Ireki menu nagusia
España (lehen Alfonso XIII)
Acorazado España.jpg
Korazatua Cartagenan, 1920. hamarkada hasieran
 Espainia
Ontziola: SECN Ferrol
Mota: España klasea
Uretaratze data: 1913ko maiatzaren 7a
Izendatze data: 1915ean Alfonso XIII - 1931ean España
Ezaugarriak
Desplazamendua: 15 700 t a.p.c. tona
Luzera: 139,9 m
Sakonera: 7,7 m
Bulkada: • 12 Yarrow galdara
• 4 Parsons turbina
• 4 helize
Abiadura: 19,5 korapilo
Autonomia: 3249 itsas-milia (10,75 korapilotara)
ml
Eskifaia: 850 marinel
Armamentua: • 8 kanoi Vickers(305/50 mm)
• 20 kanoi (101/50 mm)
• 2 kanoi AA (47 mm)
• 2 lehorreratze pieza (70 mm)
• 2 metrailadore Maxim


España korazatua matxinatuek Espainiako Gerra Zibilean erabilitako gerraontzi nagusia izan zen.

Eduki-taula

IzenaAldatu

Korazatu hau 1915ean eraiki zen, Alfonso XIII izenarekin. 1931ean Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu zenean, izena aldatu zitzaion, batetik monarkiaren arrastoak ezabatzeko eta izen bera zeraman korazatua (1913an eraikia, eta 1923an hondoratu zena) ordezkatzeko.


EzaugarriakAldatu

España seriea osatu zuten hiru korazatuetako bat izan zen, Ferroleko SECN ontzioletan eraikia.

Ondo moldatutako ontziak ziren, bizkar bakarrekoak, aginte-zubia, erdiko tximinia handi bakarra, txopa aldean beste zubi txikia, bi masta eta ezproi txikia. Neurriak: luzera 140 m, erruna 24 m, puntala 12.74 m, zingoa 7,70 m. Zama normala 15700 t, eta osoa 16450. Korazak 23 zmtako lodiera zuen beheko bandaren erdian, 15 zm erdiko bandan, eta 7,5 zm altuan, txoparantz eta brankarantz meheagoa zena. Eskifaia 850 marinelek osatzen zuten.[1]



Lehen urteakAldatu

1907an, Antonio Maura kontserbadorea boterera iritsi zen, eta José Ferrándiz y Niño itsas kapitaina Armadako Ministro izendatu zuten. 1907ko urtarrilaren 7an, eta Maurak egindako defentsari esker, ontziratze erreformaren legea onartu egin zen (Ferrándiz plana izenarekin ezaguna) ia aho batez. Planaren muina dreadnought motako hiru korazatuak izan ziren, nahiz eta bere garraio ahalmen txikiarengatik munduko dreadnought txikienak izan. Lehiaketara Ansaldo italiarrak eta Vickers-Armstrong britainiarrak aurkeztu ziren, esleipena azken hauek lortu zutelarik. Proiektua britainiar gerra-gurutzaontzien bertsio txikia izan zen (Indefatigable klasekoak), eta lehentasuna armei eman zitzaien, abiaduraren eta korazaren kaltetan.

Artean Alfonso XIII izena zuela, korazatua 1910eko otsailean eraikitzen hasi zen, 1913ko maiatzaren 7an uretaratu zen eta 1915eko abuztuaren 16an eman zitzaion Armadari. Misioak:

  • Bere lehen misioa, jatorrizko Espainia korazatuarenak bezala, Lehen Mundu Gerran espainiar kostaldea zaintzea izan zen.
  • 1917ko abuztuan, Bilbon eta Bizkaian aritu zen urte hartako Espainiako greba orokorraren errepresioan.
  • Gerra amaitu ostean, bidai diplomatikoak egin zituen: 1920ean Habanara joan zen, non harrera ona izan zuen. Izan ere, Kubako Gerraren ostean sartzen zen lehen itsasontzi espainiarra izan zen, Nautilus bela eskola-ontzia kenduta (1908an sartu zena). Ondoren, San Juan de Puerto Ricon sartu zen, harrera bikainarekin berriz ere; baita EEBBetara, non New York eta Annapolis (Maryland) bisitatu zituen; hemen USS Reina Mercedes gurutzaontziak (EEBB-ek Espainiari 1898an harrapatua) Espainiako ikurrina altxatu zuen omenaldi bezala.[2]
  • 1923ko azaroan eskuadra osatu zuen anaia Jaime I korazatuarekin eta beste unitateekin, Erregeak eta Primo de Rivera jenerala Italiara eramateko.
  • Rifeko Gerra garaian, 1921eko irailaren 17an, Alfonso XIII eta jatorrizko España korazatuak (handik egun gutxira hondoratuko zena) Melilla hegoaldea bonbardatu zuen, Espainiar Legioaren eraso batean. 1923ko abuztuan, Alfrauko lehorreratzean parte hartu zuen, Espainiako historian lehenengotz egiten zen aireko-itsasoko-lehorreko operazio bateratua. 1925eko irailean, Jaime I-ekin eta Paris korazatu frantsesarekin, Al-Hoceimako lehorreratzean parte hartu zuen; inpakturen bat jaso zuen, ondorio barik.[3]
  • Erregeak Marokoko Protektoratura eginiko bidaia gehiagotan ere parte hartuko zuen, eta 1929an Erakusketa Unibertsalaren harira Bartzelonan ospatutako itsasontzien kontzentrazio handian izan zen.

1931. urtean, Bigarren Errepublika iritsi zenean, Alfonso XIII izenaren ordez España ezarri zitzaion. Aldi berean, erreserbara pasatu zen: Ferrolen amarratua geratu zen, eskifaia txiki batekin, eta biltegi modura erabili zen. Pixkanaka, operazio eta artilleria gaitasuna galdu zuen.[4]

1936ko estatu kolpeanAldatu

 
España korazatua (lehengo Alfonso XIII) 1937an.

1936ko uztailaren 20an, Ferrolgo Itsas Baseko zenbait ofizial Espainiako Errepublikaren aurka matxinatu ziren, leialak ziren Baseko buruak eta funtzionarioak egotziz. España eta Almirante Cervera gerraontzietako eskifaiek matxinatuei aurre egin zieten; baina hauek Artilleria eta Itsas Infanteriako erregimentu bat zuten, eta beste indar leialekin bat egin ezinda, bi eguneko borrokaren ostean amore eman zuten. Ordurako, Errepublikaren aurkako estatu kolpeak porrot egina zuen Penintsulako zati handi batean; baina Afrikako kolonietan izan zuen arrakastak Gerra Zibila ekarri zuen.

Espainiako Armadaren ontzi gehienak Errepublikari leialak mantendu zirenez, España korazatua ondasun baliotsua izan zen matxinatuendako. Ontziaren egoera txarra zen: kuartel mugikor gisa erabiltzen zen eta bere gaitasun operatiboa hutsaren hurrengoa zen; baina bere ahalmen estrategikoa oso garrantzitsua zen, bereziki ontzi propioen falta kontuan hartuta. Egun gutxiren buruan haren kanoi indartsuetako batzuk berreskuratzea lortu zuten: 305 mmtako bi eta 101,6 mmtako sei. Horrekin, eta gutxieneko erreforma batzuekin, nabigatzeko moduan ipini zuten.

Matxinatuen zerbitzuraAldatu

1936ko uztaila-abuztuan, 305 mmtako 8 Vickers kanoietatik 6 bakarrik zituen martxan; dorreetako bat beste hiruendako ordezko piezak hartzeko erabili baitzen. 101 mmtako 20 kanoietatik 12 soilik zebiltzaten, eta oso higatuak zeuden.[5]


1936ko abuztuaren 12an, Gijonera bidali zuten, koartelean setiatuta zegoen Simancas Erregimentuari laguntzeko. Ostean, Almirante Cervera gurutzaontziarekin eta Velasco destruktorearekin batera, Kantauriko kostaldean Errepublikari fidel mantentzen ziren lurraldeak bonbardatzeko eta blokatzeko taldea osatu zuten. Lan horretan aritu zen, salbu eta 1936ko irailaren 28tik urriaren 13ra artean; data horien bitartean Espainiako Errepublikako Itsas Gudarostea Kantauri itsasoan hedatu zen, Jaime I korazatua barne -Españaren bikia-.


Euskal Herriko kostaldean hainbat ekintzatan parte hartu zuen:

  • Santurtziko erregai biltegien bonbardaketa.
  • Gipuzkoako lehorreko hainbat objektiboren bonbardaketa, Donostia , Irun eta Hondarribia makurrarazteko.
  • Bilboko blokeoa.
  • Errepublikarentzat materialak zekartzaten ontzien harrapaketa.

HondoratzeaAldatu

"El Abuelo" ezizena eman zitzaion, eta hainbat erasotatik onik atera zen, hala nola urpekontzi errepublikar batek jaurtitako torpedo batena (brankan jo zion, baina lehertu barik); edo hegazkinen erasoak, ituan jo ez zutenak. Halere, zorte ona 1937ko apirilaren 30ean amaitu zitzaion: goizeko zazpiretan, Santander inguruan, mina batekin talka egin zuen; seguraski matxinatuen aldeko Jupiter ontziak egun batzuk lehenago ezarria.

Egun hartan, España eta Velasco ontziek Santanderrerantz zihoan Knistley garraio ontzia ikusi zuten.[6] Velasco harengana abiatzen zen bitartean, España maniobra egiten hasi zen, garraio ontziaren bidea oztopatzeko. Baina maniobra horretan Galizano lurmuturrera hurbildu zen, mina eremu batean sartuz. Garraio ontzia ihes egiten saiatu zen baina Velascok harrapatu egin zuen; hortan ari zela jo zuen mina Españak. Orduan Velascok garraio ontzia utzi zuen, Españarantz abiatuz; ordurako pixka bat eskoratzen hasia zen.

España korazatuan bost gizon bakarrik hil ziren minaren leherketaren ondorioz. Gainerako marinelak Velascok jaso zituen, horretarako mina eremuan sartu zelarik. Korazatua gutxinaka hondoratu zen, Galizanon zeuden ikusleen aurrean: ur azalean hiru ordu iraun zituen, eta bitartean aire-erasoak jaso zituen.[7]

Ontzi-aztarnen aurkikuntzaAldatu

1971ko irailaren 10ean, nahiz eta kokaleku zehatza jakin ez, erauzketa eta jabetza eskubideak emateko enkante-lehiaketa argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean, bere hondoratzea aktualitatera ekarriz. [8]

2016ko irailaren 30ean Armadak ontzi-aztarnen aurkikuntza iragarri zuen: Neptuno salbamentu-ontziak aurkitu zituen, Ferroleko Urpeko Unitatearen entrenamendu saio batzuetan.[9]

ErreferentziakAldatu

  1.   1955-, Alvarez, José E., (2001) The betrothed of death : the Spanish Foreign Legion during the Rif Rebellion, 1920-1927 Greenwood Press ISBN 9780313073410 PMC 650308411 . Noiz kontsultatua: 2019-01-30 .
  2. (Ingelesez)  «Reina Mercedes» public2.nhhcaws.local . Noiz kontsultatua: 2019-01-30 .
  3.   1955-, Alvarez, José E., (2001) The betrothed of death : the Spanish Foreign Legion during the Rif Rebellion, 1920-1927 Greenwood Press ISBN 9780313073410 PMC 650308411 . Noiz kontsultatua: 2019-01-30 .
  4.   Conway's All the world's fighting ships, 1906-1921. Naval Institute Press 1985 ISBN 0870219073 PMC 12119866 . Noiz kontsultatua: 2019-01-30 .
  5.   1949-, Manrique García, José María, (2006) Las armas de la guerra civil española : el primer estudio global y sistemático del armamento empleado por ambos contendientes La Esfera de los Libros ISBN 8497344758 PMC 152592149 . Noiz kontsultatua: 2019-01-30 .
  6.   1903-1982., Roskill, S. W. (Stephen Wentworth), (1976) Naval policy between the wars. 2, The period of reluctant rearmament 1930-1939 Collins ISBN 0002115611 PMC 59793208 . Noiz kontsultatua: 2019-01-30 .
  7.   H., Garzke, William (1985) Battleships : axis and neutral battleships in World War II Naval Institute Press ISBN 0870211013 PMC 12613723 . Noiz kontsultatua: 2019-01-30 .
  8. [1] La Gaceta del Norte , 24 de septiembre de 1971
  9. (Gaztelaniaz)  «La Armada encuentra los restos del buque 'España', hundido en Santander durante la Guerra Civil» ELMUNDO 2016-09-30 . Noiz kontsultatua: 2019-01-30 .