Estrasburgoko katedrala

Estrasburgoko Andre Mariaren katedrala edo Estrasburgoko katedrala (frantsesez Cathédrale Notre-Dame de Strasbourg edo Cathédrale de Strasbourg, alemanez: Liebfrauenmünster zu Straßburg edo Straßburger Münster) Frantziako Alsazia eskualdeko Estrasburgo hiriko alde zaharrean dagoen katedral gotiko bat da.

Estrasburgoko katedrala
Straßburger Münster / Liebfrauenmünster zu Straßburg
Logo monument historique - rouge sans texte.svg Monumentu historikoa
Strasbourg Cathedral Exterior - Diliff.jpg
Cathedrale Strasbourg de nuit.JPG
Cathédrale Notre-Dame de Strasbourg @ Strasbourg (31697059128).jpg
StrassburgMuenster.jpg
Kokapena
Estatu burujabe Frantzia
Frantziaren banaketa administratiboa Metropolitar Frantzia
Eskualdea Ekialde Handia
Lurralde kolektibitateEuropean Collectivity of Alsace
Lurraldeko administrazio-erakundeRhin Beherea
Frantziako udalerriEstrasburgo
Koordenatuak48°34′54″N 7°45′03″E / 48.5817°N 7.7508°E / 48.5817; 7.750848°34′54″N 7°45′03″E / 48.5817°N 7.7508°E / 48.5817; 7.7508
Historia eta erabilera
Irekiera1015
Erlijioakatolizismoa
ElizbarrutiaRoman Catholic Archdiocese of Strasbourg (en) Itzuli
IzenaMaria
Arkitektura
ArkitektoaUlrich Ensinger
Johannes Hültz (en) Itzuli
Erwin von Steinbach (en) Itzuli
Gustave Klotz (en) Itzuli
Jacob von Landshut (en) Itzuli
Estiloaarkitektura erromanikoa
arkitektura gotikoa
Dimentsioak142 (altuera) m
Ondarea
Mérimée IDPA00085015
Webgune ofiziala

1015ean eraikitzez hasi Vosge mendietatik ekarritako hareharri gorriaz[1] eta 1439an amaitu zen[2]. 142 metrotako altuera duenez 1874 artean munduko eraikin altuena izan zen. Gaur egun oraindik munduko seigarren eliza altuena da. Alsaziako lautadak amaitzen diren tokietatik ikus daiteke.

HistoriaAldatu

Aurreko templuakAldatu

Erromatarrek Argentoratum izeneko asetamendua ezarri zuten K.a. 12. urtean gaur egun katedrala kokatzen den toki berean, eta merkatalgune garrantzitsua bihurtu zen, hasieran ardoa eta aleak salerosten ziren eta ondoren ehunak eta bitxiak ere bai. 313. urtean Konstantino I.ak Milango Ediktua atera zuen eta Inperioaren erlijio ofizial bihurtu zuen Kristautasuna[1]. Ezagutzen den Estrasburgoko aurreneko apezpikua Amand izan zen eta jakina da 346 eta 347an Koloniako eta Sardikeko kontzilioetan hartu zuela parte. Klovis I.a errege frankoak emandako ediktuari esker eliza paleokristau bat eraiki zela uste da, baina ez da haren aztarnarik aurkitu.

Gaur egun katedrala dagoen tokian Arbogast apezpikuak lehenengo katedrala eraiki zuzen 550-575 inguruan. 778. urtearen inguruan,Karlomagnoren erregealdian, Remi apezpikuak aldarea eta kriptasagaratu zituen. Eliza karolinjiar honek habeartea, absidea eta alboetan kapera bana zituen eta egurrezko teilatua zuen.

Katedral erromanikoaAldatu

1002. urtean Oton III.a Germaniako Erromatar Inperio Santukoa hil zenean oinordetza borroka sortu zen. Estrasburgoko Wermer I.a apezpikuak Henrike II.aren alde jokatu zuen eta haren aurkarietako bat zen Hermannek Estrasburgo erasotu, harpilatu eta katedrala erre zuen. Henrike II.ak lortu zuen enperadore bihurtzea eta apezpikuak katedral berria eraikitzeko eskaria luzatu zion.

1015. urtean Wermer apezpikuak berak ezarri zuen aurreneko harria. Katedral erraldoia diseinatu zuten, gaur egun dagoena baino 10 metro estuagoa bino ez zen, eta mendebaldeko aurpegiak bi dorre zituen, hurrengo mendean ezarriko zen estilo gotikoaren antzera. 55 metrotako luzera zuen katedralak eta ekialdean absidea eta bi kapera zeuden, baliteke dorre bat ere eduki izana. Honek ere egurrezko teilatua zuen eta XII. mendean lau aldiz erre zen; 1136, 1140, 1150 eta 1176an. Berriztatze lanak egin ziren arren, erromaniko estiloa mantendu zuen, horma sendoak, leiho txikiak eta zutabe handiak.

Katedral erromaniko-gotikoaAldatu

XII. mendearen amaieran Heinrich I von Hasenburg apezpikuak katedral berria eraikitzea erabaki zuen, Basileako katedrala baino ederragoa izango zena. Katedral erromanikoaren kripta mantendu zuten eta mendebalderantz eraiki zuten katedral berria. Ordurako Frantzia iparraldean sorturik zegoen gotiko estiloaren osagaiak gehitu zizkioten oraindik erromanikoa zen katedral berriari, esate baterako gurutzadurazko gangak eraiki zituzten habearteetan zutabeak nabarmen arinduz eta hormak ere asko mehetuz. 1240 eta 1274 artean habearteen altuera 27 metro altxatu zuten eta hormen goikaldean beirateak ezarri zituzten. Zutabe berriak eraikitzeko Saint-Denisko basilika (Paris iparraldean) hartu zuten eredu[1].

Hurrengo urrats nabarmena mendebaldeko aurpegia eraikitzea izan zen. Konrad von Lichtenberg apezpikuak ezarri zuen aurreneko harria 1277ko maiatzaren 25ean eta Troyesko San Urbano basilikan inspiraturiko aurrealdea diseinatu zen. Hormabularrak eta horma bikoitzak erabili ziren eta 122 metrotako altuera izango zuten bi dorre diseinatu zituen Erwin von Steinbach arkitektuak. XIV. mendean zehar eraiki ziren eta ordukoa da erroseta ere. Iparraldeko dorrearen gainean kanpandorrea Johannes Hültz arkitektoak eraiki zuen eta 142 metrotako altuera lortu zuen[3]. Hegoaldeko dorrea bere horretan gelditu zen. Stralsund hiriko Andre Mariaren katedralaren dorrea altuagoa zen (151 m) baina 1647an erre egin zen eta une horretan Estrasburgoko katedrala bihurtu zen munduko erikin altuena, harik eta Hanburgoko San Nikolas eliza 1874. urtean eraiki zen arte.

Aro modernoko aldaketakAldatu

1519an katedraleko atean Martin Luteroren tesiak ezarri ziren eta Erreforma protestantearen sinboloetako bat bihurtu zen. Joan Kalbino, Martin Bucer eta Jacob Sturm von Sturmeck Estrasburgoko protestantismoaren bultzatzaile izan ziren. 1524an Estrasburgoko Hiri Kontseiluak ofizialki izendatu zuen katedral protestante eta hasiera hartan ikonoklasten erasoak ere izan zituen.

1681ean Luis XIV.a Frantziakoak hiria anexionatu zuen eta urriaren 23an ospaturiko mezaren ondoren katolizismora itzuli zen[4]. Fede berria aintzat hartuta berdiseinatu zen barnealdea. 1252ko koroa hautsi eta handiago bat eraiki zen eta aldare nagusia ere 1682an eraitsi zen[5]. 1744an sakristia barroko txiki bat gehitu zitzaion ipar-ekialdeko transeptuan eta 1772 eta 1778 artean galeria neogotiko bat eraiki zen katedralaren inguruko merkatarien postuak antolatzeko.

Frantziako Iraultza gertatu zenean enragés ("haserretuak") ezizeneko iraultzaileak katedralera sartu eta harpilatu egin zuten, bai eta hainbat estatua suntsitu ere. Atarietako tinpanoetan zeuden eskultura ugari salbatu egin ziren "Liberté-Egalité-Fraternité" zeritzoten plantxak ezarri zituztelako haiek estaliz. 1793. urtean "Arrazaoiaren Tenplua" izendatu zuten katedrala.

1794ko apirilean enragés taldea dorrea eraisteko antolatzen hasi zela ikusita Estrasburgoko herritarrek frigiar txano erraldoi batez estali zuten. Frigiar txanoa zen enragésen ikurra eta horri esker dorrea errespetatzea erabaki zuten[6]. Zazpi kanpai ordea jeitsi egin zituzten eta metala urtu kainoiak egiteko.

1801eko uztailaren 15ean Elizak berreskuratu zuen katedralaren kontrola. 1811 eta 1827 artean estatuak beren tokietara itzuli ziren, berriztuta eta 1837 eta 1888 artean berriztatze lan berriak egin ziren.

XX. mendeaAldatu

1903an Johann Knauth arkitektoak arrakalak aurkitu zitun iparraldeko lehenengo zutabean eta 1915 eta 1926 artean kaytedralaren zimentuak zementoarekin sndotzeko proiektu erraldoia burutu zen.

Bigarren Mundu Gerran Estrasburgoko katedrala bi bandoentzako sinbolo bihurtu zen. Adolf Hitler bertan izan zen 1940ko ekainaren 28an. Beste aldean Leclerc jeneralak adierazi zuen ez zituztela armak utziko Estrasburgoko katedraleko dorrearen gainean Frantziako bandera ikusi artean. Gerrak iraun zuen artean beirateak 74 alditan gorde behar izan ziren[6].

1944an britainiarren eta estatubatuarren aire bonbardaketek Estrasburgo erdigunea kaltetu zuten eta 1990. hamarkadararte luzatu ziren konponketa lanak. 1988an Joan Paulo II.a aita santuak meza eman zuen Estrasburgoko katedralean. Hilabete batzuk lehenago Estrasburgoko apezpikutzaren aketgoria altxatu zuen artzapezpikutza bihurtuz[7].

Dorrearen azken berriztatze lanak 2006an amaitu ziren[1].

KanpoaldeaAldatu

 
Katedralaren mendebaldeko aurpegia. Beheko solairuan hiru atari daude, bigarren solairua errosetoi handia dago eta hirugarrenean leiho handiak.
 
Erdiko atariko tinpanoa. Azken afaritik pizkunderainoko pasarteak irudikatzen dira bertan, azpitik goiko puntara.
 
Dorre oktogonala eta orratza.

Mendebaldeko aurpegiaAldatu

Mendebaldean dago elizarako sarrera eta aurpegi hori eraikuntzaren azken aroan eraiki zen, 1277 eta 1490 artean. Lau hormabular estuk eustaen dute, eta hormabular bakoitza eskulturaz apaindurik dago. Hiru solairu bereziten dira; atarien solairua, hiru atari daude enparantzaren mailan, errosetoiaren solairua eta goiko solairua, balaustrada batez hornitua.

Atari nagusiko tinpanoan amabirjina eta haurra daude. Haren gainean dago errosetoia, 1345ean gotiko estiloan egina eta 14 metrotako diametroa duena. Errosetoiaren gainean 11 apostolu daude, Judas falta da.

Aurpegi honetan zutabe estu ugari daude, apaingarri gisa baino funtzionatzen ez dutenak, eta sarritan aropa baten sokekin konparatu izan dira.

Elizako hiru atariakAldatu

Atari bakoitza habearte bati loturik dago eta gai baten inguruan apaindurik dago. Ezkerreko ateak Kristoren haurtzaroa irudikatzen du, erdikoak (nagusiak) Kristoren erredentzioa eta eskumakoak azken judizioa. Eskultura ugari aurkitzen dira eta XIII. mendean egin ziren Reimsko katedrala eredu hartuz, baina hangoek baino errealismo handiagoa dute.

Atari nagusiko tinpanoan eskulturen saturazio bat dago. Kristo Jerusalemen sartzen, Gurutziltzaketa eta Kristoren pasioa elkarren jarraian irudikaturik daude. Ezkerreko atarian Kristoren haurtzaroa irudikatzen duen horretan, aingeruak, apezpikuak eta santuak ikusten dira eta eskumakoan, Azken Judizioari dagokionean, Kristo tronuan agertzen da pertsona onak eta gaiztoak banatzen ari da[1].

Iparraldeko horman San Lorentzo ateaAldatu

Jacob von Landshutek gehitu zuen 1495 eta 1505 artean eta Hans von Aachen eta Conrad Siferren eskulturak ditu. Jatorrizko tinpanoa Frantziar Iraultzan suntsitua izan zen eta ondoren Jean Vallastrek berria eraiki zuen. Santuaren martiria irudikatzen da estilo gotiko flamigeroan[8].

Hegoaldeko horman Amabirjinaren ateaAldatu

1220. haamarkadan eraikitako atea da, erloju astronomikoaren garaikoa. Enperadorearen justizia dekretuak ate honen aurrean irakurtzen ziren. Atariaren gainean hiru eskultura agertzen dira, Amabirjina, San Petri eta San Lorentzo. Honen gainean zodiakoaren zeinuak dituen erloju koloretsu bat dago eta gainean gotiko flamigero estiloan eraikitako balaustrada eta bertan 1493ko eguzki erloju bat. Erlojuaren gainean bi errosetoi txiki ikusten dira[1].

Kanpandorre oktogonala eta orratzaAldatu

Katedrala diseinatzerakoan bi dorre irudikatu baziren ere bakarra eraiki zen. 1399an hasi zen dorre oktogonalaren eraikuntza, Ulrich von Ensingen izan zen arkitektua[9]. Hura hil zenean, 1419an, Johannes Hültzek hartu zuen ardura eta orratza gehitu zion. 1439an amaitu zituzten lanak[10].

Garaiko katedral gotikoen dorreak baino estuagoa da, hiru aldiz handiagoa baita altuera zabalera baino. Lau dorrek inguratzen dute eta eusten diote, eta kiribilezko eskailera du[1].

Orratza zortzi aldetako prisma zorrotza da, eta puntaraino igotzen den eskailera ere badu. Linternatren gainean amabirjinaren irudia ezarri zuten, haren omenez sagaratu baitzen katedrala, baina 1488an lorehandi batek ordezkatu zuen eta haren gainean gurutze zentral handi bat dago eta inguruan lau gurutze txikiago eta hostiaren eta kalizaren irudiak, eukaristiaren liturgiaren irudiak denak ala denak[1].

Kupula eta absideaAldatu

Kanpandorreak bezala kupulak ere zortzi alde ditu, oktogonala da. Elizako gurutzaduran kokaturik dago, transeptua eta koroa elkartzen diren tokian. Transeptua 1330ean berriztu behar zela aprobetxatuz eraiki zen. Bi mailatan ditu arkuak, behealdean bi ahundi aurpegi bakoitzean eta goiko mailan zazpi txiki eta itsuak. Hainbat aldiz berriztu izan da kupula, gaur egungoa neoerromanikoa da. Bigarren Mundu Gerrako bonbek oso kaltetuta utzi zuten eta 1988 eta 1992 artean berreraiki zen.

Abdisea katedralaren ipar-ekialdeko muturrean kokaturik dago eta hasierako katedral erromanikoaren aztarnak kontserbatzen ditu, behe mailatan batez ere. Kalonjeen klaustroari begiratzen dio eta katedraleko zatirik soilena da. Bi dorre zilindriko ditu alboetan eta leiho estuek eta puntadun teilatuak gotorleku militar baten itxura ematen diote. Absidearen alboetan San Andres eta San Joan kaperak daude[1].

BarnealdeaAldatu

EspazioakAldatu

 
Katedralaren oinplanoa.

Bi zutabe erraldoik bereizten dute nartexa eta habearteak. Habearte nagusiak 61'5 metrotako luzera eta 16 metrotako zabalera du eta alboetan 10 metro zabal diren habearteak daude. Ganga 32'616 metrotako altueran kokaturik dago.

Aldarearen atzean absidea dago, zirkulo erdiaren itxura duena. Hormetako irudiek elizaren eta ordena erlijiosoen sortzaileak erakusten dituzte. Édouard Steinlé margolariak egin zituen 1877-79 artean bizantziar estiloan. Absidearen ardatzean Alsaziako Amabirjinaren beirate bat dago, Europako Kontseiluak katedralari eman ziona 1956an[1].

Aldare naguiak hilobi baten itxura du. 1759ko suteak eta Frantziar Iraultzak suntsitu zuenaren itxura berarekin eraiki zuen Pierre-Valentin Boudhors arkitektoak 1809an. Jacques Zimmer eskultoreak kerubinen brontzezko buruak gehitu zizkion.

Bi kapera ere badaude, Joan Bataiatzailearena bata eta San Andresena bestea.

Katedralaren zati zaharrenak bi kripta erromaniko dira. Zaharrena 1110-1120 artean eraiki zen eta bigarrena 1150 inguruan[1].

BeirateakAldatu

Aipagarriak dira hormetan dauden beirateak (bi mailatan daudenak) eta mendebaldeko hormaren erdi erdian dagoen errosetoia ere.

  • Iparraldeko horman beheko lerroan dauden beirateetan Germaniako Erromatar Inperio Santuko bederatzi enperadore ikusten dira[11]. Goiko lerroan 84 santuren irudiak daude.
  • Hegoaldeko hormako beheko lerroan emakumezko santuak ageri dira, tartean Alsazia eta Estrasburgokoak ere bai.Diademak eta loreak dituzte ilean eta zuhaitz adarrak eta fruituak daramatzate. Gokio lerroan soldaduak, aita santuak, apezpikuak eta beste hainbat gizonezkoren irudiak daude.

Erloju astronomikoaAldatu

 
Erloju astronomikoa.

Katedralaren barnealdeko elementu ezagunena da. 1352-54 artean eraiki zen aurreneko erlojua eta 1500 arte iraun zuen. Dreikönigsuhr ("hiru erregeen erlojua") izena eman zitzaion.

1547an erloju berri bat eraikitzen hasi zen Christian Herlin baina katedrala katoliko bihurtzean lanak gelditu egin behar izan zituzten. 1571an Conrad Dasypodius eta Habrecht anaiek erloju berri bat eraikitzeari ekin zioten eta figura mekaniko gehiago ezarri zituzten. Bigarren erloju honek 1788 artean iraun zuen. Gaur egungo erlojua Jean-Baptiste Schwilguẻ-k eraiki zuen 1837 eta 1842 artean[1].

Erlojuaren atal guztiak batera hartuta 18 metrotako altuera du. Orduaz gain, asteko eguna (bakoitza jainko mitologiko batek ordezkatzen duena), hilea, urtea, zodiakoaren zeinua, ilargiaren fasea eta hainbat planetaren kokapena erakusten du. Erlojuaren azpian Apolo eta Diana jainkoen estatuak daude liturgia egutegi zirkularra aurkeztuz. Inguruan antzinako lau inperio handien irudiak daude; Grezia, Asiria, Persia eta Erroma.

Azpiko zatian Zeruko bola bat dago, 13 ordu, 56 minutu eta lau segunduro bira ematen duena. Bertan Ptolomeok identifikaturiko 1.022 izar daude Estrasburgoko horizontetik ikusten diren eran jarrita[1].

Beste elementu batzukAldatu

Pulpitua laugarren zutabeari loturik dago eta Hans Hammerrek diseinatu zuen 1485ean. Oso apaindua dago eta irudi aipagarriena Jesukristo gurutziltzatua da.

Organoari dagokionez jakina da 1260. urtean jadanik bazela bat. 1298an berreraiki zen, ondoren 1324-27, 1384, 1430 eta 1489an ere. 1327an ezarri zen organoa orain dagoen tokian. Gaur egun dagoen organoa 1716an eraiki zuen André Silbermann-ek. Figura mugikor batzuk ditu apaingarri, bata Sanson lehoiaren ahoa irekitzen eta beste bi tronpetajole bat eta pretzel saltzaile bat. 1807an elektrifikatu egin zen eta ordutik ere hainbat aldiz berriztu behar izan da. Katedralak organo txikiago bi ere baditu, koroaren iparraldean (1878koa)[12] eta kriptan (1998koa)[13].

ErreferentziakAldatu

  1. a b c d e f g h i j k l m Villes, Alain. (DL 2016, ©2016). Cathédrale Notre-Dame de Strasbourg. Editions du patrimoine, Centre des monuments nationaux ISBN 978-2-7577-0485-1. PMC 951905615. (Noiz kontsultatua: 2022-05-01).
  2. (Frantsesez) Architecture et sculpture gothiques : cathédrale de Strasbourg (1) – L'Histoire des Arts en Hypokhâgne. (Noiz kontsultatua: 2022-05-01).
  3. «1419 à 1439 : Achèvement de la flèche - OND | Fondation de l'Œuvre Notre-Dame» www.oeuvre-notre-dame.org (Noiz kontsultatua: 2022-05-01).
  4. «L’Alsace au XVIIème siècle» www.encyclopedie.bseditions.fr (Noiz kontsultatua: 2022-05-01).
  5. «Base Joconde : sculptures médiévales de la cathédrale de Strasbourg» www2.culture.gouv.fr (Noiz kontsultatua: 2022-05-01).
  6. a b Kurtz, Michael J.. (2006). America and the return of Nazi contraband. Cambridge University Press, 171-172 or..
  7. (Frantsesez) «Eglise catholique. Diocèse. Strasbourg» data.bnf.fr (Noiz kontsultatua: 2022-05-01).
  8. «Les chapelles - OND | Fondation de l'Œuvre Notre-Dame» www.oeuvre-notre-dame.org (Noiz kontsultatua: 2022-05-06).
  9. «1399 à 1419 : Construction de la haute tour | Les grandes étapes - OND | Fondation de l'Œuvre Notre-Dame» www.oeuvre-notre-dame.org (Noiz kontsultatua: 2022-05-06).
  10. Deshoulières, François. (1939). «Jubilé du demi-millénaire de la flèche de la cathédrale de Strasbourg. 1439-1939» Bulletin Monumental 98 (3): 341–342. (Noiz kontsultatua: 2022-05-06).
  11. Didron, Adolphe Napoléon; Stokes, Margaret McNair; Millington, Ellen J.. (1851). Christian iconography; or, The history of Christian art in the middle ages. London, H. G. Bohn,pc1851-86 (Noiz kontsultatua: 2022-05-06).
  12. «Orgue de Strasbourg, cathédrale Notre-Dame (Choeur)» decouverte.orgue.free.fr (Noiz kontsultatua: 2022-05-06).
  13. «Orgue de Strasbourg, cathédrale Notre-Dame (Crypte)» decouverte.orgue.free.fr (Noiz kontsultatua: 2022-05-06).

Kanpo estekakAldatu