Euskal Herriko erdigunea

Euskal Herriko Erdigunea Euskal Herriko erdigune geografikoa da. Felix Isasa ingeniariak egindako kalkuluaren arabera, Euskal Herriaren barizentro edo masa-zentroa Sakanako (Nafarroa) eskualdean kokatuta dago, zehazki Andimendi mendilerroko Olibesario saroian, Lezitza mendi tontorretik eta Beriain mendira joateko bidetik gertu.[1][2][3]

Euskal Herriko Erdigunea
Datu orokorrak
Garaiera1.236 m
Motamendi
Geografia
Map
Koordenatuak42°52′55″N 1°56′12″W / 42.88188°N 1.93677°W / 42.88188; -1.93677
MendikateaAndimendi
Herrialdea Euskal Herria
Foru erkidego Nafarroa Garaia
Mendizaletasuna
Ohiko bideaGoñi/Unanua
MendikatMendikat
LuberriLuberri

Erdigunearen kalkulua aldatu

Erdigunea kalkulatzeko masa zentroaren propietate bat erabili zuen Felix Isasa ingeniariak: gorputz bat edozein puntutatik zintzilikatzean, puntu horretatik marraztutako marra bertikala masa-zentrotik pasatzen da beti.[1]

1:200.000 eskalako mapa komertzial bat euskarri batean itsatsi, bertan Euskal Herriaren mugak marraztu eta ahalik eta zehaztasun handienaz moztu zuen. Ondoren, perimetroko puntu batetik zintzilikatu eta marra bertikala marraztu zuen. Berdin egin zuen lehenengotik 90 gradura kokatutako perimetroko beste puntu batetik. Marraztutako bi marrak elkartzen diren puntua maparen barizentro edo masa-zentroa da. Puntu hori dagoen maparen zatia 8 aldiz handitu zuen, 1:25.000 eskalako mapa lortuz eta handitutako mapa hori inguruko katastroko mapan gainezarri zuen, erreferentzia bezala Unanu, Ihabar eta Goñi herriak erabiliz. Modu horretan koordenatu geografiko hauek lortu zituen: 42°52′59″N 1°56′08″W / 42.88306°N 1.93556°W / 42.88306; -1.93556.[1]

Erabilitako metodoak 250 metroko zehaztasun muga du. Kalkulua egitean Euskal Herriko zazpi herrialdeak izan zituen kontuan, Trebiñu eta Villaverde Turtzioz bezalako barrendegiak barne hartuz, ez hala Petilla Aragoi eta Eskiula. Kostari dagokionez, itsaso irekia ez den guztia barne hartu zuen, hau da, badiak, portuak, ibaiak... Petilla Aragoi barne hartuz gero 112 metroan aldatuko litzateke erdigunearen kokapena eta Bilboko portua (17 km²) kanpo utziz gero berriz 90 metroan. Aldaketa horiek aurrez aipatutako zehaztasun mugaren (250 metro) barruan daude.[1][3]

Toponimia aldatu

Euskal Herriko erdigune geografikoa dagoen lekuari Olibesarioko saroia deitzen zaio.[1][3][4][5]

Hegoaldeko goi nafarreraz "sario" saroia da, hau da, abereen gordelekua. Iruñerriko toponimian maiz agertzen da,[6] adibidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eraikin nagusietako batek "El Sario" izena du, han garai batean saroi bat zegoelako.[3]

"Olibe" baliteke "Oribe" edo "Orube" hitzetatik eratorri izana.[3]

Historia aldatu

2004an Felix Isasik Euskal Herriko Erdigunea seinalatuz metro erdiko harri bat zutik jarri zuen eta inguruan harriz eginiko biribiltxo bat.[7]

2004ko urrian Felix Isasak bere kalkuluaren berri eman zuen lehen aldiz Berria egunkariaren gehigarri batean. Euskal Telebistako albistegietan eta Posdata saioan ere agertu zen.[1]

2005ean Sakanako Ibilaldi Handia erdigunetik pasatzen hasi zen.[7]

 
Euskal Herriko erdiguneko mugarria lauburuarekin

2005eko irailaren 12an Paz Ziganda, Lizarra, Laskorain (Tolosa) eta Gasteizko ikastolek oinarri bezala danbolin bat zuen postontzi bat jarri zuten bertan "Euskaraz bizi" ekimenaren barnean. Haren gainean, txapa batean, lau figura eta Ikastolen konfederazioaren ikurra zituen. Horrekin batera metro bateko altuerako harriak jarri zituzten erdigunean. Gerora Felix Isasak iparraldeko aldean lauburua eta hegoaldeko aldean "EH" hizkiak eta zirkulu zentrokideak marraztu zituen bertan.[7]

Ondorengo urteetan erdigunea bisitatu zuten mendizaleek hiru zirkulu zentrokide osatu zituzten erdigunearen inguruan.[7]

2007 urtean Anaitasuna mendi talde iruindarrak plaka bat jarri zuen 50. urteurrena gogoratzeko.[7]

2010eko apirilaren amaieran edo maiatzean erdigunea markatzen zuen zutikako harria eta haren ondoan zegoen postontzia kaltetu zituzten. 2010eko apirilaren 24an egin zen Sakanako Ibilaldi handian osorik zegoen harria baina maiatzaren 21ean Felix Isasak ikusi zuenez lauburua, "EH" hizkiak eta zirkulu zentrokideak zituen harri muturra desagertu zen. Ikastolek jarritako postontziaren gaineko txapa doblatuta agertu zen eta iruditxoak desagertu ziren.[7]

2011ko urriaren 30ean Irurtzungo Iratxo mendi taldeak, Sakanako Mendizaleak taldeak eta Independentistak sareak mendi martxa antolatu zuten Euskal Herriko erdigunera.[8] Ondoren egindako batzar batean mendi martxa urtero antolatzea erabaki zuten baina 2015a arte ez zuten berriz ere martxarik egin.[9][10]

2015ean Irurtzungo Iratxo mendi taldeak, Sakanako Mendizaleak taldeak eta Independentistak sareak berriz ere mendi martxa antolatu zuten erdigunera urriaren 11an.[8][11][12] Aurrerantzean urtero egiteko erronka hartu zuten eta Euskal Herriko mendi taldeen egutegietan data finko batekin, urriko bigarren igandean,[13] kokatzeko asmoa adierazi zuten.[8][10] Antolakuntzaren pisu handiena Iratxoko kideek eta Sakanako mendizaleek hartu zuten eta Independentistak sareak hedabideetan oihartzuna emateko ardura hartu zuen. Txutxi Ariznabarretak, Independentistak sareko kideak, adierazi zuenez ez zuten protagonismo handirik hartu nahi eta erdigunea mendigune batean egonik pisua mendi munduan zebiltzan eragileek izan behar zutela.[9]

 
Erdiguneko mugarria 2016ko urrian Espainiako banderaren koloreekin margotu zuten

2016ko urriko bigarren asteburuan erdigunean dagoen mugarria erasotu zuten Espainiako banderaren koloreekin margotuz eta "España" idatzi zuten ondoan.[14][15][16]

2016ko urriaren 9an Iratxo mendi taldeak, Sakanako Mendizaleak taldeak eta Independentistak sareak mendi martxa antolatu zuten erdigunera. Unanu, Senosiain eta Irañetatik abiatutako hiru zutabeek bat egin zuten erdigunean. Bertan burututako ekitaldian Euskal Mendizale Federazioak eta Mendi eta Eskalada Kirolen Napar Federakundeak "mendizaleen kolektibo osoarendako proiektu komun bat gauzatzeko bide-orria zehazteko konpromisoa" hartu zuten. Nafarroako Mendi Federazioko Martin Montañes lehendakariak eta Koldo Aldaz lehendakari ordeak irakurritako adierazpenean, "euskal mendizaleen egitura komun baterako konbergentzia" aldarrikatu zuten, "duela 27 urte Betsaiden sinatutako Lankidetza Hitzarmena oinarritzat hartuz". Irakurri zuten adierazpena aipatutako bi mendizale federazioek sinatu zuten eta Nafarroako Federazioaren ordezkariek Euskal Mendi Federazioko presidente Joseba Ugalderekin Tolosan egindako bileran adostu zuten.[16][17]

 
2016ko urriaren 9an Euskal mendizaleen egitura bateratua aldarrikatu zen Euskal Herriko erdigunean

2016ko urriaren 11n mugarria zuriz margotu eta "EH" hizkiak eta barnean puntu bat duen zirkulu bat marraztu zituzten mugarriaren bi aldeetan.[14][15]

2018ko urriaren 14an, aurreko urteetako ohiturari jarraituz, mendi martxa antolatu zuten Iratxo mendi taldeak, Sakanako Mendizaleak taldeak eta Independentistak sareak baina eguraldi oso txarra iragarrita zegoenez egitarauan aldaketak egin zituzten. Ohiko hiru zutabeen ordez zutabe bakarra egongo zela iragarri zuten, Irañetako Basakoetxea bordatik abiatuta, eta ekitaldia eta bazkaria ere bertan izango zirela.[18] Ekitaldian 2019ko Aberri Eguna modu bateratuan antolatzea proposatu zuen Independentistak sareak.[19][20]

Abiapuntuak aldatu

Andiako mendilerroan, Beriain eta Lezitza mendietara joateko erabiltzen diren ibilbide berberetatik hel daiteke Euskal Herriko Erdigunera.

Biderik errazena Goñitik abiatzen dena da, ez baita oso igoera gogorra. Ordu eta erdi edo bi orduan irits daiteke erdigunera bertatik.[3]

Beste bi bideak aldapatsuagoak dira baina ez dira luzeak, Irañetatik edo Ihabarretik ordu eta erdi behar da igotzeko eta Unanutik bi ordu inguru.[3]

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f (Gaztelaniaz) Isasa, Felix. (2007). «El centro geográfico de Euskal Herria» Pyrenaica (226) (Noiz kontsultatua: 2018-08-11).
  2. (Gaztelaniaz) Urrutia, Javier. «Euskal Herriko Erdigunea (1.236 m)» Mendikat (Noiz kontsultatua: 2018-08-11).
  3. a b c d e f g «"Euskal Herriko erdigune geografikoa"» Iratxo Elkartea (Noiz kontsultatua: 2018-08-12).
  4. «Olibesario» Nafarroako Toponimia Ofiziala (Noiz kontsultatua: 2018-10-11).[Betiko hautsitako esteka]
  5. «Olibesario» SITNA - Nafarroako Lurralde Informazio Sistema (Noiz kontsultatua: 2018-10-11).[Betiko hautsitako esteka]
  6. 1965-, Zaldua Etxabe, Luix Mari,. ([2006]). Saroiak eta kortak : mendialdeko antzinako gizartearen oinordeak. L.M. Zaldua ISBN 8461115643. PMC 433548943. (Noiz kontsultatua: 2018-10-12).
  7. a b c d e f «Euskal Herriko erdigunearen kontra jo dute» Guaixe Sakanako Astekaria 2010-05-27 (Noiz kontsultatua: 2018-08-12).
  8. a b c «Euskal Herriko erdigunera mendi martxa 2015eko urriaren 11an» Independentistak (Noiz kontsultatua: 2018-10-11).
  9. a b Etxeberria Korta, Aimar. (2015-10-10). «Mendi martxa antolatu dute Euskal Herriko erdigunera, «zerbaiten erdigunera delako, euskal lurren erdigunea»» Gaur8 (Noiz kontsultatua: 2018-10-11).
  10. a b Ugartemendia, Unai. (2015-10-06). «Mendi martxa erdigunera» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-10-11).
  11. «Euskal Herriko erdigunera mendi martxa» Iratxo elkartea 2015-09-25 (Noiz kontsultatua: 2018-10-11).
  12. «Euskal Herriko erdigunera mendi martxa kronika» Iratxo Elkartea 2015-10-13 (Noiz kontsultatua: 2018-10-11).
  13. «Euskal Herriko Erdigune geografikora Mendi martxa Urriaren 8an» Independentistak (Noiz kontsultatua: 2018-10-11).
  14. a b «Faxistek erasotu zuten Euskal Herriko erdigunea txukundu dute» ahotsa.info 2016-10-11 (Noiz kontsultatua: 2018-08-12).
  15. a b «Euskal Herriko erdigunea erasotua eta garbitua.» Iratxo Elkartea 2016-10-11 (Noiz kontsultatua: 2018-08-12).
  16. a b «EH erdigunean euskal mendizaleen egitura bateratua aldarrikatu zuten» Guaixe Sakanako Astekaria 2016-10-10 (Noiz kontsultatua: 2018-08-12).
  17. (Gaztelaniaz) «El montañismo vasco pide su reunificación» Noticias de Navarra 2016-10-09 (Noiz kontsultatua: 2018-08-12).[Betiko hautsitako esteka]
  18. «Euskal Herriko erdigunera mendi martxa datorren igandean, aldaketak egitarauan eguraldi oso txarra aurreikusten delako» Independentistak (Noiz kontsultatua: 2018-10-11).
  19. «2019ko Aberri Eguna modu bateratuan antolatzea proposatu du Independentistak Sareak» Naiz 2018-10-14 (Noiz kontsultatua: 2018-10-14).
  20. «Askatasunaren oihua lau haizetara eta 2019ko Aberri Egunari buruzko proposamena Euskal Herriko erdigune geografikotik» Independentistak (Noiz kontsultatua: 2018-10-15).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa