Euskal Auzotasun Zibila

Auzotasun zibila pertsonaren egoera zibil bat da. Egoera zibila izan daiteke adin nagusikoa edo adin txikikoa izatea,  edota ezkondua, ezkongabea, alarguna edo dibortziatua, besteak beste. Auzotasun zibilak pertsonari estatuko zein ordenamendu zibil aplikatuko zaion zehazten du, eta  Erregistro Zibilean erregistratzen den egoera zibila da. Izan ere, Espainiako estatuan ordenamendu juridiko zibil desberdinak daude: Euskal Zuzenbide Zibila (EAEn), Galiziakoa, Kataluniakoa, Aragoikoa, Nafarroakoa, Balear Uharteetakoa eta Kode Zibilean arautzen dena.

Naziotasunarekin eta administrazio-auzotasunarekin zerikusirik al du?

Auzotasun zibila eta nazionalitatea ez dira gauza bera eta ondo bereizi behar dira. Nazionalitatea zein estatutako ordenamendu zibila aplikatuko den zehazten duen konexio-irizpidea da. Adibidez, Espainiako nazionalitatea badaukazu, Espainiako ordenamendu zibila aplikatuko zaizu, eta ez Frantziakoa. Auzotasun zibila azpinazionalitate baten modukoa da. Horren bidez, Espainiako ordenamendu juridiko zibilaren barruan zein ordenamendu zibil konkretu aplikatuko zaizun zehazten da: Kataluniakoa, Galiziakoa… Beraz, Espainiako estatuaren barnean zein ordenamendu juridiko zibil aplikatuko den zehazteko barne konexio-puntua da.

Administrazio-auzotasuna eta auzotasun zibila ere ez dira gauza bera. Administrazio-auzotasuna udalerri edo herri batean erroldatuta egoteagatik lortzen den auzotasuna da. Adibidez: Barakaldon bizi naizenez, bertako erroldan inskribatuta nago eta horregatik, mediku kontsultak egiteko bertako anbulatorioa egokitu didate. Toki batean bizi zaitezke eta beste toki bateko auzotasun zibila eduki. Adibidez: duela urtebetetik Iruñean bizi naiz eta bertan erroldatu naiz, baina nire auzotasun zibilari dagokionez galiziarra naiz.

Ondorioz, nazionalitateak zein estatuko ordenamendu zibil aplikatuko den adierazten du eta administrazio-auzotasunak herri edo udalerri bateko erroldan inskribatuta zaudela adierazten du, administrazio ondorioetarako (botoa non eman, zergak non ordaindu…). Ordea, auzotasun zibila Erregistro Zibilean inskribatzen da, eta estatuaren barruko zein ordenamendu zibil aplikatuko den adierazten du.

Auzotasun zibila Kode Zibileko V. kapituluan arautzen da: 14.1, 15.1 eta 16.1.1 artikuluetan. Horretaz gain, euskal auzotasun zibilari buruzko erregulazioa Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko 5/2015 Legeak aurreikusten du, zehazki 11. artikuluan eta 7. xedapen iragankorrean.

Auzotasun zibilaren arabera estatuko zein ordenamendu juridiko zibil aplikatuko den zehazten bada ere, ordenamendu juridiko zibilek arautzen ez duten arloetan, Kode Zibila osagarria izango da.

Auzotasun zibila eskuratzeko erak aldatu

Auzotasun zibila eskuratzeko erak Kode Zibilaren 14. artikuluan aurreikusten dira. Honako hauek dira:

  • Seme-alabatasunez

Seme-alabek jaiotzatik guraso ezkondu edo ezkondu gabeek duten auzotasun zibila eskuratuko dute.

Adoptatutako seme-alabek beren guraso adoptatzaileen auzotasun zibila eskuratuko dute.

Guraso bakar batek Espainiako naziotasuna badu, bere seme edo alabak beraren auzotasun zibila jasoko du.

Guraso bakarreko seme-alaben kasuan, seme-alabek guraso horren auzotasuna eskuratuko dute.

Bi gurasoek auzotasun zibil desberdina badaukate, Kode Zibilak planteatutako aukera hauek erabili behar dira:

  1. Semea edo alaba jaio edo adoptatu eta sei hilabeteetan Erregistro Zibilean inskribatuz, bere gurasoetako baten auzotasun zibila ezarri ahal diote. Guraso bakarrak badauka guraso-agintea, normalean seme edo alabak bere auzotasun zibila eskuratuko du, baina beste gurasoaren auzotasun zibila ere aukera dezakete adostasunez. Gurasoen artean akordiorik ez badago, epailearengana jo ahal dute, hark erabaki dezan.
  2. Lehenengo aukera erabili ez badute, semeak edo alabak seme-alabatasuna lehenengo finkatu duen gurasoaren auzotasun zibila eskuratuko du. Hala ere, gehienetan gurasoek seme-alabatasuna aldi berean finkatzen dute.
  3. Aurreko bi aukerak erabili ez badituzte, umearen jaioterriko auzotasun zibila ezarriko zaio semeari edo alabari.
  4. Azkenik, umea atzerrian jaio bada, Kode Zibileko auzotasun zibila ezarriko zaio.
  • Toki zehatz batean jaiotzeagatik

Umearen gurasoak nortzuk diren zehaztu ezin bada, umeak jaioterriko auzotasun zibila eskuratuko du. Etorkizunean gurasoak nortzuk diren eta beren auzotasuna zehazten bada, gurasoen auzotasuna ezarriko zaio bere jaiotegunetik.

  • Aukeratu izanagatik

Seme-alabak 14 urte dituenean bere auzotasun zibila aukera dezake bi aukera hauen artean:

  1. Bere jaioterrikoa
  2. Bere gurasoetako bakoitzak izan duen azken auzotasuna
  • Ezkontzagatik

Ezkontzak berez ez du ezkontideen auzotasun zibila aldatzen, eta bakoitzak ordura arte zeukana mantentzen du. Hala ere, ezkontideek horrela nahi badute, batak bestearen auzotasun zibila eskuratu dezake.

  • Bizilekuagatik

Toki batean bi urtez bizitzean bertako auzotasun zibila eskuratzeko eskubidea sortzen da. Horretarako, espreski auzotasun zibila aldatu nahi duzula adierazi behar duzu eta Erregistro Zibilean aldaketa inskribatu. Auzotasun zibilaren aldaketa Erregistro Zibilean inskribatzen ez bada eta esanbidez adierazten ez bada, ez da auzotasun zibila aldatuko eta momentu horretara arte zeukana mantenduko da.

Toki batean hamar urtez bizitzean bertako auzotasun zibila automatikoki eskuratzen da, hau da, auzotasun zibila aldatu nahi duzula ez da esanbidez adierazi behar, ezta Erregistro Zibilean inskribatu ere. Beraz, toki batean hamar urtez bizi bazara, bertako auzotasun zibila eskuratu nahi ez baduzu eta zurea mantendu nahi baduzu, esanbidez adierazi beharko duzu ez duzula aldaketarik nahi.

Euskal auzotasun zibila aldatu

Euskal auzotasun zibila Euskal Auzotasun Zibilari buruzko 5/2015 Legearen ondorioz sortu zen. Lege horren 10. artikuluan aurreikusten da euskal auzotasuna duten herritar guztiei Euskal Autonomia Erkidegoko Lege Zibilak aplikatuko zaizkiela. Ordura arte egoera oso bestelakoa zen, 1992ko Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilaren 3/1992 Legea, uztailaren 1ekoa baitzegoen  indarrean. Lege hori hiru liburutan zatituta zegoen: Bizkaiko Foru Zuzenbide Zibila, Aiarako Foru Zuzenbide Zibila eta Gipuzkoako Foru Zuzenbide Zibila.

Beraz, Foru Zuzenbide Zibil bakoitza aplikatzeko auzotasun zibil desberdinak behar ziren. Gipuzkoako Foru Zuzenbide Zibila aplikatzeko Gipuzkoako lurralde historikoko auzotasun zibila behar zen. Araban, Aiarako Foru Zuzenbide Zibila aplikatzeko Aiarako auzotasun zibila beharrezkoa zen. Azkenik, Bizkaiko Foru Zibila aplikatzeko Bizkaiko foruduna izan behar zinen, hots, Bizkaiko herri lauetako auzotasuna eduki behar zen. Bizkaiko hiribilduetan bizi zirenek Bizkaiko auzotasun zibila zuten, baina ez foruduna, eta, ondorioz, Kode Zibila aplikatzen zitzaien eta ez Bizkaiko Foru Zibila. Bizkaian hurrengo hiribilduak ditugu: Balmaseda, Bermeo, Bilbo, Durango, Ermua, Lanestosa, Lekeitio, Markina-Xemein, Ondarroa, Otxandio, Portugalete eta Plentzia. Adibidez, norbaitek Portugaleteko hiribildu noblearen auzotasun zibila bazuen, bizkaitar foruduna ez zenez, Kode Zibilaren ordenamendu juridiko zibilaren pean zegoen. Are gehiago, hiribilduen barnean, kanpoko landa-etxeetan bizi zirenei Bizkaiko Foru Zibila aplikatzen zitzaien. Adibidez, Bermeo hiribildua izanik, bertako auzotasun zibila zuten herritarrei Kode Zibila aplikatu behar zitzaien, baina Bermeoko kanpoaldeko landa-etxeetan bizi zirenei Bizkaiko Foru Zuzenbidea aplikatzen zitzaien.  Egoera oso korapilatsua zenez, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko 5/2015 Legeak araudia aldatu zuen Euskal Autonomia Erkidego osoan ordenamendu juridiko zibil bateratua sortuz. Ordutik aurrera ez da bereizketarik egiten lurralde historikoetako eta lur lauetako edo hiribilduetako herritarren artean, salbuespenak salbuespen.

Euskal lege zibilen adibide dira Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko 5/2015 Legea, Izatezko Bikoteen 2/2003ko Legea eta Gurasoen banantze edo haustura kasuetako familia harremanei buruzko 7/2015eko Legea. Lege horiek euskal auzotasun zibila duten herritarrei aplikatzen zaizkie. Hala ere, lege bakoitzak eta legeetan aurreikusitako figura bakoitzak bere baldintza eta irizpide propioak izango ditu. Esaterako, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko 5/2015 Legeko tronkalitatea aplikatzeko beharrezkoa da onibarra Bizkaiko lur lauan edo Bizkaiko hiribildu bateko kanpoko landa-etxeetan kokatuta egotea. Aiarako xedatzeko askatasuna erabiltzeko nahitaezkoa da Aiarako auzotasun zibila izatea. Baserriari buruzko Gipuzkoako arau bereziak erabiltzeko baserria Gipuzkoako lurralde historikoan kokatuta egon behar da. Amaitzeko, ezkontideek ezkontzako itunik egin ez dutenean edo egindakoak deusezak direnean, ondasunen foru-komunikazioa erabiltzeko ez da nahikoa euskal auzotasun zibila izatearekin; horrez gain beharrezkoa da Bizkaiko lur lauko auzotasuna izatea.

Erreferentziak aldatu

  1. BERCOVITZ RODRÍGUEZ-CANO, Rodrigo (2016): Manual de Derecho Civil. Derecho Privado y Derecho de la persona, Bercal, S.A, 147-156. or.
  2. IMAZ ZUBIAUR, Leire (2013): Zuzenbide Zibilaren Sarrera. Eskubide Subjektiboa. Pertsonaren Zuzenbidea., 20-21. or. https://ikasmaterialak.ehu.eus/zuzenbidea
  3. IMAZ ZUBIAUR, Leire (2007): Euskal Auzotasun Zibila, Euskara eta Eleaniztasuneko erretoreordetzaren sarea argitalpena, 38-40. or., https://ikasmaterialak.ehu.eus/zuzenbidea
  4. GIL RODRÍGUEZ, Jacinto (zuz.) eta GALICIA AIZPURUA,Gorka (koor.) (2016): Manual de Derecho Civil Vasco, Atelier argitaletxea, 38-40. or. eta 74-75. or.