Esferamundi de Grecia

Esferamundi de Grecia XVI. mendeko zalduneria liburu batzuk dira, Mambrino Roseok idatziak. Amadis de Gaularen zikloko hamairugarren liburua osatzen dute, sei zatitan argitaratu zena 1558 eta 1565 bitartean.

Aurrekariak aldatu

1546an Espainian Silves de la Selva argitaratu zen, Pedro de Lujánek idatzia, Amadis de Gaularekin hasitako ziklo ezagunaren hamabigarren zenbakia zeramana. Silves de la Selva lehen aldiz 1551n itzuli zen italierara eta Italian argitaratu, urte honetan Espainian ere zikloko hamairugarren liburua agertu zelarik, Cuarta Parte de Don Florisel de Niquea izenekoa, Feliciano de Silvak idatzia, zikloko zazpigarren, bederatzigarren, hamargarren eta hamaikagarren liburuen egilea zena.

Hamairugarren liburu honetan Silvak ezjakinarena egin zuen hamabigarren liburuarekin, Silves de la Selva izenekoarekin, eta istorioa hamaikagarren liburua zen Rogel de Greciaren amaieratik jarraitu zuen. Cuarta Parte de don Florisel de Niquea izeneko liburua italierara itzuli ez zenez, Mambrino Roseoren Esferamundi de Greciaren lehen zatiak ezjakinarena egin zuen Silvaren azken liburuarekin, eta Lujanena jarraitu zuen, honen ondorioz hamairugarren zenbakia eman zitzaiolarik.

Istorioa aldatu

Lan handi honek Esferamundi de Greciaren zaldun abenturak kontatzen ditu, Rogel de Grecia eta honen emazte Leonida infantaren semea dena, baita zaldunak Rikarda printzesarekin duen maitasun harremana ere. Itzulpen faltsuaren topikoa jarraituz, egileak, liburu hau gaztelaniaz idatzitako jatorrizko liburu batetik itzuli zuela dio, honen ondoroiz, zenbait adituk gaztelaniaz idatzitako lan honen bertsioaren existentziaren aukera oso kontutan hartu zutelarik, baina ez dago jatorrizko liburu hori sekula existitu denik adierazten duen ebidentziarik, ezta gaztelaniara eginiko itzulpenen bat argitaratu denik ere.

Jarraipena aldatu

Lanak, dirudienez, harrera ona izan zuen, 1559an Roseok berak bigarren zati bat argitaratu baitzuen, hurrengo urtean berinprimatu zena. 1563an hirugarren eta laugarren zatiak agertu ziren, eta 1565ean bosgarrena eta seigarrena, guztiak Roseok berak idatziak. Lan osoa, hau da, hamabigarren liburuko sei zatiak, 1569, 1574, 1582-1583 eta 1600ean berinprimatu zen. Lehen zatia bera bakarrik argitaratu zen 1584an, beste bostak gabe. 1610ean lehen lau zatien azken berinprimaketa bat egin zen, azken bienarekin osatua 1629an.

Esferamundi de Greciaren hirugarren eta laugarren zatiak argitaratu zituen aldi berean, 1563an, Roseo Amadistar zikloko aurreko liburuen gehigarri batzuk argitaratzen hasi zen, Amadis de Gaularen laugarren liburuari eginiko eranskin moduko batekin hasiz. 1564an Las sergas de Esplandián, Silvaren Lisuarte de Grecia, Amadis de Grecia, Florisel de Niquea eta Rogel de Greciaren gehigarriak argitaratu zituen, eta 1568an Silves de la Selvaren bat. Horietan, egileak, eranskindutako liburuaren eta hurrengoaren artean tartekatzen dituen atal eta abentura batzuk kontatzen dira.

Mambrino Roseoren gehigarri edo eranskinak ere oso ospetsu bihurtu ziren, eta askota berinprimatu ziren.

Kanpo estekak aldatu