Europako Agiri Bakuna

Europako Agiri Bakuna[1] nazioarteko itun bat izan zen, Europako Erkidegoko 12 estatu kideek[oh 1] sinatu zutena, 1986ko otsailaren 17an Luxenburgon eta otsailaren 28an Hagan (Herbehereak). Erromako Itunari egindako lehenengo zuzenketa garrantzitsua izan zen. 1987ko uztailaren 1ean sartu zen indarrean. Europako Erkidegoaren izaera demokratikoa indartu zuen, botere berriak eman baitzizkion Europako Parlamentuari, eta handitu egin zituen Erkidegoaren jardun-eremuak (ingurumena, ikerketa eta garapena). Barruko merkatua sortzeko asmoa ikustarazi zuen.[2]

HistoriaAldatu

1980ko hamarkadaren hasieran, Europako Erkidegoko estatuek merkatu bakarra sortzea urrun ikusten zuten. Merkatari eta politikariek merkatu bakar hori sortzeko beharra ikusten zuten, herrialdeen arteko merkataritza arautzen zituzten legeak harmonizatuz. Helburu hori lortzeko asmoz osatutako batzorde berezi batek ateratako ondorioak izan ziren geroago Agiri Bakunean jarri ziren erabakiak. Merkatu bakarra 1992rako sortu beharra ezarri zuten.

Agiri Bakunaren helburua herrialdeen arteko mugak gutxitzea eta merkataritza erraztea zen. Europako Erkidegoaren lehiakortasuna hobetzeko eta eraginkortasuna bermatzeko, gehiengo kualifikatuaren sistema alor gehiagotara zabaldu zen, aho batez erabaki beharreko alor kopurua gutxituz. Europako Parlamentuari ere indar gehiago eman zitzaion eta Europako Kooperazio Politikoa sortu zen, geroagoko Europar Batasunaren Atzerri eta Segurtasun Politika Bateratuaren aurrekaria.

OharrakAldatu

ErreferentziakAldatu

  1. EIMA. Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. .
  2. Europako Batasunaren historia. Argia astekaria, 2004ko apirilak 4, CC BY-SA 3.0, argia.eus . Noiz kontsultatua: 2020-9-19.

Kanpo estekakAldatu