Euskal Unibertsitatea (abestia)

Oskorri eta Xabier Amurizaren abestia

Euskal Unibertsitatea Xabier Amurizaren hitzekin eta doinu herrikoi batekin Oskorri taldeak 1979an argitaratu zuen abestia da, Oskorri izenburuko diskoan.[1] 1970eko hamarkadan Euskal Herriko kaleetan Euskal Unibertsitatea sortzeko nahia eta eskaera islatzen du abestiak.[2]

Euskal Unibertsitatea (abestia)
Oskorriren musika-lana
Egilea(k)Oskorri
Argitaratze-data1979
IzenburuaEuskal Unibertsitatea
Ezaugarriak
Genero artistikoaherri-kanta
Hizkuntzaeuskara
DiskoetxeaXoxoa
HitzakXabier Amuriza
Argumentu nagusiaEuskal Unibertsitatea

Disko berean zeuden beste 14 kanta, besteak beste Bizkaiko aberatsak, Adela, Zazpi jauziak, eta Forjarien kanta.

Hitzak

aldatu

Xabier Amurizaren koplak dira abestiaren hitzak. Hona hemen abestiaren lehen eta azken koplak:[3]

Euskal Unibertsitatea
Arnasa hartu beharra dugu eta ireki atea
Arrainak ura eta euskarak bere unibertsitatea.
Aspertu gara beti ibiltzen suge narraztien gisan
Hegada jaso eta nahi dugu arrano libreak izan.
Arnasa hartu beharra dugu eta ireki atea
Arrainak ura eta euskarak bere unibertsitatea.
[...]
Pausorik pauso bagoaz geure unibertsitateraino
Eskupekorik ez dugu behar berez zor zaiguna baino.
Arnasa hartu beharra dugu eta ireki atea
Arrainak ura eta euskarak bere unibertsitatea.

Euskal Unibertsitatea sortzeko eskaera

aldatu

1970an unibertsitatean euskara ez zen bat ere erabiltzen, gainera Euskal Herrian ez zegoen apenas unibertsitaterik. Orduan utopia moduan ikusten zen euskara etorkizunean arlo guztietara naturaltasunez zabaldu ahal izango zela. 1972an Baiona Karlos Santamariak Euskal Unibertsitatea sortzeko premiaz emaniko hitzaldiaren bidetik, Udako Euskal Unibertsitatea antolatu zuten 1973ko udan, Euskaltzaindiaren babespean. Geroago, urteak pasa ahala, hainbat urrats kualitatibo egin dituzte etengabe euskarazko unibertsitatea eraikitzeko bidean.

« Bi eginkizun diferente dago uste dudanez, gure Unibertsitatearen alorrean. Batari Euskal Unibertsitatea dei lekioke; besteari, berriz, Euskal Herriko Unibertsitate izena emango nioke nik, bion arteko desberdintasuna ongi azaltzeko (...) Euskal Herrian dauden eta egongo diren unibertsitate eta sasi-unibertsitate multzoari Euskal Herriko Unibertsitatea izena emango diogu. Aldiz, uste honek utopia itxura badu ere, nire terminologiaz Euskal Unibertsitatea euskal kultura eta hizkuntzaren “alma mater” izan beharko litzatekeen euskarazko unibertsitatea da »

Karlos Santamaria[4]


Erreferentziak

aldatu
  1. «Oskorri diskoa, Oskorri taldearena» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-09-22).
  2. «“Arrainak ura eta euskarak bere unibertsitatea” - Bilbo» Uriola.eus (Noiz kontsultatua: 2022-09-22).
  3. Amuriza, Xabier. (1979). «Euskal Unibertsitatea abestiaren hitzak» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-09-22).
  4. Santamaria, Karlos. (1977). «Unibertsitateko kulturaz - Jakin.eus» www.jakin.eus: 67-71. (Noiz kontsultatua: 2020-04-08).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
  • Oskorri diskoaren datuak badok.euswebgunean (hitzak, abestiakentzun, abestien datuak, Sautrela kanta entzungai..