Euskararen Nazioarteko Eguna

euskaldunek beren hizkuntza goraipatzeko eta bizirik dagoela ospatzeko hautatu zuten eguna
Euskararen nazioarteko eguna» orritik birbideratua)

Euskararen Nazioarteko Eguna, ENE, euskararen aldeko ospakizun eguna da, abenduaren 3an[2] egiten dena, Frantzisko Xabierkoaren egunean; izan ere, Frantzisko 1552ko abenduaren 3an hil zen, euskara zuen berezko hizkuntza eta, kondairak dioenez, hil aurreko azken hitzak bere ama-hizkuntzan eman zituen, euskaraz.

1949ko Euskararen Eguneko idatzia. / Iturria: Eusko Ikaskuntza via Alea.eus[1].
Erbestetik, Eusko Jaurlaritzak Parisetik argitaratutako Euzko Deya egunkaria (1949).

1930an Eusko Ikaskuntzak ezarri zuen egun hau euskararen nazioarteko egun gisara. Lehen ospakizun egun horrek “lotsa handia litzateke guk, Euskaldunok, geure hizkuntza galtzen ikustea” izan zuen goiburu.[3] Gerra Zibilaren ostean, 1949an berpiztu zen, Buenos Airesko Laurac Bat elkartean eta, besteak beste, mundu osoko euskaldunei euskara landu eta sendotzeko laguntzak eskatzen zizkieten. Frankismo garaian, Ipar Euskal Herrian eta Amerikako zenbait lekutan ospatzeko beste aukerarik ez zen izan, Espainiako diktadurako zentsuraren ondorioz. 1995ean Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak bat eginik, Euskararen Nazioarteko Eguna instituzionalizatu zuten.

Euskararen Egunak hainbat izen izan ditu. Lehendabiziko edizioan "Eskuararen Eguna" erabili zen eta ondorengo urteetan "Euzkararen eguna" edo "Euzkara Eguna" bezala izendatu zen, (garai hartan euskara hitzak eguzki hitzarekin lotura etimologikoa zuela uste zen, hortik geroago baztertu ziren *euzkara, *euzko eta Euzkadi horiek). Egun, Euskararen Eguna edo Euskararen Nazioarteko Eguna erabiltzen dira[1].

Erreferentziak aldatu

  1. a b «Zergatik ospatzen da Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an?» Alea.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-03).
  2. «Zergatik ospatzen da Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an?» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-12-02).
  3. PAGOLA, Rosa Miren. «Euskararen Eguna eta Eusko Ikaskuntza» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-03).

Kanpo estekak aldatu