Euskal Herriko arrantzaren historia
Arrantzak garrantzi handia izan du Euskal Herriaren historian, itsasertzeko herri gehientsuenentzako oinarrizko baliabide iturri izan baita. Alabaina, Euskal Herriko arrantzaren munta hori ez da bertako herrietara mugatu: areago doa, Frantzian eta Espainian ere jarduera horretan aitzindari izan baitzen. Bestalde, nagusitasuna are gehiago nabarmentzen da, Euskal Herriko itsaspeko plataforma kontinentala txikia delako eta muga horren barne, itsasertzetik 200 milia barne, arrain mota ia gehienak izan baitira.
Erdi Aroa
aldatuEuskal Herriko arrantzari buruzko lehen agiriek bale arrantza eta balekiaren komertzializazioa aipatzen dituzte. Balenketari buruzko aipamen ugari dago Erdi Aro osoan eta Aro Modernoan. Bertan azaldu ere azaltzen dute, nola euskal herritar arrantzaleek, urtero, udazken eta neguan, udaberriaren hasieran hegoalderantz abiatutako baleak kopuru handi samarrean harrapatzen zituzten Euskal Herriko kostatik igarotzean.
Beti pentsatu izan da, nahiz eta froga argirik ez izan inon, euskaldunei bikingoek balearen arrantza nola egin irakatsi zietela, garai batean normandiarren bizilekurik Lapurdiko lurretan izan baitzen. Horrexen arabera, lapurtarrek bikingoen arpoiak eta haien ontzietako elementu nagusiak eta egiteko modua kopiatu bide zituzten eta, gerora, bizkaitar eta gipuzkoarrei irakatsi. Areago, XIX. mendea aurrera zela ere, euskaldunek erabiltzen zituzten txalupek (pinaza deituak), beren elementurik garrantzitsuenetan, ipar herrietako ontzien ereduari jarraitzen ziotela esan ohi da. Baleatik ateratzen ziren produktu guztietatik eskaririk handiena zuena koipea urtu ondoren geratzen zen olioa zen (lumera) eta itsasertzeko herri gehientsuenetan zeuden koipea urtzeko labeak. Lumera, bestalde, argia egiteko erretzen zen. Behe Erdi Arotik aurrera, Euskal Herriko arrantzaleek ateratzen zuten lumeraren komertzializazioa Euskal Herriko mugetatik irten eta Espainiako eta Frantziako merkatuetatik haratago, urrunago jo zuen. Halaber, badira Flandria eta Ingalaterrako merkatuetan saltzen zela egiaztatzen duten agiriak.
Balenketari buruzko erreferentzia idatzi horiez gainera, XIV. eta XV. mendeetan beste arrain mota batzuen (bisiguaren, sardinaren, legatzaren) arrantzaren aipuak daude. Nolanahi ere, garai hartan lehen bi arrainak ziren, eta alde nabariaz gainera, garrantzitsuenak. Arrain horiek gure lurraldetik urrun ere komertzializatzen ziren eta fama horren lekuko da Hitako artziprestearen Libro de buen amor liburuan egiten den Bermeotik Gaztelara eramandako bisigu eta sardinen aipamena. Nolanahi ere, bisigua arrainik preziatuena zen; sardinak, berriz, gutxietsirik zeuden eta Erdi Aroko agirietan arrantzaleak eta sardintzaleak bereizten dira, bi ogibide desberdin izan balira bezala. Garai hartako arrantzalekuen artean, bi bereizi edo azpimarratu behar dira, nagusiki: Espainiako itsasoa deitua (Santanderreko itsasertzaren aurrean) eta el Canto (Lekeitio eta Bermeotik 30 miliara ipar-ekialderantz, Cap Breton deituriko itsas osinean).
Bigarren horretan, arrantzaleek egun pare bat pasatzen zuten itsasoan, batere lehorreratu gabe. Alabaina, Euskal Herriko arrantzaleak Asturias eta Galiziako itsasertzera ere joan ohi ziren eta, agirietan agertzen denez, gazitzeko arrain freskoaren bila. XIV. mendearen erdialdera, Bretainia, Ingalaterra, Irlanda eta beste hainbat lekutako arrantza lekuetan ere ageri dira euskal herritar arrantzaleak. Horietara legatz eta bakailaoaren bila joaten baziren ere, zenbait autorek dioenez, balenketara ere bai. Nolanahi ere, XV. mendearen amaieran eta XVI. mendeko lehen hamarraldietan arrantzaleak Asturias eta Galiziako uretara joaten ziren balearen bila eta paraje haietan ibiltzen ziren urtarriletik martxora bitarte.
XVI. eta XVII. mendeak
aldatuMaiz aski esan izan da balea gure itsasertzean gutxitzea izan zela Euskal Herriko arrantzaleen bidaia luze haietarako arrazoia eta balearen atzetiko bidaia horiek izan zirela, azken finean, euskal marinelak Ternuara eraman zituztenak. Kondaira edo istorio batek dioenez, Kristobal Kolon Karibera iritsi aurretik lurralde haietan gipuzkoar marinel bat (Juan de Etxaide) bertan izan zen, eta horrek eragin zuen XVI. mendean, eta gerora ere bai, Amerikaren aurkikuntzaren merezimendua euskaldunei aitor zekien eskatzea. Bestalde, XVII. mendeko agirietan agertzen denez, Donibane Lohizuneko arrantzaleak izan ziren Ternuara iritsitako lehenak eta, horren ondorioz, Ameriketara. Baina, gogoa edo nahia baino ez, ez baitute baieztapen hauek inolako zorroztasun historikorik. Egungo historialariek diotenez, euskaldunak ez ziren lurralde horietara iritsitako lehenak izan eta hasiera hartan ez ziren, gainera, balearen bila joan, gertuagoko itsasoetan aurki baitzezaketen. Dirudienez, Euskal Herriko arrantzaleen aurretik beste nazioetako marinelak iritsi ziren Ternuara eta, seguraski, bretoiek lapurtarrei Kontinente Berriko arrantzalekuetarako bidea irakatsi zieten eta, haiek gero bizkaitar eta gipuzkoarrei. Lehen aldiz, 1530. urte aldera iritsi bide ziren hegoaldeko euskal herritar arrantzaleak inguru haietara bakailaoaren arrantzara. Balearen arrantza zela-eta, XVI. mendearen ondorengo hamarraldietan baino ez ziren ziur aski Ternuara eta Labrador ingurura iritsi.
Esan izan da, irudimen handiaz, mende hartako azken urteetan itsasoko lan horretan eta inguru hartako arrantza tokietan euskaldunak erabiltzen zituzten ontzien pisua (9.000 tona inguru) Ameriketara komertzioan zebiltzan espainiar ontzi guztien parekoa zela. Baieztapen hori, jakina, neurriz goitikoa eta itxuragabekoa da, nahiz eta itsasoko jarduera hura oso garrantzitsua izan zela aitortu behar. Eta garrantzi horren lekuko da, hain zuzen ere, Euskal Herriko arrantzaleek harrapatutako balearen komertzializazioa Europako hainbat herrialdetan agertzea.
Euskal Herriko itsas portuetatik, urtean, bakailao eta balearen bila, hogei-hogeita hamar ontzi inguru abiatzen zirela uste da. Bi arrantza motak oso desberdinak ziren: bakailaoaren arrantza udaberri-uda bitartean egiten baitzen eta balearen arrantza, berriz, ekainetik urtarrilera bitartean. Bakailao eta bale ontzien artean ere pisu diferentzia handia zegoen. Bakailaorako ontzien pisua 60 eta 300 tona bitartekoa zen bitartean, bestearena askoz handiagoa, 200 eta 600 tona ingurukoa. Nolanahi ere, ontzi handiak ziren itsasertzeko arrantzan erabiltzen ziren txalupekin konparatuz gero. Hauetan, gehienez, 15 eta 17 marinel izaten ziren eta, aldiz, 50 eta 130 marinel inguru Ternuara abiatzen zen ontzi bakoitzean. Hala, bada, XVI. mendearen bigarren erdialdean, urtean 2.000 pertsona inguruk hartzen zuen parte jarduera horretan. Euskal Herriko itsasertzeko zenbait herritako gizonezkoen heren batek (ontzi mutilak barne, 12 urterekin itsasoratzen baitziren) urtean denbora asko igarotzen zuen itsasoan.
Aurreko guztia kontuan izanik, garbi ikusten da, balea arrantza Euskal Herriko ekonomiaren barneko jarduera garrantzitsua izan zela XVI. mende osoan. Nolanahi ere, arrantza mota horretan oso jakitun ez diren historialari batzuek zabaldu dituzten mitoak gehiegizkoak izan dira. Hala ere, XIX. mendeko zenbait autoreren mailara iristea zaila da, itsasbide honetan Euskal Herriko 200 ontzi ibiltzen zela esatera ere iritsi baitziren. Bestalde, gehiegi nabarmendu dira Ternuako bertako eta euskal herritar arrantzaleen arteko borondate oneko harremanak, euren artean izandako istiluak ahaztuta, eta etengabe aipatzen da toki haiek euskaldunengandik jaso zuten altxorra. Baina, egia esan, altxor hori toponimo batzuetara (Placencia, Port aux Basques, Ile aux Basques) eta, batez ere, azkeneko urte hauetan egin diren indusketa lanetan azaldu diren aztarna arkeologikotara mugatzen da (lumera upelak gordetzen zituzten txabola hondarrak, nagusiki).
Enfasi gehiegi jarri da, era berean, Hegoaldeko eta Lapurdiko arrantzaleen arteko harreman harmoniatsu honetan, Frantzia eta Espainiaren artean izan ziren gerren garaian ere irauten omen baitzuten giro horrek. Egia da, bai, bi herrialde horien arteko gerrate batean, Lapurdiko eta Hegoaldeko arrantzaleen elkarrenganako errespetua erabaki zela. Baina ohikoa bestelakoa izaten zen, bi estatuen arteko itsasoko borroketan esku hartzen baitzuten, bakoitza bere herrialdearen alde. Eta, are gehiago, Hego Euskal Herriko zein Lapurdiko bale ontziak sarri erabili ziren kortsario ontzi gisa, bakoitzak bere herrialdearen alde eta ondoko etsaiaren aurka. Nolanahi ere, honek ez du esan nahi beti horrela zenik, sarri izaten baitziren negu aldean Pasaiako portuan Donibane Lohizuneko edo Ziburuko ontziak (portu honek babeserako baldintza ezin hobeak baititu) edota, euskal herritar ontzijabeek, inoiz ere, Lapurdiko ontziak alokatzea Tenuara joateko (Bizkaian eta Gipuzkoan aski ez zenean) edota, XVII. mendean gipuzkoarrak edo bizkaitarrak aurkitzea Lapurdiko baleontzietan. Horrek guztiak azaltzen du, beste edonolako ustekizunen gainetik, arrazoi ekonomikoak zirela bi aldeen arteko harreman on eta elkarrenganako laguntza arrazoiak.
Era berean, gehiegi nabarmendu da Euskal Herriko arpoilarien trebezia, eta are nabarmendu, Ingalaterrako zenbait errege-erreginak (Elisabet I.ak eta Jakue I.ak esaterako) beren bale ontzietan euskal herritar marinelak onartu ez ezik, Espainiako erregeei baimena eskatu izan zietela gipuzkoarrak eta bizkaitarrak beren ontzietan itsasoratzeko.
Esan izan da, halaber, holandar baleontziek XVIII. mendean bigarren kapitaina euskal herritar arrantzale bat izaten zutela, edota geroxeago (XVIII. mendeko hirugarren hamarraldian) Gipuzkoako Batzar Nagusiek probintziako arrantzaleak Ingalaterra edo Holandako ontzietan legez kanpo itsasoratzea debekatu zutela. Datu horiek egiazkoak badira ere, Euskal Herriko arrantzaleek jarduera horretan zuten trebetasuna ez da, inolako zalantzarik gabe, euskal herritar arrantzaleen aldean beste nazioetakoek berezko gaitasunik ez izatea, edo geureak haienak baino ausartagoak izatea, zenbait idazlek horrela iritzi badio ere: bestelako arrazoi historiko, prosaiko eta koiunturalagoak dira tartean. Arrazoi horien artean, Euskal Herria garai hartan zurean eta burdinan aberatsa zela aipatu behar da, XVI. mendean Ternuara joaten ziren itsasontzi handiak eraikitzeko, ontziolen garapenerako ezinbesteko baldintza baitzen. Bestalde, euskaldunak bitarteko izan ziren Gaztela eta Europa atlantikoko herrialdeen arteko merkataritzan eta langintza horrek itsasgizon trebatu egin zituen. Baina, aldi berean, Gipuzkoa eta Bizkaiko goraldia Ternuako arrantzan (eta ondorengo beheraldia) Espainiako koroak Aro Modernoan izan zuen hegemoniaren bilakaerari loturik doa. XVI. mendean Espainia munduko lehen potentzia izan zen bitartean, Euskal Herriko arrantzaleak ere beste nazioetakoen aurretik ibili ziren Ipar Atlantikoan. Gainera, Gaztelako errege-erreginek, Errege-erregina Katolikoekin hasi eta Filipe II.aren erregetzara bitarte, ontzi handien eraikuntza bultzatu zuten Euskal Herrian, helburu jakin eta bakar batekin, ordea: itsasoko gerrarako ontzidi handi bat izatea.
Hala, 1540 eta 1590. urte bitartean, Euskal Herriko arrantzak hedapen handia izan zuen Ternuan baina, aldi berean, Espainiako koroak bere armada osatu eta handitzeko zuen marinel eta ontzi premia handia, arrantzaren kalterako izan zen guztiz. Marinelen derrigorrezko itsasorapen hori eta galeoien bahitura, Armada Garaiezina osatuz amaitu zena, arrantzaren inflexio puntua izan ziren.
Bestalde, baleen arrantza beste inguru berrietara aldatu behar izan zuten (hasieran Ternuaren hego eta ekialdera joaten ziren) eta geroz eta mendebalderago, San Laurendiren estuariora iritsi behar izan zuten. Armada Garaiezinaren porrotaren ondoren, Ingalaterrak eta Herbehereek euskal herritar arrantzaleei jarri zizkieten trabak medio, beste arrantzaleku batzuk bilatu behar izan zituzten eta, hala, Groenlandia, Islandia, Norvegiako itsasertzera edota Svalbard uharteetara iritsi ziren. XVII. mendeko lehenengo hamarraldietan alde berri horietan ibili zirela egiaztatzen duten agiriek diotenez, behinik behin. Espainiako koroaren beherakada hastearekin batera, Luis XIV.a erregearen garaian Frantzia Europako lehenengo potentzia izatera iritsi zen, eta horrek bale arrantza eta bakailao arrantzaren goraldia ekarri zuen Lapurdin. Garai honetan Donibane Lohizune eta Ziburuko itsas portuak izan ziren nagusi bale arrantzaren jardunean, Erdi Aroan, lehendabizi Baiona eta ondoren Miarritze izan ziren bezalaxe.
Arrantzaren gorakada, batez ere, beharrak eragin zuen. Izan ere, XVII. mendeko lapurtarrek onartu zuten bizitzeko itsasoko bidea baino ez zutela, herritarrak elikatzeko adina sortzen ez zuen nekazaritza urri eta industriarik gabeko herri txiroa baitzen. Hala, bada, balea eta bakailaoa harrapatzeko ontzidi handi bat sortu zen Luis XIV.a erregearen garaian, Frantzia osoan zeuden 300-400 tona bitarteko ontzi guztietatik herenak jabe lapurtarra zuelarik.
Beharrak bultzatu zituen, berebat, asmakizun berri bat egitera (Sopit metodoa deitua), baleen koipea ontzietan bertan eta lehorreratu gabe urtzeko asmakizuna, alegia. Eta beharrak bultzatu, noski, Danimarkako erregeak Spitsbergen uhartean lehorreratzea galarazi zielako. Nolanahi ere, balearen eta bakailaoaren arrantzaren gorakada eten eta berehala etorri zen beherakada, XVII. mendearen amaieratik aurrera. Arrazoiak, besteak beste, Frantziako koroak ezarritako marinelen derrigorrezko itsasoratzea eta, batez ere, XVIII. mendetik aurrera, Ingalaterra igotzen ari zen bitartean, Frantzia beherakako prozesuan izatea nazioarteko harremanetan.
Balearen arrantzarako eta bakailaoaren arrantzarako tokien bila XVI. eta XVII. mendeetan Ozeano Atlantiko osoa zeharkatzea balentria handia bazen ere, ezin genezake ahaztu, gure itsasertzean ugari ziren beste arrain mota batzuen arrantzan zebiltzan ontzi txikiak. Izan ere, itsasbazterreko arrantza zen gure itsas portu garrantzitsuenetako jarduera nagusia. Erdi Aroan bezala, arrainik preziatuena bisigua zen oraindik ere eta, ondoren, hegalaburra eta legatza. Beste arrain motek, ordea, irabazi txikia ematen zieten arrantzaleei, nahiz eta itsas aingira, XIX. mendera bitarte garrantzitsua izan zela dirudien. Aitzitik, txibiak (legatzaren arrantzarako beita gisa erabili ohi zena) edo berdelak hain zuten estima gutxi, ezen itsasertzeko herri bateko arrantzaleek beren herritarrei jateko zirela gogorarazi egin behar izan baitzieten. Tamaina txikiagoko arrainen artean sardina zen oparoena, eta pobreen otordutzat jotzen bazen ere, itsas portu gehienetan gordetzen diren agirietan, bisiguaren arrantzarako bazka gisa erabiltzen zela aipatzen da. Aro Modernoa aurrera sartuta, antxoaren arrantzak bere gorakada ezagutu zuen baina, batez ere, bisiguaren arrantzan beita gisa erabiltzeko.
XVIII. eta XIX. mendeak
aldatuEuskal Herriko arrantzaren egoerak gorabehera handiak ezagutu zituen XVIII. mendean eta herrialde bakoitzak berea bizi behar izan zuen. Elkarren artean desberdintasun handi eta aldamenekoarekin zerikusi gutxi zuen egoera, alegia.
Lapurdi
aldatuEuskal Herri kontinentalari dagokionez, XVIII. mendearen hasieran, Utrechteko Itunean jasotakoaren arabera, Euskal Herriko arrantzaleek Ternuara joateko aukera galdu zuten, eta inguru hura Ingalaterrako itsasontzientzat geratu zen. Ondoren, eta Frantziak Zazpi Urteko Gerra galdu zuenean, San Laurendi golkorako bidea itxi zitzaien hango arrantzaleei. Eta hala, koroaren beherakadarekin batera, galera handiak izan zituzten arrantzaleek Atlantikoko arrantza lekuei zegokionean.
Hala, lapurtarrek Atlantikoko arrantza tokiak galdu ondoren, XVIII. mendearen erditik aurreratsu, itsasertzeko herritarrek beren jarduna sardinaren arrantzara eta haren transformaziora zuzendu behar izan zuten. Lehenago ere beste arrantza tokietan gertatu zen bezala, bretoiek irakatsi zieten Donibane Lohizuneko herritarrei arrain mota honi hobaria nola atera. Alabaina, 1749. urtean bertan, Donibane Lohizuneko bakailao arrantzaleentzat deitoragarria zen sardina bezalako arrain txikiaren bila atera beharra. Hamarkada gutxiren buruan erabat aldatu zen egoera eta, XVIII. mendearen amaiera aldera, 20 kontserba fabrika ziren Lapurdin, 4 eta 11 milioi sardina bitarte inportatzen zituztenak, gero, gehientsuenak, berriro Espainiara esportatzeko.
Gipuzkoa
aldatuEsku artean dugun dokumentazioaren bidez jakin dugu, XVIII. eta XIX. mendeetan arrantzak beherakada handia izan zuela Gipuzkoan eta itsas portu gehientsuenen helburua, XVIII. gizaldian, Ternuako arrantza toki handiak berreskuratzea zela. Garai horretako zenbait idazlek zioenez, arrantza baztertu zuten Gipuzkoako portuen egoera tamalgarria zen, Erdi Aroko garapen izugarriaren eta XVI. eta XVII. mendeetako goraldia ezagutu ondoren, batik bat. Hala bada, herri horietako marinelen irtenbide ia bakarra Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainian itsasoko merkataritzan buru belarri murgiltzea izan zen.
Garai batean garrantzitsuak izan ziren Gipuzkoako itsas portu batzuen (Zarautz, Zumaia edo Deba) beherakadaren arrazoia, zenbait agiritan ageri denez (XVIII. mendearen azkeneko hamarralditik XIX. mendearen amaiera bitarte), herritar gehiengoaren jarduera nagusia nekazaritza izatea eta arrantza bigarren maila batera pasatzea izan zen. Testuinguru honetan ez da harritzekoa, XIX. mendearen erdialdera Gipuzkoan zeuden arrantzale profesionalak Bizkaikoen erdia izatea edota Gipuzkoan harrapatzen zen arrain kopurua (urtearen arabera) Bizkaikoaren erdia edo laurdena izatea, eta Espainiara bidaltzen zena Bizkaikoaren laurdena edo hamarrena bitartekoa izatea. Nolanahi ere, aipatutako herri horien egoera ezin daiteke itsas portu guztietara zabaldu. Mutrikun, esaterako, arrantzaren jarduerari aurreko maila altuan eutsi zitzaion eta, berdin, arrainaren komertzializazioari.
Jarduera honen garrantzia ilustratzen dute, 1826an, Mutrikuko arraina Madrilera bi egun eskasetan iristen zela dioten agiriek. Pasaia, Hondarribia eta Donostiako itsas portuek, ordea, badirudi XVII. mendeko egoera zaila gainditu eta XIX.ean hasi zirela berriro pizten. Arrantzaren indartze horrek, berriz, eragin itzela izan zuen gatzun fabrikak Mutriku, Hondarribia edo Donostian kokatzeko eta biltzeko.
Bizkaia
aldatuBizkaian oso bestelakoa izan zen egoera XVIII. mendean. Itsaso handiko balea eta bakailaoaren arrantzatik itsasertzekora igarotzea Gipuzkoan baino errazagoa izan zen. Izan ere, XVI. eta XVII. mendeetan arrantza mota horiek ez zuten izan Gipuzkoan adinako garapenik. Izan ere, aro Modernoaren hasieran, Bizkaiko itsas portu batzuek beren uretan ageri ziren baleen arrantzaren eskubidea Gipuzkoako arrantzaleei ematen zieten errentan. Nolanahi ere, gizaldi horren erdialdera arte balea eta bakailao arrantzari eusten ahalegindu zen zenbait itsas portu, (Lekeitio, esaterako), baina 1750 ondoko hamarralditik aurrera, mendearen amaiera bitarte, gehitzen joan zen itsasertzeko arrantza. Eta horren lekuko da Bermeok izan zuen garapena eta goraldia. XVIII. mendearen bigarrengo erdialdean izan zen aldeko egoera hori azaltzen dute Bizkaiko kofradiek beren gatzun fabrikak edo arrain freskoaren garbitegien eraikuntzetan egin zituzten inbertsioak.
XVI. mendearen bigarren erdialdean gertatu zenaren antzera, arrantzaren goraldia, neurri handi batean, geratu egin zen XVIII. mendearen amaierako hamarkadan. Arrazoia, orduan ere, Espainiako Koroak bere itsasoko gerratetarako zeukan marinelen beharra izan zen. Derrigorrezko itsasoratze hauek galera ekonomiko handiak ekarri zizkieten kofradiei eta, zorren eraginez, mailegu handiak eskatu behar izan zituzten. Artean XIX. mendearen lehenengo herenean, maileguak ordaintzen ari ziren, XVII. mendeko bigarren erdialdeko egoera baino latzagoa zen garaian, gainera. Izan ere, 1800-1840 bitartean, Bizkaiko itsas portu handienek krisialdia bizi izan zuten, arrantza ez baitzen XVIII. mendearen bigarren erdialdeko mailara iristen.
Arrantzaren atzerapenerako arrazoiak asko dira; baina horien artean, bereziki, gerrateak aipatu behar dira (Konbentzio Gerra, Espainiako Independentzia Gerra, Lehen Karlistaldia), zenbaitetan ontzi asko hondoratu baitzen. Baina, ez dirudi, XIX. mendearen lehenengo erdialdean, Bizkaiko arrantzaren arazoa ontzi falta zenik, gehitu ere gehitu egin baitzen kopurua. Produktibitatea, ordea, txikia zen, arrantza berdina izanik arrantzaleen kopurua handiagoa baitzen.
Egoerari buelta XIX. mendearen erdialdetik aurrera eman zitzaion, batez ere, 1860ko eta 1880ko hamarkaden bitartean, eta horrela erakusten dute Bizkaiko itsas portu nagusietan izaten ziren arrainketek. Ezin daiteke alde batera utzi, ordea, herri arrantzale tradizionaleko marinel asko (Mundaka, Elantxobe eta Lekeitiokoak) merkataritzako ontzietan itsasoratzen zirela. Alabaina, eta Gipuzkoako itsas portuetan gertatzen zenaren kontrara, Bizkaian ez zen nekazaritzarako joerarik nabarmendu. Beraz, lehen ere esan dugunez, arrantzari dagokionez Bizkaiak aurre hartu zion Gipuzkoari.
Gauza bera esan daiteke arrain gazituari buruz. Arlo honetan ere, Bizkaia Gipuzkoari nabarmenki nagusitu zitzaion XIX. mendearen erdialdera. Mende honetako hirurogeiko hamarkadako estatistika urtekarietako datuek erakusten dute Bizkaiko itsas portuetan Gipuzkoan baino lau edo hamar aldiz gehiago gazitzen zutela arraina. Bizkaiko arrantza kofradiek beren ahalegin guztiak egin zituzten gatzunaren edo arrain gazituaren monopolioari eusteko XVIII. mendearen azkeneko herenetik XIX. mendearen lehenengo herenera bitarte. Eta, ondorioz, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak, 1770. urte aldera, kantauriar itsasalde osoko arrain gazitu guztia kontrolatzeko bultzatu zuen Itsas Arrantzaren Konpainia proiektuak ez zuen aurrera egin, Bizkaiko kofradiak aurka atera baitziren. Eta aurka, besteak beste eta nagusiki, ez zutelako euskal herritar argidotar haiek aldarrikatzen zuten legatz gazituaren komertzializazioan sinesten, ez baitzuten bideragarri jotzen, nahiz eta Irlanda eta Eskozian horrelako esperientziarik izan.
Kontserbako arrainaren arrakasta XIX. mendearen erdialdean hasi zen, industria ugari ireki baitzen Bizkaian, behin liberalek kofradien monopolioa hausten zuen legedia indarrean jarri zutenean. Gazitze industriaren inguruan burgesia garrantzitsu bat sortu zen itsas portuetan. Mendearen amaiera aldera Italiako kontserbagileen konpetentziari aurre egin behar izan zioten, bertako produktuen kalitateak erakarririk etorri zirelarik hona. Baina, gatzun edo olio-ozpinaren industria ez zen XIX. mendeko ideologia liberalak eraso zuen Hego Euskal Herriko arrantzaleen jarduera bakarra. Izan ere, XVIII. mendearen amaieratik aurrera, pentsalari ezagun zenbaitek gizartearen aurrerapenarekin bateraezinak ziren Erdi Aroko zenbait jokaera salatu zituen eta, XIX. mendearen erdialdetik aurrera, liberal progresistek arrantzaleen miseriaren erruduntzat jo zituzten haiek. Arrantzaleak pobreak ziren, urteko parte handi batean gosea pasatzen zuten, eta haien emazteek, trenbidea egin aurretik, 20 kilometrotik gora ibili behar izaten zituzten beren arrainak barnealdeko herrietan saldu eta diru apur bat irabazteko. Baina, egoera hori larriagoa izaten zen arrantza gutxiko urteak izaten zirenean, orduan, eta XIX. mende amaierako autoreren batek dioenez, inguruko herrietara ere joan behar izaten baitzuten eskean, beren familien mantenuaren bila.
Bizkaiko itsas portuetara XIX. mendean iristen ziren arrain motak ere ugaritu egin ziren eta baita izaten zen kopurua ere. Hala, eta aurreko mendeetan arrantzaleen ekonomiaren oinarri zen bisiguak bere arrakasta galdu eta legatzaren eta hegaluzearen pareko mailara jaitsi zen. Aurrez Lapurdin eta Gipuzkoan gertatu zen bezala, XIX. mendea izan zen, baita ere, sardinaren arrantza garrantzitsu bilakatzen hasi zen unea eta antxoaren harrapaketak berak ere geroz eta indar gehiago izango zuen.
XX. mendea
aldatuXX. mendearen lehenengo erdia
aldatuHego Euskal Herriko arrantzak, garai honetan, XIX. mendeko zenbait ezaugarri gordetzen zituen, esaterako, Bizkaia aldeko arrantzaren nagusitasuna Gipuzkoarekin alderatuz, nabarmen ageri zena arrantzale eta ontzien kopuruan, eta baita kontserba industrian ere. Alde hori, bestalde, handitu egin zen urteen poderioz; hala, 1900. urtean arrantzale gipuzkoarren kopurua 1,5ez biderkatzen zuten bizkaitarrek eta 1936. urtean, bikoiztu.
Arrain motaren harrapaketari dagokionez, XX. mendearen lehenengo erdialde honetan behera egin zuten bisiguak eta legatzak. Hegaluzearen arrantza, berriz, ezinbesteko bilakatu zen, baita sardinaren harrapaketa ere (nahiz eta 1930 aldean bere beherakada nabarmentzen hasi). Eta antxoarena berebiziko gorakada izaten hasi zen. Baina, gorabehera guzti hauen arrazoia, zalantzarik gabe, ohiko arrainen gehiegizko harrapaketa izan zen eta honek, noski, arrantza teknologian izandako aurrerapena izan zuen oinarri. Aldaketa horien artean aipagarria da arraun eta belaontziak alboratu eta baporeak geroz eta gehiago erabiltzen hastea. Aldaketa prozesu hori handiagoa izan zen, ordea, arrain handienen harrapaketan, XX. mendeko lehenengo hamarraldietan, sardinaren arrantza, batez ere, betiko tresnez egiten baitzen. Baporeetan izandako aurrerapenek, arrasteko tresnez hornitu zirenean, neguko arrantzaren (bisigua eta legatza) berebiziko beherakada ekarri zuten, itsas portuetan deitzen zen gose garaia azarotik martxora luzatzen zelarik. Sasoi horretan kofradiak emandako maileguekin bizi behar izaten zuten arrantzaleek eta, aldi berean, handitu egiten ziren janari dendetan zituzten zorrak. Ohiko arrantzaren desagertzea arrasteko baporeen harrapaketa intentsiboaren ondorio zela salatu ohi zuten isildu gabe arrantzaleek, berezko haztegiak suntsitzen zutelako, eta arrainen errunaldia eteten. Ondorioz, arrasteko bapore handien arrantza itsasertzetik hurbil (7-12 milia bitarte) debeka zedin, eta ontzi hauek bakailaoaren harrapaketarako erabil zitezen eskatu ohi zuten sarritan arrantzaleek, horrela, herriko berezko arrantza mota berreskuratuko baitzen. Inportazio bolumen handiko gaia, bestalde.
XX. mendeko bigarren hamarraldian, 1927an, helburu hori bete ahal izan zen Pasaian sorturiko PYSBE enpresaren bidez, Ternua, Groenlandia eta Islandiako arrantzaguneetara itzuli baitziren gure arrantzaleak. Eta garai bertsuan baporeekin eta, gerora, gasolio-motordun ontziekin Irlandako hegoaldeko arrantza tokietara itzuli ziren, behe Erdi Aroko tradizioa berreskuratuz.
Baina, gehiegizko arrantzaren errua ez zen bakarrik arrasteko baporeena, XIX. mendeko azkeneko eta XX. mendeko hasierako hamarkadetan sardinaren harrapaketa itxura gabekoa izan baitzen. Hala, aipatu beharrekoa da, bolintxea bezalako sareak (oso zabaldua Hego Euskal Herriko arrantzaleen artean) sardinketarako kaltegarritzat jotzen zituztela Bretainia eta Lapurdiko arrantzaleek.
Gauza bera gertatu zen beste zenbait arrantza arterekin eta, batez ere, gauez itsasora harriak boteaz edo arraunak uretan sartzean sorturiko argi islak baliatuz egiten zena, sardina eta antxoa harrapaketa handiak izaten baitziren argitasunera hurbiltzen zirenean. Sardinarekin gertatzen ari zenaz aparte, hegaluzearen harrapaketa ere handituz zihoan eta, neurri handi batean, baporeei esker, Kantabria eta Asturiasko uretara azkarrago hurbiltzeko aukera zutelako. Hala, ontzi konpainiak sortu ziren eta bakarren batzuk, egunero, eta txandaka, itsas portura itzul zitezkeen arrantzatutakoarekin eta, behin ontzia hustu ondoren, berriro itzuli arrantza tokira.
Arrainkiarekin zerikusia zuten industriek aurrerapen handia izan zuten XX. mendeko lehenengo hamarraldietan, harrapatutako arrainaren % 80tik gora gatzuntzeko edo kontserbatzeko baitzen. Industria honek (eta, batez ere, Bermeo, Getaria eta Ondarroa inguruan) lana ekarri zuen itsas portuetara (batez ere, arrantzaleen emazte eta alabentzat) eta gose garaiari aurre egiteko beharrezkoa zen gehigarria, soldata horren bidez eskuratzen zuten. Nolanahi ere, garai hartako adituek industria honen hutsuneak nabarmendu eta salatu zituzten. Hala, industria hau Italiako kontserbagileen esku izatea kritikatzen zen, Kantauri aldeko produktuak beren herrialdekoak izango balira bezala saltzen baitzituzten, Euskal Herriko kontserbagileen aurkako konpetentzia desleiala eginez. Bestalde, etengabe gogorarazten zen kontserba eta arraina gazitzeko instalazioek ez zutela inbertsio gehiegirik behar eta, ondorioz, kofradiek, diru iturri garrantzitsua izan zitekeenez, ahaleginak egin beharko zituztela sektorea kontrolatzeko. Baina, instituzio hauek ez zuten proiektu hauetan sartu nahi izan. Eta ez ziren gai izan, bestalde, komertzializazio bide ezegokiei irtenbide bat emateko. Ondorioz, kontsumitzaileak portuan ordain zezaketen prezioa hirukoizturik ordaintzera iristen ziren sarritan.
Hala, arrantzale kofradien aurkako kritiko asko azaldu zen, erakunde atzerakoi eta arrantzaleen bizi baldintza txarren erruduntzat jotzen zituztenak. Egia esan, arrantzaleen egoera larria zen eta arrazoia arrantza sektoreko langileek (tostartekoak) soldatarik ez izatea eta, Erdi Aroan bezala, harrapatutakoaren araberako zati proportzionala (partea) irabazten jarraitzea. Arrantzale gazteek, txo deituek, kostaldeko zenbait lekutan partearen 3/4 jasotzen zuten eta ontzietako sareak konpontzen edota arrantzaren inguruko lan osagarrietan ziharduten emakumezkoak apenas iristen ziren zatiaren laurdena irabaztera.
Ordainketa maila txikia zen, beste zenbait lan sektoretan kobratzen zenaren oso azpitik. Egoera hori, ordea, ez zen berria, XVI. mendeko agirietan ikusten baita orduan ere arrantzaleak miseria gorrian bizi zirela, eta XVIII. mendearen amaiera aldera gizarte klase txiroentzat jotzen zen. Garai horretan, nabarmenagoa zen arrantzaleen eta beste industria sektoreetako langileen arteko aldea. Hala, XX. mendearen hasieran, arrantzaleek baino 1,6 bider gehiago irabazten zuten nekazari alokazerek. Meatzariek arrantzaleen irabazien halako bi eta fabriketako langileek hiru bider gehiago. Beraz, ez da harritzekoa, 1930. urte aldera, arrantzale gehienak (% 90etik gora) bizi ziren etxearen jabe ez izatea eta kostaldeko zenbait herritan (Santurtzin, esaterako) sotoetan eta are berregokitutako upategi edo kortetan bizitzea. Bestalde, arrantzaleen arteko analfabeto proportzioa % 60tik gorakoa zen. Beren arteko hilkortasun tasa ere oso altua zen eta tuberkulosia, tifus sukarra edo alkoholismoa ziren gaitzik zabalduenak. Egia esan, sarritan esan izan zaie, eta are leporatu ere, urte onetako irabaziak berehala xahutzen zituztela, etorkizunerako ez zutela ezer gordetzen, e.a. Hala eta guztiz ere, XX. mendeko hirugarren hamarkada aldera, artean gainerako sektoreetako langileek lorturiko lan baldintza hobekuntzarik lortzeko zeuden. Besteak beste, erretiroa, aseguruak (istripu, gaixotasun edo ezgaitasun aseguruak), zortzi orduko laneguna, astean ordaindutako jaiegun bat, haurren lanaren arautzea...
Ipar Euskal Herriko arrantzari dagokionez, (Donibane Lohizune eta Ziburun biltzen zen, nagusiki) bere jarduna sardinketara zuzendurik zegoen eta 1920tik 1925era bitarte Donibane Lohizuneko itsas portua lehena zen Frantzian arrantza mota honetan. Nolanahi ere, inguru honetako arrantzaren beherakada agerikoa zen. Izan ere, XX. mendearen hasieran lapurtar arrantzaleak 500 inguru ziren, XVII. mendean zirenen herena, eta gatzun fabriketan dihardutenak, beste 1.000 inguru. Sektore honek garapen handia izan zuen, batez ere, bretoiengandik jaso zituzten esperientziei esker, lapurtarren maisu izan baitziren oraingo honetan ere.
Baina garapen horretarako beharrezkoa izan zen arrantza intentsiborako sareak erabiltzea, bolintxea esaterako, eta baita arte berriak ere. Beren gatzun fabriketarako arrain freskoa Hego Euskal Herritik inportatzen jarraitzen bazuten ere, hegalaburra batez ere, nahiko bizkor eurenganatu zuten teknologia berria eta 1866an Donibane Lohizunen sardinontzi bakarreko flota, 1914an 15ekoa bihurtu eta 1938an 66 ontzikoa izatera iritsi zen. Bizkaian eta Gipuzkoan gertatu zenaren antzera, sardinaren gehiegizko arrantza horren ordaina XX. mende erditik aurrera etorri zen. Baita ondo ordaindu ere, arrain mota hori ia erabat desagertu baitzen Euskal Herriko itsasertzean.
1950etik 1960ra
aldatuBigarren Mundu Gerra amaitu zenetik 1950eko hamarkadaren amaiera bitarte, Euskal Herriko arrantzaren ekonomiak oso urte onak izan zituen eta ondoren azalduko ditugu arrazoiak. Lehenik, gerrateak beharturik, arrantza toki tradizionaletan apenas izan zen arrantzarik eta honek arrainaren ugaltzea ekarri zuenez, 50eko hamarraldian harrapaketa urte onak izan ziren. Bestalde, arrantza ahalmena ere handitu egin zen, gasolio-motordun ontziak zabaldu baitziren baporeen ordez. Hegalaburraren arrantza era ere aldatu egin zen 1947an beita bizia erabiltzen hasi zenean, asko ugaritu zelarik arrantza kopurua[1]. Aurrez erabiltzen zen maluta (artaburuko hostoz egindakoa[2]) beitaz ordezkatu zen (bokarta), ordurako itsasbazterreko arrantzako ontziak arrain haztegi gordailuez horniturik baitzeuden.
1960tik 1970eko hamarkadaren erdialdera
aldatuGarai hartan, Euskal Herriko arrantzontzien flotaren hazkundea neurriz goitikoa izan zen, Francoren garaian ontzidiaren berrikuntza bultzatu zen Garapen Planaren eraginez, baina inolako planifikaziorik eta ikuspegi zorrotzik gabe. Plan horien ondorioz, Espainiako arrantzontzien flota munduko lehenengoetakoa izatera iritsi zen, bere arrantza tokiak urriak izan arren. Itsas Ontzidiaren Berrikuntzari buruzko Lege honen ildotik, ontzijabeak geroz eta ontzi bizkorrago eta indar handiagokoak eraikitzeko gerra zoro batean murgildu ziren, izan zezakeen errentagarritasunari begiratu gabe.
Bestalde, ontzidiaren itxuragabeko hazkunde hori, itsasoa baliabide iturri agortezina zelako ustean oinarriturik zegoen, eta arrain motaren bat desagertuz gero (sardina, esaterako) beste berri eta errentagarritasun handiagoko bat sortuko zelako ustean. Alabaina, 1960ko hamarkada honetan itsasertz inguruko arrantza sektorean (antxoa eta hegaluzearen arrantza, batik bat) gertatu zen gauzarik txarrena ez zen ontzien kopurua handitzea (% 20), ontzien ahalmena handitzea baizik (% 100 igo baitzen), eta une hartan arrantza mota hau beherakako prozesuan zen. Nolanahi ere, itsasbazterreko arrantzaren beherakada beste sektoreen gorakadarekin, esaterako bakailaoaren gorakadarekin, berdindu zen. Baina, 1970eko hamarkadan, antxoa ontzien arrantza ahalmena % 250etik goiti zegoen. Neurrigabeko arrantza urteak izan ziren. Eta halako gehiegikeriak egiten ziren, ezen muga jarri baitzen antxoaren arrantzan, 8 tona egun eta ontziko. Bestalde, gehiegizko arrantza horrek arrain freskoaren prezioa jaitsi eta kontserba fabrikak eskaintzen zitzaien lehengaiari buelta eman ezinean jarri zituen. Egoera, ordea, korapilatzen joan zen 1960ko hamarraldiaren amaiera aldera, antxoaren migrazioa aldatu eta Euskal Herri kontinentaleko itsasertzean geratzen hasi zenean. Eta, orduan, istilu latzak sortu ziren bi aldeetako arrantzaleen artean.
Nahiz eta itsasbazterreko arrantzak antxoa ziurtaturik izan udaberria aldera eta hegaluzea udan, ontzien tamaina hainbeste handitu zen non ez baitzuen merezi bisigu otar gutxi batzuk arrantzatzeko erabiltzea. Hala, Gipuzkoan arrantzaleek bokartari ekin zioten negu aldean. Bizkaitarrek, berriz, hegaluzearen arrantza tokien bila jarraitzen zuten. Eta uda sasoian Galiziako itsasertzetik 500-700 miliara bazebiltzan ere, hegaluze zein hegalaburra Kanaria uharteetan, Mendebaldeko Afrikan eta Mediterraneoan harrapatzeko aukerari jarraituz, izugarri zabaldu zituzten ohiko itsasoko bideak. Arrantzaleku berrien bila, gure arrantzaleak Hego Ameriketara eta Seychelles uharteetara iritsi ziren, baina hedapen planifikatu gabea izanik, galerak larriak izan zitezkeen. Gainera, kontraesana zen, teknologikoki aurreraturiko arrantza moderno honek (ekosonda, hozkailu eta 500 zaldiko potentziako motoreak) enpresa artesanal eta industria aurrekoa baitzuen atzean. Ez zuen batere logikarik arrantza enpresak ontzi bakar batez eta familia kapitalaz osaturik egotea, arrantza sektoreko lanpostu bakoitzak 500.000 pezetako inbertsioa behar zuenean, edozein industria sektoreko batezbestekoaren oso goitiko kopurua, bestalde. Horrez gainera, enpresa horiek ez zuten kudeaketa lan modernorik egiten (kontaduria libururik ere ez zuten), Gizarte Segurantzaren tramitaziorik ez zuten egiten (kofradien bidez egiten zen) eta langileek, Erdi Aroan bezala, zegokien partiya kobratzen jarraitzen zuten. Nolanahi ere, horri esker iraun izan zuen itsasbazterreko arrantzak, ezinezkoa baizitzaien hileroko soldata finko bat eta zegozkien aseguru sozialen gastuak ordaintzea.
Alabaina, itsasbazterreko edo itsasbazterreko arrantzontzidiaren hazkundea nabarmenagoa izan zen Bizkaian Gipuzkoan baino. Izan ere, Gipuzkoan arrantzaren ustiapena aurrekontu zentzudunagoetan oinarritu baitzen, hobari handiagoa eman zezakeen itsas zabaleko eta arrasteko arrantzan. Enpresa handiago, ontzi bakoitzeko marinel gehiago eta, azken batean, itsasoaren ustiapen modernoagoko irizpideak jarraitu ziren. Alabaina, Gipuzkoako hazkundea, neurri handi batean, itsas portu bakar bateko (Pasaia) ontzidiari lotu behar zaio, probintzia osoko arrantzaren % 70 izatera iritsi baitzen.
1970eko hamarkadaren erdialdetik 1980ko hamarkadaren erdialdera
aldatuEuskal Herriko arrantza sektoreak 1970eko eta 1980ko hamarkadetan izan zuen beherakada aurreko zabalpen itxuragabekoaren ondorio izan zen. Eta jakina, ondorio latzak izan zituen Euskal Herri osoan, nahiz eta Hegoaldean larriagoak izan ziren. Estatistikak erakusten duenez, Hegoaldean 1972. urtean, 1.100 arrantzale profesional zeuden eta hamar urteren buruan erdia. Gipuzkoa eta Bizkaiko arrantza 1970eko hamarraldian atzerriko uretan izaten zen hirutik biko kopuruan. Baina arazoa are larriagoa zen, aipaturiko bi probintzia hauetako ontzidia Europako Ekonomia Erkidegoko zenbait herrialdetakoa baino handiagoa zela kontuan izaten badugu (Alemania eta Ingalaterrakoa, esaterako), eta itsasbazterreko arrantzaren produktibitatea, berriz, Europako herrialde garatuenetakoaren aldean, erdia baino ez.
Horrela bada, 1977. urtean herrialde gehienek beren lurralde urak 200 miliatara hedatu zituztenean, arrantza sektorearen zabalpena eten, moztu egin zen. Garai honi dagokionez, esan behar da Pasaiako arraste ontziak % 80 murriztu zirela eta 1972an 86 bakailao ontzi izatetik 25eko ontzidia izatera pasa zela 1986an. Europako Ekonomia Erkidegoaren arrantza politikak, beren uretako arrantza kopuruaren erabateko beherapena ekarri zuen. Gure arrantzaleak bakailaora joaten zireneko zenbait herrialdek (Islandia, Norvegia eta Kanada, esaterako) murriztapen handiak jarri zizkieten. Maroko, Estatu Batuak eta Malvinetako uretan lan egiten zuten arrantzaleek ere, arrisku larrian izan zituzten erabilitako arrantza tokiak.
Garai honetan hedapen handia izan zuen sektore bakarra hegaluze ontzi izozkailu modernoarena izan zen, beren arrantza maila 1965eko 3.200 tonatik 90.300 tonara pasa baitzen 1986an. Itsasbazterreko arrantzari dagokionez, beherakada begi bistakoa zen, legatz ontzi txikien biziraupeneko lanak erakusten du garbi asko (normalean, gainera, arrantzale zaharreko tripulazioak izaten zituzten) edota Gipuzkoako itsasbazterreko ontzidiaren egoerak, arrantzaleak azarotik martxora bitarte kaian bueltaka izaten baitziren, langabeziari zegokiona irabaziz hilabete horietan.
Eta horren guztiaren ondoren, agerikoa zen ontzidia, oro har, zahartzen ari zela (ontziek, batez beste, 1986an, 16 urte zituzten). Beraz, gehiegizko arrantza ahalmeneko sektorearen ondorio baino ez, eta ez zen erraza izango birmoldatzea, ontzidiaren murriztapen handi bat egin gabe. Egia da, baita ere, ez zela lehenengo krisialdia Euskal Herriko arrantzaren historian, lehenago ere ikusi dugunez (XVI. mendearen amaiera, XVIII. mendearen hasiera eta XIX.eko lehenengo hamarraldiak) gure gaurko arrantzaleen arbasoak ere berenak eta bi ikusiak baitziren. Baina egoerari buelta ematen jakin zuten eta hori zen, hain zuzen ere, XX. mendearen bukaerako dema.
XXI. mendea
aldatuXXI. mendean, Euskal Herriko arrantza sektoreak etengabeko galera izan du arrantzontzi eta arrantzale kopuruan. 2004tik 2012aren bukaera arte, 173 itsasontzi eta 1.101 lanpostu galdu dira Euskal Herriko kostan. 2012aren bukaeran, 369 ontzik dihardute lanbidez arrantzan Euskal Herriko kostalde osoan. Horietatik guztietatik 273 itsasbazterreko arrantzakoak dira (% 74), 70 itsas zabalekoak (% 19) eta 26 urruneko itsas zabalekoak (% 7). Euskal Herriko arrantza ontziterian, guztira, 3.050 lagunek lan egiten dute.[3]
2004/2012 urte bitartean, arrantza mota kaltetuena, ontzi kopuruaren aldetik, itsasbazterrekoa izan da (-118 itsasontzi; % -30,2). Urruneko itsas zabaleko arrantzak (atunketari izoztaileak eta arraste ontzi izoztaileak) ez du aldaketarik izan itsasontzi kopuruetan, guztira 26 dira (horietatik 23, Bermeon matrikulatuak), eta 600 pertsonari lana ematen die Euskal Herriko kostatik milaka kilometrora.[3]
Zenbait portutan, hala nola Elantxoben, azken hamarkadan ontziteri osoa galdu da; eta beste batzuk bide beretik doazela dirudi. Arrantza ontziteri handienak dituzten portuak dira Bermeo (itsasbazterreko 40 arrantzontzi eta itsas zabaleko 26), Hondarribia (itsasbazterreko 29), Getaria (itsasbazterreko 25) eta Pasaia (itsasbazterreko 15 eta itsas zabaleko 5), 2011ko datuen arabera. Bestalde, Ziburu-Donibane Lohizuneko kofradian 142 itsasontzi daude izena emanda, guztiak Lapurdiko kostan banatuta, 2012ko datuek diotenez. Horietatik 94 itsasbazterreko arrantzan dabiltza (% 66,2), 46 itsas zabaleko arrantzan (% 32,4), eta 2 urruneko itsas zabaleko arrantzan (% 1,4).[3]
Lanpostu kopuruaren bilakaerari begiratuta, Mundaka (+15 lanpostu), Bilbo (+1) eta Zierbenako (+0) portuek soilik ez dute galdu lan eskurik 2004/2011 aldian. Euskal Herri osoan 887 lanpostu galdu dira alor honetan (lanpostu guztien % 21,4 2004n) eta gehien erasandako portuak Ondarroa (-273: guztizkoaren % -42,8), Pasaia (-210; % -57,2) eta Bermeo (-181; % -17,2) izan dira.[3]
Bermeoko kasua berezia eta paradigmatikoa da sektorean: 2004/2011 aldian atunketari izoztailetan lanpostuak ugaritu egin dira (+106 lanpostu; % +20,5) eta itsasbazterreko arrantzan, berriz, lanpostuen erdiak baino gehiago galdu dira (-287; % -53,6). Argigarria da lanpostuen bilakaerari erreparatzea denboran: 1995. urtean 6.304 lanpostu zuzen zeuden arrantza sektorean Euskal Herrian eta ordutik hona 3.254 galdu dira (guztizkoaren % 51,6).[3]
Erreferentziak
aldatu- Sarrera honen edukiaren zati bat Lur entziklopedia tematikorako Juan Gracia Cárcamok egindako «Arrantzaren zibilizazioa» artikulutik txertatu zen 2012-12-29 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, entziklopedia hori Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin[Betiko hautsitako esteka] argitaratu du, Data Euskadi webgunean[Betiko hautsitako esteka].
- ↑ Joxerra AIZPURUA: Arrantza teknika berriak: istilu "saretsua"[Betiko hautsitako esteka] Zientzia.net
- ↑ Maluta Euskadi.net
- ↑ a b c d e Gaindegia Hirumugarrieta: «Arrantza sektorea: Etengabeko galera ontziterian eta eskifaian»[Betiko hautsitako esteka], Sustatu.com, 2013-05-21.