (bateria)
Taldea
aldatuMitologia, erritu paganoak eta euskal tradizioa oso presente zeuden Gernikako (Bizkaia) talde honetan. Folkari rocka batzeko edota rockari folk instrumentuak gehitzeko ahalegina egin zuten, eta Busturialdetik Euskal Herri osora salto egin zuten, bizkaieraz abestuz eta arrakasta handiarekin. Hitzekin gertutasun handia lortu zuten, kaleratu zituzten bi diskoetan.
1990. urtean, Jon Mikel Arronategik (baxua), Josu Artetxek (bateria), Alex Sarduik (ahotsa) eta Aitor Albizuk (gitarra) Xe Osti taldea sortu zuten, baina ez zuten inoiz kontzerturik egin. 1991. urtearen hasieran, Gernikako Udalak abiarazitako ekimen bati esker, grabazio baterako diru laguntza jaso zuten. Hala, martxoan lau kantu grabatu zituzten Berrizko (Bizkaia) Lorentzo Records estudioan. Taldea bataiatzeko, Txillardegiren liburu esanguratsu baten izenburua hartu zuten: Exkixu. Horren ostean, kontzertu gutxi batzuk eman zituzten, baina taldeak ez zuen iraun.
Urte berean, uda aldera, Arronategik eta Artetxek Algortako Jose Miguel Guisan (gitarra) ezagutu zuten, eta entseatzen hasi ziren. 1992an, taldea ezagutarazteko, maketa bat grabatzea erabaki zuten, eta martxoan estudiora sartu ziren, Zornotzako Iñigo Ibarretxe albokariarekin. Aurreko grabazioarekin alderatuta, emaitza zeharo desberdina zen, nahiz eta oraingoan ere rocka eta folka batzeko ahalegina egin. Maketak bi disko etxeren interesa erakarri zuen, eta taldeak Iruñeko Gor aukeratu zuen. Bizkaian kontzertuak egiten hasiak ziren, eta 1993ko urrian Lorentzo Recordsen sartu ziren berriro. Diskoa grabatu aurretik, Josemi Guisanek taldea utzi zuen eta Esteban Mediavilla bilbotarrak ordezkatu zuen. Gabonen aurretik Exkixu (Gor, 1993) lehen diskoa kalean zuten. Kantu indartsuak dira, rockeroak, oso melodiko eta itsaskorrak, baina albokaren, trikitiaren eta gaitaren laguntzarekin tradizioari estuki lotuak. Are gehiago, bertsoak ere sartu zituzten. Kantu guztiak taldearenak dira, Motorheaden doinu batetik egokitutako Agur kantua izan ezik. Portu zaharra abestiko hitzak Joseba Sarrionandiaren olerki batetik hartuak dira. Maketatik bi abesti (Sua, sua eta Urruntasunaren ahotsa) hartu zituzten. Igor Elortzak eta Unai Iturriagak bertsoak idatzi zituzten, Joseba Tapiak trikitia jo zuen, eta Jose Alberto Batiz gitarristak (Akelarre, Tapia eta Leturia Band) punteoak sartu zituen Matxinada, Agur eta Aurkitu zintudan kantuetan.
Hiru hilabete agertokietara igo gabe egon ostean, 1994ko urtarrilean itzulerako lehenengo kontzertua egin zuten, Burlatan (Nafarroa). Diskoa ezagutzera ematen hasi ahala, kontzertuak ugaritzen joan ziren. Sua, sua izan zen kanturik arrakastatsuena, baina bizkaieraz abestutako hitzekin Euskal Herriko gazteriaren zati handi bat identifikatu eta leloak nonahi zabaldu ziren: harreman eta haragi kontuak, sentimenduak, askatasun egarria, aldarrikapena, matxismoaren salaketa... Bigarren diskoa grabatzea erabaki zutenerako urte eta erdi pasatu zen eta ordurako taldea kontzertuen zurrunbilo erraldoi batean murgilduta zegoen; taldekideak erdi profesional bihurtu ziren. Erritu paganoen eta mitologiaren kutsua indartzeko, kontzertuetan momotxorroek albokaren doinura egiten zuten dantza, eta taldearen ikur bihurtu ziren. Gaua heldu orduko ere (Gor, 1995) Lorentzo Recordsen grabatu eta nahastu egin zuten, 1995eko udan. Soinu teknikaria Josu Monge izan zen, eta ekoizpen lanetan Jose Alberto Batizek lagundu zuen.
Horretan Iñigo Ibarretxek, albokaz gain, txistua ere grabatu zuen; eta trikitia, berriz, Igor Arzuagak eta Ritxar Cuevasek jo zuten. Etxeko bertsolariak, Unai Ormaetxeak, bere tartea izan zuen. Hau dok umorie abestiko hitzak Asier Serranok idatzi zituen, Sexua, ze sua-renak Unai Iturriagak, eta Gure hitza-renak Iñaki Aurrekoetxea Arkotxak. Taldeak bilatzen ari zen soinua aurkitu eta instrumentuekin eskarmentu handiagoa hartu zuen. Are gehiago, folk instrumentuek —albokak, kasu— leku txikiagoa dute, eta gitarrak gainetik jartzen dira. Hitzei dagokienez, sorginak, Amaiur, sexua, bidegabekeriak eta iraultza dira gehien jorratutako gaietako batzuk. Hain zuzen ere, Sorginen leizean eta Amaiur bihurtu ziren diskoko kantu ezagunenak.
Kontzertu ugari egin zituzten, baina behin bakarrik irten zen taldea Euskal Herritik, Zaragozara (Espainia), preso baten aldeko jaialdira. Guztira, 300 bat emanaldi egin zituzten. 1996ko abenduan Euskal Herrian Euskarazen aldeko bilduma batean Benito Lertxundiren Loretxoa kantuaren moldaketa sartu zuten; hori izan zen kaleratu zuten azken kanta.
1997ko urrian, Ertzaintzaren polizia operazio baten ondorioz, taldea bertan behera utzi zuten. Hortaz, aste batzuk lehenago, urriaren 5ean, Pasaia-Lezoko Kilometroak jaialdian emandakoa izan zen taldearen azken kontzertu ofiziala. Horren ostean, baina, beste kontzertu bat egin zuten Errigoitiko txokoan, Idi Bihotz, Su Ta Gar, Mikel Markez eta Etxabe Anaiekin batera, Kepa Arronategi euskal preso ohiaren omenez. Gerora, Alex Sarduik, Jon Artetxerekin batera, Txulufrina eta arrosa diskoa kaleratu zuen, eta handik hiru hilabetetara Gatibu taldea sortzeko lehen urratsak egin zituzten. Jon Mikel Arronategik, berriz, Ken Zazpi taldean dihardu. Bi taldeek Exkixuren arrakastari eutsi diote.
Diskografia
aldatuErreferentziak
aldatu- Edukiaren zati bat «Exkixu» artikulutik hartua da. Artikulu hark Iker Barandiaran du egile, eta Creative Commons Aitortu-Partekatu Berdin 3.0 lizentziarekin argitaratu da Badok euskal kantagintzaren atarian.