Euskeraren berri onak
Euskeraren berri onak (izenburu osoa, jatorrizko grafian: Eusqueraren berri onac eta ondo escribitceco, ondo iracurteco ta ondo itzeguiteco erreglac) Agustin Kardaberazek idatzitako eta 1761ean argitaratutako liburua da.
Euskeraren berri onak | |
---|---|
Datuak | |
Idazlea | Agustin Kardaberaz (1761) |
Argitaratze-data | 1761 |
Generoa | Hizkuntza, erretorika |
Jatorrizko izenburua | Eusqueraren berri onac : eta ondo escribtceco, ondo iracurteco, ta ondo itzeguiteco erreglac / cura jaun, ta escola maisu celosoai Jesus-en Compañiaco Aita Agustin Cardaberazec esqueñtcen, ta dedicatcen dieztenac |
Hizkuntza | Euskara |
Gipuzkeraz idatzia dago, prosa arinean. Kardaberazen idazlan gehienak erlijio gaiei zuzenki lotzen zaizkien arren, lan honetan euskara du aztergai, izan ere, liburua euskal hizkuntzaren gorespena dela esan baitaiteke. Euskarak berak dituen baliabideak argitan eman eta beste hizkuntzen pare ezarri nahi du idazleak. Gaian eta gaiaren trataera ikusirik, zalantza gutxiz esan daiteke Larramendik eragina izan zuela liburu honen sorkuntzan[1]. Sarreraz gain, bederatzi atal ditu, izenburu oso argikoak:
- Beste hizkundeen aldean euskara
- Euskeraren hizkerak edo dialektoak
- Ondo hitz egiteko eta eskribitzeko molde edo artea
- Ondo eskribitzeko erregelak
- Ondo hitz egiteko beste erregelak
- Euskeraren arte edo gramatika
- Euskerazko gramatikaren erregaliak
- Euskerazko erretorika nola dan
- Kristau doktrinaren erretorika
Adibide gisa, lehen ataleko zati bat, hizkuntza jasoak (latina eta grekera, Kardaberazen ikuspuntutik) eta euskara konparatzen ari delarik:
« | Izkunde estimatu oiek biak ere beren oreñak edo tatxak bazituzten len; baña gero, asko-jakiñen artean oi dana, egunoro ta obeto polikitu ta apañduaz biak joan dira. Orañ dakuskuna da, jakintsuen ta jakinzaleen izkera edo lengoajeak latiña ta griegoa dirala: ta latiñaren estimazioa are andiago da, zeren Eleizaren izkera santa dan, eta gure Fedeko libru sagradu guziak latiñez daukatzigun.
Gure euskerak bazter oietan orrelako gizaseme andien patu onik izan eztu. Baña latin ta griegoak asko-jakiñen ditxa ta gloria ori izan badute, bere modura marabilla txikiago ezta, baizik miragarrizko prodijio andiago, euskera, soll-soll, bakarrik edo nik eztakit nola, bizirik ainbeste sekuletan egon dan ta dagoen: añ berez ta beregan, añ argi ta garbi, bere erio ta arerio guzien damu gorri gaixtoan badere. Alere asko, egieki, euskera galdu da. Baña ori ezta euskararen, ezpada euskaldunen desonra: bada oiek polikitu, apañdu eta edertu bearrean, lotsari gabe berak beren nagitasunez itxustu, larrutu ta desegin izan dute. |
» |
Erreferentziak
aldatu- ↑ «Euskeraren berri onak (1761). Agustin Kardaberaz - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-06-24).