Euskadiko Eskola Kontseilua
Euskadiko Eskola Kontseilua 1990. urtean Eusko Jaurlaritzak sortutako erakunde publikoa da[1]. Euskadiko irakaskuntzako programazio orokorrarekin zerikusirik duten giza eragileek parte hartzeko organo gorena da, eta Eusko Jaurlaritzaren araudiari buruzko kontsulta eta aholkularitza organo lanak betetzen ditu.
Euskadiko Eskola Kontseilua | |
---|---|
Mota | Gobernu erakundea |
Sektorea | Hezkuntza |
Sorrera | 1990 |
Sortzailea | Eusko Jaurlaritza |
Egoitza | Gran Via 85, Bilbo (Bizkaia) |
Presidentea | Nélida Zaitegi |
Webgunea | Euskadiko Eskola Kontseilua |
Funtzioak
aldatuEuskadiko Eskola Kontseiluaren funtzioren artean, hauek dira aipagarrienak:
- Hezkuntza komunitatearen parte hartzea ahalbidetzen du, irakaskuntzaren programazio orokorrean eta gobernuak hartzen dituen oinarrizko erabakietan.
- Euskadiko hezkuntzaren gai nagusiez (lege-proiektuak, dekretuak, planak…) nahitaez kontsultatua izan behar da.
- Irakaskuntzarekin zerikusia duten gaiei buruzko proposamenak egiten dizkio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailari.
- Euskadiko hezkuntzaren egoera ebaluatzen du, eta kasuan kasuko txostena landu eta argitaratu.
- Estatuko eta autonomia erkidegoetako eskola kontseiluaren batera urteroko topaketan parte hartzen du, bai eta estatuko eskola kontseiluan ere.
Halaber, EAE mailan irakaskuntza garatzen duten arauei buruzko irizpenak egitea edota irakaskuntzaren egoeraren inguruko txosten orokorra burutzea eta txostenak egitea ere Euskadiko Eskola Kontseiluaren funtzioak dira.
Osaketa
aldatuTaldearen osaketan eboluzioa antzeman daiteke urteak joan urteak etorri. Hona osaketa[2] eredu bat:
- Euskadiko irakaskuntzako sei irakasle,
- Euskadiko irakaskuntzako ikasleen sei guraso
- Euskadiko irakaskuntzako sei ikasle,
- Administrazio eta Zerbitzuetako langileen bi ordezkari
- Ikastetxe pribatuetako bi titular
- Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkari bat
- Langileen sindikatuetako hiru ordezkari
- Erakunde patronaletako hiru ordezkari
- Hezkuntza Administrazioko lau ordezkari
- Hezkuntza arloan izen handikoak diren lau pertsona,
- Toki Administrazioko sei ordezkari
- Doktore eta Lizentziatuen Kolegioko ordezkari bat
- Pedagogia Kolektiboetako ordezkari bat
- Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren ordezkari bat
Taldearen baitan, batzorde iraunkor bat osatu ohi da eta beste hainbat azpibatzorde[3].
Egitura
aldatuEuskadiko Eskola Kontseilua hiru marko ezberdinek osatzen dute:
Osoko bilkura
aldatuEuskadiko Eskola Kontseilua osatzen duten 46 kideak biltzen ditu eta gutxienez urtean birritan biltzen da. Hau da Kontseiluko erabakigune nagusia eta gai garrantzitsuenak hemen onartuak izan behar dira. Euskadiko Eskola Kontseiluko presidentea da bilkurako lehendakaria eta kide bakoitzak bozka bakarra du.
Kontseilu iraunkorra
aldatuKontseilu Iraunkorrak Euskadiko Eskola Kontseiluko gobernu batzorde lana burutzen du. Hamaika kidek eta idazkari teknikoak osatzen dute eta bi astean behin biltzen da. Egunerokotasunean sortzen diren gaien eztabaida eta onarpena egitea, osoko bilkurara eraman beharreko gai ordena zehaztea, kontseiluko batzordeen jarraipena egitea eta batzorde-buruak izendatzea, kontseiluko karguen izendatze eta izengabetze proposamenak burutzea, batzordeak sortu zein desegitea edo Euskadiko Eskola Kontseiluaren ordezkaritza lanak egitea dira, besteak beste, Kontseilu Iraunkorraren funtzioak.
2016an, kontseilari hauek osatzen zuten Kontseilu Iraunkorra:
Izena | Kargua | Erakundea |
---|---|---|
Maite Alonso | Lehendakaria | Eusko Jaurlaritza |
Isabel Kapanaga | Lehendakariordea | Eusko Jaurlaritza |
Juan Carlos Jauregui | Euskadiko Gurasoen Ordezkaria | FECAPP |
Antxon Rodríguez | Euskadiko Ikasleen Ordezkaria | Ikasle Abertzaleak |
Iñaki Azpitarte | Euskadiko Irakasleen Ordezkaria | ELA Sindikatua |
Mikel Pagola | Toki Administrazioko Ordezkaria | EUDEL (EAJ) |
Maria Teresa Ojanguren | Antolaketa Batzordea | Lauaxetako Zuzendaria |
Raimundo Rubio | Giza-baliabideak Batzordea | Steilas Sindikatua |
Carlos López | Egitaraugintza Batzordea | Denon Eskola Elkartea |
Xabier Aizpurua | Hizkuntza Helburuak Batzordea | ISEI-IVEIko Zuzendaria |
Amaia Jauregiberri | Finantzaketa Batzordea | Eusko Jaurlaritzako Zuzendaria |
Eva Blanco | Idazkari Teknikoa |
2019. urtean batzorde iraunkorra hau da[4]. Euskadiko Eskola Kontseiluko webgunean, batzarkideen jatorriari buruzko argibideak dokumentu batean ikus daitezke eta batzordeen osaketa beste batean[4][5].
Izena | Kargua | Erakundea |
---|---|---|
Nélida Zaitegi | Lehendakaria | Eusko Jaurlaritza |
Maria Teresa Ojanguren | Lehendakariordea | Eusko Jaurlaritza |
Eva Blanco | Idazkari Teknikoa | · |
Ainara Ibáñez | Euskadiko Gurasoen Ordezkaria | ··· |
··· | Euskadiko Ikasleen Ordezkaria | ··· |
Mikel Pagola | Toki Administrazioko Ordezkaria | EUDEL (EAJ) |
Ana Marta Iriarte | Irakasleak | ··· |
Usoa Urbieta | Programazioa | ··· |
Begoña Pedrosa | Antolaketa | ··· |
Josean Bueno | Giza-baliabideak | ··· |
Xabier Aizpurua | Hizkuntza Helburuak Batzordea | ISEI-IVEIko Zuzendaria |
Ismael Redondo | Finantzaketa Batzordea | ··· |
Batzordeak
aldatuEuskadiko Eskola Kontseiluak batzorde espezifikoak ditu gai ezberdinen inguruko ikerketa, eztabaida eta proposamenak egiteko. Batzorde bakoitzak buru bat du eta kontseiluan ordezkatuta dauden sektore bakoitzeko ordezkari batek parte hartzen du bertan.
Erreferentziak
aldatu- ↑ «Arautegia - Euskadiko Eskola Kontseilua» www.consejoescolardeeuskadi.hezkuntza.net (Noiz kontsultatua: 2019-02-14).
- ↑ «Osaketa - Euskadiko Eskola Kontseilua - 2020ko osaketa» www.consejoescolardeeuskadi.hezkuntza.net (Noiz kontsultatua: 2020-05-14).
- ↑ «Osaketa - Euskadiko Eskola Kontseilua - 2020ko batzordeen osaketa» www.consejoescolardeeuskadi.hezkuntza.net (Noiz kontsultatua: 2020-05-14).
- ↑ a b «Nortzuk osatzen dute Euskadiko Eskola Kontseilua» www.consejoescolardeeuskadi.hezkuntza.net (Noiz kontsultatua: 2019-02-14).
- ↑ Batzordeen osaketa[Betiko hautsitako esteka]