Euskaraz eta kitto! izenarekin ezagutzen da 1982an Eibarko Udalak, Mikel Larrañaga alkateak sinatuta, atera zuen udal bandoa, zeina 1982ko abenduaren 21ean egin zen publiko[1]. Agiri eta aldarrikapen publikoaren azken hiru hitzak dira euskaraz eta kitto. Hitzok oihartzuna izan zuten eta hurrengo urtean Korrikaren lelo bilakatu ziren, eta oinarri izan ziren gainera Eibarko Eta Kitto euskara elkartea eta tokiko aldizkaria izendatzeko. Euskara sustatzeko ekintza bat entzutetsua izan zen bandoaren argitarapen eta hedapena.

Sorkuntza aldatu

1982an, Eibarko gau-eskola edo euskaltegia, eragile multzo bat eta Udala batzorde misto batean ari ziren elkarlanean, eta sentsibilizazio kanpaina bat antolatu nahi izan zuten. Iñaki Osoro zinegotziaren bidez kontaktatu zuten Bilboko Paradox diseinu-agentzia berriarekin, zeinak Txomin Barullo konpartsarentzat irudi-kanpaina erakargarri eta apurtzaileak egin izan zituen, eta halaxe sortu zen ideia: testu bat gaztelaniaz hasiko zena, euskaraz amaitzeko, eta letra tipoan txikitik handira joango zena. Kartel ikonikoa sortu zuten horrela[1][2], Times Roman letra tipoan idatzia[3].

Testua aldatu

« De parte del Sr. Alcalde de esta Villa Armera se hace saber a todos los ciudadanos: Que no es el euskara, como antaño, lengua mayoritariamente utilizada en esta población por lo que es preciso esforzarse en su uso. Y como no es justo pedir a otros que aprendan nuestro idioma cuando quienes lo saben no lo utilizan corrientemente, dei eta dehiadar egiten zaio euskaldun jendeari euskara gure hizkuntza gaurdanik bertatik erabiltzera etxean zein jendaurrean, Eibar herri euskalduna izatea lortu arte arrazoizko epe batetan. Ez da atxakiarik ez mintzatzeko ezagutzen eta maite den hizkuntzaz: Horregatik aldarrikatzen dugu: euskaraz eta kitto! »
Alkate Jauna. Mikel Larrañaga. Eibar 82-12-21

Ondorengoak aldatu

Bandoak beste udal batzuetan ere oihartzunea eta zabalkundea izan zuen. Donostiako alkate Ramon Labaienek eibarko alkatea zoriondu zuen. Eta hurrengo urtean, 3. Korrikak lelotzat hartu zuen bandoaren amaieran, "euskaraz eta kitto" esamoldea[4]. Alderdi grafikotik, Larrañaga alkateak aipatu izan duenez, Pompidou zentroan egon zen ikusgai bandoa[2].

1988an Udala euskarazko hilabetekari bat argitaratzen hasi zen Eta Kitto izenarekin. 1992an euskara elkartea sortu zen Eibarren izen berarekin, eta elkarte honek hartu zuen aldizkariaren ardura[5].

2022an, Eibarko Udalak beste bando bat kaleratu zuen urteurrena markatzeko. Diseinua berreginez letra txikitik handira, News Roman tipora aldaketa bat gertatu zen, eta mezu desberdinarekin: lehenbizi agertzen da euskara hizkuntzaren izena 35 moldetan (alfabeto ez latinoak barne), eta gero erremate hau: "Euskeria, Euskara esaten dioguna: es mi lengua y tu lengua, eibartar guztiona". Eibarren egindako inkesta baten arabera, mintzatzen diren 70 ama-hizkuntzen artean 35 agertu ziren afixa berrian, tamainak hiztun kopurua adierazten zuelarik[3].

Erreferentziak aldatu

  1. a b «“…euskaraz eta kitto!” bandoak 40 urte beteko ditu abenduaren 21ean, San Tomas egunean» Egoibarra.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-22).
  2. a b Ordoñez Garmendia, Jon. «Eibarko '...euskaraz eta kitto!' bando ezagunak 40 urte bete ditu» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-12-23).
  3. a b «'Euskaraz eta kitto' bandoaren 40. urteurrenean, beste bando bat Eibarren» sustatu.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-23).
  4. «3 Korrika» Korrika (Noiz kontsultatua: 2022-12-23).
  5. 33 urtetako ibilbidearen ondoren. , 10-12 or..