Eskoziako Legebiltzarra

Eskoziako Parlamentua» orritik birbideratua)

Eskoziako Legebiltzarra (ingelesez Scottish Parliament, gaeleraz Pàrlamaid na h-Alba eta eskozieraz Scots Pairlament) Eskoziako ganbera bakarreko legebiltzarra da eta Eskoziako Gobernuari estuki loturik dago. Edinburgh hiriko Holyrood eremuan kokatzen da, hiriko etorbide nagusia den Royal Mile kalearen amaieran. Arrazoi honegatik eskoziar legebiltzarra modu informalean Holyrood bezala izendatzen da. Bost urtez behin sistema proportzional misto eta zuzen baten bidez hautatutako 129 legebiltzarkidez osatuta dago: 73 legebiltzarkide hautesle bakarra aukeratu daitekeen 73 hautesbarrutietako hauteskundeetatik ateratzen dira eta gainontzeko 52 legebiltzarkideak barruti ugariz osatutako zortzi eskualdetan proportzionalki hautatzen dira (bakoitzeko zazpi legebiltzarkide).

Eskoziako Legebiltzarra
Scottish Parliament
Pàrlamaid na h-Alba
Scots Pairlament
5. legegintzaldia
Mota
MotaGanbera bakarra
Zuzendaritza
MahaiburuaAlison Johnstone (Independentea[a])
2021. urtetik
Lehen MinistroaNicola Sturgeon (SNP)
2014. urtetik
Oposizioko buruaDouglas Ross (Kontserbadoreak)
2021. urtetik
Osaketa
Eserlekuak129

Alderdi politikoak
Gobernua (71)

Oposizioa (57)

Mahaiburua (1)

  •      Mahaiburua (1)
Hauteskundeak
Bozketa sistemaOrdezkaritza proportzional mistoa
Azken hauteskundeak2021ko maiatzak 6
Batzarlekua
Scottish Parliament Building, Holyrood, Edinburgh
Webgunea
www.scottish.parliament.uk
Eskoziako Legebiltzarra is located in Edinburgh
Eskoziako Legebiltzarra
Eskoziako Legebiltzarra
Eskoziako Legebiltzarra (Edinburgh)

Legebiltzarraren eraikin berria 2004a inauguratu zen, Enric Miralles kataluniar arkitektoaren proiektuarekin.

Historia aldatu

1707. urtean Eskoziako eta Ingalaterrako erresumak Britainia Handiko Erresuma sortuz batu baino lehen, Eskozia erresuma independentea zen, eta bere parlamentu independentea zeukan. Bi erresumen batura eztabaidatu zenean ordezkari eskoziarrek legebiltzar propio bat mantentzea eskatu zuten, baina ordezkari ingelesek ez zuten halakorik onartu.[1]

Ondorengo 300 urteetan Britainia Handiko Legebiltzarrak eta haren oinordeko Erresuma Batuko Legebiltzarrak gobernatu zuten Eskozia Westminsterretik, inolako autogobernurik gabe. Eskoziaren autogobernua ahalbidetzeko biltzar bat osatzeko proposamenak izan ziren 1914a baino lehen, baina ideia bertan behera geratu zen Lehen Mundu Gerraren hasieragatik. [2] 1960ko hamarkadaren bigarren erdian eskoziar nazionalismoak izandako gorakadak autogobernua edo independentzia eskuratzeko eskaerak bultzatu zituen, eta 1969an Erresuma Batuko Gobernu laboristak Konstituzio Britainiarra aztertzeko Kilbrandon Batzordea osatu zuen.[2] Batzordearen helburu nagusia Eskoziarentzako autogobernua ezartzeko aukera aztertzea zen. Batzordearen txostena 1973an argitaratu zen, eta sufragio zuzenez hautatutako Eskoziako Biltzar bat sortzea proposatu zuen.[3]

Horrekin batera, petrolio erreserbak aurkitu ziren Ipar itsasoan, Eskoziaren kostaldetik hurbil, eta Eskoziako Alderdi Nazionalak (SNP) "Eskoziako petrolioa da" (It's Scotland's oil) kanpaina burutu zuen, aurkitutako petrolioaren diru-sarrerak Eskoziarentzat izan beharko liratekeela argudiatuz. Ondorioz, SNPren eta independentziaren sostenguak gora egin zuen, eta horri aurre egiteko nahian Gobernu britaniarra Eskoziako Biltzarra ezartzeko konprometitu zen 1974an.[2] Hala ere, Erresuma Batuko Parlamentuak ez zuen Biltzar hori ezartzeko legedia onartu 1978ra arte.

1978ko Eskoziako Legaren arabera (Scotland Act 1978), Eskoziako Biltzarra eratzeko erreferendum batean Eskoziako erroldaren %40ak baiezkoa eman behar zuen. 1979ko martxoko erreferendumean %51,6k baiezkoa eman zuen arren, parte-hartzea %63,6koa izan zen, eta ondorioz errolda osoaren %32,9k bakarrik sostengatu zuen Biltzarraren sorrera, legeak zehaztutako %40a baino gutxiago.[4]

1980ko eta 1990eko hamarkadetan zehar Eskoziako Legebiltzarra eratzeko nahia areagotu zen, alde batetik Erresuma Batuko Gobernua Alderdi Kontserbadorearen esku zegoelako, Eskozian hauteskundeak galdu zituen arren.[2] Ondorioz, 1989an Eskoziako elizek, alderdi politikoek eta industriako ordezkariek Konbentzio Konstituzional Eskoziarra (SCC) osatu zuten Eskoziako autogobernua bultzatzeko. SCCren lana 1995ean argitaratu zen, eta beranduago sortuko zen Legebiltzarraren oinarriak zehaztu zituen.[5]

1997ko maiatzean laboristak, Tony Blairren gidaritzapean, gobernura heldu ziren, eta Erresuma batuko nazioen autogobernua alderdiaren programaren parte zenez Eskoziako Legebiltzarra eratzeko bigarren erreferendum bat antolatu zuten, eta oraingoan baiezkoak irabazi zuen.[6] Legebiltzar berrirako lehenengo hauteskundeak 1999ko maiatzaren 6an izan ziren, eta urte bereko uztailaren 1ean botere legegilea Westminsterretik Legebiltzarrera eskualdatu zen.

Hauteskundeak aldatu

Legebiltzarra sortu zenetik bost hauteskunde egon dira: 1999, 2003, 2007, 2011 eta 2016 urteetan. Hurrengo hauteskundeak 2021eko maiatzaren 6an izango dira. Hona hemen Eskoziako Legebiltzarrerako hauteskunde guztien laburpena:

Percentage2021 Scottish Parliament election2016 Scottish Parliament election2011 Scottish Parliament election2007 Scottish Parliament election2003 Scottish Parliament election1999 Scottish Parliament election
Hauteskunde bakoitzean lortutako eserlekuen ehunekoak talde politikoen arabera, 1999tik 2016ra. Ezker-eskuin:

     Laboristak      Liberalak

     Independenteak      SSCUP

     Sozialistak      Berdeak

     Kontserbadoreak      SNP


Egungo osaketa aldatu

Alderdia Hauteskunde
emaitzak (2016)
Oraingo
kideak
Eskoziako Alderdi Nazionala 64 64
Eskoziako Alderdi Kontserbadorea 31 31
Eskoziako Alderdi Laborista 22 22
Eskoziako Alderdi Berdea 8 7
Eskoziako Liberal Demokratak 4 4
Mahaiburua 0 1[a]
Guztira 129
Gobernua (SNP+Berdeak)[b] 64 71
Gobernuaren gehiengoa[c] 0 +14

Iruditegia aldatu

Oharrak aldatu

  1. a b Eskoziako Legebiltzarreko mahaiburua ezin da alderdi bateko kidea izan, beraz bere militantzia uzten du kargurako izendatua denean. Alison Johnstone Eskoziako Alderdi Berdearen izenean aurkeztu zen hauteskundeetara.
  2. a b Alderdi Berdea 2021eko abuztuan sartu zen gobernuan, SNPrekin akordioa sinatuta. Maiatzetik abuztura SNPk bakarrik gobernatu zuen.
  3. Gobernuaren eserleku kopurua ken gainerako eserleku guztien kopurua (mahaiburuarena izan ezik).

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) «The Last Parliament of Scotland 1703–1707» BBC 1997 (Noiz kontsultatua: 2020/6/16).
  2. a b c d (Ingelesez) «The Devolution Debate (1997) - This Century» BBC (Noiz kontsultatua: 2020/6/16).
  3. (Ingelesez) «Papers reveal devolution warnings» BBC News 2005/1/1.
  4. (Ingelesez) «The 1979 Referendums» BBC (Noiz kontsultatua: 2020/6/16).
  5. (Ingelesez) Peter Fraser. (2004ko urriak 15). Events Prior to 1 May 1997. The Holyrood Inquiry jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2004/10/24) (Noiz kontsultatua: 2020/6/16).
  6. (Ingelesez) «Past Referendums – Scotland 1997» The Electoral Commission. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2006/12/7) (Noiz kontsultatua: 2020/6/16).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu