Estoniako historia

Estoniako historiak gaur egungo Estonia herrialdean gertatu direnak biltzen ditu.

Erdi Aroa, Aro Modernoa eta XIX. mendeaAldatu

 
Estonia Suediaren mende (15611721)

X-XII. mendeetan, Estoniako hego-ekialdea antzinako Errusiar estatuaren mende egon zen. XIII. mendearen hasieran, alemaniarrek menderatu eta kristautu zituzten estiarrak, estoniarren aurretikoak, arrazaz fino-ugriarrak, eta paganoak. Ondoren daniarrak etorri ziren, eta Tallinn sortu zuten 1219. urtean. 1343-1345 urteetako nekazarien matxinada handien ondoren, Ezpataren Zaldunek Estonia Danimarkari erosi (1346), eta zergapeko egin zituzten estoniarrak, Hansak portuetako joan-etorria beretzat gordetzen zuelarik.

1558-1581 bitartean, Ivan Izugarriaren garaian, Baltikorako irteera bila ari ziren errusiarrek Narva eta Tartu hiriak hartu zituzten. 1561ean, Ordena Teutonikoa desegin zenean, Suediar Inperioaren, Danimarkaren eta Poloniaren esku geratu zen Estonia. XVII. mendean, suediarren mendean geratu zen guztiz; horiek luteranismoa eraman eta Tartuko Unibertsitatea sortu zuten 1632an.

Iparraldeko Gerra Handian (1700-1721), Petri Handiak Estonia hartu zuen 1710ean eta, 1721eko Nystadeko Hitzarmenaren ondorioz, suediarrek Errusiar Inperioaren esku utzi zuten, Livoniarekin batera. Zergapekotza baztertua izan zen XIX. mendearen hasieran. Mende horren bukaeran, Alexandro III.aren errusiartze ahaleginen kontra altxatu ziren estoniar idazleak (Friedrich Reinhold Kreutzwald eta Carl Robert Jakobson).

XX. mendeaAldatu

 
Independentziaren aldarrikapena Pärnun, 1918ko otsailaren 23an

1917ko Otsaileko Iraultzaren ondoren, behin-behineko errusiar gobernuak askatasuna eman zion Estoniari (1917ko apirilaren 12ko dekretua), baina Urriko Iraultzan, sobietar agintea ezarri zen Estonian 1917ko azaroaren 28an. 1918ko otsailean, alemaniarrek Estoniari eraso zioten, boltxebikeek Tallinn utzi zuten, eta otsailaren 24an behin-behineko gobernu estoniarrak askatasuna deklaratu zuen. Brest-Litovskeko Itunaren bidez (1918ko martxoaren 3a), Alemaniaren eskuetan utzi zituen Errusiak Baltikoko lurraldeak, eta Alemaniaren errenditze egunean berriro askatasuna deklaratu zuen behin-behineko estoniar gobernuak; Tartuko Hitzarmenean (1920ko otsailaren 2a), askatasun hori onartu zuten sobietarrek.

1934an, Konstantin Päts Batzar Nazionaleko lehendakariak diktadura ezarri zuen. 1940ko abuztuaren 1ean, Armada Gorriak beretu eta sobietar errepublika sozialista bihurtu zen Estonia. Bigarren Mundu Gerran alemaniarrek hartu zuten 1941eko abuztuan, baina berriro sobietarrek eskuratu zuten 1944an.

1988an, Moskuko gobernuak Sobietar Konstituzioan aldaketak egin zituenean, bere legeak Sobietar Batasuneko legeen aldean gailentasuna zutela erabaki zuen Estoniako Biltzarrak. Perestroikaren garai horretan independentziaren aldeko mobilizazio jendetsuak burutu ziren Estonian, eta 1989an estoniarrek era masiboan parte hartu zuten Bide baltiko deritzonean, sobietarren okupazioaren amaiera eskatzeko. 1990. urteko martxoaren 30ean Estoniako legebiltzarrak independentzia adierazi zuen berriro ere, eta 1991ko abuztuaren 20an lortu zuen independentzia SESBetik. Geroztik estatu burujabea da Estonia.

Azken urteakAldatu

 
2004az geroztik Europar Batasuneko kide da Estonia; eta, 2011ko urtarrilaren 1az geroztik, Euroguneko (urdin ilunez) partaide

1992ko konstituzio berriak sistema parlamentarioa ezarri zuen. Urte horretan bertan, Lennart Meri, Koalizioko Alderdi Nazionaleko kide, hautatu zuten presidente. Estonia izan zen errubloa utzi eta bere dirua sortu zuen Ekialdeko Europako lehenengo herrialdea. Pribatizazio ugari egin zen, eta erregimen komunistan zehar kendutako ondasunak itzuli ziren. 1993an, estatu nazionalista zorrotza onartu zen, errusiar biztanleengan (biztanleriaren % 30) eragina izan zuena batez ere. Neurri horri erantzun nahian, Boris Jeltsin errusiar lehendakariak gas naturalaren hornikuntza eten zuen, eta errusiar armada Estoniatik irteteko prozesua ere geldiarazi egin zuen. Azkenik, errusiar gudarostea 1994an atera zen Estoniatik.

1995eko hauteskundeetan Koalizioko Alderdia galtzaile irten zen, eta Tiit Vahi izan zen lehen ministro. Gobernu berriak eztabaida handia sortu zuen, komunista ohi asko baitzeuden bertan. Horrezaz gainera, urte hartan bertan Barne Arazoetako ministroaren ustelkeria salatu zuten, eta gobernu taldea desegin zen. Gobernu berri bat antolatu zen, Erreformaren Alderdiko kideez osatua.

1996an, Lennart Meri hautatu zuten berriz ere presidente. 1999an, Mart Laar izendatu zuten lehen ministro. 2002an eman zuen dimisioa, desadostasunak izan zituelako bere alderdiarekin. Haren agintaldian, Estonia izan zen sobietar errepublika ohien artean ekonomia sendoena zeukana, eta bidea urratzen hasi zen Europar Batasunean sartzeko. 2003ko erreferendumean, herritar gehienek Europar Batasunean sartzearen aldeko aukera egin zuten. 2004an, Estonia NATOn eta Europar Batasunean sartu zen. 2014an, Taavi Rõivas eskuindarra aukeratu zuten lehen ministro.

ErreferentziakAldatu

Kanpo estekakAldatu