Euskara batuaren aroa

Euskara Batuaren Aroa euskarak hizkuntza batu edo estandar bat izan duen lehenengo aldia da, estandar horren arauak garatzen hasi zirenetik (1968) gaur arte irauten duena.

Euskara batu eta estandar bat sortzeko ideiak 1918an Euskaltzaindia sortu zenetik aitzin ugariak izan ziren arren[1], 1968ra arte ez zen egitasmoa gauzatu.

Hurrengo urteetan hizkuntzaren alor ezberdinak arautuz joan ziren. Egun, finkatutako hizkuntzatzat eman daiteke euskara batua, nahiz eta, bertze edozein hizkuntza estandarrek bezala, etengabeko lana eskatzen dion Euskaltzaindiari.

Zer da euskara batua?

aldatu

Euskararen aldaera estandarra da, euskaldun guztiok elkar ulertzeko eta euskara normalkuntzaren bidean jartzeko helburuz sortu zena. Erdialdeko euskara (gipuzkera, goi nafarrera eta kostako lapurtera) eta lapurtera klasikoa ditu oinarri, oro har.

Euskara batua sortu aurreko eta bitarteko giro historikoa[2]

aldatu
  • Industriaren garapenak eta emigrazioa ekarri zuen estatuko bertze tokietatik.
  • Francoren diktadura pixka bat arindu zen.
  • Langileak batzen eta grebak egiten hasi ziren.
  • Kulturan, lanak ugaritu egin ziren: eskulturan, pinturan, bertsolaritzan, musikan, literaturan…
  • Ikastolak eta jende helduak euskara ikasteko gau eskolak ugaritzen hasi ziren.

Euskararen batasunerako giro egokia[3]

aldatu

Euskararen batasunerako giro egokia 1970. urtearen bueltan etorri zen. Ordura arte erdaldun xamarrak ziren hiri eta herri handietako gazteria euskaraz solasten hasi zen. Horretaz gain, haurrak ikastoletan euskaraz ikasten hasi ziren lehen aldiz, eta helduek ere aukera zuten euskara ikasteko gau-eskolei esker. Bertzalde, kulturaren eta komunikazioaren alorreko profesionalek (idazleak, kazetariak, kantariak, antzerkigileak eta bertsolariak, bertzeak bertze) euskaraz lan egiteari ekin zioten, ahalik eta jende multzo zabalenera iristeko asmoz. Gainera, euskara hiriko gizartean txertatzeko, kultura esparruetan hedatzeko eta gizarte berriko hiztunen beharrizan guztietara egokitzeko borondatea sortu zen. Euskal Herriarekiko ikuspegia ere aldatu egin zen, eta bere osotasunean ikusten hasi zen: garai hartakoak dira Iparralde/Hegoalde izenak. Azkenik, herria zapalduta eta itota ikusita, haren alde egiten hasi zen gazteria, eta bide horretan ezin zuten beren nortasunaren ezaugarrietako bat ahantzi: hizkuntza.

Euskararen batasunerako urratsak

aldatu

Aitzindariak: Aresti eta Txillardegi[4]

aldatu

Txillardegik, Euskaltzaindiak euskara batuaren inguruan deus egiten ez zuela ikusita, gutun bat idatzi zion 1963. urtean, batasunerako pausuak eman zitzala eskatuz. Bere ikuspegiaren arabera, hiru kontu hartu behar ziren kontuan euskara batua eraikitzen hastean: erdiguneko euskalkiak ziren ulerterrazenak, euskara batu hori euskara bizi bat izatea ezinbertzeko zen eta literatura tradizioa ere aintzat hartu beharrekoa zen.

Gabriel Arestik 1959an Maldan Behera poema idatzi zuen, eta bertan egitura berriko hizkera bat erabili zuen, gerora euskara batuaren antzekoa izanen zena.

1964ko agorrilean, Baionako Euskal Idazkaritza elkartearen Hizkuntza Sailaren eskutik, euskara baturanzko lehen urratsak eman ziren eta ortografia, deklinabidea eta aditza arautuko zituen lehendabiziko txostena kaleratu zuten.

Euskaltzaindia batasungintzan: Koldo Mitxelenaren txostena (1968)[5]

aldatu

Euskaltzaindiak Koldo Mitxelenaren esku utzi zuen batasunaren ardura, eta honek, hainbat denbora lanean jardun ondotik, 1968ko Arantzazuko Biltzarrean aurkeztu zuen bere txostena. Euskara batuaren sorreratzat jotzen da Arantzazuko Biltzar hau.

Mitxelenak, Arestik proposatu bezala, erdialdeko euskara aipatu zuen batasunerako oinarri gisa, eta lehenengo txosten hartan, bortz atal bereizi zituen: ortografia, euskal hitz eta aldaera lexiko zaharrak, hitz berriak, morfologia eta sintaxia.

Mitxelenak, oro har, 1964ko Baionako erabakiak hartu zituen oinarri, eta Euskaltzaindiak txostena ontzat eman orduko sekulako eztabaida piztu zen zaharren eta gazteen artean. Arrazoia: h hizkia. Ordura arte aukerakoa zen h-a erabiltzea, eta horren alde zeuden gazte gehienak (Ipar Euskal Herria batasunera ekartzeko modua zen, zonalde horretan h-a idatziz erabili eta lurralde gehienean ahoskatu ere ahoskatzen baita). Zaharrek, ordea, ez zuten begi onez ikusten h-a erabili beharra. H-aren kontrakoek, ETArekin eta Elizaren etsaiekin lotu zuten hizkia.

Lexikoari zegokionez, Mitxelenak bi aipamen egin zituen: alde batetik, aldaera zaharrak hobetsi behar ziren, baina zaharkituta geldituak zirenak berpiztu gabe. Bertzetik, erdiguneko aldaerak hobetsi behar ziren, eta ez bazterretakoak.

Deklinabidean Baionako erabakiei jarraitu zien: NONDIK kasuan -etatik eta -etarik onartu behar ziren, eta bizidunen kasuan, baita baitan, baitara eta baitatik ere.

Sintaxiaren inguruan ez zuen deus zehatzik erabaki, baina aholku batzuk eman zituenː zorrotzegi ez jokatzea eta inguruko hizkuntzak kontuan hartzea, bertzeak bertze.

Villasante euskaltzainburu (1970-1989)[6]

aldatu

Txillardegi, Aresti eta Mitxelenarekin batera, Villasante izan zen Euskara Batuaren laugarren zutabea. Euskaltzainburu izan zen bitartean, 1970etik 1989ra, pauso azkarrak eman zituen euskara batuaren garapenean eta arau andana plazaratu zituen. Aditz laguntzaileak eman zizkion buruhauste gehien, euskalki jakin batekoa hartu eta gainontzekoetakoa baztertu beharra baitzegoen. Azkenean, eremurik zabalenean eta hiztun gehienek erabiltzen zituzten aditzei eman zien lehentasuna, eta hori posible ez zen kasuetan, erdialdekoak edo literatur tradizioa zutenak hobetsi zituen.

Arantzazuko Biltzarretik hamar urte betetzera zihoazenean, 1978an, Euskaltzaindiak Bergarako Biltzarra egin zuen Arantzazun proposatutako euskara batuaren eredua onartzen zen edo ez erabakitzeko. Emaitza aldekoa izan zen.

Hurrengo urteetan hainbat erabaki hartzen jarraitu zuten, batez ere ortografiaren, deklinabidearen, erakusleen eta maileguzko hitzen inguruan.

Ortografian, batetik, h-aren erabilera zehatu zen eta, bertzetik, hots bustiak (ñ, ll, dd, tt) idazteko moduak arautu ziren.

Deklinabidea eta erakuslea 1979an arautu ziren, eta maileguzko hitzak euskarara egokitzeko arauak 1983-1985 bitartean eman ziren. Azken honi lotuta, 1991n Euskaltzaindiak gaztelaniazko hitz gehiegi sartzen ari zirela ikusi zuen eta batzuk gaitzetsi egin zituen; batetik, lehenagotik zeuden euskal hitz jatorrak baztertzen zirelako eta, bertzetik, ez zirelako nazioarteko hitzak eta Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko aldea handitzen zutelako.

1979an bertan Arrasaten bertze biltzar bat egin zuten, non sintaxiari heldu zioten batez ere.

Ordura arte batasungintzan urrats handi eta azkarrak egin baziren ere, 80-90eko hamarkadetan prozesua moteldu eta gainbeheran joan zen. 1991n Euskara Batuko Batzordea sortu zen, eta Arantzazuko Bilzarraren 25.urteurrenaren aitzakian, Leioako Biltzarra egin zen. Bertan, arau mutzo bat finkatu zuten, Euskaltzaindiaren lanari esker egokitzen eta hobetzen joan dena.

Ondoko urratsak

aldatu

Erran bezala, Euskaltzaindiak arauak ematen eta argitalpenak egiten ere jarraitu du. Lan horien artean honakoak aipa daitezke, bertzeak bertze:

-Orotariko Euskal Hiztegia

-Hiztegi Batua

-Euskal Deituren izendegia

-Euskal Gramatika

-Euskara Batuaren ahoskera zaindua

Erreferentziak

aldatu
  1. Zuazo, Koldo. (2005). Euskara batua. Ezina ekinez egina. elkar, 77-146 or. ISBN 84-9783-316-3..
  2. Zuazo, Koldo. (2005). Euskara batua. Ezina ekinez egina. elkar, 149-151 or. ISBN 84-9783-316-3..
  3. Zuazo, Koldo. (2005). Euskara batua. Ezina ekinez egina. elkar, 151 or. ISBN 84-9783-316-3..
  4. Zuazo, Koldo. (2005). Euskara batua. Ezina ekinez egina. elkar, 151-156 or. ISBN 84-9783-316-3..
  5. Zuazo, Koldo. (2005). Euskara batua. Ezina ekinez egina. elkar, 157-168 or. ISBN 84-9783-316-3..
  6. Zuazo, Koldo. (2005). Euskara batua. Ezina ekinez egina. elkar, 168-173 or. ISBN 84-9783-316-3..
  7. Zuazo, Koldo. (2005). Euskara batua. Ezina ekinez egina. elkar, 173-182 or. ISBN 84-9783-316-3..
  8. Zuazo, Koldo. (2005). Euskara batua. Ezina ekinez egina. elkar, 183-195 or. ISBN 84-9783-316-3..

Bibliografia

aldatu
  • Zuazo, Koldo (1988). Euskararen batasuna. Bilbo: Euskaltzaindia.
  • Xamar, (2006). Euskara jendea. Iruñaː Pamiela.
  • Intxausti, Joseba (1990). Euskara, euskaldunon hizkuntza. Gasteiz: Euskaltzaindia.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpoko loturak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu