Europako Parlamentua
Europako Parlamentua[1] Europar Batasunaren biltzar parlamentarioa da. Frantziako Estrasburgo hirian kokatua dago. Bozketa unibertsalez hautatzen den nazioz gaindiko munduko legebiltzar bakarra da. 1979an sortu zen, eta, 5 urtetik behin, bozketak dituzte EBko 455 milioi biztanleek, eurodiputatuak aukeratzeko. Eurodiputatuak 9 talde politikotan banatuta daude, botoen arabera.

Lisboako Itunaren arabera, gero eta europarlamentari gehiago ditu gero eta pertsona gehiago bizi den Estatu batek. Gutxienez 6 europarlamentari ditu Estatu bakoitzak eta asko jota, Alemaniaren kasua den bezala, 96. Gehienez, 751 europarlamentari daude, hala eta guztiz, horietako bat lehendakaria denez, berak ezin du bozkatu eta ondorioz, 750 boto egon ahal dira bozketa bakoitzean.[2]
Europar Kontseiluarekin batera, Europar Batasuneko botere legegilea osatzen du. Nolanahi ere, Europar Legebiltzarrak ez dauka lege-ekimenik, Batasuneko herrialdeetako parlamentu gehienetan ez bezala. Europar Batasuneko "lehenengo instituzioa" den arren (hitzarmenetan estreinakoz aipatua, eta protokoloan lehentasunezkoa), Kontseiluak botere handiagoa dauka legeak onartzerakoan, hainbat arlo Kontseiluaren eskumenekoak baitira. Parlamentuak, ordea, Batasuneko aurrekontuaren gaineko kontrola dauka, eta Batzordeko komisarioen aukeraketa bertan behera utzi dezake.
Europar Legebiltzarrak bi egoitza ditu biltzeko: Louise Weiss izeneko eraikina Estrasburgon eta Espace Leopold izenekoa Bruselan. Lehenengoa egoitza ofiziala da, eta osoko bilkurak bertan egiten dira. Bigarrena, handiagoa, komiteen eta alderdi politikoen bilkuretarako zein ohiz kanpoko osoko bilkuretarako erabiltzen da. Europar Legebiltzarreko Idazkaritza Luxenburgon dago.
2014ko azaroaren 12an, LuxLeaks auzia zela eta “interes-gatazkarik izan ez” zela izan ziurtatu zuen Europako Batzordearen presidenteak. Baina, “baliteke, Luxenburgon zerga ingeniaritza gehiegi izatea”, adierazi zuen Junckerrek[3]. Azaroaren 24an, Europako Parlamentuan Junckerren aurkako zentsura-mozioa izan zuten eztabaidagai, izan ere, Luxenburgok 340 multinazionalekin ezkutuko akordioak sinatu zituela jakin zen. Hala ere, ez zuen aurrera egingo euroeszeptikoen eta ultraeskuinaren babesa bakarrik zuelako[4].
Europar Legebiltzarreko alderdi politikoakAldatu
Alderdia | Burua(k) | Eurodiputatuak | ||
---|---|---|---|---|
EPP-ED | Joseph Daul | 288 | ||
PES | Martin Schulz | 217 | ||
ALDE | Guy Verhofstadt | 100 | ||
UEN | Brian Crowley Cristiana Muscardini |
44 | ||
G-EFA | Monica Frassoni Daniel Cohn-Bendit |
43 | ||
GUE-NGL | Francis Wurtz | 41 | ||
ID | Nigel Farage Kathy Sinnott |
22 | ||
Bestelakoak | 30 | Iturria: Europar Legebiltzarra |
2014ko urriaren 17an, Erresuma Batuko UKIP, Italiako 5 Izar Mugimendua eta beste zenbait alderdi euroeszeptiko biltzen zituen taldea desegin behar izan zuten Europako Parlamentuan. Izan ere, Askatasunaren eta Demokrazia Zuzenaren Europa taldeak zazpi estatutako diputatuak zeuzkan, baina Letoniako kide batek utzi zuenez gero, ez zituen taldea osatzeko baldintzak betetzen[5].
ErreferentziakAldatu
- ↑ EIMA. Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. .
- ↑ Goldirova, Renata (19 October 2007). "EU agrees new 'Treaty of Lisbon'". EU Observer. Retrieved 19 November 2007.
- ↑ «Juncker: 'Ez dut legez kontrako praktiken berri izan Luxenburgon'», EiTB, 2014-11-12
- ↑ «Europako Parlamentuan, Junckerren aurkako zentsura-mozioa eztabaidagai», EiTB, 2014-11-24
- ↑ «Alderdi euroeszeptikoen taldea desegin dute Europako Parlamentuan», Berria, 2014-10-17
Kanpo estekakAldatu
- Europar Legebiltzarraren webgune ofiziala (Bulgarieraz) (Txekieraz) (Danieraz) (Alemanez) (Estonieraz) (Grezieraz) (Ingelesez) (Gaztelaniaz) (Frantsesez) (Gaeleraz) (Italieraz) (Letonieraz) (Lituanieraz) (Hungarieraz) (Malteraz) (Nederlanderaz) (Polonieraz) (Portugesez) (Errumanieraz) (Eslovakieraz) (Eslovenieraz) (Finlandieraz) (Suedieraz)