1982ko Euskal Autonomia Erkidegoko euskararen legea

Euskararen Normalizazioaren Legea» orritik birbideratua)

Euskararen legea, ofizialki 10/1982 Legea, azaroaren 24koa, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa, 1982an Euskal Autonomia Erkidegoan onartu zen legea da, euskararen egoera arautu zuena. Legeak garrantzi berezia izan du euskararen normalizazioan, Euskal Irrati Telebistaren sorreran, D ereduan eta euskararen koofizialtasunean.

1982ko Euskal Autonomia Erkidegoko euskararen legea
Jatorria
Argitaratze-data1982
Ezaugarriak
Argumentu nagusiaeuskara

Legearen edukia aldatu

Lehen Tituluak hizkuntzaren alorreko herritarren eskubideak eta herri-aginteen betebeharrak aipatzen ditu[1].

Bigarren Tituluak herri-aginteen jarduera arautzen du. Lehen kapituluak euskararen erabilera herri-administrazioan aipatzen du eta bertan Autonomia Erkidegoaren herri-administrazioarekiko harremanetan euskara zein gaztelania erabiltzeko eskubidea aitortzen da.

  • Erregistro publikoetan dokumentuak lerrokatzea ere arautzen da eta agintzen da arau-xedapen zein administrazio-ebazpen eta -ekintza orok bi hizkuntzetan idatzita egon beharko duela argitaratzeko, jakinarazpen eta adierazpenak bezala.
  • Justizia Administrazioarekiko harremanetan, herritar guztiei esku ematen zaie beren aukerako hizkuntza ofizialaz baliatu ahal izateko.
  • Autonomia Erkidegoko herrien eta, oro har, toponimo guztien izen ofizialak finkatzeko eskumena Jaurlaritzari, lurralde historikoetako foru-organoei edota toki-erakundeei aitortzen zaie.
  • Bide-seinale eta mezuak nola idatzi arautzen da. Bi hizkuntza ofizialen arteko zinpeko itzultzaile titulua lortzeko eta emateko baldintzak arautzeko ahalmena Jaurlaritzari ematen zaio eta, halaber, itzultzaile zerbitzu ofiziala sortzekoa.
  • Herri-aginteek erabili beharreko inprimaki edo idazki-eredu ofizial guztiak bi hizkuntzetan egon beharko direla zehazten da, eta baita Euskal Herritik abiatzen diren garraio publikoko zerbitzu guztietan ere.
  • Herri-administrazioari atxikitako langileria gero eta euskalduntzeko neurriak aurre ikusten dira.

Aurrekariak aldatu

 
Euskaltzaindiak bultzatutako Bai Euskarari kanpainaren argazkia.

Francisco Francoren diktaduraren amaieran euskararen aldeko mezuak biderkatu ziren, urte horietan garatzen ari zen euskalgintzaren aldetik. Euskaraz ikasteko eskubidea, administrazioak euskaraz artatzekoa, euskarazko komunikabideen aldekoak... mugimendu sozial sendoa zegoen euskararen alde.

Donostian, 1976an, 24 ordu euskaraz ekimena antolatu zen, Euskaltzaindiaren alde. Anoetako belodromoan egindako jaialdi handi batean (Mikel Laboa, Xabier Lete, Gorka Knörr edo Jean Mixel Bedaxagarren musikarekin) eta, paraleloan, euskarazko hedabideen alde egindako Herri Irratiak egindako ekimenean euskararen ofizialtasunaren aldeko leloa hedatu zen[2][3].

Euskaltzaindiak 1978an Bai Euskarari kanpaina abiatu zuen. 1978ko ekainaren 17an izan zen bukaerako ekitaldia: Bilboko San Mames futbol zelaian Bai Euskarari festibala egin zuten.[4] Han parte hartu zuten euskal abeslarien eta musika taldeen (Pantxoa eta Peio, Urko, Mikel Laboa, Xabier Lete, Oskorri...) jardunarekin, zuzeneko disko bat grabatu eta plazaratu zen.

Espainiako 1978ko Konstituzioaren 3. artikuluak, gaztelania ezagutzeko derrigortasuna ezartzen du, baina beste hizkuntza batzuk ere euren eremuan ofizialak izateko aukera eskaintzen du[5]. Hori baliatuz, 1979ko Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutua handik urte betera onartu zenenean, jada euskararen, hezkuntzaren edo komunikazio-esparruaren inguruan arautzeko aukera ematen zuena[6].

« 6. artikulua
  1. Euskara, Euskal herriaren hizkuntza propioa, hizkuntza ofiziala izango da Euskadin, gaztelania bezala, eta bertako biztanle guztiek dute bi hizkuntzok jakiteko eta erabiltzeko eskubidea.
  2. Autonomia Erkidego osorako erakundeek, Euskal Herriaren aniztasun sozio-linguisikoa kontutan hartuz, hizkuntza bion erabilera bermatuko dute eta bion ofizialtasuna arautuko, eta beren ezagutza ziurtatzeko behar diren neurri eta baliabideak bideratu eta arautuko dituzte.
  3. Inor ezin izango da hizkuntza dela-eta diskriminatu.
  4. Euskarari dagozkionetan, Euskaltzaindia erakunde aholku-emaile ofizial da.
»


1982ean ETB sortzeko legea onartu zen eta, handik gutxira, euskararen legea. Euskadi Irratiak berak lehen emisioa euskararen legea onartu aurreko egunean egin zuen eta, behin legea onartuta, berau irakurri zuten saio berezi batean[3].

Onarpena aldatu

Legea 1982ko azaroaren 24an onartu zen[7] aho batez[3] Garai hartan Hezkuntza sailburua Pedro Miguel Etxenike fisikaria zen. Onarpen diskurtsoan honakoa esan zuen, legea babesteko[3]:

« Tolerantzia, laisser faire, laisser passer hizkuntzaren kontuan, izan da betidanik eta, ziurrenik gaur egun ere, gehien praktikatu den politika. Politika horrek, liberalismo ekonomikoa bezala, beste edozein neurri bezain eraginkorra da -eraginkorrena egia esan, ez baituzu ezer ere egiten, eta beraz ez duzu inongo ardurarik gainean eraman behar- hizkuntza batzuk babestu eta beste batzuk zokoratzeko; bada, beraz, politika bat, eta ez politika eza. »

[oh 1]


Onartzeaz bat, Espainiako Gobernuak Espainiako Konstituzio Auzitegian errekurritu zituen legeak, eta ez zitzaien azken onarpenik eman 1986ra arte, impasse egoera batean utziz bertan jasotzen ziren gai asko.[8]

Ondorioak aldatu

Legearen onarpenarekin, besteak beste, Euskal Irrati Telebista, D eredua (baita A eredua eta B eredua ere) edo Euskal Herriko Unibertsitatean euskaraz ikasteko aukera ireki zen. Euskararen berreskurapenean eta normalizazioan funtsezko legea izan zela defendatzen dute askok. Sagrario Alemanen ustez, lege hau garrantzitsua izan zen Euskararen Foru Legea onartzeko Nafarroa Garaian, eta Erramun Baxoren arabera Ipar Euskal Herrian euskara garatu ahal izateko ere funtsezkoa izan da, besteak beste ETBren emisioei esker.[9]

Oharrak aldatu

  1. La tolerancia, el “laisser faire, laisser passer” en materia de lengua, ha sido siempre y es todavía hoy probablemente la política más practicada. Esta política, como el liberalismo econó-mico, es una manera tan eficaz como cualquier otra –más eficaz en realidad, puesto que supone omisión, no una acción con cuya responsabilidad alguien tiene que cargar– de favorecer a unas lenguas y de postergar a otras; es, por lo tanto, una política, no una falta de política

Erreferentziak aldatu

  1. «1982ko Euskal Autonomia Erkidegoko euskararen legea - Wikiteka» eu.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2020-12-04).
  2. «DONOSTIA 1976: 24 ORDU EUSKARAZ» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-12-04).
  3. a b c d Beloki Guerra, Julian. Euskararen legea eta hedabideak: 25 urteotako gorabehera batzuk. Euskaltzaindia.
  4. Askoren artean: 1978ko kronologia, Gure Mendea, Argia.com.
  5. Etxebarria, M. (1988). Normalización y uso del euskera en la administración. Revista española de lingüística, 18(2), 331-342.
  6. «1979ko Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutua - Wikiteka» eu.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2020-12-04).
  7. «BOE.es - Documento consolidado BOE-A-2012-5539» www.boe.es (Noiz kontsultatua: 2020-12-04).
  8. (Gaztelaniaz) «Algunas reflexiones sobre la Ley de Normalización del Euskera» www.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-04).
  9. Osa, Erramun. «Euskararen legeak hogeita bost urtean euskara indarberritzen lagundu du» Hermes 2.

Kanpo estekak aldatu