Eten 1998an Nerbioi ibaiaren ezkerraldean sortutako musika taldea da.

Eten
Datuak
JatorriaSestao (Bizkaia)
Musika motarock
Urteak1998 -
Produkzioa
Diskoetxea(k)MusikHerria, Taupaka
Taldekideak
Unai de la Iglesia
Ibon Rodriguez
Lehengo taldekideak
Jonan Izurieta
Maite Arroitajauregi
Sendoa Miranda

Hasiera batean, hirukote gisa aritu zen rock, post-hardcore ildotik. Gerora, bikote bihurtuta, inprobisazioan oinarritutako rocka egiten hasi zen. Gaur egun ArtoArtian osatzen duten taldeetako bat da.

Historia aldatu

1998an Sestaoko Eusko Lorak dantza taldearen egoitzan sortu zen taldea, ia nahigabean. Hurrengo urtean Trapagako Elgero auzora aldatu zen, entseguak bertan egitera, bertako Elgeroko Aldapa elkarteari esker, eta hantxe sortu zituzten beren lehenengo kantuak.

Kantu horietako 8k osatu zuten taldearen lehenengo CDa (i/g). Muskizen grabatu zuen 2000. urteko Aste Santuan. Maketa hori grabatuta, Bizkaiko hainbat lekutan jotzen hasi zen, eta urte bereko abenduan Basauriko Gaztetokiko II. Maketa Lehiaketan sari bat lortu zuen, “Euskarazko talderik onena” saria, hain zuzen. Lehiaketako beste bi sarituekin (She’s eta Fomalhaut) disko bat osatu zuten, Urdulizeko Tio Pete Estudioan, Jose Lastra eta Carlos Velascoren gidaritzapean. Diskoa doan banatu zen.

Kantu berriak egiten eta Euskal Herri osotik jotzen jarraitu zuten 2002ko abenduan Jonanek taldea utzi arte. Ordura arte hiru kideek musika tresna guztiak txandakatzen zituzten, eta kanta batzuetan formazioa aldatzen zen.

Sendoak hartu zuen Jonanen lekukoa eta 2004an Berako MIK estudioan grabatu zuten bigarren CDa, ErTzEaN izenekoa. Garai horretan Jawbox taldearentzako tributo disko baterako Motorist kantaren bertsioa ere grabatu zuten, oraindik argitaragabea.

Formazio berriarekin eboluzio sakona izan zuen taldeak. Izan ere, lan egiteko moduak aldatu eta zuzeneko inprobisatuak egiteari ekin zioten. Halakoa izan zen Sendoarekin egin zuten azkenengo kontzertua, Gorlizeko Xurrut aretoan, eta halakoak ere bikote gisa egindako guztiak 2008 urtera arte.

2006ko udazkenean taldeak parte hartu zuen LURRA izeneko tailerrean. Tailerraren asmoa zen antzezlan bat osatzea hainbat arte-diziplinatako jendea elkartuz ZERO konpainiaren eskutik. Urriaren aste oso batez eskaini zuten aurretik laborategian landutako kontzeptu asko. Ez zen obra itxi bat izan, egunetik egunera egindakoa aztertu eta proposamen berriak tartekatzen ziren. Eten taldea, obraren soinuaz arduratzeaz gain dantzan eta antzezpenean ere aritu zen.

2007ko apirilean, Bilborock aretoaren 10. urtemuga ospatzeko prestatu zuten jaialdirako Audience taldea gonbidatua izan zen. Zerbait berezia egitea zen asmoa eta Eten-ekin batera hiru kanta prestatzea erabaki zuten. Audience taldearen In a small town kantaz gain Angels Of Light taldearen My true body eta Velvet Underground taldearen Black Angel's death Song aurkeztu zituzten jaialdia ixteko. Azken kantu hori Alvaro Brutus-ek 2008an kaleratutako A Gran Bilbao Tribute to the Velvet Underground & Nico diskoan plazaratu zen.

2007an hurrengo estudio lana sortzen eta grabatzen hasi ziren, taldearen lokalean bertan. Lan horretan bertsioen kontzeptua landu zuten, noraino den kantu bat beste baten bertsio, esaterako. 2008an kaleratu zuten Labeatzomorroen Bibisekzioa diskoa LP eta CDan. Musika txikiak eta eskulanak banatzeko sortu zen ArtoArtian katalogoaren partaide da taldea eta Arto Artianek berak banatzen ditu bere lanak.

2009ko urtarrilean "Afeite al perro" zigiluaren bitartez bere lehen kasetea argitaratzen dute, "Kaseten" izenekoa. Bertan, A aldean Azkoitian The Ex taldearen aurretik jo zutenean egindako inprobisazioa agertzen da, "Jendaurrean" izenekoa eta B aldean haiek bakarrik lokalean espresuki egindako beste inprobisazioa sartu zuten, "Jendatzean" deiturikoa. 100 ale atera ziren.

2010eko udan Mursego bakarlariaren eskutik, Mikel Laboaren eta Joxanton Artzeren Zaude Lasai kantuaren bertsioa sortu zuten bIDEhUTS plataformak urte bereko abenduaren 1ean aurkeztu zuten Txinaurriak disko bikoitzerako. Diskoak Laboaren omenez sortutako 18 bertsio biltzen ditu. Eten eta Mursegoren bertsioa Karlos Osinagak grabatu zuen Tolosako Bonberenea gaztetxean.

Taldekideak aldatu

  • Unai de la Iglesia -Portugalete- (1998-…)
  • Ibon Rodríguez -Sestao- (1998-…)
  • Jonan Izurieta -Portugalete- (1998-2002)
  • Sendoa Miranda -Sestao- (2002-2005)

Diskografia aldatu

  • ETEN (2000, autoekoiztua) CD
  • ErTzEaN (2004, autoekoiztua) CD
  • Labeatzomorroen bibisekzioa (2008, autoekoiztua) CD+LP
  • Kaseten (2009, Afeite al perro) cass.
  • Atx! (2015, autoekoiztua) CD+LP

Kolaborazioak aldatu

  • Basauriko Gaztetokia (2001)
  • Txinaurriak. Mikel Laboari ikasitako kantuak (2010, Bidehuts)
  • Underground. Reklofpilatio Vol.1 (2014)

Kanpo estekak aldatu

Taldekideen aldi bereko proiektuak