Espainiaren banaketa administratiboa

1978ko Espainiako Konstituzioaren 2. Artikuluak espainiar estatuaren banaketaz hitz egiten digu, estatua osatzen duten lurralde edo eskualdeen autonomia bermatuz. Eskubide hau VIII. Tituluak agintzen du «Estatuaren lurralde-antolamendua» izenpean, zeinen 137. artikuluak dioen:

« Lurralde-antolamenduari dagokiola, udalerriz, probintziaz eta era daitezen autonomia-erkidegoez osaturik dago Estatua. Entitate horiek guztiek autonomia dute zeinek bere interesak kudeatzeko. »

Espainia 17 autonomia erkidego eta 2 autonomia hiriez osatzen da. Erkidego bakoitzak bat edo hainbat probintzitzan banatzen da, Estatu osoan 50 probintzia daudelarik. Probintzia horietako bakoitzak hainbat udalerritan banatzen da, Espainia 8.111. daudelarik.

Hamazazpi autonomia erkidegoak hauek dira: Andaluzia, Aragoi, Balear Uharteak, Kanariak, Kantabria, Katalunia, Nafarroako Foru Erkidegoa, Valentziako Erkidegoa, Extremadura, Galizia, Gaztela eta Leon, Gaztela-Mantxa, Euskal Autonomia Erkidegoa, Asturiasko Printzerria, Madrilgo Erkidegoa, Murtziako Erkidegoa eta Errioxako Autonomia Erkidegoa. Hauei Ceuta eta Melilla autonomia hiriak gehitu behar zaizkie. Halaber, Espainiako Gobernuaren administrazio zuzeneko subiranotasun lurrak, Afrikako iparraldean dauden uhartxoez osatuta.

Lurralde antolaketaren printzipioak

aldatu
Autonomia-printzipioa
Konstituzioak autonomia ematen die ente horiei, baina Estatua da subirano bakarra. Autonomia-erkidegoek legegintzako ahalak eta autonomia politikoa dituzte beren eskumenen eta lurraldearen barruan. Toki-administrazioak ahalmena du bere interesak kudeatzeko, baina ez du ahalmen legegilerik.
Parte-hartze demokratikoaren printzipioa
erakundeak hauteskunde demokratikoen bidez aukeratzen dira, sufragio unibertsal, aske, sekretu eta zuzenaren bidez.
Finantza-autonomiaren printzipioa
lurralde-erakundeek behar adina baliabide izango dituzte legeak esleitzen dizkien eginkizunak betetzeko, eta tributu propioez eta Estatuaren eta autonomia-erkidegoen tributuetan duten partaidetzaz hornitzen dira.
Elkartasun-printzipioa
Estatuak elkartasun-printzipioa betetzen dela bermatu behar du, oreka ekonomiko egokia ezarriz. Horretarako, Lurralde arteko Konpentsazio Funtsa sortu da, Estatuko Aurrekontu Orokorretan hornitua eta errentaren hazkundea sustatzen duten proiektuei lotua.

Autonomia erkidegoak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Autonomia erkidego»

Espainiako lurraldea hamazazpi autonomia erkidegotan banatuta dago. Autonomia-erkidego bakoitzak Gobernu autonomiko bat, Biltzar autonomiko legegile bat eta Autonomia Estatutu bat ditu, erkidegoak bere gain hartzen dituen izena, lurraldea, antolaketa-eredua eta eskumenak ezartzen dituena[1].

1978ko Espainiako Konstituzioak ez zuen zehaztu zein izan behar ziren autonomia-erkidegoak, baizik eta zenbait prozedura ezarri zituen autonomia-erkidegoak eratzeko Espainiako probintzietatik abiatuta. 1979 eta 1983 artean hamazazpi autonomia-erkidegoak eratu ziren. Autonomia-erkidegoak honako hauek dira: Euskal Autonomia Erkidegoa, Katalunia, Galizia, Andaluzia, Asturias, Kantabria, Errioxa, Murtziako Eskualdea, Valentziako Erkidegoa, Aragoi, Gaztela-Mantxa, Kanariak, Nafarroa[oh 1], Extremadura, Balear Uharteak, Madrilgo Erkidegoa eta Gaztela eta Leon. Ceuta eta Melilla hiri autonomo gisa eratu ziren (laburbilduz, Espainiako udalerri batek baino eskumen handiagoak dituzte, erregulazio betearazleak agindu baititzakete, baina autonomia-erkidego batek baino txikiagoak, ganbera legegilerik ez dutelako).

Probintziak

aldatu
Ikus zerrenda: «Espainiako probintziak»
 
Espainiako probintzien mapa.

Konstituzio-ordenamenduaren arabera, lurralde-muga batzuen barruan udalerriak elkartzeak zehazten du Probintzia, eta Lege Organikoak eskatzen du hori aldatzea. Konstituzioak eginkizun anitz proposatzen ditu Probintzientzat. Horrela, toki-erakundea izateaz gain, nortasun juridiko propioa eta bere interesen kudeaketan autonomia izateaz gain, lurralde-banaketaren funtzioa ere betetzen du Estatuaren jarduerak betetzeko, bai eta hauteskunde-barruti gisa jarduteko zeregina ere.

Erakunde autonomo gisa, bere gobernua eta administrazioa ordezkaritza-izaera duen korporazio bati esleitzen dizkio Konstituzioak, normalean probintziako diputazio bati. Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legeak aurreikuspen horiek garatzen ditu, eta Aldundiak Osoko Bilkura, Gobernu Batzordea, lehendakaria eta lehendakariordea izango dituela adierazten du.

Lehen aipatu dugun Nafarroa Garaiaz gain, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak foruak dituzte, eta zentzu horretan euren aldundiak beste probintzienak baino jarduera handiagoa dute. Adibidez, Foru Aldundiek zergak bil ditzakete.

Udalerriak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Espainiako udalerri»
 
Espainiako udalerrien mapa.

Udalerriak Administrazio Publikoa dira, euren lurraldeen gainean agintzen dutenak, eta nortasun juridiko propioa eta autonomia dutenak bakoitzaren interesak kudeatzeko.

Konstituzio Auzitegiak jurisprudentzia ugari eman dio toki-autonomiari, eta eskumen-esparru propioa taxutzen saiatu da, Estatu Orokorraren eta dagokion autonomia-erkidegoaren boterearekin bateragarria dena.

Oharrak

aldatu
  1. Nafarroa Foru erkidegoa da, berezko eskumenak dituena, adibidez zergak biltzearen aldetik.[2]

Erreferentziak

aldatu
  1. «Sinopsis artículo 147 - Constitución Española» app.congreso.es (Noiz kontsultatua: 2023-03-17).
  2. Jefatura del Estado. (1982-08-16). Ley Orgánica 13/1982, de 10 de agosto, de reintegración y amejoramiento del Régimen Foral de Navarra. , 22054–22060 or. (Noiz kontsultatua: 2023-03-17).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu