Esteban Muruetagoiena
Esteban Muruetagoiena Scola (Ondarroa, Bizkaia, 1943ko abuztuaren 6a - Oiartzun, Gipuzkoa, 1982ko martxoaren 29a) medikua izan zen. 1982ko martxoaren 16an Guardia Zibilak atxilotu eta martxoaren 25ean libre utzi zuten. Hiru egun geroago hil zen. Tortura aztarna nabarmenak zituen gorputzean. Ofizialki bihotzekoak jota hil zen.
Esteban Muruetagoiena | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Ondarroa, 1943ko abuztuaren 6a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Oiartzun, 1982ko martxoaren 29a (38 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | medikua |
Biografia
aldatuMedikua izan zen. Ondarroan jaio eta Oiartzungo Osasun Etxean jardun zuen lanean 1970tik 1982an hil zen arte.
Elixabete Hormazarekin ezkondu zen eta Tamara Muruetagoiena (Oiartzun, 1974) alaba izan zuten.
Lehenengo atxiloketa
aldatu1979an atxilotu zuten lehen aldiz. 1977an balaz zauritutako ETAko kide bat sendatzea egotzi zioten. Diligentzia horiek bertan behera utzi eta kargurik gabe libre gelditu zen.
Bigarren atxiloketa
aldatuGuardia Zibilak 1982ko martxoaren 16an atxilotu zuen Oiartzunen. Lege antiterrorista aplikatu zioten, eta bederatzi egun egin zituen inkomunikaturik Donostiako eta Madrilgo polizia etxeetan.
Oraindik ez dago garbi zergatik atxilotu zuten bigarren aldi hartan, baina mediku gisa polizia etxeetan atxilotuek jasaten zituzten torturak salatzeagatik atxilotu zutela uste da.
Atxiloketaren berri ez zen jakin hura gertatu eta bi egunera arte, lagunak bere etxera joan eta dena hankaz gora aurkitu zutenean.
Martxoaren 25ean libre utzi zuten. Kaleratu zenean txikituta zegoen, eta tortura latzak jasan zituela kontatu zuen. Handik hiru egunera hil zen, 38 urte zituela.
Torturak
aldatuHasieratik, iturri ofizialek Muruetagoiena bihotzekoak jota hil zela esan zuten, baina autopsiaren txostenean torturatu egin zutela agerian geratu zen. Elektrodoek eragindako erredurak zeuzkan buruan, bularrean eta azalean; isuri bat eragin zioten ezkerreko belarrian, barrabilak puztuta zeuzkan...
Polizia etxetik irten eta hil aurretik jasandako tratua azaldu zien etxekoei. Lehendabiziko lau egunetan ez omen zioten jatekorik eman eta denbora luzez hormigoizko kutxa txiki batean eduki zuten. Klaustrofobia eragin zion horrek eta airea hartzeko ahoa eta sudurra ateko zulotxora gerturatzen zuenean muturrean ixten ei zioten. Lurrean etzanarazi eta era guztietako mehatxuak eta irainak ere jaso zituela kontatu zuen.
Operazio berean Bixente Ibarguren atxilotu zuten. Berak ere kolpeak eta elektrodoak jasan zituela salatu zuen. Atxilopean Muruetagoienaren oinaze oihuak entzun zituela esan zuen, eta ikusteko parada izan zuenean psikologikoki txikituta aurkitu zuela. Haluzinazioak zituela, eta fusilamentuak, kontzentrazio-eremuak eta antzekoak ikusten zituela esan zion, ziegako paretetan proiektatu zizkioten filmak balira bezala.
Mobilizazioak
aldatuUrtebete lehenago torturapean hildako Joxe Arregiren memoria bizirik zegoen oraindik Euskal Herrian. Greba, batzar eta mobilizazio ugari egin ziren Esteban Muruetagoienaren heriotza salatzeko: Arrasaten, Eibarren, Ordizian, Tolosan, Hernanin, Lezon, Bergaran, Zumarragan, Azkoitian, Azpeitian, Oreretan, Ondarroan, Donostian, Berangon, Arrigorriagan, Erandion, Lekeition, Gasteizen, Bilbon, Basaurin....
Oiartzungo Udaleko osoko bilkuran mozio bat onartu zen: Legedi Antiterroristaren aurka, konfiantzazko mediku eta abokatua edukitzeko eskubidea bermatzeko eta kasua behar bezala ikertzeko eskatuz.
Bi bertsio
aldatuKomunikabide nagusiek iturri ofizialen bertsioa zabaldu zuten: autopsia egin ziotela eta bihotzekoak jota hil zela, alegia.
ATR (Anti Torture Research) nazioarteko mediku erakundeak kasua ikertu zuen, eta Parisen emandako prentsaurreko batean adierazi zuen autopsia horrek irregulartasun ugari eta larriak zituela; eta, ondorioz, ez zela legezkoa izan, eta autopsia horretatik ateratako diagnosiak ez zuela inolako oinarririk.[1]
Egin egunkariak Muruetagoienak jasandako torturak salatu zituen. Guardia Zibilaren kereila bat jaso zuen, «noticias falsas, calumniosas y malintencionadas» argitaratzea leporatuta.
Oroimena
aldatu2007an, haren heriotzaren 25. urteurrenean hainbat ekitaldi egin zituzten Oiartzunen eta Ondarroan, Esteban Muruetagoienaren omenez.[2]
25. urteurreneko omenalidetan Torturaren Aurkako Taldeak Euskal Herrian oraindik torturak badirauela salatu zuen.[3]
Egindako ekitaldien harira, eta herriaren eskariz, osasun etxe berriari ere Esteban Muruetagoiena izena jarri zioten Oiartzunen.
2010eko maiatzaren 8-9ko gauean, goizeko laurak inguruan ertzain batzuek Esteban Muruetagoinaren oroimenez Oiartzungo osasun etxean jarrita zegoen plaka hautsi zuten mailu batekin, eta ondoren plakaren zatiak zakarrontzi batera bota zituzten.[4] Rodolfo Aresek, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingoko sailburuak berak, onartu zuen bazitekeela plaka ertzain batek apurtu izana, baina bere kasa jardun zuela zehaztu zuen. Oiartzungo Udalak, bere aldetik, ertzainen jarrera salatu, eta oroigarria berriro jartzea erabaki zuen.[5]
2010eko azaroaren 6an berriro jarri zuten Esteban Muruetagoienaren oroigarria Oiartzungo Osasun-etxean.[6]
The Doctor
aldatuTamara Muruetagoienak (Oiartzun, 1974) The Doctor izeneko dokumental laburra egin zuen 2007an, bere aita Esteban Muruetagoienaren omenez.[7] Hamar minutuan Estebanen bizitza maitasunez laburbiltzen digun lan hunkigarri horrek, mediku haren gorpuan aurkitutako tortura arrastoak Espainiako Justiziak ez zituela ikertu gogorarazteaz gainera, mezu argia dakar torturaren aurka, ETAren indarkeriaren aurka eta bakearen alde.
Torturaren Kontrako Foroa
aldatuNafarroako Torturaren Aurkako Ekimenak, 2011ko martxoan, Esteban Muruetagoiena Torturaren Aurkako Foroa antolatu zuen.[8] Foroan torturaz hildako guztiak hartu zituzten gogoan, eta Esteban Muruetagoiena bereziki.[9] Foroan ateratako konklusioak[10] Nafarroako Parlamentura eraman zituzten.[11]
Erreferentziak
aldatu- ↑ Lurdes Moraza, Mertxe Basterra: La columna infame, Txalaparta, 1994. ISBN 84-8136-909-8 (ikus 133. orrialdea eta hurrengoak).
- ↑ «Herriko mediku zenari omenaldia»[Betiko hautsitako esteka], Oarsoaldeko Hitza, 2007-03-23.
- ↑ «Muruetagoiena hil eta 25 urtera torturak oraindik badirauela salatu du TATek»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2007-03-24.
- ↑ «Oiartzungo anbulatorioan plakarik ez»[Betiko hautsitako esteka], Oarsoaldeko Hitza, 2010-05-20.
- ↑ «Muruetagoienaren plakari ertzain batek eraso zion susmoa du Aresek»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2010-06-05.
- ↑ «Esteban Muruetagoienaren omenezko oroigarria berriro jarri dute anbulatorioan»[Betiko hautsitako esteka], Oiartzungo Hitza, 2010-11-06.
- ↑ (Ingelesez) Tamara Muruetagoiena: The Doctor dokumentala, Yale Unibertsitatea, 2008. Iraupena: 10' 23''. [Ingelesez mintzo da Tamara, eta euskarazko azpitituluak ageri dira.]
- ↑ «La Iniciativa contra la Tortura en Navarra convoca un foro cívico los días 25 y 26 de marzo» Ateak Ireki
- ↑ «Programa del Foro Cívico contra la Tortura "Esteban Muruetagoiena"»[Betiko hautsitako esteka], Ateak Ireki, 2011-03-16.
- ↑ «Esteban Muruetagoiena torturaren aurkako herritarren foroaren konklusioak», 2011ko martxoa.
- ↑ «Iniciativa contra la Tortura devuelve al Parlamento de Navarra las conclusiones del foro cívico», Ateak Ireki, 2011-03-28.
Kanpo loturak
aldatu- «Tortura: ikusten ez denak ere min ematen du»[Betiko hautsitako esteka], gaztesarea.info.
- ESTEBAN MURUETAGOIENAREN HILKETAREN 25. URTEMUGA[Betiko hautsitako esteka], Incomunicación 14, 2007ko martxoa.
- «Tamara Muruetagoiena: "Ez dut nahi nire aitari egin ziotenagatik min gehiago sortzerik"»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2011-03-26.
- «Tortura gehiago ez bada, konforme»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2012-04-01.
- (Gaztelaniaz) «Los gritos de Esteban Muruetagoiena, resuenan aún treinta años después»«»[Betiko hautsitako esteka], Gara, 2012-04-01.
- (Gaztelaniaz) «Boulevard recuerda a Esteban Muruetagoiena», Boulevard irratsaioa, Radio Euskadi, 2012-03-30. 14 minutuko elkarrizketan, Tamara Muruetagoienak gogora ekarri du bere aitaren heriotza latza.
- (Gaztelaniaz) «La hija del doctor Muruetagoiena (I)» eta «La hija del doctor Muruetagoiena (y II)», Jonathan Martínez, GARA egunkaria, 2021-03-28 eta 30.