Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna

Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna[1] (ICCPR, ingelesezko sigletan) Nazio Batuen Erakundeak 1966ko abenduaren 16an 2200 A (XXI) Ebazpenean[2] eta geroago baita onartu zuen nazioarteko tratatu bat da. Itun aldeaniztuna da, eta eskubide zibil eta politikoak aitortu eta hauek bermatzeko mekanismoak ezartzen ditu. Hitzaurreaz gain 53 artikuluk[3] osatzen dute Ituna.

Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna
Irudia
Motatratatu
international human rights instrument (en) Itzuli
core international human rights instrument (en) Itzuli
Honen parte daUnited Nations General Assembly Resolution 2200 A (en) Itzuli, Q3820803 Itzuli, international human rights law (en) Itzuli, International Bill of Human Rights (en) Itzuli eta nazioarteko zuzenbide
Indarraldi1966ko abenduaren 16a - 
Data1966ko abenduaren 16a
Argitaratze-data1967ko urtarrilaren 1a
Indarrean sartze1976ko martxoaren 23a
KokalekuNew York
Nongo eskumenen mendeNazio Batuetako Estatu kide
Depositary (en) ItzuliNazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia
Lanaren edo izenaren hizkuntzatxekiera

Lan osoa eskuragarriohchr.org…

1976ko martxoaren 23an [2] sartu zen indarrean tratatu hau, 35 estatuk berretsi eta hiru hilabeteren ostean. Egun 173 Estatu kidek berretsi eta 74 Estatu kidek sinatu dute [2]. Horietaz gain, sei Estatuk sinatu dute baino ez dute berretsi eta beste 18 Estatu tratatu honetatik kanpo daude erabat [2].

Itun hau beste itun batekin (Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunarekin [4]) batera aldarrikatu zen, eta biek Giza Eskubideen Nazioarteko Itunak osatzen dituzte (New Yorkeko Itunen izenarekin ere ezagunak). Azken itun honek, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalarekin [5] batera, 1948an onartu zen Giza Eskubideen Nazioarteko Itun deritzona osatzen du.

1948an Nazio Batuen Erakundeak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala aldarrikatu zuen. Aldarrikapen honek betebehar loteslerik ezartzen ez zuenez, Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeak giza eskubideei buruzko itun lotesle pare bat idatzi zituen, betebehar zehatzak ezartzeko [6]. Horrela 1954an Nazio Batuen Batzar Nagusian aurkeztu eta 1966an onartu ziren Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna eta Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Ituna.

Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna bi Protokolo Fakutatibotan garatu zen. Lehenengoa Itunarekin batera onartu zen, eta honek ikerketa- eta salaketa-mekanismoak ezartzen ditu. Bigarrena 1989ko abenduan onartu zen eta 1991tik dago indarrean, eta honek heriotza-zigorra indargabetzen du.

Aurrekariak aldatu

Bai Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunak, bai Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunak prozesu berean dute jatorria, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala sortzeko prozesuan, zehazki. Hala ere, eskubide zibil eta politikoek historian zehar izan duten garapena desberdina izan da.

Eskubide zibil eta politikoak lehen belaunaldiko eskubide gisa ere ezagutzen dira. Eskubide horiek teoria gisa azaleratzen hasi ziren XVII eta XVIII. mendeetan. Garai horietan, gizartean bi ideia hasi ziren aldarrikatzen: Batetik, askatasun pertsonala eta, bestetik, gizabanakoak babestea estatuak egindako urraketetatik. Giza eskubideak XVIII. mendearen amaieran hasi ziren aldarrikatzen eta lege indarrez inposatzen. 1776ko Virginiako Eskubideen Deklarazioan eta 1789ko Frantziako Konstituzioan ezarri ziren lehengo aldiz eskubide horiek. Hurrengo mendeetan zehar, giza eskubideen aldeko mugimenduei esker, herrialde gehiagora zabaltzen joan ziren eskubide horiek eta gero eta garatuago eta zehatzago agertzen joan ziren Estatuen ordenamenduetan.

1945ean San Frantzizkoko Konferentzian “Gizakiaren Funtsezko Eskubideei buruzko Adierazpena” proposatu zen, zeinak Nazio Batuen sormena eragin zuen. Itunen horren sorrera, berriz, 1948an dago, Nazio Batuen Erakundeak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala onartu zuenean. [5]

Aldarrikapen horrek betebehar loteslerik ezartzen ez zuenez, Giza Eskubideen Batzordea giza eskubideei buruzko itun lotesle pare bat idazten hasi zen, Estatu sinatzaileei betebehar zehatzak ezarri ahal izateko. Eskubide zibil eta politikoen eta ekonomiko, sozial eta kulturalen garrantziaren inguruan Estatuen artean zeuden desadostasunak zirela eta 2 itun eratzea erabaki zuten. Itun horiek Nazio Batuen Batzar Nagusiari aukeztu zitzaizkion 1954an eta ez ziren 1966ra arte onartu. Gure ituna zehazki 1966ko abenduaren 16an onartu zuen Batzar Nagusiak 2200 A (XXI) ebazpenean. [2] Geroago, tratatuak eskatutako berrespenak agertu zirenean, Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Ituna 1976ko urtarrilaren 3an sartu zen indarrean [4]; eta Eskubide Zibil eta Politikoena, berriz, 1976ko martxoaren 23an. [7]

Egitura eta Edukia aldatu

Sarreran azaldu dugun bezala, Itun hau atariko batek eta 53 artikuluk osatzen dute. Artikulu hauek sei zatitan banatuta daude. [3]

Lehenengo Zatia (1.art) [3] aldatu

1. artikuluan herrien libre determinaziorako eskubidea aitortzen da, eta baita herriek haien izaera politikoa eta haien aberastasun eta baliabide naturalak askatasunez xedatzeko duten eskubidea ere. Artikuluak aitortzen du baita herri bat ezingo dela bere bizibideez gabetu, eta ituna sinatzen dute alderdiek, haien lurraldean dauden lurralde ez-autonomoen libre determinaziorako eskubidearen egikaritza errespetatu beharko dutela. [3]

Bigarren Zatia (2-5 art.) [3] aldatu

Itunean aitortutako eskubideak gauzatzeko beharrezkoa denean legeak ematera behartzen ditu alderdiak, eta lege-baliabide eraginkorra ematera eskubide horien edozein urraketarako. Era berean, eskubideak inolako bereizketarik gabe aitortzea eskatzen du, hala nola arraza, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako iritzia, jatorri nazionala edo soziala, maila ekonomikoa edo beste edozein baldintza kontuan ez hartzea eskubideak aitortzerako orduan. Baita eskatzen dute emakumeek eskubide horiek berdin baliatzen dituztela bermatzea. Eskubideak bakarrik mugatu ahal izango dira nazioa mehatxatzen duen larrialdi publikoko garaietan (gerra egoeran, adibidez), eta orduan ere ez da onartzen bizitzeko eskubideak derogatzea edo tortura-askatasuna eta esklabotza aitortzea, besteak beste.

Bigarren zati honetako 5. artikuluan ageri da ituneko xedapenetatik bat bera ere ez dela interpretatuko estatu, edo banakako bati eskubidea aitortzeko, horren helburua denean itunean aitortutako eskubide edo askatasunetarik edozein ezabatzeko jarduerei ekitea edo eskubide nahiz askatasun horiek murriztea.

Hirugarren Zatia (6-27 art.) [3] aldatu

6. artikulutik 27. artikulura bitarteko artikuluak biltzen ditu. Zatirik luzeena da eta eskubideak zerrendatzen ditu. Eskubide hauen artean aipagarrienak hurrengoak dira:

  • 6. artikulua:  Bizitzeko eskubidea. Itunak ziurtatzen du "gizakiari dagokion eskubidea" dela eta "inori ezingo zaiola bizitza arbitrarioki kendu". Oinarrizko eskubide bat da, eta ez da onartzen honen indargabetzerik. Era berean, heriotza-zigorra "delitu larrienengatik" eta "auzitegi eskudun baten behin betiko epaia betez" soilik ezarri ahal izango dela dio.
  • 7. artikulua: Tortura ez jasateko eta tratu krudel, anker edo apalesgarririk ez jasotzeko eskubidea. Artikulu hau ezin da indargabetu egoera edozein dela ere.
  • 8. artikulua: Esklabotzarik edo morrontzarik ez jasateko eskubidea.
  • 9. artikulua:  Askatasun eta segurtasun pertsonalerako eskubidea. Eskubide horrek barne hartzen du "atxiloketa edo espetxeratze arbitrariorik" ez egitea, atxiloketaren arrazoiaren berri jasotzea eta justiziaren aurrera atzerapenik gabe eramatea. Habeas corpus.
  • 10. artikulua: Expetxean dauden pertsonak gizatasunez tratatuko dira.
  • 12. artikulua: Askatasunerako eta mugimendu askerako eskubidea. Eskubide hauek ere jasotzen ditu: bizi den edo legez sartu den estatu bateko lurraldean askatasunez zirkulatzeko eskubidea, herrialde batetik irteteko eskubidea eta bere herrialdean sartzeko eskubidea.
  • 13. artikulua: Debekatuta dago Estatuan bizi diren atzerritarrak arbitrarioki kanporatzea, eta erabaki hori apelatzeko eta berrikusteko eskubidea du.
  • 14. artikulua: Legearen aurrean berdintasuna izateko eskubidea; errugabetasun- presuntzioarako eskubidea, eta auzitegi inpartzial batek bidezko epaiketa publikoa egiteko eskubidea.
  • 16. artikulua: Legearen aurrean pertsona gisa aitortua izateko eskubidea.
  • 17. artikulua: Pribatutasunerako eskubidea eta legeak babestea. Hau da, bizitza pribatuan, familian, etxean eta korrespondentzian arbitrarioki edo legez kanpoko esku-sartzerik ez izatea, ezta ohorearen edo ospearen aurkako legez kanpoko erasorik ere.
  • 18. artikulua: Pentsamendu-, kontzientzia-, eta erlijio-askatasuna.
  • 19. artikulua: Iritzi- eta adierazpen-askatasuna. Horren barruan sartzen da pertsona orok duen eskubidea bere iritziengatik molestatua ez izateko eta era guztietako informazioak eta ideiak bilatu, jaso eta zabaltzeko, mugarik kontuan hartu gabe.
  • 20.artikulua: Gerra edo nazio-, arraza- edo erlijio-gorrotoa sustatzen duen propagandaren debekua.
  • 21. artikulua: Bilera baketsua izateko eskubidea.
  • 22. artikulua: Elkartzeko askatasunerako eskubidea. Sindikatuak sortzeko eta afiliatzeko eskubidea barne hartzen du ere.
  • 23. artikulua: Ezkontzeko eta familia eratzeko eskubidea. Ezkontzeko debekua ere ezartzen du, ezkontideen adostasun aske eta osoa izan gabe, eta bi ezkontideen eskubide eta erantzukizunen berdintasuna ezartzen du.
  • 24. artikulua: Haurren eskubideak, nazionalitaterako eta erregistrorako eskubidea barne.
  • 25. artikulua: Gai publikoetan parte hartzeko eskubidea, botoa ematekoa, hautatua izatekoa eta zerbitzu publikoetan sartzekoa.
  • 26. artikulua: Legearen aurrean berdintasuna izateko babes bera izateko eskubidea.  Itunak adierazten du legeak bereizkeria oro debekatuko duela eta babes-neurriak bermatuko dituela arraza, larru-kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, iritzi politikoak edo beste edozein motatako bereizkeria ororen aurka.
  • 27. artikulua: Gutxiengo erlijioso, etniko edo linguistikoek beren kulturaz gozatzeko, erlijioa praktikatzeko eta hizkuntza erabiltzeko duten eskubidea.

Eskubide horietako askok ekintza espezifikoak barne hartzen dituzte, eta ekintza horiek abian jarri behar dira eskubide horiek gauzatzeko.

Laugarren Zatia (28-45 art.) [3] aldatu

Giza Eskubideen Komitearen ezarpena eta funtzionamendua arautzen ditu, baita Itunaren txostenen aurkezpena eta jarraipena ere.

Giza Eskubideen Komitea Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna betetzen dela kontrolatzeko mekanismoa da. Itunak berak ezartzen duen 18 kidek osatutako Komiteak, Estatu partaideek EZPNI zenbateraino betetzen duten aztertzen du. 31. artikuluaren arabera Komiteak ezin izango du estatu bereko kide bat baino gehiago izan eta 32. artikulua jarraituz, 4 urtetarako hautatzen dira kide hauek. Batzorde horrek estatu kideen aldizkako txostenak jasotzen ditu, eta estatu horiei eta Nazio Batuen Ekonomia eta Gizarte Kontseiluari txostenak eta iruzkinak egiten dizkie. Komitea, Genevako (Suitza) Nazio Batuen Bulegoan biltzen da, eta urtean hiru bilera egiten ditu.

Komiteak Nazio Batuen funtsetatik jasoko ditu behar dituen zerbitzu-sariak, eta  Nazio Batuetako Idazkari Nagusiak behar adina langile eta zerbitzu ezarriko dizkio baita. 39. artikuluan ageri da Komiteak hautatuko duela bere mahaia, bi urterako; eta bere araudia ere ezarriko duela.

Estatuek Itunari atxiki eta urtebetera informatu beharko dute, eta, gero, lau urtean behin, hartutako neurrien berrikuspena amaitzen dutenean, publiko egin behar dute zer gomendio ezartzeko konpromisoa hartzen duten. Bai estatu kideen aldizkako txostenak, bai beste estatu batzuek, nazioarteko erakundeek eta gizarte zibileko erakundeek egindako txostenak eta gomendioak publikoak dira.

Estatuek txostenak aurkezteko konpromisoa hartzen dute. Era berean, Komitearen eskumena aitortzen dute Itunaren inplementazioan alderdien artean sor daitezkeen eztabaidak ebazteko orduan.

Bosgarren Zatia (46-47 art.) [3] aldatu

Itunak gainerako nazioarteko itunekin duen irismen juridikoa ageri da. Era berean, argitzen da Ituna ez dela interpretatuko Nazio Batuen funtzionamenduarekiko interferentzia edo kalte gisa.

Seigarren Zatia (48-53 art.) [3] aldatu

Eskubide Zibil eta Politikoei buruzko Nazioarteko Itunaren azken eta seigarren zatian, 48. artikulutik 53.era, itunaren berrespena, indarrean jartzea eta aldaketak arautzen dira.

48. artikuluan, Nazio Batuetako estatu kide guztiek edo Organismo Espezializatu bateko kideek sinatu ahal izango dute ituna, bai eta Nazioarteko Justizia Gortearen Estatutuko estatu kide guztiek eta Nazio Batuen Batzar Nagusiak gonbidatutako beste edozein estatuk ere. Bestalde, itun hau berretsi egin behar da, eta berrespen-agiriak Nazio Batuetako Idazkari Nagusiaren esku utziko dira.

49. artikuluan ageri da, hogeita hamabosgarren berreste- edo atxikipen-agiria gordailutu ondoren, itunari atxikitzen zaion estatu bakoitzarentzat ituna indarrean jarriko dela estatu horrek berreste- edo atxikipen-agiria gordailutu duenetik hiru hilabete igaro ondoren. Honen ostean beste estaturen bat atxikitzen edo ituna berresten badu, sinatu eta hiru hilabetetara sartuko da indarrean.

Bestalde, nabarmendu behar da itun honetako estatu kide orok zuzenketak proposatu eta Nazio Batuetako Idazkari Nagusiaren esku utz ditzakeela. Proposatutako zuzenketak komunikatuko dizkie Idazkari Nagusiak itun honetako estatu alderdiei, eta eskatuko die jakinaraz diezaiotela estatu alderdien konferentzia baterako deialdia egitea nahi dutenean, proposamenak aztertu eta horien bozketa egiteko. Horrela, gutxienez estatuen heren batek deialdi horren aldeko adierazpena egiten badu, Idazkari Nagusiak konferentziarako deialdia egingo du. Konferentzian dauden eta boto-emaile diren estatuen gehiengoak onartutako zuzenketa oro Nazio Batuen Batzar Nagusiaren onespenaren mende jarriko da. Zuzenketa horiek indarrean jartzen direnean, nahitaezkoak izango dira zuzenketa horiek onartu dituzten estatu alderdientzat; gainerako estatu alderdiek, berriz, itun honetako xedapenek eta onartu duten aurreko zuzenketa orok behartuta jarraituko dute.

Azkenik, 53. artikuluan xedatzen denez, itun hau Nazio Batuen artxiboetan gordailutuko da, eta txineraz, espainieraz, frantsesez, ingelesez eta errusieraz.

Indarrean sartzeko prozesua aldatu

Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna indarrean sartuko da Itunaren seigarren atalean ageri den prozesua jarraituz. Hau da, 48 eta 53.artikuluek eta haien bitartekoek diotenaren prozedura jarraituz.  

Berrespena Espainian aldatu

Ituna 1976ko martxoaren 23an sartu zen indarrean.[2]Espainiaren kasuan, berrespena hilabete batzuk geroago eman zen, 1977ko apirilaren 30ean, [2] eta "Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna Espainiak berresteko Agiria" ren bidez egin zen.

Nabarmentzekoa da une horretan Espainia ezegonkortasun politikoaren unerik handienetako batean zegoela, erregimen frankistatik erregimen liberalerako trantsizioan zehazki. Horregatik, itun hori berrestea funtsezko elementuetako bat izan zen; izan ere, erregimen frankistan, eskubide zibil eta politikoek distira egiten zuten haren gabeziagatik.

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako berrespen-testuak bi zati ditu. Hasieran, testua sartzen da testuaren beraren helburuaren, itunaren berrespenaren eta horretarako arrazoien bidez, eta ondoren erregearen sinadura. Bigarren zatian, berrespenean aipatzen diren itunaren xedapenak agertzen dira.

Berrespena beste estatu batzuetan aldatu

Estatu asko ituneko kide diren estatuak dira, eta horien artean batzuk nabarmentzen dira. Adibidez, Ituna sinatu eta berretsi duten lehen bi estatuek aipamen berezia merezi dute, Uruguai eta Costa Rica. [2] 1967an eta 1968an berretsi zuten ituna, hurrenez hurren. Nabarmendu behar da Antigua eta Barbuda izan zela itun horren azken berrespenaren protagonistak 2019ko uztailaren 3an. [2]

Bestalde, oso deigarria da ikustea itun honek gatazkan dauden bi estatu biltzen dituela. Hau Palestinaren (2014ko apirilaren 2an berretsia) eta Israelen kasua (1966ko abenduaren 19an sinatua eta 1991ko urriaren 3an berretsia) da. [2]

Ondoko aplikazioa eta garapena aldatu

Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunak 173 estatu kide [2] ditu, 74 sinadura eta berrespen bidez, eta gainerakoa atxikipen edo ondorengotza bidez [2]. Munduko Estatu gehienak Ituna sinatu badute ere, badaude zenbait herrialde Itunaren parte ez direnak edo, Ituna sinatu badute ere, ratifikatu ez dutenak.

Hainbat Estatutan arazo desberdinak agertu dira Itunaren aplikazioaren inguruan. Australian adibidez, Ituna ezin da zuzenean betearazi, baina haren xedapenek zenbait lege nazional babesten ditu, pertsonei galdagarriak zaizkien eskubideak ematen dizkietenak. Irlandan Zigor Auzitegi Bereziak erabiltzeak erabaki da, non epaimahaien lekua epaileek hartzen duten eta beste prozedura berezi batzuk aplikatzen diren.

Estatu Batuetan adibidez, Estatu Batuetako Senatuak Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna berretsi zuen 1992an, bost erreserba, bost ulermen eta lau adierazpenekin. Senatuaren berrespenean, adierazpen hau zegoen jasota: "Itunaren 1. artikulutik 27. era bitartekoak ez dira berehala aplikatzekoak". Honen ondorioz, 2006an Giza Eskubideen Batzordeak Estatu Batuei neurri zuzentzaileak hartzeko eskatu zien.

Erreserbak aldatu

Atal honetan nabarmendu behar da, oro har, Estatu askok erreserbak edo interpretazio-adierazpenak egin dituztela Itunaren aplikazioari dagokionez.

Erreserba aipagarrienak dira, Argentinak bere Konstituzioan bermatutako bidezko epaiketa baten eskubideak aplikatuko dituela nazioen lege orokorra hausteagatik akusatuak epaitzean. [2] Bestalde, Austriak beretzat gordetzen du Habsburgoko Etxeko kideak erbesteratzen jarraitzeko eskubidea, eta akusatuen eskubideak eta epaiketa justua izateko eskubidea mugatzen ditu bere ordenamendu juridikoan lehendik zeudenetara.[2] Gainera, Belgikak hitz egiteko, biltzeko eta elkartzeko askatasunak Giza Eskubideen Europako Hitzarmenarekin bat etorriz interpretatzen ditu. [2]

Azkenik, Estatu Batuek erreserbatu egin dute artikuluetako batek ere ez dezala murriztu adierazpen eta elkartze askerako eskubidea; Ameriketako Estatu Batuetako gobernuak heriotza-zigorra ezar diezaiola haurdun dagoen emakumea ez den beste edozeini; «tratu edo zigor krudel eta laidogarria» bosgarren, zortzigarren eta hamalaugarren paragrafoetako batek edo batzuek debekatutako tratamendu edo zigorrei buruzkoa dela, eta Estatu Batuetako Konstituzioari egindako hamalaugarren zuzenketei buruzkoa dela; eta ez dela aplikatuko Estatu Batuetako Konstituzioko 15. artikuluko hirugarren klausula. [2]

Hautazko Protokoloak aldatu

Itunarekin batera bi Hautazko Protokolo ageri dira. Lehenengoa 1976ko martxoaren 23an sartu zen indarrean eta pertsonek haien giza eskubideak hautsi dituzten estatuen aurkako salaketak hasteko mekanismoa da. [8] Bigarrena, 1991ko uztailaren 11an sartu zen indarrean eta heriotza-zigorraren indargabetzea ezartzen du. [9]

Haien izenak dioten bezala (hautazko) Protokoloak lotesleak dira, fakultatiboak. Estatuek aukeratu dezakete protokoloa onartu ala ez onartu. Hala ere, Itunaren parte den Estatu batek Protokoloaren zati bat egiten duenean, Estatu Aderdiaren jurisdikziopean dagoen pertsona orok salaketa bat jar dezakete idatziz Giza Eskubideen Batzordean.

Lehenengo hautazko protokoloa (Pertsonek estatu kideen aurkako salaketak hasteko mekanismoa) [8] aldatu

Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren Lehen Hautazko Protokoloa protokolo gehigarri bat da, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren xedapenak aplikatzen direla ziurtatzea bilatzen duena. Lehenengo Protokolo fakultatibo hori Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1966ko abenduaren 16an onartu zuen eta 1976ko martxoaren 23an jarri zen indarrean, eta Giza Eskubideen Batzordeari ahalmena ematen dio Itunean adierazitako edozein eskubide urratu zaiela alegatzen duten gizabanakoen komunikazioak jasotzeko eta kontuan hartzeko. Hau da, pertsonek estatuen aurkako salaketak hasteko mekanismoa da hau, hauek pertsonen Giza Eskubideak urratzen badituzte. Protokolo horrek indarrean sartzeko 10 estatuen berrespena behar izan zituen. Egun, protokoloak 117 estatu kide ditu. [10]

Protokolo horretan alderdiek aitortzen dute Nazio Batuetako Giza Eskubideen Komitearen eskumena, Itunean babestutako eskubideak urratu direla dioten norbanakoen edo taldeen salaketak aintzat hartzeko. Salaketa onartu ahal izateko salaketa jartzen dutenek baliabide guztiak agortu beharko dituzte, eta ez dira salaketa anonimoak onartzen. Prozesua hasita, Batzordeak dagokion alderdiari aurkeztu behar dizkio salaketak, eta alderdi horrek sei hilabeteko epean erantzun beharko du.

Erreserbei dagokienez, hainbat estatu kidek protokoloa sinatzean erreserbak eta interpretazio adierazpenak aurkeztu dituzte. [11]

Bigarren hautazko protokoloa (Heriotza zigorraren indargabetzea) [9] aldatu

Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren Bigarren Hautazko Protokoloak heriotza-zigorraren indargabetzea ezartzen du. NBEren Batzar Nagusiak onartu zuen 44/128 Ebazpenaren bidez 1989ko abenduaren 15ean, eta 1991ko uztailaren 11n jarri zen indarrean. 2017ko urtarrilerako, 90 kide zituen. [12]

Bigarren Protokoloak kideak konpormetitzen ditu heriotza-zigorra beren mugen barruan indargabetzera. Hala ere, 2.1 artikulua salbuespena da, gerra-garaian krimen larriak gertatzen direnean hura betearazteko aukera ematen baitu. Hitzaurrean protokolo horrek dio heriotza zigorra abolitzeak giza duintasuna handitzen eta giza eskubideak garatzen laguntzen duela eta abolizio hau bizitzeko eskubidearen aurrerapena dela. [13]

1. artikuluak betearazpenen debekua aurreikusten du Estatuen legeria nazionalean; 2.1 artikuluak baimena ematen die estatu alderdiei erreserba bat egiteko heriotza-zigorra gerra garaian aplikatzeko, betiere delitu militar larri baten ondorioz bada. 3., 4. eta 5. artikuluetan, estatu alderdiek aldizkako txostenei eta Giza Eskubideen Komitearen aurrean salatzeko prozedurari buruz dituzten betebeharrak aipatzen dira; eta 6. artikuluak zehazten du betearazpenen debekuak ezingo direla indargabetu. [13] Azkenik, 7. artikulutik 11.era prozedurari buruzko gaiak ageri dira. [13]

Erreserben inguruan, Protokoloaren 2.artikuluan argi ageri da protokoloari ezingo zaiola erreserbarik onartu,  berrespen- edo atxikimen-unean formulatutako izan ezik. Hasiera batean, Ziprek, Maltak eta Espainiak erreserbak aurkeztu zituzten, baina beranduago kendu egin zituzten. [12]

Giza Eskubideen Batzordea aldatu

18 aditu independentek osatzen dute Giza Eskubideen Batzordea, eta lau urtetarako aukeratzen dira. Itunaren betebeharrak estatuek egoki betetzen dituztela gainbegiratzen du Batzordeak, mekanismo hauen bidez:

  • estatuek aldizkako txostenak aurkeztu behar dituzte, Batzordeko kideek aztertzen dituztenak
  • Batzordeak estatuen arteko erreklamazioak ere aztertzen ditu (estatu batek beste estatu baten ez-betetzeak salatzen dituenean)
  • era berean, banakako erreklamazioak ere aztertzen ditu, gizabanako batek estatu baten ez-betetzeak salatzen dituenean

Herrien autodeterminazio eskubidea aldatu

Itunaren 1. artikuluak Herrien autodeterminazio eskubideari aipamena egiten dio. Hau da bere testu osoa:

"Herri guztiek daukate autodeterminazio eskubidea. Eskubide hori dela medio, libreki erabakitzen dute beren estatus politikoa eta libreki bilatzen dute beren ekonomia, gizarte eta kulturaren garapena.

Nazioarteko zuzenbidean eta elkarren mesedetan oinarritutako nazioarteko lankidetza ekonomikotik ondorioztatzen diren betebeharrei iskin egin gabe, herri guztiek libreki erabili ahal dituzte dauzkaten ondare eta baliabide naturalak beren helburuetarako. Inolako kasutan ere ezin zaizkio herri bati kendu biziraupenerako funtsezkoak dituen baliabideak.

Itun honekin bat egiten duten Estatuek, tartean direla Autogobernu Gabeko Lurraldeak eta Fideikomisoak administratzeko ardura dutenak, autodeterminazio eskubidea bultzatuko dute, eta eskubide hori errespetatuko dute, Nazio Batuen Gutunarekin bat etorriz". [14]

Erreferentziak aldatu

  1. Euskalterm: [Kontsulta-fitxak] [2017]
  2. a b c d e f g h i j k l m n o p (Ingelesez) «United Nations Treaty Collection» treaties.un.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  3. a b c d e f g h i (Ingelesez) «International Covenant on Civil and Political Rights» OHCHR (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  4. a b (Ingelesez) «International Covenant on Economic, Social and Cultural Rights» OHCHR (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  5. a b Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala. .
  6. Paul Sieghart, The International Law of Human Rights, Oxford University Press, 1983, 25-26 orr.
  7. (Ingelesez) «United Nations Treaty Collection» treaties.un.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  8. a b (Ingelesez) «Optional Protocol to the International Covenant on Civil and Political Rights» OHCHR (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  9. a b (Ingelesez) «Second Optional Protocol to the International Covenant on Civil and Political Rights, aiming at the abolition of the death penalty» OHCHR (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  10. «- OHCHR Dashboard» indicators.ohchr.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  11. (Ingelesez) «United Nations Treaty Collection» treaties.un.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  12. a b «- OHCHR Dashboard» indicators.ohchr.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  13. a b c (Ingelesez) «Second Optional Protocol to the International Covenant on Civil and Political Rights, aiming at the abolition of the death penalty» OHCHR (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  14. (Ingelesez) «International Covenant on Civil and Political Rights» OHCHR (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu