Euskal Herriko udalen izendegia (1979)

Euskaltzaindiaren 1979ko izendegia

Euskal Herriko udalen izendegia Euskaltzaindiak 1979. urtean argitaratu zuen izendegi bat izan zen. Erdarazko bi izenburu ere bazekartzan liburuak azalean: Nomenclátor de los municipios del País Vasco = Nomenclature des communes du Pays Basque.

Euskal Herriko udalen izendegia (1979)
Jatorria
Argitaratze-data1979
IzenburuaEuskal Herriko udalen izendegia, Nomenclature des communes du Pays Basque eta Nomenclátor de los municipios del País Vasco
ArgitaletxeaEuskaltzaindia
Orrialdeak153
Ezaugarriak
Dimentsioak15 (altuera) cm
Hizkuntzaeuskara

Sorrera

aldatu

Hego Euskal Herrian, Espainiako trantsizioaren garaian, 1970ko hamarkadako azken urteetan, udal hautatu berrietan izenak ofizialki euskaraz jartzeko aukera ireki zen, eta arautu gabeko alorra zenez, presazko eta premiazko lan bat beharrezkoa zela erabaki zuen Euskaltzaindiak, Koldo Mitxelena onomastika batzordeburuak bultzatuta[1].

Liburua eskuliburu erako formatuan banatu zen, tapa bigunekin eta kontsulta errazeko lan gisa. Izendegiak ez zeukan arau izaerarik[2].

« Ez dakit orduko zerrenda, araua, gomendioa, edo zer zen. 1978ko testuinguruan kokatu behar dugu, diktadura bukatu berritan, Euskaltzaindiak zerbitzua eman nahi zien herritarrei eta udalei lagundu jakin zezaten nola egin ofizial udalaren euskarazko izena »
Mikel Gorrotxategi, Euskaltzaindiko Onomastika batzordea, 2011

Izendegiaren aurkezpenean ere, egileek argi aitortu zuten, denbora eta baliabide faltagatik, proposatutako udal izen batzuk zalantzazkoak zirela eta beste zenbaiten euskarazko ordainak asmatuak[1].

Jarraipeneko lanak

aldatu

1979ko izen haietako asko zuzendu egin zituen ondoren Euskaltzaindiak, lan desberdinetan. 1986an, Eusko Jaurlaritzarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko herrien izendegia prestatu zuen; 1990ean, Nafarroako Gobernuarekin batera, Nafarroako Herri Izendegia. 2001ean, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanle-entitateak liburua. Era berean, Euskaltzaindiak erabaki zuen 1998an herri-izenak arau bihurtu behar zirela, gomendio edo izendegi bateko elementu soilak baino gehiago[1]. Hurrengo urteetan, arau zenbaki hauekin finkatu ziren herrialdeetako izendegiak:

  • 92. eta 99. arauak, Zuberoa
  • 108.a Lapurdi
  • 122., 128. eta 133.a Nafarroa Beherea
  • 140.a Gipuzkoa
  • 145.a Bizkaia
  • 150.a Araba
  • 155.a Nafarroa Garaia

Azkenik, arau guztien bilduma eginez, 2011. urtean, izen bereko lana atera zuen Euskaltzaindiak, arau izaerarekin: Euskal Herriko Udalen Izendegia (2011).

Euskaltzaindiaren EODA Euskal Onomastikaren Datubasean bilaketa bat eginez gero, 1979ko izendegi honen erreferentzia agertzen da E.UDAL formarekin markatua. Esate baterako, bilatzen badugu Monteagudo udalerri nafarra, ikusiko dugu 1979ko izendegian Mendikute izenarekin ere agertu zela[3].

Iraungitako izenak

aldatu

Jarraipeneko lanek aldatu egin dituzte 1979ko izen haietako asko, esate baterako Kapanaga (Cabanillas) edo Erripazuloaga (Ribaforada). Beste kasu batzuetan, asmatutako izenek iraun egin dute, sustraitua eta onartua den kasuetan onargarria baiteritzo Euskaltzaindiak. Esate baterako, Azkoien XIX. mende amaieran asmatua dela jakina da, 1979ko hiztegian agertu zen, eta iraun egin du harrezkero[2]. Arabako Beranturi izena ere asmatu egin zen 1979an Berantevillarako, baina hedapenagatik bidea egin zuen 2011ko izendegiraino, "maila apalagoan soilik erabiltzeko" oharrarekin[4].

Euskal ordain ziurrik ez zuten izenen kasuan ere, 1979ko izendegian grafia euskaratuak hobetsi ziren. 2011ko izendegian atzera bota zituzten izen horietarik asko, esate baterako Moreta (Moreda), Nabaridas (Navaridas), Kaparroso (Caparroso), Murtxante (Murchante) eta beste hainbat, batez ere Nafarroa Garaian[4].

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c Iñigo, Andres. (). Euskal herriko udalen izendegia / Aurkezpena. Euskaltzaindia, 9 or. ISBN 978-84-95438-74-4. PMC 796264874. (Noiz kontsultatua: 2020-05-09).
  2. a b «Udalen izenak arau bihurtuta» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-05-09).
  3. «Monteagudo - Lekuak - EODA» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-05-09).
  4. a b Euskal herriko udalen izendegia. Euskaltzaindia D.L. 2011 ISBN 978-84-95438-74-4. PMC 796264874. (Noiz kontsultatua: 2020-05-09).

Kanpo estekak

aldatu